Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2014ko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1016

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 16koa, Nazioartekotzeko zuzendariarena, 2012rako Prointer (nazioarteratze) programaren barruan Bijou Siglo XXI, S.L., enpresari ez-betetze espedientea irekitzeko dena.

Ikusirik Bijou Siglo XXI, S.L., enpresari Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak Prointer programa (nazioartekotze-programa) garatzen duen 2010eko otsailaren 24ko Aginduaren babesean emandako diru-laguntzari buruzko espedientea, espediente hau irekitzen da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen 2012ko otsailaren 22ko Ebazpenaren bidez, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko otsailaren 24ko Aginduan ezarritako laguntzak emateko deialdia eman zen argitara. Azken agindu horren bidez, 2012rako, Prointer programa (nazioartekotze-programa) garatzen da.

Bigarrena.– 2012ko abenduaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotzeko zuzendariak Bijou Siglo XXI, S.L., enpresari laguntzeko ebazpena eman zuen. Laguntza hori 38.471,42 eurokoa zen, eta Txile eta Arabiar Emirerrietako barne-sustapeneko jarduerak eta ekintzak gauzatzeko zen. Zehatz esanda, merkataritza-ezarpenetarako bi proiektu bultzatu nahi ziren, 8.684,39 eta 17.313,93 eurokoak, eta kanpoko ekoizpen-ezarpen baterako da hirugarren bat, 12.473,10 eurokoa. Ezarri zen, era berean, emandako laguntza onartutakoan edo, kasua bada, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko otsailaren 24ko Aginduaren 27.1 artikuluan zehaztutako 15 eguneko epea pasatutakoan, emandako diru-laguntzaren % 25 ordainduko zela, alegia, 9.617,85 euroren % 25 (agindu horren bitartez, Prointer programa –nazioartekotze-programa– garatzen da).

Hirugarrena.– 2013ko martxoaren 1a izan da diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko azken eguna. Egun hori baino lehenago eta egun horretan ere Bijou Siglo XXI, S.L., enpresak ez du aurkeztu inolako justifikaziorik.

2010eko otsailaren 24ko Aginduaren 23.1 artikuluak laguntzaren ordainketa dela-eta honela dio: «Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da: emandako diru-laguntzaren % 25 laguntza onartzen denean edo, hala dagokionean, agindu honen 27.1 artikuluan ezarritako hamabost eguneko epea igarotakoan, eta gainerako % 75a lagundutako ekintzak egiteko izandako gastuak egiteko justifikazioaren ondoren ordainduko da. Diru-laguntzaren gai diren ekintzak gauzatu ondoren, betiere diru-laguntza eskabidearen hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehenago, enpresa onuradunak dagokion lurralde-ordezkaritzan justifikatu egin beharko du laguntza emateko kontuan izan zen helburua bete egin dela.»

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Nazioartekotzeko zuzendariaren eskumena da baldintzak ez betetzeagatiko espedientea hastea, Sustapeneko eta kanpo-ezarpeneko ekintzetarako laguntzetako Prointer programa (nazioartekotze-programa) garatzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2010eko otsailaren 24ko Aginduaren 25.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Prointer Programa garatzen duen Aginduan ezarritako esparruan laguntzak emateko deialdi publikoa argitara emateko den Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen 2012ko otsailaren 22koa Ebazpenaren 1. artikuluak honela dio:

«Ebazpen honen helburua Prointer Programa (nazioartekotze-programa) garatzen duen 2010eko otsailaren 24ko Aginduak ezarritako diru-laguntzen deialdia egitea da 2012. ekitaldirako. Programa horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden enpresak atzerrian sustatzeko eta ezartzeko ekintzetarako laguntzak ematen dira. 2010eko otsailaren 24ko Agindu hori, bestalde, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko martxoaren 2ko Aginduak aldatu zuen.»

Hirugarrena.– Prointer programa garatzen duen Aginduaren 23.5 artikuluak ezartzen duenez, ekarritako dokumentu guztiak egiaztatu ondoren egikarituko da bigarren ordainketa, eta, halaber, ordainketa egingo den egunean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen zerga-betebeharren betetzeari buruzko Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan edo agindu hori ordeztuko duen araudian ezarritako kasuetan, agindu horren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da aipatutako egiaztatzea. Urriaren 7ko Aginduak exijitzen du ordainketaren bat diru-laguntza ematea erabaki ondorengo ekitaldiren batean ordaindu behar bada, eta hiru hilabete baino gehiago igaro badira diru-laguntza ematea erabaki denetik, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatu beharko dituela onuradunak, lehenengo ordainketa-proposamena egin aurretik.

Laugarrena.– Agindu beraren 25. artikuluaren arabera, enpresa onuradunak ez baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan xedatutakoa ez ezik agindu honetan eta aplika daitezkeen gainerakoetan ezarritako betebeharrak, eta, hala badagokio, ebazpenean ezarriko diren baldintzak ere, organo eskudunak ez betetzeagatiko txostena egingo du interesdunaren arrazoiak entzunez. Jarraian, ebazpena emango du, eta, hartan, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, baita jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta egokitzat joko diren gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Bosgarrena.– Aztertuta geratu da Bijou Siglo XXI, S.L., enpresak aurkeztutako dokumentazio justifikagarria, eta ikusi da ez direla bete diru-laguntza emateko baldintzak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Espedientea irekitzea Bijou Siglo XXI, S.L. enpresaren aurka, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak Prointer programa (2012ko ekitaldirako nazioartekotze-programa) garatzen duen 2010eko otsailaren 24ko Aginduan diru-laguntza ordaindu ahal izateko ezarritako baldintzak ez betetzeagatik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioartekotzeko zuzendariaren 2012ko abenduaren 12ko Ebazpenaren bidez eman zitzaion diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat jotzeko eta, era berean, jasotako diru-laguntza itzuli beharra duela deklaratzeko.

Bigarrena.– Bere interesen alde egoki deritzona adierazteko, 15 eguneko epea ematen zaio interesdunari.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 16a.

Nazioartekotzeko zuzendaria,

JOSEBA IMANOL ABURTO ERDOIZA.


Azterketa dokumentala