Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2013ko abenduaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5253

EBAZPENA, 2013ko azaroaren 19koa, UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko errektoreordearena. Honen bidez, atzerriko enpresetan praktikak egiteko mugikortasun beken 2013-2014 ikasturterako EPEZ VIII programa (Enpresetan Praktikak Europan Zehar) arautzen da eta horretarako deialdia egiten da.

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailarekiko elkarlanean, UPV/EHUko tituludun berriek atzerriko enpresetan praktikak egiteko ekimen berria antolatu du, EPEZ programa, alegia. Programa hori Leonardo da Vinci Agentziaren mugikortasun programak babesteko deialdiaren esparrukoa da.

UPV/EHUk tituludunen laneratzeko aukerak hobetzen laguntzeko gogoa du eta hortik, hain zuzen, sortu da programa hau, tituludunek ikasketak bukatu eta gero lan munduari berme handiagoz aurre egin ahal izateko gaitasunak izan ditzaten. Beste alde batetik, programak mugikortasunari bultzada sendoa ematea eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera desberdintasuna murriztea ere badu helburu.

OINARRIAK

I.– Xedapen orokorrak.

1.– Helburua.

1.1.– Ebazpen honen xedea 2013-2014 ikasturterako EPEZ VIII programaren oinarriak arautzea eta programarako deialdia egitea da. EPEZ programak UPV/EHUko tituludun berriak Europa Batasunaren eremuko enpresetara joatea sustatu nahi du, haien gaitasun profesionalak hobetu, lana aurkitzeko aukerak zabaldu eta, azken finean, prestakuntza prozesua beste ingurune kultural batean gauzatutako enpresetako praktiken bidez osatzeko asmoz.

Deialdia ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea horretarako.

1.2.– EPEZ VIII programak 65 beka izango ditu, herrialde hauetako enpresetan praktikak egiteko: Erresuma Batua, Italia, Txekiar Errepublika, Portugal, Irlanda, Austria eta Alemania.

1.3.– Programa honetako mugikortasun bekak diru laguntza itzulezinak izango dira, publikotasun, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera emango dira, eta lehiaketa banaren bidez adjudikatuko zaizkie eskatzaileei. Hortaz, erabaki honetan agertzen diren balorazio irizpideak eta hautaketa prozesuak aintzat hartuta, lehiaketa gainditu duten hautagaiei bakarrik emango zaizkie bekak, denak banatu arte.

2.– Baliabide ekonomikoak.

2.1.– EPEZ programako gastua, guztira, 266.207,80 eurokoa da; zenbateko horretatik 192.775,80 euro Leonardo da Vinci Agentziak jarriko ditu, bertako deialdira Bizkaiko Campuseko Errektoreordetza sustatzaile gisa aurkeztu baitzen arrakastatsu; eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturarako sailak, ikaskuntza etengaberako programaren barruan, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errektoreordetzan egindako ekarpenez finantzatzen da.

3.– Beka kopurua, iraupena eta zenbatekoa.

3.1.– 2013-2014 ikasturterako EPEZ VIII programan gehienez ere 65 beka emango dira. Beka horiek atzerriko egonaldiko gastu nagusiak ordaintzeko dira: bidaiak, aseguruak, prestakuntza, ostatua, mantenua, kudeaketa, antolaketa, etab.

3.2.– Beken esleipendunek tutore bana izango dute harrera herrialdean, egonaldiko jarduerak antolatu eta ikuskatze aldera. Tutoreak egonaldiaren segimendua eta ebaluazioa egiteaz arduratuko dira. Halaber, programako onuradun bakoitzari enpresa hartzaileak tutore bat egokituko dio, enpresako egonaldia ikuskatzeko eta praktikan zehaztutako helburuak betetzen laguntzeko.

3.3.– Mugikortasun beken iraupena hamalau astekoa izango da, bi zatitan banatuta: lehenengo hiru asteetan praktikak egingo diren herrialdeko hizkuntzan trebatzeko ikastaroa egingo da, eta azken hamaika asteetan onuradunak egindako ikasketekin zerikusia duten praktikak egingo dira. Bekak 2014ko martxo/apiriletik ekain/uztailera bitartekoak izango dira.

