Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2015eko apirilaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1837

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena; honen bidez jendaurrean jartzen da Irungo Bidaurre Ureder industrialdean (Gipuzkoa), hondakinak kudeatzeko instalazioa jartzeko, Tratamientos Geuria, SAk aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Hondakinei eta lur kutsatuei buruzko uztailaren 21eko 22/2011 Legeak xedatutakoaren arabera, hondakinen kudeaketa jarduerak Autonomia Erkidegoko ingurumen organoaren baimena behar dute.

Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27koa 3/1998 Lege orokorrak ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa bete behar du Irungo udalerrian (Gipuzkoa) Tratamientos Geuria, SAk sustatutako hondakinak kudeatzeko instalazioaren jarduera jartzeak.

Organo substantibo honetan izapideak hasi dira, Irungo udalerrian (Gipuzkoa), hondakin kudeatzeko instalazioa jartzeko, Tratamientos Geuria, SAk aurkeztutako proiektuaren hondakin-arriskutsuen baimena lortzeko.

Ingurumen ebaluazioari buruzko prozeduraren arabera, jendaurrean jarri behar dira proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Organo honek du ebazpen hau emateko eskumena, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera.

Aintzat hartzeko arauak: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra; 21/2013, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa dena; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenari buruzkoa; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har nahiz bereziki ezartzekoa den gainerako araudia,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Irungo udalerrian Tratamientos Geuria, SAk sustatzen duen hondakinak kudeatzeko instalazioa egiteko proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun balioduneko epean. Epe horretan egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.– Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan egongo dira eskuragarri (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz), eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuan (Infanta Cristina, 11 – Villa Begoña, Donostia).

Era berean, adierazitako dokumentazioa herritarrek errazago eskura dezaten, aipatutako espedientea Irungo Udalari bidaliko zaio, jendaurrean jartzeko epean erakuts dezan.

Era berean, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (https://euskadi.eus) izango da, herritarrek errazago eskura dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala