Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2015eko apirilaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1836

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 31koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, Barakaldoko Hiri Tranbiari buruzko informazio-azterlana jendaurrera ateratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Sektoreko Lurralde Plana otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez behin betiko onartu zen. Plan horretan, proposatzen da Nerbioi ibaiaren ezkerraldean metro arinaren beste korridore bat egitea, Zorrozaurre, Lutxana, Galindo eta Urbinagako lur industrialen hiri-berroneratzearekin lotua.

Informazio-azterlanaren helburua da zehaztea zer obra egin beharko den, nolako eragina izango duten eta zer balorazio ekonomiko duten. Izan ere, horiek guztiak beharrezkoak dira Barakaldoko tranbia-zerbitzua egin eta abian jartzeko.

Dokumentuan, aztertzen da nolako alternatibak dituen Barakaldoko hiri-tranbiak, erreferentziatzat hartuta aurretik egindako azterlanetan prestatutako dokumentuak.

Barakaldoko tranbia hiriarteko zerbitzu moduan planteatzen da, eta, Sestako Urbinagan, aldagune baten bidez, Bilboko Hiri Trenbidearen 2. linearekiko eta RENFEren aldirietako trenarekiko konexioa ahalbidetuko du, bai eta aurrerago Leioan eta EHUn zerbitzua emango duen tranbiarekikoa ere. Ansioko geltokian –BEC eta Bagatza aldean–, Bilboko Metroaren 2. linearekin konexioa egiten lagunduko du; alde horretatik, aldagune moduko bat izango da hiri-trenbideen eta hiriartekoen artean.

Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute proiektua, eta egiaztatu dute teknikoki zuzena dela eta trenbideen arloko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 11. artikulutik 16.era bitartekoetan eta indarrean diren gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa ere.

Organo honek eskumena dauka Jaurlaritzaren Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren 14.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraituz (dekretu hori abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen).

Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da 30 egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren ikusmolde orokorraz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoari jarraituz, proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana jendaurrean erakutsi beharko da, organo sustatzaileak aplikatu beharreko prozeduraren barruan.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

«Barakaldoko Hiri Tranbiari buruzko informazio-azterlana» eta haren ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlana jendaurrera ateratzea, hain zuzen ere udal, elkarte eta partikularrek jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko aitortzeko arrazoiez, trazaduraren ikusmolde orokorraz eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaz alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Horretarako, hogeita hamar egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epe horretan, proiektua jendeak aztertzeko moduan izango da, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean), Barakaldoko eta Sestako udaletxeetan eta www.euskadi.eus web gunean (Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren atalean).

Eta horrela jakinarazten da herritarrek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 31.

Garraio Azpiegituraren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.


Azterketa dokumentala