Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2015eko apirilaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1834

EBAZPENA, 2015eko apirilaren 16koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2015-2016ko aldirako Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerketa sustatzearren hiru diru-laguntza emateko merezimendu-lehiaketarako deialdia egiten duena.

Administrazio-jardunbideen plangintza ona egiteko ezinbestekoa da Herri-Administrazioa, Zuzenbide Publikoa eta Administrazio Zientzia aztertu eta ikertzea.

Uztailaren 27ko 16/1983 Legeak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortu zuen legeak, erakunde horri, beste batzuen artean, honako xede hauek aitortzen dizkio: Lege, finantziazio eta estatistika arloetan Euskal Herriko administrazio publikoetako berezitasunak ikertzea, irakastea eta zabaltzea; eta Administrazio-zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea, Euskal Herriko Administrazio ezberdinetan ezartzearekin batera.

Deialdi honen helburua ikerketa-arlo horiek suspertzea da eta, burutuko diren lanen bitartez, Euskadiko herri-administrazioen eraginkortasuna eta efizientzia areagotzea.

Aurreko deialdietako esperientziari, eta baita Gizarte Zientzien inguruko ikerketan gaur egun dagoen errealitateari bagagozkio, taldeka burututako ikerketa nabarmen indartzen ari dela ikus dezakegu. Hori dela eta, taldekako ikerketak emaitza aberasgarriak lor ditzakeela aintzat har dezakegu, pertsona ezberdinen ekarpenez hornitzen dela kontuan izanik, pertsonok ikuspuntu ezberdinak dauzkatelako eta proiektu berean ikasketa ikuspegi ezberdinak aintzat hartzea ekar dezaketelako.

Hortaz, aurtengo edizioan, hiru diru-laguntza aurkezten dira, haietako bat banakako ikertzaileei zuzendutakoa, eta beste biak ikerketa taldeei zuzendutakoak. Taldeok honelakoak izan daitezke: finkatuak, edo deialdi honetan parte hartzeko aurkeztuko duten proiektuari ekiteko ad hoc eratuak.

Ondorioz, Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko ikerlanak egiteko hiru diru-laguntzatarako deialdia zabaltzen da.

Hori horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Hiru diru-laguntzatarako deialdia egitea, Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten ikerlanak burutzeko, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarri-arauen arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen ez dion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Errekurtso hori ebazpena hartu zuen organoari aurkez dakioke edota, bestela, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota erantzunik ematen ez bazaio, errekurtsoa ez dela onartu ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzietako bidera joateko aukera irekita egongo da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 16a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

ERANSKINA

HERRI-ADMINISTRAZIOAREKIN, ZUZENBIDE PUBLIKOAREKIN EDO ADMINISTRAZIO ZIENTZIAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAI BATZUEI BURUZKO IKERLANAK BURUTZEARREN HIRU DIRU-LAGUNTZATARAKO DEIALDIA EGITEN DUEN EBAZPENARENA

OINARRI-ARAUAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen helburua da, norgehiagoka-prozeduraren araubidez, hiru diru-laguntza emateko oinarri-arauak ezartzea, Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerlanak egitearren. Aurkez daitezkeen azterketek eta ikerlanek aitaturiko gaiak jorra ditzakete hainbat ikerkuntza ikuspuntutik, eta euskal herri-administrazioen jardun publikoaren arloarekin lotura izan beharko dute.

Bigarrena.– Diru-laguntza modalitateak eta zenbatekoa.

Hiru diru-laguntza horien esleipena eta kudeaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak egingo du. Deialdi honetan diru-laguntza modalitate hauek aurreikusten dira:

a) I Modalitatea: Ikertzaile bakar batek egindako ikerketa-proiektua da. Modalitate honetan, diru-laguntza bakar bateko deialdia egiten da; horrek lau mila (4.000) euroko ordainsaria izango du.

b) II Modalitatea: Ikerketa talde batek egindako ikerketa-proiektua da. Modalitate honetan, bi diru-laguntzarako deialdia egiten da; horietako bakoitzak hamar mila (10.000) euroko ordainsaria izango du.

Betiere, diru-laguntza modalitate bakoitzaren gehieneko zenbatekoa kobratzeko eskubidea, baldintzatuta dago bukatutako ikerlanek jasoko duten balorazioetara, hamabigarren oinarri-arauaren arabera.

Hirugarrena.– I Modalitatearen baldintzak – banakako parte-hartzea.

Diru-laguntza modalitate hau eskatu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Pertsona fisikoa izatea eta norberaren izenean parte hartzea.

b) Administrazio-auzotartasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2014ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.

c) Goi-mailako unibertsitate-tituluduna izatea.

Laugarrena.– II Modalitatearen baldintzak – ikerketa talde gisa parte hartzea.

Diru-laguntza modalitate hau eskatu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ikerketa taldea gutxienez bi ikertzailez osaturik egongo da.

b) Ikerketa taldearen partaideen erdiak, gutxienez, administrazio-auzotartasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2014ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.

c) Ikerketa taldearen partaide guztiak goi-mailako unibertsitate-tituludunak izatea.

Bosgarrena.– Baztertzeko arrazoiak.

Deialdi honetako diru-laguntzak eskatzeko kanpo geratuko dira ondorengoak:

a) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekua, administrazio-zehapen edo penalen bat izan duten pertsona fisikoak. Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.

b) Diru-laguntza hauek edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerketa sustatzearren deitutako bestelako diru-laguntzak hartu dituztenak, azken hiru urteetan. Era berean, diru-laguntza hauek bateraezinak izango dira, proiektu berbera burutzeko beste edozein laguntza edo diru-laguntza publiko nahiz pribaturekin, doktore-tesiak egitera zuzendutako bekak eta diru-laguntzak barne.

c) Deialdi honetan eskabide bat baino gehiago aurkezten dutenak.

Oinarri-arau honetan jasotzen diren baztertzeko arrazoiak (II Modalitateari dagokionez) eskatzaile batengan ematen badira, baztertzeko arrazoi hauek ikerketa taldeko kidei guztiei eragiten dietela ulertuko da.

Seigarrena.– Betebeharrak.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek dituzte:

a) Beraiek aukeratutako gairen bati buruzko ikerlana garatu, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean aurkeztu beharko dute; ikerlana monografia bat izan behar da eta hori dena deialdi honetan ezarritako epearen eta baldintzen arabera. Ikerlanaren gaiak Herri-Administrazio, Zuzenbide Publiko edo Administrazio Zientziaren inguruan izan behar dira.

b) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin bildu beharko dira, hala eskatzen bazaie.

c) II. Modalitateari dagokionez, memorian berariaz adierazi beharko da ikerketa taldeko kide bakoitzak burutuko duen lana eta baita jasoko duen diru-laguntzaren ehunekoa ere. Ikerketa taldeko kide guztiak onuraduntzat joko dira. Onuradun gisa dagozkion betebehar guztiak betetzeko, ikerketa taldeak ordezkari bat izendatu beharko du, ahalorde askietsiekin. Ordezkaririk izendatzen ez bada, ikerketa taldearekin egin beharreko ekintza guztiak, lehen tokian dagoen kidearekin egingo dira.

Era berean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera, diru-laguntza hauen jasotzaileen betebeharrak honako hauek ere izango dira:

a) Diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzea.

b) Diru-laguntza ematen duen erakundeari frogatu behar dio eskatzen diren beharkizunak eta baldintzak bete direla eta jarduera egin dela.

c) Erakunde emaileak beharrezko ikusten dituen egiaztatze-jarduketak onartu behar ditu jasotzaileak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren laguntza eta diru-laguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrol-jarduketen esanetara egon behar du, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoenetara ere.

d) Erakunde emaileari jakinarazi behar dio bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu dituela helburu berbererako, edozein dela ere administrazio edo erakunde (publiko zein pribatu) emailea.

e) Diru-laguntza emateko arrazoiren bat, bai objektiboki, bai subjektiboki, aldatzen bada, erakunde emaileari jakinarazi behar dio.

Zazpigarrena.– Eskabidearen edota proiektuaren aldaketak.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzen edozein aldaketa izanez gero eta, nolanahi ere, helburu berarentzat beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak aldi berean jasoz gero, idatziz jakinarazi behar zaio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari; eta, horren ondorioz, gerta liteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea honako era honetan:

a) Emandako diru-laguntza galtzea dakarten diru-laguntzaren baldintzen aldaketak honako hauek izango dira:

a.1.– Deialdi honetako oinarri-arauak bere osotasunean edo zati batean ez betetzea.

a.2.– Datuak ezkutatzea, haiek aldatzea, edo eskabidean edozein manipulazio egitea.

a.3.– Ikerketa-proiektu berean beste erakunde publiko edo pribatuetatik datorren finantzaketa metatzea.

a.4.– Ikerketa-proiektuaren edo ikerketa taldearen osaeraren aldatzea, deialdian parte hartzeko nahitaezko baldintzak galtzea badakarte.

a.5.– Esleipedunek ez mantentzea esleitzeko prozesuan diru-laguntzak emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk, galera hori prozesuaren hasieran gertatu izan balitz, diru-laguntza esleitzeko ezintasuna ekarriko lukeenean.

b) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aztertu egingo ditu nahikoa justifikatu gabe, ikerketa-proiektuaren aldaketa esanguratsuak eta ikerketa taldearen osaerak izandako aldaketak, aldaketa horiek ezarritako baldintzak ez mantentzea edo esleipena egiteko beharrezkoa den puntuazioa ez mantentzea ez badakarte; eta, horren ondorioz, erabakiko du emandako diru-laguntza –guztiz edo zatika– itzultzeko espedienteari hasiera eman behar zaion.

Zortzigarrena.– Eskabideak: aurkezteko epea eta modua.

1.– Aurkezteko modua.

Diru-laguntza hauek eskuratzeko eskabideak izapidetze elektroniko bidez aurkeztu beharko dira, hurrengo arauekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.

Eskabidea egiteko inprimakiak derrigorrez erabili beharko dira, eta hurrengo erantzukizunpeko adierazpenak jasoko dituzte: Bosgarren oinarri-arauan zehazten diren inguruabarrak –deialdian parte hartzea eragozten duten inguruabar moduan– aldi berean gertatzen ez direla adierazten dutenak.

Eskabideen izapidetze elektronikoa hurrengo helbide elektronikoan egingo da: www.ivap.euskadi.eus/ikerketa_sustatzea_2015/r61-vedplus/eu

2.– Pertsona bakoitzeko eskabide muga.

Pertsona bakoitzak parte hartzeko eskabide bakarra baino ezingo du aurkeztu, eta bertan diru-laguntzaren bi modalitateen arteko bat aukeratu beharko du. Hauxe betetzen ez bada, deialdi honetako bosgarren oinarri-arauan jasotzen diren baztertze arrazoietariko bat bezala hartuko da.

3.– Aurkezpena egiteko baldintzak.

Eskabidea egiten duten pertsonek norbere burua hurrengoen bidez identifikatu beharko dute:

– NAN elektronikoa.

– Izenpe-ren Herritarraren ziurtagiria.

– Izenpe-ren Langile publikoaren ziurtagiria.

– Izenpe-ren Itsasontzi-jokoaren sinadura elektronikoko tresna.

– «Fábrica Nacional de Moneda y Timbre»-ren pertsona fisikoaren nortasun ziurtagiri elektronikoa (Ceres).

– Camerfirma-ren pertsona fisikoaren ziurtagiria.

– Firma Profesional-en pertsona fisikoaren ziurtagiria.

Aipatutakoez gain, eskabideak aurkezteko epearen bukaera datan erabilgarri dauden ziurtagiri elektronikoak onartuko dira. Ziurtagiriok Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://euskadi.eus) kontsultatu ahalko dira, hurrengo atalean: Izapideak/Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak.

4.– Eskabideekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

Eskabideekin batera hurrengo agiriak aurkeztu beharko dira:

A) Curriculum vitae-a. Eredu normalizatuan aurkeztu daiteke. Eredu hori interesdunek eskuragarri izango dute eskabideak burutzeko dagoen helbide elektronikoan. Curriculum-ak hurrengo atalak izango ditu:

– Datu pertsonalak.

– Prestakuntza akademikoa.

– Ikerketa-lanarekin zerikusi zuzena duten argitalpen zientifikoak.

– Hizkuntzak.

Ikerketa taldeen kasuan, hura osatzen duen pertsona bakoitzaren curriculum-a aurkeztu beharko da.

B) Ikerketa-proiektuaren txostena. Hauxe derrigorrez eredu normalizatuan aurkeztu beharko da. Eredu hori interesdunek eskuragarri izango dute eskabideak burutzeko dagoen helbide elektronikoan. Agiri honek ezingo ditu 10 orrialde baino gehiago izan.

C) Unibertsitate-titulua, bai eskabidea norberaren izenean egiten duen pertsonarena, baita ikerketa taldeak osatzen dituzten pertsona bakoitzarena ere.

D) Erroldatze-ziurtagiria edo ziurtagiriak. Bertan Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako administrazio-auzotartasunaren eustea adierazi behar da, gutxienez, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik. Ikerketa taldeen kasuan, deialdi honetako laugarren oinarri-arauko b) hizkian xedatutakoari so egin beharko zaio.

Pertsona eskatzailearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoaren arabera.

Merezimenduak, aintzat hartu ahal izateko, behar bezala frogatu beharko dira. Horrela egiten ez bada edo eskabideak aurkezteko epez kanpo aurkezten badira, merezimenduen egiaztagiriek ez dute baliorik edukiko.

5.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 32 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.– Eskabideak zuzentzea.

30/1992 Legearen –Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legea– 71.1 eta 42.1 artikuluen arabera, eskabideak edo horrekin batera aurkeztu behar den dokumentazioak deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo horien edukia nahikoa ez balitz, eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar lanegun dituela nahitaezko dokumentazioa osatzeko edo akatsa zuzentzeko; eta horrela ez egitekotan, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako administrazioak dagokion erabakia hartu eta jakinaraziko duela.

7.– Gainerako izapideak.

Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko www.ivap.euskadi.eus egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atal berezira jo behar da. «Nire Kudeaketak» atalera egoitza elektronikotik zuzenean ere sar daiteke https://euskadi.eus/y22-home/eu.

Bederatzigarrena.– Eskabideen balorazioa.

Aurkeztutako eskabideen balorazioa, xede horretarako eratuko den Balorazio Batzorde batek burutuko du.

I. Balorazio-baremoa.

Esleipena burutzeko baremoa, I Modalitateko diru-laguntzetarako eta II Modalitateko diru-laguntzetarako, hurrengoa izango da:

a) Ikertzailearen curriculuma: gehienez ere 20 puntu.

Hurrengoen ikerketa-kalitatea egiaztatzeko balioko du: pertsona eskatzailearena, norberaren izenean; edo ikerketa taldea osatzen duten pertsonena.

Curriculum-aren balorazio-irizpideak honakoak izango dira:

1.– Doktoregoa. Gehienez ere 6 puntu. Pertsona bakoitzaren doktorego-tituluak batuko dira, aipatu mugaraino, ondoren zehaztutakoaren arabera:

– 2 puntu: gai «cum laude» kalifikazioa.

– Puntu 1: aurreko puntuan jasotako kalifikazioa baino txikiagoa lortzea.

2.– Ikerketaren helburuarekin zuzenki lotutako argitalpenak: gehienez ere 8 puntu. Puntuazioa hurrengo modalitateak baloratuz lortuko da:

– Monografiak.

– Liburuen kapituluak.

– Aldizkarien artikuluak.

– Bestelako argitalpenak.

3.– Euskara: gehienez ere 4 puntu.

4.– Bestelako hizkuntzak: gehienez ere 2 puntu. Hizkuntza bakoitzeko puntu bat.

Hizkuntzak dokumentu bidez egiaztatu beharko dira, balorazioan kontuan hartzeko. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren arabera, ezagutza-maila C1 edo handiagoa izan beharko da.

b) Ikerketa-proiektua: gehienez ere 80 puntu.

1.– Ikerketa-proposamenaren interesa eta garrantzia: gehienez ere 30 puntu. Hurrengo alderdiak baloratuko dira:

– Ikerketa-proposamenaren kalitate zientifikoa.

– Proiektuaren garapenean ideien argitasuna.

– Memoria idazterakoan, hauxe zuzentasunez eta argi azalduta egotea.

– Helburuen interesa eta garrantzia, eta haien deskribapen zehatza.

2.– Ikerketa-proposamenaren izaera berritzailea: gehienez ere 30 puntu. Hurrengo alderdiak baloratuko dira:

– Ikerketa-gaiaren eta bere helburuen egokitasuna eta berritasuna, hori guztia deialdiaren baldintzekin eta eskabidea mugatzen den arloaren ezagutza propioaren egoerarekin lotuta.

– Lortutako emaitzen erabilgarritasuna nahiz eragina, administrazio-teorian nahiz praktikan.

– Beste taldeen ikerketarekin gainezarpenik gerta ez dadin baloratuko da.

– Proiektuak zientziaren eta gizartearen aurrerapenari ekar diezazkioken onurak.

3.– Ikerketa-proposamenaren diseinua, bideragarritasuna eta metodologia: gehienez ere 20 puntu. Hurrengo alderdiak baloratuko dira:

– Proiektua eta lan plangintzaren egokitzea deialdiaren denbora-mugetara.

– Proposatutako planteamendu metodologikoak proiektuaren helburuei eta hasierako hipotesiari egokitzea.

– Lanaren faseen eta haien iraupenaren plangintza eta deskribapen doitua, beti ere deialdian aurreikusitako epeen barruan. Kronograma nahiz lan-egitasmo bat aurkeztea baloratuko da.

Balorazio baremoko b) atalean 50 puntu baino gehiago lortu ez duten eskabideei ezin izango zaie inolako diru-laguntzarik esleitu.

Merezimenduak hobeki balioesteko egokitzat jotzen bada, elkarrizketa egin ahal izango zaie, bai banakako hautagaiei, bai eta ikerketa taldeak osatzen dituzten pertsonei ere.

II. Balorazio Batzordea.

1.– Eginkizunak.

Deialdi honen esparruan, Balorazio Batzordeak hurrengo eginkizunak izango ditu:

– Aurkeztutako eskabideak baloratzea, diru-laguntza modalitate bakoitzaren esleipen proposamena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaritzara helarazteko xedearekin.

– Diru-laguntza modalitate bakoitzean esleipendunek egindako ikerlanen kalifikazioa, ikertzaile bakarrari edo ikerketa taldeari esleitu behar zaien diru-kopurua zehazteko helburuarekin, deialdian ezarritako gehienezko kantitatearen barruan eta hamabigarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita.

2.– Osaketa.

Honako hauek izango dira Balorazio Batzordeko kideak:

Batzordeburua:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.

Batzordekideak:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen arduraduna edo berak izendatutako ordezkoa.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo berak izendatutako ordezkoa.

– Deialdian adierazten diren gaietan aditu bi. Hauek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren Ebazpen bidez izendatuko dira.

Idazkaria:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo berak izendatutako ordezkoa. Idazkariak hitza eta botoa ditu.

Balorazio Batzordea osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Edozein sexuri dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori zurituko da Balorazio Batzordea osatzen duten aditu biak izendatzen dituen Ebazpenean.

Halaber, Balorazio Batzordeak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak edukiko ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik elkarlanean arituko baitira Balorazio Batzordearekin.

3.– Funtzionamendua.

Balorazio Batzordeak erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko ditu. Kide anitzeko organoa den heinean, oinarri-arau hauetan berariaz jasotzen ez denerako, bere araubidea azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 22-29 artikuluetan jasotakoa izango da.

Hamargarrena.– Diru-laguntzak esleitzea eta onartzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du, edo diru-laguntza horien esleipena erabat edo partzialki hutsik geratu dela adierazi.

1.– Esleipena.

Diru-laguntzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez esleituko dira. Ebazpenak hurrengoa jasoko du:

– Diru-laguntzen esleipendun gisa aukeratutako hiru ikerketa-proiektuak, bat I Modalitatearen aldetik, eta beste bi II Modalitatearen aldetik.

– Hala badagokio, ordezkoak izango diren ikerketa-proiektuen zerrenda, modalitateka sailkatuta.

Diru-laguntzak esleitzen dituen Ebazpena, edo deialdia hutsik uzten duena, egun berean deialdiaren interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, argitalpena egin den eta hurrengo egunetik kontatzen hasita sei hilabeteko epea igaro baino lehenago.

2.– Onarpena.

Diru-laguntza bakoitzaren onarpena esleipendun den pertsona edo ikerketa taldearen aldetik, https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, hamar laneguneko epean. Epe hori esleipen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da. Argitalpena egun berean egingo da.

Ikerketa talde bat esleipenduna bada, lehenago aipatutako diru-laguntzaren onarpen-idatzian zehaztu beharko da taldekide bakoitzak zein ehunekotan parte hartzen duen ikerketa-proiektuan, dagozkion ordainketak egite aldera. Agiri hau ere telematikoki aurkeztu beharko da https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean.

Balorazio Batzordeak esleipendunei egin ahalko dizkie egoki deritzon oharrak, aurkeztutako ikerketa-proiektuaren aurkibideari eta memoriari dagokionez.

Esleipendun den pertsona edo ikerketa taldearen aldetik diru-laguntza bakoitza onartzeak, deialdi honetako oinarri-arauetan ezartzen diren baldintzak onartu beharra dakar; eta baita, ikerlanaren jarraipenari begira, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaritzak har litzakeen ebazpenak onartu beharra ere.

Hamaikagarrena.– Emandako diru-laguntzen ondoriozko lanak aurkeztea.

Diru-laguntza bakoitzaren xede diren ikerketa-proiektuak aurkezteko epea 2016ko uztailaren 15ean amaituko da. Lan horiek https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoan, «Nire Kudeaketak» izeneko atalaren barruan aurkeztuko dira.

Hamabigarrena.– Diru-laguntzak ordaintzea. Haien zenbatekoa zehazteko sistema.

1.– Ordainketak.

Diru-laguntzak bi ordainketetan burutuko dira:

1) Lehenengo ordainketa, mila (1.000) eurokoa I Modalitaterako, eta hiru mila (3.000) eurokoa II Modalitaterako, diru-laguntza onartzearekin batera. Zenbateko hauek ikerketa-jarduera garatu ahal izatea xede dute.

2) Bigarren ordainketa, gehienez ere hiru mila (3.000) eurokoa I Modalitaterako, eta zazpi mila (7.000) eurokoa II Modalitaterako.

2.– Ikerlanen kalifikazioa eta diru-laguntzen bigarren ordainketa.

Bigarren ordainketaren zenbateko zehatza aurkeztu diren ikerketa-monografiek lortutako kalifikazioaren araberakoa izango da. Balorazio Batzordeak bederatzigarren oinarriaren b) atalean jarritako irizpideen arabera egingo du bere kalifikazioa. Irizpide horiek bukatutako ikerketa-proiektuari erreferentzia eginez ulertuko dira.

Kalifikazioa Balorazio Batzordeak monografia horien inguruan eginiko analisiaren ondoren emango da, eta gehienez ere hamar puntu jaso ahal izango dira.

Esleitutako diru-laguntza bakoitzak jasotako kalifikazioa eta bigarren ordainketaren zenbatekoa elkarloturik daude, ondoren adierazten den moduan:

a) 8,5 edo hortik gorako puntuazioa jaso duten monografiek:

– I Modalitatea: hiru mila (3.000) euro.

– II Modalitatea: zazpi mila (7.000) euro.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lan horiek argitaratuko ditu, deialdi honetako hamaseigarren klausulan ezarritakoarekin bat etorrita.

b) 5 eta 8,4 bitarteko puntuazioa (biak barne) jaso duten monografiek:

– I Modalitatea: ez dute bigarren ordainketarik jasoko.

– II Modalitatea: ez dute bigarren ordainketarik jasoko.

Lan hauek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gorde egingo dira, deialdi honetako hamabosgarren klausulan ezarritakoarekin bat etorrita.

c) Ez-gai kalifikazioa (5etik beherako puntuazioa) jaso duten monografiek:

Ez dute bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketa atzera botatzeko prozedurari hasiera emango zaio.

Emandako diru-laguntza atzera botatzea, dagozkion kasuetan, hurrengo arauetan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Hamahirugarrena.– Diru-laguntzei uko egitea.

Diru-laguntzari norberaren izenean uko egitea, edo diru-laguntzari ikerketa talde osoak uko egitea, https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, eta esleipenari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du. Ukoa beste izapiderik gabe onartuko da. Kasu horietan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak erabakiko du, uko egitearen data kontutan hartuta, puntuazioaren hurrenkeraren araberako hurrengo pertsona edo talde ordezkoari diru-laguntza emango zaion.

Ikerketa talde bateko kide baten edo batzuen aldetik ikerketa-proiektuari zati baten uko egitea, II Modalitatearen kasuan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko zaio, eta eskabidearen aldaketatzat joko da. Hortaz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ebaluatu beharko du, emandako diru-laguntza guztiz edo zati baten baliogabetu behar dela zehazteko, baita jasotako zenbatekoen itzulketa burutzeko ere.

Hamalaugarrena.– Ikerlanak jabetza intelektualaren erregistroan inskribatzea.

Diru-laguntzaren jasotzaileak –II Modalitateko diru-laguntzetan, ikerketa taldearen ordezkari gisa izendatutako pertsonak– esleitutako ikerlana jabetza intelektualaren erregistroan jaso beharko du, ikerlana Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita urte beteko epean, gehienez ere. Esandako epean inskripzioa egitea ezinezkoa izango balitz, eta beti ere epe hori igaro aurretik, jasotzaileak, arrazoiturik, agerian jarriko du ezintasuna. Lehen aipatutako urte beteko epean inskribatzeko ezintasuna guztiz egiaztatzen den kasuetan, inskripzioa egiteko epe berri bat ireki ahal izango da. Lehen aipatutako epean inskribatzeko ezintasuna adierazten duen jakinarazpena jasotzen ez bada, eta beti ere epe hori igaro eta gero, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerlana inskribatu egin duela ulertuko du.

Hamabosgarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordetako ikerlanak.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordeko diren burututako ikerlanak, jabetza intelektualerako eskubideari buruzko arauei loturik baino ezin izango dira erabili.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordetako ikerlana, argitaratuta izateko puntuazio nahikorik lortu ez duelako, ez badu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak argitaratzen, eta beste erakunde batek argitaratzen badu, egileak argitalpen horren berri eman beharko dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eta bi ale bidaliko ditu. Argitalpenaren berri eta bi aleak jaso eta gero, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lehen liburutegian gordetako ikerlana kenduko du.

Hamaseigarrena.– Deialdi honen barruan egindako ikerlanen argitaratze eskubideak.

Diru-laguntza onartzeak berekin dakar Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari egile-eskubideak dohainik lagatzea, Balorazio Batzordeak ikerlanari argitaratzeko kalifikazio nahikoa emanez gero. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak urtebeteko epean ikerlanaren argitalpena aurrera eramateko konpromisoa hartzen du; epe hori zenbatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo-eta Erakunde horren argitalpen zerbitzuen esleipendunak diren enpresek bete behar dituzten tramiteak eta betebeharrak burutzeko denborak besterik ez dira kontuan hartuko.

Egindako ikerlana beste lan zabalago baten atal bada, IVAPk eta lanaren egileak testua oso-osorik argitaratzea adostu dezakete; hori dela eta, egileak IVAPi lan osoa ustiatzeko eskubideak lagako dizkio.

Edozein modutan ere, deialdi honetatik sortutako ikerlanen edizio guztietan, bai lan osokoa izanda bai zati batekoa, egileek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundetik diru-laguntza eskuratu dutela adierazi behar dute.

Hamazazpigarrena.– Lan-kontratu lotura eza Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin.

Aipaturiko diru-laguntzak ez dakar inolako kontratu-loturarik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta jasotzailearen artean.

Hemezortzigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiak eragina izan duen egunetik sei hilabete igarota, deialdiaren interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez badago esleipena egiteko erabakirik argitaratuta, interesdunek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera. Hori dena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren arabera.

Hemeretzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Prozesu honetan jasotako datu pertsonalak «Ikerketen sustapena» fitxategi automatizatuan bilduko dira. Fitxategi horren helburua prozesu hau kudeatzea baino ez da izango. Fitxategi horren erabilera eta jarduera antolatzeko datu pertsonalak eta datu pertsonalak dituzten jabetza publikoko fitxategiak babesteko legeriak zehaztutakoari jarraituko zaio (Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea, eta garapenerako bestelako arauak). Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria da fitxategiaren arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko edo haien aurka egiteko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzara jo beharko da.


Azterketa dokumentala