Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2015eko uztailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3051

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 19koa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinen bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordio bat. Lege honen arlokoa da akordio hori: 15/2014 Legea, irailaren 16koa, Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzkoa.

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusten den akordioa hartu ondoren, eta artikulu horren c) idatzi-zatian ezarritakoarekin bat, hau

EBAZTEN DUT

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordio bat, honako lege honen arlokoa dena: 15/2014 Legea, irailaren 16koa, Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzkoa.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 19a.

Araubide Juridikoaren sailburuordea,

SABINO TORRE DÍEZ.

ERANSKINA

AKORDIOA, ESTATUKO ADMINISTRAZIOAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK OSATUTAKO BITARIKO LANKIDETZA BATZORDEARENA, HONAKO LEGE HONEN ARLOKOA: 15/2014 LEGEA, IRAILAREN 16KOA, SEKTORE PUBLIKOA ARRAZIONALIZATU ETA ADMINISTRAZIOA ERABERRITZEKO BESTE ZENBAIT NEURRIRI BURUZKOA

Honako akordio hau egin du Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordeak:

1.– Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordeak 2014ko abenduaren 3an egindako akordioa betez, lantalde bat osatu zen; hain zuzen ere, Sektore publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legearen inguruan sortutako eskumen-desadostasunak aztertu eta nola konpondu proposatzeko. Lantalde horrek aurrez egindako negoziaketekin bat etorriz, bi aldeek uste dute konponduta geratu direla akordio honetan barne hartutako manuei buruzko desadostasunak, kontsiderazio hauek kontuan hartuta:

a) Bi aldeek uste dute konpondu direla 15/2014 Legearen 25. artikulua dela-eta sortutako desadostasunak; izan ere, aipatu 15/2014 Legearen 25., 26. eta 27. artikuluen interpretazioa eginez, bi aldeek hau ulertzen dute:

a. Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu diren jakinarazpen-iragarkietan, Autonomia Erkidegoak ohartaraziko du ediktuen jakinarazpenak Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera dituela ondorioak epeak zenbatzeko.

b. Autonomia Erkidegoak BOE Estatuko Agentziari igortzen dion iragarkiaren testuak jasoko ditu gutxienez interesdunen identifikazio-datuak eta jakinarazpen-iragarkia gertatzen deneko administrazio-prozedurarenak, oro har. Halaber, aipatuko ditu bai EHAAren zein ale eta egunetan argitaratu den aurretik iragarkia, bai BOEn argitaratzen den egunetik aurrera izango dituela ondorioak ediktuaren jakinarazpenak.

c. Iragarkiaren testuaren bertsioa hizkuntza koofizialean igorri ahal izango dio Euskal Autonomia Erkidegoak BOE Estatuko Agentziari, gaztelaniazko bertsioarekin batera argitaratzeko.

d. Herritarrek EHAAren aipatu alea kontsulta dezaten errazteko, autonomiaren argitalpenera zuzenean daraman esteka bat sartuko du Estatuko Administrazio Orokorrak dagokion BOEren pdf-orrian, baldin eta, betiere, dagozkion hiperestekak gehitu badizkio (berariazko web-zerbitzu baten bidez) iragarkiaren erakunde igorleak BOE Estatuko Agentziari igorritako testuan.

e. Estatuko Administrazio Orokorrak berariaz aitortzen du EAEk duen eskumena abenduaren 17ko 58/2003 Zerga Lege Orokorrari buruzko 58/2003 Legeko gaietan eta martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Higiezinen Katastroari buruzko Legearen Testu Bategineko gaietan.

f. Bi aldeek adierazten dute hitzarmen bat sinatzeko aukera aztertzeko prestutasuna BOEn argitara ahal daitezen bai Foru Ogasunek zerga- eta katastro-prozeduretan egiten dituzten jakinarazpen-iragarkiak, aurreko puntuetan adierazitako baldintzetan eta doan, eta bai Euskal Administrazio Publikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historikoetan argitaratu nahi dituzten gainerako iragarkiak ere.

b) 15/2014 Legearen 30. artikuluan aipatu oinarrizko manuak aplikatzeko –manu horiek Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hainbat artikulu aldatzeari buruzkoak dira, eta administrazio publiko guztiak behartzen dituzte–, Itunaren Bitariko Batzordeak beharrezko akordioak egingo ditu hori gauzatzeko, informazioa helarazteko arloan egingo direnekin batera, finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren azken xedapenetatik hirugarrenean ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren maiatzaren 23ko 2/2002 Legean xedatuarekin lotuta.

2.– Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Madril, 2015eko ekainaren 16a.

Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroa,

CRISTOBAL MONTORO ROMERO.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala