Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2015eko uztailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3046

AGINDUA, 2015eko uztailaren 2koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Herri Administrazio eta Justizia Sailaren, eta hari atxikita dauden Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuei buruzko Agindua.

Eusko Jaurlaritzak 2009ko abenduaren 29an agindua eman zuen datu irekien proiektuari hasiera emateko, bete nahi baitzuen hartu zuen konpromisoa bere eskuetan dauden datu publikoak benetan irekiak izan daitezen. Handik hilabete batzuetara, Open Data Euskadi webgunea irekitzeaz batera gauzatu zen proiektu hori.

Datu publikoak benetan irekiak izatea da Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromiso horren ondorioa, bere eskuetan dauden datu publikoei dagokienez. Izan ere, pribatutasun-, segurtasun- edo jabetza-murrizketarik ez dutenak dira datu publikoak.

Horren guztiaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak argitara ematen ditu datu horiek Open Data Euskadi webgunean, berriz erabil daitekeen formatu batean eta erabiltzeko lizentzia irekien bidez; horrela, hirugarren batzuek datuetatik eratorritako zerbitzuak sortzea dute.

Datu irekien proiektuko estrategiak hiru ardatz hauek ditu:

1.– Antolakunde publikoak aldatzea, datu irekien deribatua lan-dinamikan sar dezaten.

2.– Eskainitako datuen kalitatea handitu eta hobetzea.

3.– Sektore berrerabiltzailea sortzen laguntzea, datuen kontsumoa aberastasuna eta gizarte-balioak sortzeko izan dadin.

Zerrenda horretako ardatz estrategikoetariko azkenaren ildotik, hainbat deialdi egingo da sari hauetarako: Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak berrerabiltzeko ideiarik onenen sariak eta Eusko Jaurlaritzaren datu irekien berrerabilpenen sariak. Horietariko lehenak parte-hartzaile heterogeneoentzat da –aplikazio informatikoen garapenari lotuta egon beharrik Gabe–; beraz, horrek bidea emango luke datu publikoak berrerabiltzeko aurkeztutako ideiak tresna erabilgarria izan daitezen, bai lan-eremuan, bai gizarte-arloan. Bigarrenak, ordea, teknologia berriei lotutako parte-hartzaileentzat da, beraiek baitituzte behar diren ezagutzak Eusko Jaurlaritzaren datu publikoen erabileraren bidez zerbitzuak, txostenak, web aplikazioak edo gailu mugikorretarako aplikazioak sortzeko, herritarrei balio erantsia ekarriko liekete eta. Deialdi horietako parte-hartzaileek datu pertsonalak eman beharko dizkiote Administrazio deialdi-egileari; hori dela eta, beste fitxategi bat sortuko da sail honetan horretarako, kontuan hartuta ez dagoela horretarako bat bera ere.

2014ko azaroaren 30ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2014ko azaroaren 28ko Agindua, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren, eta sail honi atxikitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuei buruzkoa.

Euskarri fisikoan jasotako datu pertsonalen tratamenduan eta sektore publiko zein pribatuek datu horiei gerora ematen dieten erabilera-modalitate orotan pertsona fisikoen ohorea eta intimitatea bermatu eta babestea da Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren xedea.

Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeko 4. artikuluak xedatzen duenez –abenduaren 13ko 15/1993 Lege Organikoak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, 20.1 artikuluan xedatuarekin bat–, autonomia-erkidegoko administrazioko fitxategiak sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko, dena delako fitxategia atxikita dagoen saileko titularrak agindua eman behar du. Indarrean dauden legeek eskatutako aipamen guztiak jaso beharko ditu agindu horrek, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Horrez gainera, urriaren 18ko 308/2005 Dekretuak, Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea garatzen duenak, 2. artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek Datuak Babesteko Euskal Bulegoari jakinarazi beharko diotela datu pertsonalen fitxategiak sortu, aldatu edo deuseztatu izana, gorabehera horiek Datuak Babesteko Erregistroan inskriba daitezen.

Hala, bada, agindu honek 2014ko azaroaren 28ko Agindua aldatzen du, xedapen honen artikulu bakarrean eta eranskinean jasotzen diren baldintzetan fitxategi bat sortzeko.

Hori dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Bigarrenez aldatzea 2014ko azaroaren 28ko Agindua, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren, eta sail honi atxikitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuei buruzkoa.

Luzatu egiten da Herri Administrazio eta Justizia Saileko fitxategien zerrenda, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko azaroaren 28ko Aginduak, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren, eta sail honi atxikitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuei buruzkoak, «Datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen zerrenda» izeneko I. eranskinaren barruko A) atalean, «Datu pertsonalak dituzten Herri Administrazio eta Justizia Saileko fitxategi automatizatuak» izenekoan, jasotzen duena; izan ere, «Fitxategi sortu berriak» eranskinean bildutako izendapen eta ezaugarrien araberako fitxategia erantsi da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Zerbitzu Zuzendaritzak Datuak Babesteko Euskal Bulegoko erregistroari jakinaraziko dio zein fitxategi sortu berri den, eta bertan inskribatzeko eskaera egingo dio.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 2a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

ERANSKINA
FITXATEGI SORTU BERRIA

Fitxategien zerrendan izango duen kokapena, izena eta edukia.

8.5.– Sariak eta laguntzak.

a) Fitxategiaren xedea:

Deialdietako parte-hartzaileen identifikazioa, oinarrietan jasotako ondorioetarako.

b) Zer pertsonari buruzko datuak lortu nahi diren:

Pertsona fisikoak eta pertsona juridikoak, publikoak zein pribatuak.

c) Datuen jatorria eta datuak biltzeko prozedura:

– Jatorria: interesdunek emandako datuak.

– Biltzeko prozedura: lineako inprimakiak.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio-datuak (ID).

e) Datuen lagapenak eta komunikazioak:

Ez da aurreikusi.

f) Organo arduraduna:

Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

g) Zein zerbitzutan egikari daitezkeen datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko zein ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak.

Herri Administrazio eta Justizia Saila

Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

h) Fitxategiaren segurtasun-maila:

Oinarrizkoa.


Azterketa dokumentala