Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2014ko apirilaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BARAKALDOKO LEHEN AUZIALDIKO 5 ZENBAKIKO EPAITEGIA
1533

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 757/13 prozeduraren ondoriozkoa.

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia (Familia).

Judizioa: 757/13 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.

Alderdi demandatzailea: N. M. T.

Alderdi demandatua: Ruben Orlando Perez.

Gaia: guraso eta seme-alaben arteko neurriak aldatzea.

Judizio horretan, ebazpena eman da, eta honela dio hitzez hitz:

175/14 EPAIA

Epailea: Cristina Lopez de la Fuente.

Lekua: Barakaldo (Bizkaia).

Eguna: bi mila eta hamalauko martxoaren hamalaua.

Alderdi demandatzailea: N. M. T.

Abokatua: Jose Miguel Soler Allende.

Prokuradorea: Maria Luisa Gutierrez Ontoria.

Alderdi demandatua: Ruben Orlando Perez.

Abokatua.

Prokuradorea.

Judizioaren gaia: guraso eta seme-alabentzako neurriak hartzea.

EPAITZA

Baietsi egiten dut M.ª Luisa Gutierrez Ontoria prokuradoreak N. M. T. andrearen izenean eta ordez aurkeztutako demanda, Rubén Orlando Pérez jaunaren aurkakoa. Hori dela-eta, bien alaba XXXXX-ri buruz honako neurri hauek hartzea erabakitzen dut:

● XXXXXren zaintza eta jagoletza amari esleitzea, guraso-ahala bi gurasoek dutela.

● Bisitaldiak: aitak alaba bisitatu ahal izango du:

– Astean behin, eta ikastetxera edo dagoen lekura bila joango zaio; egun berean, 19:30ean entregatuko du amaren etxean. Amari jakinaraziko dio zer egunetan eta zer ordutan egingo duen bisitaldia, eta horretarako, jakinarazpena jaso izana ziurtatu dezakeen bideren bat erabiliko du.

– Hilabetean asteburu batean, amaren etxera joango da adingabearen bila, larunbatetan, goizeko 10:00etan, eta 19:30ean entregatuko du amaren etxean, eta aurreko atalean aipatutako ordu eta lekuetan joango da alabaren bila eta bertan utziko.

– Bisitaldi-sistema egonkortzen bada, eta adingabea aitarekin ohitzen bada, bisitaldiak arian-arian luzeagoak izan litezke, harik eta adingabeak aitarekin gaua pasa arte, baina beti aitak betetzen badu gutxienekotzat jotako bisitaldi-erregimen hori, eta amaren, eta haurra artatzen duten fakultatiboen eta hezitzailearen oniritzia jasotzen badu eta horrek arriskurik ez badakarkio alabari.

– Aste Santuko, udako eta Eguberrietako oporren erdiak. Horretarako, aitak urte bakoitietan hautatu ahal izango du, eta amak, ordea, urte bikoitietan. Aitak amaren etxera joan beharko du adingabearen bila, eta leku berean utzi beharko du, neskatoaren oporrak eman eta hurrengo egunean. Neskatoa ezin izango da Espainiatik atera, bere aitarekin egonda ere.

– Oporretako bisitaldien erregimena ezartzeko, ikusi beharko da nolako harremana izan duen aitak urtean zehar bere alabarekin, eta aintzat hartu behar da bereziki zer hitzarmen lortu dituzten neskatoaren onerako.

– Opor-eskubidea duen gurasoak besteari abisatu beharko dio, bi hilabete lehenago abisatu ere, eta zuzenbidean onartutako edozein bide erabili ahal izango du horretarako, eta horrela jakinaraziko dizkio haren eskubidea baliatzeko eguna, ordua, lekua eta gainerako gorabeherak.

– Adingabea, bisita-eskubidea darabilen edozein mementotan, bere higienerako, eskola-ariketetarako eta aisialdirako behar dituen arroparekin eta gauzekin entregatu eta itzuliko da.

● Bien alabaren aldeko mantenu-pentsio bat ezartzea, zaintza ez duen gurasoaren kontura ordaindu beharrekoa. Pentsio hori demandatuak edozein kontzepturengatik jasotzen dituen diru-sarreren % 25 izan daiteke, gutxienez 200 euro hilabetean, hilabeteko lehenengo bost egunetan amak izendatzen duen kontuan ordaindu beharrekoa. Pentsioa urtero eguneratu beharko da, INEk edo horren ordezko erakundeak argitaratutako KPIren arabera.

Guraso biek erdibana ordainduko dituzte bien alabak sortzen dituen aparteko gastuak.

Ez da kosturik ezartzen.

Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegian aurkeztutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, apelatutako ebazpena eta zein erabaki aurkaratzen diren (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santander banketxean duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da:..... Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez, erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Argitalpena: epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, idazkari judiziala naizenez, horren guztiaren fede ematen dut, Bilbon (Bizkaia), bi mila eta hamalauko martxoaren hamalauan.

Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi du epaileak, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.

Barakaldo (Bizkaia), 2014ko martxoaren 17a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala