Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2013ko maiatzaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2247

EBAZPENA, 2013ko apirilaren 3koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinen bidez erabakitzen baita ez ekitea Basauri TA - Laudio TA eta Cementos Rezola BAT-erako deribazioko 132 KV-ko linea elektrikoko zuhaitzak botatzeko eta zortasunak egokitzeko proiektuaren ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedurari. Proiektua Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A. enpresak sustatu du Araban eta Bizkaian.

2012ko abenduaren 26an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k aurkeztutako ingurumen-dokumentu bat helarazi zion Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzak Ingurumeneko Sailburuordetzari. Basauri TA - Laudio TA eta Cementos Rezola BAT-erako deribazioko 132 KV-ko linea elektrikoko zuhaitzak botatzeko eta zortasunak egokitzeko proiektuari buruzkoa da dokumentu hori (Araban eta Bizkaian), eta haren helburua da ingurumen-organoak ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedurari ekiteko beharra dagoen ala ez adieraztea.

Goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko jarraibideei buruzko araudian xedatutakora egokitu behar du proiektuak, bestela esanda, goi-tentsioaren eroaleen eta zuhaiztien artean mantendu beharreko segurtasun-tarteak birdefinitu behar dira. Hori dela eta, zuhaitzak moztuko dira tarteak instalazioaren segurtasunerako nahikoak ez direla irizten den lekuetan. Ez da inola ere aldatuko linearen traza, ez eta gurutzamenduen ezaugarriak ere. Nolanahi ere, linearen ardatzaren bi aldeetan egingo dira mozketak, 20 metroko tartean.

1/2008 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat etorriz –urtarrilaren 11koa, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoa–, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluaziotik pasa beharko dira aipatu arauaren II. eranskineko k epigrafeko 9. taldean jasotako proiektuak, baldin eta kasu bakoitzean hala erabakitzen badu ingurumen-organoak, eta, betiere, bat etorriz aipatu legegintzako errege dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideekin, eta aldez aurretik kontsulta eginda proiektuak eragiten dien administrazio, pertsona eta erakundeei.

2013ko urtarrilaren 10ean, ingurumen-organoak galdetu zien proiektuaren eragina izango zuten administrazio eta erakundeei ea jarduera horiek ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar zuten ala ez, eta, hala balitz, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak zer eduki eta gutxieneko irismen izan beharko lukeen.

Hauen erantzunak jaso dira: Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzarena, Arabako Osasun Publikoaren Zuzendariordetzarena, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzarena, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzarena eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, denak ere Eusko Jaurlaritzakoak; Kultura Sailarena, Nekazaritza Sailarena, Herri Lan eta Garraio Sailarena eta Ingurumen Sailarena, denak ere Bizkaiko Foru Aldundikoak; Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren, Mendien Zerbitzuarena, Ingurumen eta Biodibertsitateko Zerbitzuarena, denak ere Arabako Foru Aldundikoak; Arrigorriagako Udalarena, IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarena eta Ura Uraren Euskal Agentziarena.

Osasunaren arloko agintaritza eskudunek txostenak eman dituzte, eta horietan zehazten dutenez, proiektua burutzeak ez du eragin aipagarririk osasun publikoarentzat, eta ingurumen-dokumentuak zehatz-mehatz azaltzen dituela osasun publikoarentzat garrantzitsuak izan daitezkeen alderdiak.

Kultura ondarearen arloko Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Arabako Foru Aldundiko agintaritza eskudunek txostenak eman dituzte, eta horietan zehazten dutenez, ondareko elementu zenbaiti eragin dakioke proiektuak, eta, beraz, elementu horien eduki arkeologikoa ebaluatu behar da obra burutu baino lehen; gainera, eragina izango duela aurreikusiz gero, kontrol arkeologikoa gauzatu beharko da.