II.– Beken onuradunen hautaketa.

4.– Hautagaien betekizunak.

4.1.– Hautagaiek, eskaera egiterakoan, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) UPV/EHUko tituluduna izatea.

b) Administrazio auzotasuna Araba, Bizkai edo Gipuzkoako Lurralde Historikoan izatea.

c) Langabezian egotea.

d) Harrera herrialdeko hizkuntzan edo, aukeran, ingelesez ahoz komunikatzeko gai izatea, eta gaitasun hori frogatzeko moduan izatea.

e) 30 urte baino gutxiago izatea.

f) Ikasketak, hirugarren ziklokoak izan ezik, 2009-2010 ikasturtean edo ondorengoetan bukatu izatea.

5.– Eskaeren aurkezpena eta bekak esleitzeko prozedura.

5.1.– Eskaerak 2014ko urtarrilaren 13ra arte aurkez daitezke,jendaurreko ordutegian, UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Enplegu Gunean (Sarriko, Basoko Etxea, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen ondoan);UPV/EHUren Arabako campuseko enplegu gunea, Elurreta eraikinean; edo Gipuzkoako enplegu gunean, Ignacio M.ª Barriola eraikinean.

Kasu honetan, aldez aurretik, eskaria erregistratu behar da UPV/EHUren erregistro orokorraren edozein bulegotan.

Programari buruzko informazioa UPV/EHUn eskura daiteke 94 601 36 79, 94 601 36 81, 943 01 59 46 eta 945 01 33 88 telefono zenbakietara deituta edo e-mail hauetara jota: enpleguaraba@ehu.es, enplegubizkaia@ehu.es , enplegugizpukoa@ehu.es eta; bai eta interneteko helbide hauetan ere http://www.ehu.es/enplegugunea eta http://www.enplegua.ehu.es/p288-home/es/

Eskaerak, honako erabaki honen 6. oinarrian aipatzen den Hautaketa Batzordeko buruari zuzenduta, Araba, Bizkai edo Gipuzkoako campusetako edozein erregistro orokorretan, edo UPV/EHUren 2007ko maiatzaren 28ko Erabakian aipatzen den edozein bulegotan aurkez daitezke (2007ko abuztuaren 3ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutakoaren arabera ere.

5.2.– Eskaera orriarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Bi argazki, nortasun agirirako erabiltzen direnen tamainakoak. Argazkiok duela gutxikoak izan behar dira eta atzealdean izena jarrita izan behar dute.

c) Eskatzaileak administrazio egoitza Araba, Bizkai edo Gipuzkoako Lurralde Historikoan duela egiaztatzen duen agiria.(errolda ziurtagiria).

d) Curriculum vitae europarra (Europass).

e) Espediente akademikoarekin eta unibertsitate tutuluaren fotokopia soila.

f) Hizkuntza tituluen fotokopia konpultsatua.

g) Langabezia egoera egiaztatzen duen agiria.(DARDE)

h) Aurrez Leonardo da Vinci bekarik jaso ez duela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena.

i) Merezimenduak neurtzeko bestelako agiri garrantzitsuak. Ez da baloratuko eskaera aurkezteko unean agirien bidez justifikatu gabe dagoen merezimendurik.

5.3.– Eskaera egiteko eredua Enplegu Gunean bertan eskura daiteke, baita Internet helbide honetan ere:

http://www.ehu.es/enplegugunea. Beste alde batetik, curriculum vitaea eta hizkuntza gaitasunen egiaztagiria Europass ereduari jarraiki egin behar dira. Eredu hori Internet helbide honetan dago eskuragarri: http://europass.cedefop.europa.eu

5.4.– Unibertsitateko titulazioa honako agiri hauetako baten fotokopia soila edo jatorrizkoaren bidez egiaztatu behar da: a) titulua, edo b) titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

5.5.– Hautaketa prozesurako onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda: Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo astean, jasotako eskaeren zerrenda argitaratuko da, Bizkaiko Campuseko errektoreordearen erabaki bidez, Enplegu Gunean, Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzako iragarki taulan eta http://www.ehu.es/enplegugunea Internet helbidean. Hala badagokio, zerrendan zer eskaerak ez dituzten agiri guztiak erantsi adieraziko da, baita zer agiri falta zaizkien zehatz-mehatz azalduko ere, 10 laneguneko epean hutsuneak zuzen ditzaten eta behar diren agiriak aurkez ditzaten. Halaber adieraziko da, aipatu epea amaituta agiriok aurkeztu ezean, interesdunak eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

Eskaerak deialditik kanpo geratuko dira, a) epez kanpo aurkezten badira; eta b) erabaki honetan adierazitako baldintzak betetzen ez badira.

