Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2014ko abenduaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5120

33/2014 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Trenbide Sareari Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko tranbia-programari loturiko hainbat jarduera gomendiotan emateko erabakia argitaratzea agintzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak azaroaren 4ko bileran erabaki zuen Euskal Trenbide Sareari Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko tranbia-programari loturiko hainbat jarduera gomendiotan ematea, baita behar den publizitatea ematea ere; hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erabakiaren testua, zeinaren bidez Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko tranbia-programari loturiko hainbat jarduera egitea. Gomendiotan emandakoa ebazpen honen eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 4a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 4KO 33/2014 EBAZPENARENA.

Erabaki honen bidez gomendiotan ematen zaio Euskal Trenbide Sareari hainbat jarduera egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko tranbia-programari dagokionez.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uzten ditu trenbideen gaineko eginkizunak.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen maiatzaren 21eko 196/2013 Dekretuaren 14.1.b) artikuluaren arabera, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio garraio azpiegituretako lanak lantzea, zuzentzea, ikuskatzea eta egitea.

Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, erakundearen helburuetan sartzen da, halaber, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak esaten duenez, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzukoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

Agindu horretan xedatutakoaren arabera, kudeatzeko gomendioa administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten bada, administrazio horren arauetan xedatutakoari begira formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartutako erabakiari begiratuko zaio.

Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programako proiektuen jarraipena eta kontrola egiteko, eta proiektuak egiteko, euren jarraipena egiteko eta kontrolatzeko egin beharreko jarduera material, tekniko eta zerbitzukoei dagokienez, arrazoi tekniko eta materialengatik, jarduera horiek Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematea da zentzuzkoena, baldin eta interes publikoak lortzeko eraginkorrago izan nahi bada.

Horren arabera, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta behar den gogoeta egin ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA:

«Lehenengoa.– 2014n Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programa burutu, jarraipena egin eta kontrolatzeko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko, juridiko eta zerbitzukoak Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematea. Kudeatzeko gomendio horrek ez dakar lagatzea ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak.

Bigarrena.– Aipatutako gomendioa egiteko baldintza zehatzak erabaki honen eranskinean datoz jasota.

Hirugarrena.– Gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da».

ERANSKINA

1.– Gomendioaren helburua.

Gomendio honen helburua da 2014an Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programako lanak egiteko, jarraipena izateko eta kontrolatzeko baldintzak ezartzea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.2. artikulua betetzeko.

Batez ere, Gasteizko tranbiarako garraio-elementu osagarrien azterlana egingo da, baita Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programari buruz eskatzen dituen beste azterlan batzuk ere.

2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.

Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko ondorioetarako, figura juridiko hauek definitzen dira:

Administrazioa.

Eusko Jaurlaritza. Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.

Enkarguaren zuzendaria.

Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren gainbegiratupean lan egingo du. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion; eta, behar izanez gero, zuzendariaren eskuordetzan ere jardun ahal izango du talde horrek.

Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean ETS).

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan zerrendatutako lanak egingo dituena.

ETSren ordezkaria.

Goi-mailako teknikaria izango da, ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta Administrazioan ETSren ordezkaria izateko. ETSko talde osoa ordezkari horren mendekoa izango da. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.

3.– Lanen garapen orokorra.

Hilean behin, gutxienez, ETSk idatziz emango dio enkarguaren zuzendariari ordura arte egindako lan guztien berri, eta aurrera egiteko behar diren jarraibideak eskatuko dizkio.

ETSk jarraibide edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, bere ustez egokiena dena proposatu beharko du.

Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen, ETSren bulegoetan.

Ikuskapenaren ondorio diren ohar edo aginduak enkarguaren zuzendariak jakinaraziko dizkio esleipendunari.

4.– ETSk egingo dituen lanak.

ETSk egin beharreko lanak honela sailka daitezke:

A) Tranbia-programaren plangintza eta kontrol orokorra.

Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programako proiektu eta obren jarraipena eta koordinazioa sartzen da hemen; bai proiektuak egiteko aholkularitza mailan, bai eraikuntzaren arloan; horretarako, enkarguetatik eratortzen diren aurrerapen-plan partzialak ere osatuko dira.

Kontua da, funtsean, aldizka, arduradunekin batera, enkargu bakoitzaren programen jarraipena egitea eta eguneratzea, eskura dagoen informazioa bateratzea eta, aurretik finkatutako helburuak kontuan izanik, aurkezpen xume eta koherente bat atontzea; ulertzeko eta kontrolatzeko erraza gerta dadin; hartara, erabaki zuzentzaileak unerik egokienean hartzeko modua eskaini ahal izango baita.

Lan hori guztia egoera-txosten orokor batean jasoko da.

B) Azterlanak eta txostenak egitea.

ETSk Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak bere esku uzten dituen txosten eta azterlan guztiak idatziko ditu; eskatutako agiriek gomendiotan emandako gaiarekin zuzenean nahiz zeharka zerikusia izango dute.

Enkargu honen xedeko hainbat faseren barruan, hau da, proiektuak idaztekoan, jendaurrera ateratzekoan eta obrak eraikitzekoan; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak herritarrek eta kolektiboek aurkezten dituzten galdera eta alegazioei erantzuteko txostenak idatzi beharra izaten du.

ETSk erreklamazio horiek aztertzen lagunduko dio sailari, eta horrek eskatzen dizkion txostenak idatzi, eta bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatuko ditu.

Halaber, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak txosten teknikoak ere eska ditzake, baldin eta gaiarengatik berarengatik ingeniaritzako arlo jakin bateko adituek parte-hartzea beharrezkoa bada.

Alde horretatik, ETSren egitekoa izango da arazoa ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen baldintzak identifikatzea, eta gaiaren analisia kalitatezkoa izango dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresak edo profesionalek duen ikertzea, betiere kontsultaritza-lan horiek koordinatuta eta gainbegiratuta, proiektuaren koherentzia orokorrari eusteko.

5.– Egindako lanak baloratzea eta ordaintzea.

Gomendiotan emandako lanak, BEZa barne, ehun eta berrogeita bost mila eta berrehun (145.200) euro baloratu dira; honako kontzeptu hauetan oinarrituta:

(Ikus .PDF)

Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak egiaztatutakoan. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.

6.– Gomendioaren indarraldia.

Gomendio hau indarrean izango da 2014ko abenduaren 31ra arte.


Azterketa dokumentala