Landa-garapenaren eta nekazaritzaren arloko agintaritza eskudunek txostenak eman dituzte, eta horietan aholkatzen dutenez, nekazaritzaren sektoreko eragina ebaluatu behar da, bereziki kontuan hartuz laborantza-guneetan eta nekazaritza- eta abeltzaintza-guneetan izan lezakeen eragina; ez dute ingurumenaren arloko bestelako aipamenik egiten.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak proiektuak biodibertsitatearen gainean duen eragina aztertu du txostenean, zeinetan neurri batzuk adierazi baititu proiektuak ingurumenean eta biodibertsitatean izango dituen eraginak eragozteko eta/edo arintzeko.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Biodibertsitateko Zerbitzuak adierazi du aintzat hartu beharko direla zuhaitz-espezieen ezaugarriak, moztu beharreko zuhaitz-masaren azalera zehazterakoan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak ondorioztatu du eraginen azterketa eta aplikatzeko neurri zuzentzaileak zuzenak direla, oro har; baina adierazten du mozketen eragina jasan lezaketen ibaiertzetan Bisoi Europarra Kudeatzeko Planaren 118/2006 Dekretuan xedatutakoa bete beharko dela eta lineen segurtasunari eragin diezaiokeen ibaiertzeko landaredia soilik moztuko dela, indarreko legeriaren arabera.

Arabako Foru Aldundiko Mendien Zerbitzuak jakinarazi du babes-zerrenda zabaltzeak ez diela eragiten Arabako erabilera publikoko mendiei, eta Arabako Lurralde Historikoa zeharkatzen duten goi-tentsioko linea elektrikoak mantentzeko lanetako jardun-protokoloaren berri ematen du.

IHOBEk jakinarazi du proiektua gauzatuko den lekuan betidanik izan direla erabilera industrialak izan dituzten partzelak, eta erabilera horiek eragin ahal izan dutela lurzorua kutsatzea.

Urak jakinarazten du ez dela aurreikusten hidrografia-sareari buruzko eragin aipagarririk, baina, hala ere, adierazten du hidrografia-sarearen gaineko ingurumen-eraginak gutxitzeko, ezabatzeko eta konpentsatzeko hainbat neurri hartu beharra dagoela.

Jaso diren erantzunetatik ondorioztatzen denez, ingurumenari ez zaio kalte adierazgarririk eragingo, eta, ondorioz, ez da beharrezkotzat jotzen proiektuak ingurumenaren gainean izan lezakeen eragina ebaluatzea.

Proiektuak ingurumenaren gainean izan dezakeen eragina neurtzeko, eskura dagoen informazioa aztertu da. Azterketa hori egiteko, 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideei heldu zaie –urtarrilaren 11koa, Proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena–. Azterketaren emaitza honako hau izan da:

Proiektuaren ezaugarriak:

Ebazpen honetan aipagai den linea, zeinetan zuhaitzak moztuko baitira, 132 kV-ko tentsio linea izenduna da, eta Basauri TA eta Laudio TA lotzen ditu, baita Cementos Rezolara BAT-erako deribazioa ere; 14,03 km-ko luzera du.

Zuhaitz-zerrenda sendotzeko, linearen trazatua ez da aldatu behar, ez eta gurutzamenduen ezaugarriak ere.

56,08 ha-ko azalerari eragingo dio linea elektrikoaren segurtasun-kaleak -egungo kalea eta aurreikusitako zabaltzea kontuan hartuz (goi-tentsioko linea elektrikoen igarobideen berariazko jarraibideei buruzko araudian xedatutakora egokitua). Kale honen barnean, zuhaitz-masak 12,79 ha-ko hostozabaleko oihan autoktonoz (hariztiak gehienak eta haltzadia) eta baso-sartzez (10,55 ha) osatuta daude. Segurtasun-kalean dauden gainerako landare-motei (sastraka, belardiak, eta abar) ez die eragingo proiektuaren helburu nagusiak.

Sustatzaileak emandako informazioaren arabera, aurreikusitako zabaltzeak 18,61 ha-ko azalerari eragingo diola uste da, eta, gutxi gorabehera, 6,58 ha-ko zuhaitz-gunea –basoberritzekoak eta autoktonoak– moztea aurreikusten da azalera horretan.

Zabaltze-proiektuaren azaleraren eraginaren tamainari dagokionez, ez da ailegatzen otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Dekretuan zehaztutako atarietara -ingurumen-eragina proiektuak banaka ebaluatzeko prozedurarik behar den ala ez erabakitzeko arauak biak.

