Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2013ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2636

352/2013 DEKRETUA, maiatzaren 28koa, Zeleta, S.L. sozietateak C) sekzioko baliabideak ustiatzeko 4358 emakida –«Duquesa» izenekoa– ustiatzeko lanek, instalazioek eta zerbitzuek afektatutako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adierazteko dena. Emakida hori Deban dago, eta haren titulartasuna aipatu sozietateari dagokio.

«Duquesa» izeneko C) sekzioko baliabideak ustiatzeko emakidaren titularra denez, Zeleta, S.L. sozietateak honakoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari: adierazteko Deba udalerrian (Gipuzkoa) dagoen meategi-esplotazio horren lanek, instalazioek eta zerbitzuek afektatutako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla. Eskaera hori egiterakoan, honako lege-xedapen hauek hartu dira oinarri modura: Meategiei buruzko 22/1973 Legearen 105. artikulua, 2857/1978 Errege Dekretuaren bitartez onartutako Meategien Erregimenerako Erregelamendu Orokorraren 131. artikulua, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikulua eta 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren bidez onartutako Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduan horiekin bat datozenak.

Lehenbailehen okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira horretarako berariaz egindako zerrendan, haiek zein diren jakiteko behar diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen bere garaian, eta behar bezala ebatzi dira, administrazio-espedientean jasota geratu den moduan, orduan aurkeztu ziren alegazioak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko zerbitzu teknikoek premia-aitorpenaren bidezkotasunaren aldeko informazioa eman dute.

Okupazioa ezin da atzeratu, 2013ko maiatzaren 3ko txosten teknikoan jasota dagoenez, aipatu eskaera hori eta dagoeneko onartuta dauden Ustiaketa-proiektua, Leheneratze-plana eta Lan-plana ikertu ondoren, egiaztatu baita eskaera horretan bildutako edukiak aipatu agiri horietan garatutako irizpideekin bat datozela eta, era berean, zehaztutako arauetara egokitzen direla. Beraz, frogatuta geratu da meategi-esplotazioaren iraupena bermatu ahal izateko, beharrezkoa dela eskatutako lurrak okupatzea, aipatu esplotazioa arriskuan egongo baita haren garapenerako ezinbestekoak diren lurrak lortu ezean. Arriskuan egongo da ezinezko gertatzen delako onartutako Ustiaketa-proiektua gauzatzea, eta kinka larrian dagoelako ustiaketa-lanen berehalako iraupena.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko maiatzaren 28ko bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deba udalerrian (Gipuzkoa) dagoen «Duquesa» izeneko C) sekzioko baliabideak ustiatzeko emakidaren titularra den «Zeletea, S.L.» merkataritza-sozietatearen meategi-esplotazioaren lanek, instalazioek eta zerbitzuek afektatutako lurrak eta ondasunak presazko izaeraz okupatu behar direla adierazten da, egintzaren oinarriko araubidetzat hartuz, ondorio guztietarako, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legea eta haren Erregelamendua, 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren bidez onartua. Eranskinean adierazten dira lurren eta ondasunen datuak.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko maiatzaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGI.

ERANSKINA, maiatzaren 28ko 352/2013 dekretuarena
UKITUTAKO ONDASUNAK ETA ESKUBIDEAK

Finka Identifikatzea:

Katastroko datuak:

30 poligonoko 017 eta 004 partzelak, katastroko planoaren arabera. Debako udalerrian kokatuak.

Deskripzioa:

«Linatzeta» izeneko partzela, 30. poligonoko 017 partzelari dagokiona, katastroko planoko nomenklaturaren arabera. Partzela horrek, mendebaldean, muga egiten du Troyacontrol, S.L. sozietatearen jabetzako 012 partzelarekin; eta ekialdean, 31. poligonoko 009 partzelarekin, zeina Simón Goikoetxearen jabetzakoa baita. Partzela bi horiek fisikoki banatuta daude, GI3210 eskualdeko errepidearen bitartez. Hegoaldeko izkinan, 017 partzelak muga egiten du 30 poligonoko 004 partzelarekin, zeina gehienbat Zeleta, S.L. sozietatearen jabetzakoa baita; bada jabetza horren segregazioa bat, Simón Goikoetxearena dena.

Errepidearen eta 30-012 eta 30-004 partzelen artean dago 30-017 partzela; magal bateko terrenoa da, landaretza handiarekin, batez ere zuhaixkekin eta arbola bereziekin osatua. Landu ezin den terrenoa da, arrokez betea eta euriten handien sasoian errekatxo batek zati baten urperatzen duen; errekatxo horrek, 30-012 eta 30-017 partzelen arteko muga egiten du. Sortutako ezinbesteko afektazioa 873,31 m2 da, mugaketaren arabera. Hala ere, 30-017 partzelaren guztizko azalera 3.482,40 m2 da, espediente honen bitartez guztiz desjabetzen dena.

Landu ezin den terrenoa da 30-004 partzela, eta errepidearen beraren lubeta ere hartzen du, zuhaixkez eta zenbait motatako arbolez jantzia dena. Partzela horretan bada segregazioa bat, ziri forma duena, GI3210 errepidearen eta 004 partzelaren gainontzeko zatiaren artean kokatua; zati horretan kokatzen dira Duque harrobiko lanetarako kota behekoak. Pista eraikitzeak eta harrobiko perimetroa ixteak zerrenda segregatuko 2.053,01 m2-ko azalera hartzen dute, zeinaren jabea Simón Goikoetxea baita. Goikoetxea jaunaren jabetzako zerrendaren guztizko azalera 3.166,70 m2 da, espediente honen bitartez guztiz desjabetzen dena.

Beraz, 30 poligonoko 004 eta 017 partzelen azalerak gehituz gero, desjabetutako guztizko azalera 6.649,10 m2 da.

Gaur egungo titularrak:

Simón Goikoetxea Ormaetxea.


Azterketa dokumentala