5.6.– Hautaketa prozesurako onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda: Behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamazioak jartzeko epea amaitu ondoren, hautaketa prozesuan parte hartuko dutenen behin betiko zerrenda emango da argitara, esandako epea amaitu eta astebetera, Bizkaiko Campuseko errektoreordearen erabaki bidez. Zerrenda horretako kideek hautaketa prozesuan egin beharreko probak eta elkarrizketak Enplegu Gunean egingo dira.

Ebazpen honen kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio, hilabeteko epean, Bizkaiko Campuseko errektoreordeari, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, arlo honetan legokiokeen epaitegi jurisdikzionalean.

5.7.– Aukeran, hizkuntzen jakite maila agertzeko ahozko probetarako deialdia egin liteke, beka eskuratu nahi luketen hizkuntza gaitasuna zehaztu eta balioztatzeko.

5.8.– Era berean, hautagaiek banako elkarrizketa izango dute EPEZ VIII proiektuko antolatzaileekin, beka hartzeko libre dauden eta bekarekiko zer motibazio eta interes duten jakiteko eta, halaber, egonaldiari buruzko informazioa jasotzeko.

5.9.– Hautatuen behin-behineko zerrenda. Hautaketa Batzordeak erabaki honetako 7. oinarriak zehaztutako irizpideen arabera egingo du balioespena. Ondoren, gehienez ere astebeteko epean, proiektu honen inguruko jakinarazpenak egiteko aipatu lekuetan, aurretiko hautatuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Bizkaiko Campuseko errektoreordearen erabaki bidez, egindako neurketaren arabera lortutako puntuazioari jarraiki antolatuta. Interesdunek erreklamazio edo alegazioren bat egiteko hamar egun balioduneko epea jarriko da, zerrenda gorago aipatu diren tokietan argitaratu eta biharamunetik hasita; idatziak Hautaketa Batzordeko buruari zuzendu behar zaizkio eta 5.1 xedapenean zehaztutako lekuetan aurkeztu behar dira.

5.10.– EPEZ VIII programarako hautatuen behin betiko zerrenda. Bizkaiko Campuseko errektoreordeak aurreko atalari jarraiki aurkeztutako erreklamazio eta alegazioen inguruan ebatzi ondoren, bekak emateko erabakia argitaratuko da, 8. oinarrian ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, onartutakoen behin betiko zerrendarekin batera, ordezkoen zerrenda ere argitaratuko da, zazpi herrialdeetako bakoitzeko bana.

Ebazpen honen kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio, hilabeteko epean, Bizkaiko Campuseko errektoreordeari, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, arlo honetan legokiokeen epaitegi jurisdikzionalean.

6.– Hautaketa Batzordea.

6.1.– Ondoko hauek osatuko dute Hautaketa Batzordea:

– Batzordeburua: UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko errektoreordea edo hark eskuordetutako pertsona.

– Idazkaria: Bizkaiko Enplegu Guneko Orientazioko teknikaria.

– Batzordekideak:

– Bizkaiko Campuseko Kanpo Harremanetarako zuzendaria.

– Arabako Campusaren Garapenerako zuzendaria.

– Bizkaiko Campuseko Kanpo Harremanetarako zuzendaria.

– Arabako Enplegu Guneko Orientazioko teknikaria.

– Gipuzkoako Enplegu Guneko Orientazioko teknikaria.

6.2.– Hautaketa Batzordea subiranoa izango da bere erabakiak hartzerakoan, eta erabakiok bozketa bidez onartuko dira. Oinarri honetan arautzen ez den guztirako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan xedatutakoa aplikatuko da.

7.– Balorazio irizpideak.

7.1.– Hautaketa Batzordeak honako balorazio irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Espediente akademikoa: % 25.

b) Kasuan kasuko herrialdeko hizkuntzaren ezagutza maila: Hizkuntzen Balioespenerako Europar Erreferentziazko Esparru Komuneko C1 maila edo titulu baliokideak: % 25.

c) EPEZ VIII proiektuari lotutako merezimendu espezifikoak: % 20.

d) Proiektuan parte hartzeko motibazioa: % 20.

e) Aurreko urteetan egindako EPEZ deialdietan parte hartu eta eskaera ez onartu izana, eskaerari aurre egiteko plaza gutxiegi egoteagatik: % 5.

7.2.– Espediente akademikoa baloratzeko, irakasgai guztietan lortutako kalifikazioak batuko dira eta batura hau erabili den deialdi kopuruaz zatituko da. Hau da kalifikazio bakoitzari eman behar zaion puntuazioa:

– Ohorezko matrikula: 4 puntu.

– Bikain: 3 puntu.

– Oso ongi: 2 puntu.

– Nahiko, baliozkotua, konpentsatua: 1 puntu.

7.3.– Beka hauen ondorioetarako, kalifikazio kualitatiboez gainera, kalifikazio kuantitatiboak agertuko balira, kalifikazio kualitatiboak hartu eta lehen aipatu dugun puntuazioa aplikatuko litzateke.

8.– Ebazpena.

8.1.– Bizkaiko Campuseko errektoreordearen erabaki bidez jakinaraziko da nori eman zaizkien bekak eta nori ez. Erabaki hori argitara ematen den egunean bertan sartuko da indarrean, eta honako toki hauetan egongo da ikusgai: Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzako iragarki taulan, UPV/EHUko Enplegu Gunetan eta http://www.ehu.es/enplegugunea helbidean.

8.2.– Hori gorabehera, adjudikaziodunei banan-banan emango zaie erabakiaren berri.

8.3.– Bekak emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero, bekak emateko erabakia alda liteke, baldin eta erabaki honetan bekaren onuradun izateko zehaztu diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie.

III.– Mugikortasun bekei buruzko beste kontu batzuk.

9.– Esleipendunek dokumentazioa entregatzea, informazio bilera berezia egitea, bekaren onarpena sinatzea eta beka hasteko behar de dokumentazioa entregatzea.

9.1.– Esleipendunen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, 10 eguneko epean, antolatzaileek informazio pertsonal osagarria eskatuko diete hautatuei(praktiken formulazioa, ostatu formularioa, etab.), profilaren arabera bakoitzari norako egokiena emateko.

9.2.– Halaber, informazio hori ematen dutenean, adjudikaziodunei beka onartzearen inguruko agiria sinatzeko eskatuko zaie. Beka onartzea (ikusi eredua I. eranskinean) ezinbestekoa da beka jaso ahal izateko. Beka ez bada erabaki honetan adierazitako baldintzetan onartzen, beka ordezkoen zerrendan lehenengo postuan dagoenari emango zaio.

9.3.– 2014ko martxoan adjudikaziodunekin bilera egingo da, bakoitzari bere egonaldiari buruzko informazio zehatza emateko: ostatua, mantenua, hizkuntza trebakuntzarako lekua, praktikak egiteko enpresa, osasun laguntza eta asegurua, harrera tutoreak, hegaldiak, joan-etorriak, etab. Halaber, karpeta pertsonalizatu bana emango zaie, bilerako informazioaren euskarri gisa.

10.– Harrera herrialdeko prestakuntza.

10.1.– Bekadunek, harrera herrialdera helduta, ongietorri bilera izango dute. Lehen bilera horren helburua taldeari ongietorria ematea eta egonaldiari zein bestelako eduki interesgarriei buruzko informazioa eta orientazioa ematea izango da. Harrera bazkideek bekadunei dokumentu hauetako bana emango diete:

a) Jardueren programa. Programa horretan burutu behar dituzten jarduerak, ebaluaziorako bilera formalak eta ez-formalak, eta programa profesionala agertuko dira.

b) Informazio orokorra. Harrera hiriari buruzko informazio liburuxkak eta mapa emango zaizkie; mapan bekadunentzat interes berezia duten lekuak egongo dira markatuta (ostatuaren helbidea, praktikak egingo dituzten enpresaren helbidea eta harrera bazkidearen helbidea).