Beste proiektuekin pilatzeari dagokionez, izapidetzen ari da egun Basauri TA - Laudio TA linea elektrikoko Barazar TA-rako deribazioko 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun eta zuhaitzen mozketen egokitze-proiektua, hau ere Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. sozietateak sustatua; baina proiektu bakoitzaren eremuak ez dira gainezartzen, 22 euskarrian soilik egiten dute bat, eta euskarri hori da Barazarko TA-rako deribazioaren abiapuntua.

Baliabide naturalak erabiltzeak, hondakinak sortzeak, kutsadurak eta istripuak izateko arriskuak ez daukate garrantzia handia, eragin txikikoak dira ingurumenarekiko.

Proiektuaren kokapena:

Proiektuak ez dauka lotura geografiko edo funtzionalik Babestutako Espazio Naturalekin, Natura 2000 Sarean barne hartutako lekuekin edo babes-figura baten pean jasotako bestelako espazioekin.

Proiektuak izan dezakeen eraginaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak ikusirik, zuhaitz-masak zuzenean kentzea izango da balizko eraginaren iturri; beraz, habitat horien kontserbazio-egoeran izango duen eraginak, zatiketak eta urritzeak eta bertako faunan eta landaretzan izango dituen ondorioek ere izango dute eragina. Ondorio horiek eremu mugatuan gertatuko dira, egun badagoen azpiegitura bateko gehienez 20 metroko inguratzaile batean. Azpiegitura horrek segurtasuneko tartea ere badu, eta, kasu honetan, tarte batzuetan handituko da. Gainera, sarbideak ireki eta egokitzeagatik, landaredia kendu ahal izango da, nahiz eta, proiektuaren dokumentazioaren arabera, sarbideak irekitzeko beharrak unean-unekoak baino ez diren izango.

Horrez gain, makinak erabiltzeak eta alde batetik bestera eramateak ere eraginak izango ditu (hots-kutsadura eta airearen kutsadura, lurra trinkotzea, landaredia suntsitzea eta fauna desagerraraztea, ura eta lurra kutsatzea gerta daitezkeen isuri eta jarioengatik...), baina proiektua txikia denez, ez dira oso nabarmenak izango.

Sustatzaileak aurreikusitako babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ebazpen honetan ezarritakoak aplikatzen badira, zabaltzearen ondoriozko ingurumen-eraginak ez direla handiak izango uste da.

Hizpide dugun proiektuaren ezaugarriak ikusirik, 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideak kontuan harturik –urtarrilaren 11koa, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen Testu Bategina onartzen duena– eta galdegite-izapidean jasotako erantzunak gogoan, ondoko hau ondorioztatzen da: proiektuak ez du eragin kaltegarri adierazgarririk izango ingurumenean, sustatzaileak adierazitako babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezartzen badira eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen badira, betiere.

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatupean (aipatu legean arautua) jarri behar dira lege horren I B eranskinean jaso gabeko jarduerak; zehazki, lurra aprobetxatzeko era aldatzea eta arbolak edo zuhaixkak kentzea dakarten eta 5 ha eta 50 ha arteko azaleretan egindako jarduerak.

Organo honek du ebazpen hau emateko eskumena, Lehendakariaren 20/2012 Dekretuaren –abenduaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– eta 629/2009 Dekretuaren –abenduaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena– arabera.

Aintzat hartu dira: 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, urtarrilaren 11koa, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuena; 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzkoa; Lehendakariaren 20/2012 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta 629/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena. Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1.– Ingurumen-inpaktuaren ebaluaziopean ez ezartzea Basauri TA - Laudio TA eta Cementos Rezola BAT-erako deribazioko 132 KV-ko linea elektrikoko zuhaitzak mozteko eta zortasunak egokitzeko proiektua, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. sozietateak sustatua, Araban eta Bizkaian.

2.– Proiektu hau gauzatzeko (ebazpen honen gaia), honako baldintza hauek bete beharko dira:

– Proiektuari buruzko ingurumen-agiri bat prestatu beharko da, non ebazpen honetan ezarritako babesteko eta zuzentzeko neurriak jaso beharko baitira. Neurri horiek ez ezik, bidalitako ingurumen-agirian aipatutakoak ere jasoko dira, ingurumena egokiro babestuko dela bermatzeko behar bezain zehazturik. Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira dokumentu horretan aipatutako neurri horiek, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute. Proiektuari dagokion ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren espedienteari erantsiko zaio ingurumen-dokumentu hori, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 49. artikuluari jarraikiz, eta I.C eranskineko 7. epigrafearekin lotuta.

– Zuinketa- eta mozketa eremu kalteberetan gauzatzean –hala nola lehentasunezko eta Batasunaren intereseko habitatak eta baso-masa autoktonoak–, botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Gainera, lanei ekin aurretik, botanikan aditua den batek xehetasun-azterketa bat egin behar du, eta, azterketa horretan, proiektuaren eremuan egon litezkeen florako espezie mehatxatuak kokatuko dira eta zer eremu hartzen duten zehaztuko da, espezie horiek zaintzeko neurriak zehazteko.

– Jardun-eremuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira ahal den neurrian, eta, halakorik egon ezean, lehendik dagoen korridorea. Saihestu egin beharko da aurreko atalean zehaztutako eremu kalteberetan sarbideak irekitzea eta edozein motatako ibilguak zuzentzea eta kanalizatzea.

– Jabari publiko hidraulikoan eta elkartutako guneetan ez da ezer botako (obra-hondakinak, inausketa-hondarrak, eta abar), eta soberako materialak baimendutako zabortegira bota beharko dira.

– Sarbide berriak ireki behar badira, eta proiektuak eragina badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren lursailetan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko du, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean aurreikusia.

– Gehieneko garapen begetatiboan linea elektrikoaren segurtasuna bermatzen ez duten zuhaitz-espezieak bakarrik moztuko dira, baina dagoen zuhaixka-geruza guztia mantendu behar da, hargatik eragotzi gabe urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan –Bertoko zenbait zugaitz-motaren jaurpide bereziari buruzkoa– eta martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauan –Arabako Lurralde Historikoan mendien eta haien erabilera eta aprobetxamendu guztien helburuak eta horiei apilka dakiekeen araubide juridikoa ezartzea xede duena– xedatutakoa.

– Gorago aipatutako eremu kalteberetan zuhaitzak mozteko, esku-tresna arinak erabiliko dira.

– Baso autoktonoetan mozketak egin behar badira –guztiz justifikatuta, betiere–, baso misto atlantiarreko zuhaixka-espezieak –hala nola sahatsak eta hurritzak– birlandatu beharko dira moztu behar diren zuhaitz-eremuetan. Eragindako eremuko alde hondatuak leheneratzeko neurri konpentsatzaileak aplikatu beharko dira.

– Lanek ukitutako alde guztiak leheneratuko dira. Ingurumena leheneratzeko, landare-estalkiari eutsi diezaioketen espazioak birlandatuko dira.

– Foru-organo eskudunak ezarritako baldintzetan burutuko dira Bisoi Europarra Kudeatzeko Planaren eremuan gauzatzen diren jarduerak, eta, lanak nola eta noiz egin behar diren jakiteko mugak, foru-organo horrek ezarri ahalko ditu, arriskuan dagoen faunaren ziklo biologikoen aldi sentikorren arabera (martxoaren 15a eta uztailaren 31).

– Jardun-eremuan ondare-intereseko zenbait elementu dagoenez, azterlan bat egingo da horien gaineko eragina ebaluatzeko eta eraginak saihesteko beharrezko neurriak zehazteko, lanak gauzatu aurretik, betiere.

3.– Proiektuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaio, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzari, Laudio, Arakaldo, Arrankudiaga, Orozko, Ugao-Miraballes, Zeberio, Zaratamo, Basauri eta Arrigorriagako Udalei eta proiektuaren sustatzaileari jakinaraziko zaie ebazpen honen edukia.

5.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

6.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 3a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSÉ ANTONIO GALERA CARRILLO.


Azterketa dokumentala