Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2012ko abenduaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
5340

EBAZPENA, 2012ko azaroaren 5ekoa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena. Honen bidez, partez eta behin betiko onartzen da Zaldibar-Ermua tarteko trazaduraren saihesbideari buruzko Informazio-azterlana (Ermuko tartea, 3+920 KPtik 5+528 KPra).

2001ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren Kontseiluak «EuskoTren XXI Plan Estrategikoa» onartu zuen. Plan horren xedea da EAEko trenbide-garraioaren beharrizanak asebetetzea eta garraio-mota hori sustatzea; plan horren bidez, halaber, lurralde eta biztanle-guneen integrazioa eta harremanak sustatzen dira, ingurumenarekiko garapen harmoniatsu eta errespetuzkoa ahalbidetuz.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, trenbide-arloan duen plan estrategikoaren bidez, areagotu egin nahi du garraiatutako bidaiari- eta salgai-kopurua. Bidaiarien kasuan, aldiriko zerbitzuen eskaintza eta kalitatea areagotuz, geltokien irisgarritasuna hobetuz eta trenen maiztasuna gehituz. Salgaien kasuan, berriz, asmoa da trafikoa areagotzea, eta, horretarako, saihesbideak eta gurutzamenduak egingo dira, trenbide-sareak trafiko mistoan duen funtzionaltasuna hobetze aldera.

ETSk kudeatzen duen sarean trafiko handiena duen linea Bilbao-Donostia da. Trenbide bakarreko linea elektrifikatu horretan, ustiaketa nagusia aldiriko zerbitzuak dira, betiere bide luzeko eta salgaien garraioko zerbitzuekin koordinatuta. Aldiriko zerbitzuetan, Ermua-Eibar tartekoa nabarmendu beharra dago, egunero 3.000 bidaiaritik gora baitauka.

«Bilbao-Donostia lineako Zaldibar-Ermua tarteko trazaduraren saihesbideari buruzko Informazio-azterlana»ren helburua da zehaztea nolako obrak egin behar diren, Zaldibar eta Ermu artean trenbide bikoitzeko saihesbide bat gauzatzeko, trenbide bakarreko egungo linearen arazoak konponduko dituena. Saihesbide horrek, halaber, ezaugarri zehatz batzuk izan behar ditu, ETSk etorkizunerako planteatzen duen trafikoaren areagotzea eta ustiaketa-erregimena bideratzeko baliagarria izango bada.

Proiektu osoaren helburu den trazaduraren saihesbidea 5.528 m da luze, eta, horietatik,2.994 m –hau da, erdia– lurrazpikoak dira. Tarte horretan, hondeatutako hiru tunel daude, guztira 2.682 m-ko luzera dutenak. Lurrazpiko gainerako zatia, batik bat, Zaldibarko hiri-inguruan trenbidea lurperatzeko egiturei dagokie.

Informazio-azterlana eta ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlana jendaurrean jarri dira, Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2011ko martxoaren 1eko Ebazpena argitara emanez 2011ko apirilaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, hogeita hamar egun balioduneko epean, Zaldibarko eta Ermuko Udalen iragarki-taulan, betiere Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduko 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 9. artikulua betez.

Informazio publikoa emateko izapidean, eduki desberdineko alegazio eta iradokizunak aurkeztu dira. Horiek aztertu ondoren, hala behar zenean aintzat hartu dira, banan-banan eman zaien erantzunetan jasota dagoen bezala.

Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko azaroaren 5eko Ebazpenaren bidez, Ermuko tarte partzialak proiektu osoaren 3+920 eta 5+528 KPen artean izango duen ingurumen-inpaktuaren adierazpena –aldekoa– egin da; adierazpen horretan, gainera, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarri, eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatu dira. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eskariz egin da adierazpen hori, hain zuzen ere zati partzial horren onarpena atzeratu ez dadin; bitartean, tarte osoa egiteko eskatutako dokumentazioa osatuko da.

Ermuko tarteko saihesbidea Bilbao-Donostia trenbideko linearen egungo 43+398 KPan hasten da, Eitzaga aldean, eta bukatu, berriz, 45+139 KParekiko lotura-puntuan, Ermuko geltokitik atera ondorengo bihurgunearen ostean. Jarduketa 1.600 m ingurukoa da, eta berekin dakar 1.250 m-ko trenbide bikoitzeko saihesbide baten desdoblamendua eta Ermuan geltoki berri bat egitea.

Dokumentuari onespen teknikoa eta behin-behinekoa eman zaio gaurko ebazpen baten bidez, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzako teknikariek proiektua ikuskatu eta haren aldeko txostena eman baitute; teknikariek egiaztatu dutenez, proiektua teknikoki zuzena da eta bete egiten ditu trenbideen arloko legeria espezifikoa eta, bereziki, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 9. eta 10. artikuluak.

Organo honek eskumena dauka Jaurlaritzaren Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 15.1.e) artikuluaren arabera (Dekretu hori azaroaren 30eko 328/2010 Dekretuaren bidez aldatu zen).

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– partez onartzen da Jendaurreko Informazioaren eta Entzunaldiaren Espedientea, eta behin betiko onartzen dira Bilbao-Donostia trenbideko Zaldibar-Ermua tarteko trazaduraren saihesbideari buruzko Informazio-azterlana eta proiektuaren 3+920 KPtik 5+528 KPra doan tartearen Ingurumen Inpaktuaren Azterlana.

Bigarrena.– onartutako irtenbidea garatuko duten ondorengo eraikitze-proiektuetan, aintzat hartu beharko dira Ingurumeneko sailburuordeak 2012ko azaroaren 5eko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-inpaktuaren gaineko deklarazioan jaso diren preskripzioak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, idatzi bat helarazi beharko diote organo honi edo Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 5a.

Garraio Azpiegituraren zuzendaria,

JESÚS MARÍA BENAITO VILLAGARCÍA.


Azterketa dokumentala