10.2.– Hizkuntza prestakuntza egonaldiaren lehenengo hiru asteetan izango da. Metodologia, funtsean, praktikoa izango da: elkarrizketak, egoeren adierazpenak eta hiztegi teknikoa.

10.3.– Egonaldiaren lehenengo asteetan, partaideek prestakuntza kulturala izango dute, leku berrira egokitzeko eta enpresako praktikak hasi baino lehen hiriari neurria hartzeko. Prestakuntza horretan sartuko dira kultur jarduera programatuak egitea, herrialdeko kultura eta gizartea ezagutzea, hiria bisitatzea eta kultura arteko ikaskuntza ez-formaleko saioak egitea.

10.4.– Lehenengo hiru asteetan, partaideek elkarrizketak izango dituzte beren profilari eta harrera enpresen interesei jarraiki aurretik hautatutako enpresekin. Partaidea harrera bazkideak jarritako tutorearekin batera joango da elkarrizketetara.

11.– Bekadunen betekizunak.

Honako hauek dira bekadunen betekizunak:

a) Adjudikazioaren jakinarazpena jaso eta 5 laneguneko epean, beka onartzea, erabaki honen I. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

b) Beka jasotzeko bateraezintasunik ez duela adierazteko zinpeko aitorpena sinatzea, erabaki honen II. eranskinari jarraiki.

c) Ezarritako epean agintzen zaizkion prestakuntza zereginak arduraz burutzea, mugikortasun bekaren izaeraren arabera.

d) Joan aurretik 120 euroko aurrerakin itzulgarria ordaintzea; aurrerakina bueltatzen denean itzuliko zaio, hegazkin txartelaren frogagiria aurkeztu ondoren.

e) Bekan erabilitako hegazkin txartelen edo ontziratzeko txartelen frogagiriak entregatzea. EPEZ VIII proiektuko antolatzaileek nahitaez aurkeztu behar dituzte dokumentu horiek, Leonardo da Vinci Agentziari gastuak justifikatzeko. Agentziari dokumentuak aurkeztu ezean, UPV/EHUk mugikortasun deialdiaren bidez finantzatutako zenbatekoa bueltatu beharko du.

f) Harrera herrialdean EPEZ VIII programako antolatzaileek proposatzen dizkioten ekimen guztietan parte hartzea (ongietorri bilera, ebaluazio bilera formalak eta ez-formalak, etab.).

g) EPEZ VIII programako antolatzaileek eskatzen dioten informazio guztia ematea, batik bat, beka ebaluatzekoak direnak, irauten duen denboran eta ondoren. Zehazki, esleipendunak egonaldiari buruzko txostena idatzi eta Leonardo Agentziak (Mobility Tool inkesta)eta euskal gobernuak emandako ebaluazio formularioa bete behar du.

h) EPEZ VIII programaren antolatzaileei edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri ematea, zirkunstantzia hori beka emateko orduan kontuan hartu bada edo bekaren garapen arruntari eragiten badio.

i) EPEZ VIII programaren antolatzaileei xede berbererako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetako diru laguntzarik edo laguntza, diru sarrera edo baliabiderik eskuratu den jakinaraztea.

j) EPEZ VIII programaren antolatzaileek jakinarazten dizkioten jarraibideak betetzea, bereziki beka jasotzen den bitartean sor daitekeen jabetza intelektual eta industrialari eta konfidentzialtasun eginbeharrari dagokienean.

k) Harrera herrialdeko enpresan errespetatu beharreko konfidentzialtasun betebeharraren inguruan eska dakizkiokeen beste agiri sinatzea, eta nolanahi ere, praktiketan garatutako jarduerari buruz jakin ditzakeen beste informazio isilpean gordetzea.

l) Bekak iraun bitartean egiten diren txostenak EPEZ VIII programaren antolatzaileek argitara ditzaketela onartzea.

m) Haren tutore gisa arituko diren eta bere prestakuntzaz arduratuko diren pertsonek jakinarazten dizkioten jarraibideak betetzea.

n) Bidezkoa denetan, behar ez bezala jasotako diru kopuruak itzultzea.

o) EPEZ VIII programan parte hartzen duten tutore, lagun eta gainerakoak errespetuz tratatzea eta arduratsu izatea.

12.– Bateraezintasunak.

Beka jasotzea ordaindutako edozein lan egitearekin zein beste beka bat jasotzearekin bateraezina dela ulertuko da.

13.– Estatutu edo kontratu loturarik eza.

EPEZ VIII mugikortasun beka jasotzeak ez dakar kontratu edo estatutu harremanik onuradunaren eta EPEZ VIII proiektuaren antolatzaileen edota praktikak egingo diren enpresaren artean.

14.– Kontrola eta segimendua.

Bekadunek egin beharreko lanen kontrola eta segimendua EPEZ VIII programaren antolatzaileei dagokie. Antolatzaileek beken garapenaren inguruan egokitzat jotzen dituzten beste egiaztapen egin ahal izango dituzte.

15.– Bekadun izateari uztea.

15.1.– Bekaduna izateari utziko zaio beka aldia amaitzen denean edo hurrengo arrazoietako batengatik:

a) Berariaz edo adierazi gabe uko egiteagatik.

b) Betebeharrak ez betetzeagatik edo beka emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzeagatik.

c) Gerora sortutako bateraezintasunen batengatik.

Ikasleak aipatu arrazoiren batengatik uzten badio bekaduna izateari, ez zaizkio aurreratu zituen 120 euroak itzuliko.

15.2.– Beka aldia amaitzen denean izan ezik, bekaduna izateari uzteak bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoak itzultzea ekarriko du berekin. Itzuli beharreko zenbatekoa garatu gabe geratu den beka denboraldia kontuan hartuta kalkulatuko da.

15.3.– Diru laguntza emateko aintzat hartu ziren baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak UPV/EHUri itzuli behar izango zaizkio, gehi bidezko legezko interesak, abenduaren 17ko 698/1991 dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretarako diru laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duenak, ezartzen duenaren arabera dagozkionak.

15.4.– Bekaduna izateari uzten zaiola adierazten duen Campuseko errektoreordearen erabakiak ezarri behar du bidezko ordezkoa hautatzea egokia den ala ez, deialdia amaitzeko geratzen den denbora edo beste hainbat gorabehera kontuan hartuta. Ordezko hori bekaduna izango da eta beka agortzeko falta diren hilabeteetan aurreikusitako jarduerak egin beharko ditu. Plaza hutsen bat bete behar izanez gero, Hautaketa Batzordeak ordezkoa proposatu ahal izango du, jarraian, ondorengo ordenan, aipatzen diren irizpideei erreparatuz:

a) plaza hutserako eskatutako hizkuntzak jakitea,

b) plaza hutseko profil profesionala, eta

c) hautaketa irizpideen arabera lortutako puntuazioa.

Beraz, ordezkapenen lehentasun ordena kontuan hartuko bada ere, baliteke aurretik ezarritako ordezkoen ordena berrantolatzea.

16.– Jasotako eskumenak egiaztatzeko estrategia.

16.1.– Egonaldiak bukatu ondoren, eta egindako ebaluazioen eta alderdi bakoitzak (Hizkuntza Eskolak, harrera bazkideek, tutoreek eta bekadunek) egindako txostenen arabera, partaideei ziurtagiri hauek emango zaizkie:

a) Hizkuntza ziurtagiria. Eskolak, hizkuntza ikastegiak edo irakasleak egingo du eta bertan ikasleak lortu duen maila zehaztuko da.

b) Ziurtagiri profesionala. Harrera enpresek ziurtagiria egingo dute eta bertan ikasleek egindako lana, praktiken iraupena eta aprobetxamendu maila zehaztuko dira.

c) Euskal Herriko Unibertsitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan programan parte hartu izana zehaztuko eta programako eduki osoak zehaztu eta egiaztatuko dira.

d) Training Agreement: prestakuntza ibilbide europarra zehaztuko da, ibilbide horretan jasotako lan esperientzia edo trebakuntza adierazita. Zehazki, EPEZ VIII proiektuaren esparruan atzerrian emandako denboraldia ziurtatzen duen dokumentu espezifikoa emango da.

17.– EPEZ proiektuaren antolaketa eta kudeaketa.

17.1.– EPEZ VIII proiektuaren antolaketa konplexua da; hori dela eta, hainbat erakundek parte hartzen dute, haien baliabide eta gaitasunak eskainiz. Leonardo da Vinci Agentzia proiektua finantzatzen duen erakunde nagusia eta baldintzak arautzen dituena da. Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren bitartez, proiektuaren finantziazioarekin laguntzen du; UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Errektoreordetza ekimenaren sustatzailea da eta bere eginkizun nagusiak informazio kanpaina egitea, hautagaiak aukeratzeko prozesua burutzea eta proiektua ebaluatzea da. Araba eta Gipuzkoako campusetako errektoreordetzek programaren finantzaketan, gestioan eta zabalkundean laguntzen dute. Azkenik, proiektua kudeatzeko ardura duen erakunde bat dago, Leonardo da Vinci VI/2012 programaren esparruan Europako enpresetan praktikak egiteko EPEZ VIII proiektuko zerbitzuak kontratatzeko baldintza teknikoen orriari jarraiki.

IV.– Azken xedapenak.

18.– Argitaratzea.

18.1.– Honako ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, UPV/EHUren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzako iragarki tauletan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastegietakoetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Enplegu Guneetan eta http://www.ehu.es/enplegugunea eta http://www.ehu.es/enplegugunea/p288-home/es/ Internet helbidean argitaratuko dira, erabakiaren 5.1 oinarrian ezarritakoari kalterik egin gabe.

18.2.– Deialdi honi dagozkion gainerako ebazpenak eta ekintzak UPV/EHUren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzetako iragarki taulan, Enplegu Guneetan eta http://www.ehu.es/enplegugunea eta http://www.ehu.es/enplegugunea/p288-home/es/ Internet helbidean argitaratuko dira. Programari buruz interesgarria den edozein informazio ere ikusgai egongo da euskarri horietan, besteak beste, mugikortasun bekak gauzatzeko aukeran dauden lekuei buruzkoa.

19.– Datak.

Ebazpen honetan ezarritako datak, eskaerak aurkezteko azken eguna izan ezik, gutxi gorabeherakoak dira, eta EPEZ programaren antolatzaileek zehaztuko dituzte aurreko oinarrian adierazitako Internet helbidean.

20.– Araubide juridikoa.

Honako hauek arautuko dute EPEZ VIII mugikortasun programa: (1) erabaki honen oinarriek; (2) azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, batez ere «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Laguntza eta Diru-laguntzen Errejimena» izeneko VI. idazpuruak; (3) abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duenak; (4) Leonardo da Vinci Agentziaren Mugikortasun Programak; eta (5) aplika daitekeen gainerako araudiak.

21.– Berariazko ebazpen eza.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta handik sei hilabetera dagokien tauletan adjudikazio erabakirik argitaratu ez bada, interesdunek eskaera atzera bota dela uler dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko Legearen 44.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

22.– Errekurtsoak.

22.1.– Ebazpen honen kontra eta EPEZ VIII programaren barruan beka lortu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzeko emango den ebazpenaren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke UPV/EHUri.

Berraztertzeko aukerako errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da ebazpenak argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita.

Hori guztia bat dator azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoan, ezarritakoarekin. Errekurtso hori berariaz ebazten ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

22.2.– Aurrekoa gorabehera, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da administrazioarekiko auzien Bilboko epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea egongo da erabaki hau argitaratzen den egunetik edo onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzeko ebazpena (ebazpen honetako 5.1 oinarrian adierazitakoa) ematen den egunetik kontatzen hasita. Berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi errekurtsorik jarri berraztertzeko errekurtsoari buruzko berariazko erabakirik edo ustezko erabakirik eman artean.

Leioa, 2013ko azaroaren 19a.

(2013-01-30eko Ebazpena, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, gobernu-taldearen egitura eta funtzionamendu-arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko dena. 2013-02-13ko EHAA, 31. zenbakia).

Bizkaiko Campuseko errektoreordea,

CARMELO GARITAONANDIA GARNACHO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala