Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2012ko urriaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

EUSKADIKO NEKAZARITZA ETA ELIKADURA EKOLOGIKOAREN KONTSEILUA
4566

IRAGARKIA, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarena; honen bidez, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko bokalak hautatzeko hauteskunde-prozesua erregulatuko duten arauak ematen dira argitara.

Roman Bengoa Larrañagak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakaria naizenez, honako hau

ZIURTATZEN DUT:

2012ko uztailaren 10ean Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren bulegoetan (Amorebieta-Etxano) egindako bileran, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko bokalak hautatzeko hauteskunde-prozesua erregulatuko duten arauak onetsi ziren.

EUSKADIKO NEKAZARITZA ETA ELIKADURA EKOLOGIKOAREN KONTSEILUKO BOKALAK HAUTATZEKO HAUTESKUNDE-PROZESUA ERREGULATZEN DUTEN ARAUAK

10/2006 Legeak, abenduaren 29koak (2007-01-05eko EHAA, 4. zk.), Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoari buruzkoak, 4. artikuluan Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua sortzen du, zuzenbide publikoko korporazio gisa, berezko nortasun juridikoa, autonomia ekonomikoa eta jarduteko gaitasun osoa dituela, Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/1991 (EEE) Erregelamenduak ezarritako araubideari dagozkion eginkizunak betetzeko (erregelamendu hori nekazaritza-ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetan ekoizpen mota hori adierazteko moduari buruzkoa da).

Horri jarraikia, eragindako sektoreei galde egin ondoren, 2012ko uztailaren 10ean egindako bilkuran, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko bokalak hautatzeko hauteskunde-prozesua erregulatuko duten arauak onetsi ziren, honako hauek:

I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Arau hauen bidez, abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 7.1 artikuluan aipatzen diren Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko bokalak hautatzeko prozedura ezarri eta hartarako deia egiten da, batetik, hiru (3) bokal, ekoizpen-ustiategien jabe direnen ordezkari eta, bestetik, beste hiru (3), produktuak egin, inportatu eta/edo merkaturatzen dituzten enpresen jabe direnen ordezkari. Kargu horiek lau urte naturaleko iraupena izango dute, karguaz jabetzeko datatik hasita.

2.– Hauteskunde-prozesu horrek bete beharreko egutegia arau hauen I. eranskinean ageri da. Ondorio horietarako, baliogabetzat joko dira hauteskunde-prozesu osoko larunbatak. Epe baten azken eguna edo jardueraren bat egiteko eguna larunbata, igandea edo jaieguna bada, hurrengo egun baliodunera igaroko da.

3.– Hauteskunde-egutegiaren ondorioetarako, egun hau jotzen da baliogabetzat:

a) 2012ko abenduaren 22tik 2013ko urtarrilaren 6ra bitarteko aldia, bi egunak barne.

a) 2013ko martxoaren 23tik 2013ko apirilaren 7ra bitarteko aldia, bi egunak barne.

2. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Hauteskunde Batzordea eratzen da (ENEEHB).

2.– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Hauteskunde Batzordeak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluan izango du egoitza, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Lehendakari-lanak egingo dituen pertsona: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitateko zuzendariak hautatuko du.

b) Lehendakariordearen lanak egingo dituena: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitateko zuzendariak hautatuko du.

c) Bokalak:

Aholkulari juridiko bat, Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzaren titularrak hautatuko duena, eta idazkari-lanak egingo ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako nekazaritzako lanbide-erakunde sindikaletako bakoitzak hautatutako ordezkari bat.

Kontseiluaren gerentziaren lanak egiten dituen pertsona.

3. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen eginkizunak.

Hona hemen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea eta jendaurrean jartzea, horretarako zehaztuko diren tokietan, hain zuzen ere.

b) Aipatutako erroldei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta ebazpen horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.

c) Behin betiko erroldak onestea.

d) Kontseiluko bokal izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea eta haien izendapena egitea.

e) Bozketen behin betiko zenbaketa egitea.

f) Hautetsien izendapena egitea.

g) Hauteskunde-prozesua behar bezala bideratzeko beste edozein eginkizun.

II. KAPITULUA
HAUTESLE-ERROLDAK

4. artikulua.– Erroldak prestatzea.

1.– Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak prestatuko ditu hautesle-erroldak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 2. artikuluan jasotako erregistroan inskribaturik dauden pertsonekin.

2.– Ekoizpen-errolda 10/2006 Legearen 2.2 artikuluaren a) idatzi-zatian ezarritako erregistroan dauden ekoizleen atalean inskribatutako pertsonek osatuko dute.

3.– Elaborazioaren, hirugarren herrialdetiko inportazioaren edota merkaturatzearen errolda, 10/2006 Legearen 2.2 artikuluaren 2.2 artikuluaren b), c) eta d) idatzi-zatietan aipaturiko erregistroaren ataletan inskribatutako pertsonek osatuko dute.

4.– Ekoizpen-ustiategien jabeek eta produktuak egin, inportatu eta merkaturatzen dituzten enpresen jabeek osatutako erroldetako bakoitzetik egongo den bokal-kopurua II. eranskinean zehaztu da.

5.– Ekoizleen erroldak hiru azpierrolda izango ditu, bat lurralde historiko bakoitzeko, eta horiek bokal bana hautatuko dute.

6.– Gainerako erroldak berak izango dira hiru lurralde historikoetarako eta, hautesle horietatik guztietatik, hiru ordezkari aukeratuko dituzte.

5. artikulua.– Osaera.

1.– Hautesleen erroldetan agertu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Arau hauek indarrean jartzen direnean, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren erregistroetan inskribaturik egon behar da.

b) Ezin egon daiteke eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik.

Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren erregistroetan azaltzen den pertsona bera izango da eskubidearen jabea.

2.– Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera egingo dira hautesle-erroldak. Errolda horietan, ordena alfabetikoaren eta Lurralde Historikoaren arabera azalduko dira hautesleak.

6. artikulua.– Jendaurrean jartzea.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio hautesle-erroldak, jendaurrean jartzeko behar beste ale bidali ere. Hauteskunde Batzordeak, bestalde, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ondoren, bete beharreko eginbideak beteko ditu hautesle-erroldak bideratzeko, betiere, Batzordeko idazkariaren izenpearekin eta batzordeburuaren oniritziarekin. Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egoitzan, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren egoitzan eta hiru lurralde historikoetako nekazaritzako eskualde-bulegoetan jarriko ditu erroldak jendaurrean; erreklamazioak eta errekurtsoak egiteko epeak deialdiaren egutegira moldatuta egongo dira.

III. KAPITULUA
BOKAL IZATEKO HAUTAGAIEN AURKEZPENA HAUTAGAIAK ALDARRIKATZEKO MODUA

7. artikulua.– Hautesleak.

1.– Errolda bakoitzeko bokal titularrak hautatzeko orduan, honako hauek joko dira hautesletzat: batetik, adin nagusikoak diren pertsona fisikoak, eta bestetik, 10/2006 Legearen 2. artikuluan aipatutako erregistroan behar den atalean behar bezala inskribaturik dauden pertsona juridikoak.

2.– Pertsona juridikoen kasuan, bere legezko ordezkaria izango da hauteslea (hori frogatzeko, ahalorde-eskritura edo zuzenbidean onarturiko beste edozein froga erabili beharko du).

3.– Hainbat jarduera egiten dituztelako erregistroaren atal batean baino gehiagotan izena emandako operadoreek beren botoa eman ahalko dute dagokien errolda bakoitzean.

8. artikulua.– Hauta daitezkeen pertsonak.

1.– Errolden ordezkari diren bokalak aukeratzeko prozesuan, errolda eta azpierrolda bakoitzean daudenak izango dira hautesle eta hautagai.

2.– Ezin hautatu ahalko dituzte honako zirkunstantzia hauetakoren batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Arau hauetan eskaturiko hautagai-eskakizunak ez biltzea.

b) Ezarritako zehapena bete gabe Kontseiluak zehatuta egotea.

c) Kontseiluarekiko betebehar ekonomikoak eguneratuta ez izatea.

d) Hauteskunde-erregimen orokorra arautzen duen legeriak ezarritako hautatua izatea eragozten duen kausaren batean egotea.

3.– Aurreko ataleko eskakizunak pertsona juridikoen ordezkariak ere bete beharko ditu, eta gainera, kontseiluko bokala izaten jarraitzeko edo hautaketaren ondoriozko beste edozein karguri eusteko ere eskatuko dira.

9. artikulua.– Hautagaitzak.

1.– Errolda bakoitzeko bokalak eta ordezkoak aukeratzeko hautagaitzak banakakoak izango dira, bozketa eta zenbaketaren ondorioetarako, nahiz eta zerrendetan bil daitezkeen, aurkezpenei eta hauteskunde-kanpainari begira.

2.– Talde bakoitzerako aurkezten diren hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio. Horretarako, aldarrikapen-eskabidea aurkeztu behar da I. eranskinean zehaztutako epean.

3.– Inork, ez norberaren izenean ez besteren baten izenean, ezingo du kidetza bat baino gehiago izan Kontseiluan.

4.– Hautagai bakoitzak dagokion erroldan izena emandako pertsonen arteko gutxienez bost sinadurak abalatuta aurkeztu beharko du bere hautagaitza, salbu eta legez eraturiko nekazaritza-erakunde batek edo nekazaritza ekologiko elkarte batek abalatuta badago. Proposatutako elkarteak behar den erroldan bost kide besterik ez badu, hautagaiak lortu beharko ditu falta diren sinadurak.

5.– Ezein erakundek edo lanbide-elkartek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda edo azpierrolda bakoitzeko. Hautagaien zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.

6.– Baldin eta nekazaritzako erakunde edo lanbide-elkarte bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek aurkeztuz gero.

Nekazaritzako erakundeek edo lanbide-elkarteek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.

Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatuko zaio Hauteskunde Batzordeari, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan azaltzen ote diren egiaztatuko du Batzordeak.

10. artikulua.– Hautagaien betekizunak.

Hautagaiak honako hauek bete beharko dituzte:

a) Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko kide izatea. Horretarako, erregistroko behar den atalean behar bezala inskribaturik egon beharko dute. Pertsona juridikoen legezko ordezkariek frogatu beharko dute hautagaia den enpresarekin duten lotura.

b) Hautesleak ezin izango dira aurkeztu inskribatuta ez dauden erroldaren batera. Erregistroko zenbait atalean inskribatuta badaude eta bi erroldetan badaude, bakar batera aurkeztu ahal izango dira.

c) Zehatza eta ez nahasteko moduan jaso behar ditu izena, abizenak eta indarren dagoen NANa, baita helbidea eta jakinarazpenetarako beste harreman-bitarteko batzuk ere.

11. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio 9.1 artikuluan aurreikusitako hautagaitzak edo zerrendak, honako datu hauek argi azalduta:

a) Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena eta hautagai-zerrendarena.

b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.

c) Hautagaien kokapen-ordena.

2.– Hauteskunde Batzordeko idazkariak eginbide-agiria beteko du, hautagai-zerrenda zein egunetan eta ordutan aurkeztu den adieraziko duena. Zerrenda bakoitzari, aurkeztu ahala, ondoz ondoko hurrenkera-zenbakia emango zaio.

3.– Hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain, zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, adierazpen hori zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.

4.– Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.

12. artikulua.– Izendatzea eta jendaurrean jartzea.

1.– Hauteskunde-deialdian jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzen denean, hautagaien zerrendak irmoak izango dira, eta Hauteskunde Batzordeak hala aldarrikatuko ditu. Batzordeak, halaber, bere arioz edo erreklamazioren batek eraginda, bazter utziko ditu hautagarritasun-baldintzak hausten dituzten hautagai-zerrendak edota aurkezteko nahiz aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.

2.– Hautagai-zerrendak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak jendaurrean jarriko ditu, hautesle-erroldak ikusgai egon diren toki berdinetan, hain zuzen ere. Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta ikusgai jarri ondoren, horien aurka dagozkion errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzari, I. eranskinean ezarritako epearen barruan.

3.– Erroldaren edo azpierroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak -aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero- zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu bokal eta ordezko, eta kide postuak esleituko dizkie, bozketarik egin gabe. Eta hori bera kasu guztietan gertatuz gero, hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du: aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira eta lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte, Hauteskunde Batzordeak horretarako zehaztuko duen egunean.

13. artikulua.– Hauteskunde-kanpaina.

1.– Hautagaitzak aldarrikatu ondoren, Hauteskunde Batzordeak erabakiko du zer molde eta zer betekizun bildu beharko dituzten hauteskunde-kanpainan egiten diren sustapen-ekitaldiek.

2.– Hauteskunde-kanpainak gehienez ere hamar egun natural iraungo du.

IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE MAHAIAREN HELBIDEA: BOZKETA ETA BOTO-ZENBAKETA

14. artikulua.– Hauteskunde Mahaia aldarrikatzea.

1.– Bozketa eta boto-zenbaketa egiteko, hiru hauteskunde-mahai eratuko dira, bat lurralde historiko bakoitzeko: Arabako LH, Bizkaiko LH eta Gipuzkoako LH; haien egoitzak behar denean zehaztuko ditu kontseiluak.

2.– Hauteskunde-mahai bakoitzak bi hautestontzi izango ditu, berritu nahi den errolda bakoitzeko bat.

3.– Hauteskunde Mahaiaren zereginak hauek dira: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.

4.– Hauteskunde-mahai bakoitzean mahaiburu bat eta bokal bat egongo dira. Kargu horiek Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzako funtzionario batek eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko langile batek beteko dituzte, eta pertsona horiek Hauteskunde Batzordeak izendatuko ditu, Elikagaien Kalitateko zuzendariak eta Kontseiluko lehendakariak proposatuta hurrenez hurren. Gainera, Hauteskunde Batzordeak bi ordezko izendatuko ditu, prozedura berbera erabiliz, bata lehendakaria eta bestea bokala izateko.

5.– Hautagai-zerrendek kontu-hartzaileak izendatu ahal izango dituzte (Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko diote), bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten eta Hauteskunde Mahaian parte har dezaten. Kontu-hartzaileok hautesle-erroldan egon behar dute, baina ezin dira hautagaiak izan.

6.– Hauteskunde-mahaian aritu beharra nahitaezkoa da. Izendapena egin ondoren, interesdunei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, delako arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epearen barruan. Hauteskunde Batzordeak, horrelakoetan, ebazpena emango du, eta ezingo zaio errekurtsorik jarri.

Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti Mahaia eratu baino lehenago. Horrelako kasuetan ere, Batzordeak berehala emango du ebazpena.

Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak agertzen ez badira, agertutako kideren batek hala jakinaraziko dio Hauteskunde Batzordeari; Batzordeak, jarraian, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egiteko pertsona egokiak izendatu ahal izango ditu askatasunez.

15. artikulua.– Kontu-hartzaileak.

1.– Hautagai bakoitzak kontu-hartzaile bat hautatu ahalko du, eta horretarako, bozketa-eguna baino 10 egun lehenago izendapen idazki bidez igorri beharko dio Hauteskunde Batzordeari, eta bertan jasoko dira hautagaiaren eta kontu-hartzailearen izenak, abizenak eta NANak.

2.– Hauteskunde Batzordeak bozketa egin baino bost egun lehenago ziurtagiri bat emango du, hiru kopiatan eman ere, kontu-hartzailearen izendapenarena (ale bat hautagaiarentzat, beste bat kontu-hartzailearentzat eta hirugarrena hauteskunde-mahaiarentzat).

3.– Kontu-hartzaileak mahaiko lehendakariaren aurrean egiaztatuko du kontu-hartzailea dela, eta horretarako, ziurtagiri hori aurkeztuko du, eta mahaia eratzean hasiko da bertan lanean.

4.– Behin mahaia eratuta, ez da beste inor onartuko, baina kontu-hartzailea berandu iristen bada, boto-eskubidea erabili ahal izango du, hauteslea bada, baina ezin izango du kontu-hartzaile lanik egin.

16. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.

1.– Bozketa-egunean, mahaiburua eta bokala bozketa egingo den tokian bilduko dira, 19.1 artikuluan ezarritako orduan.

2.– Hauteskunde Mahaia osatzeko ezinbestekoa izango da mahaiburua eta bi bokal egotea, edo ordezkoak, hala badagokio.

3.– Hauteskunde-deialdian aurreikusitako orduan, mahaiburuak Mahaiaren eraketako akta egingo du, eta berak, bokalek eta, egotekotan, kontu-hartzaileek izenpetuko dute.

4.– Aktan, gutxienez, ondoko hauek zehaztu behar dira: batetik, zein pertsonek osatu duten Mahaia kide moduan, eta, bestetik, kontu-hartzailerik baldin badago, haien izenen zerrenda, kontu-hartzaile bakoitzak ordezkatzen duen hautagai-zerrenda adierazita.

5.– Mahaiburuak, bozketa egiten den lekuan, aginte-ahalmen osoa izango du ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea begiratzen dela ziurtatzeko.

17. artikulua.– Hauteskunde Mahaiaren dokumentazioa.

1.– Hauteskunde Mahaiak bete eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dizkion agiriak hauek dira:

a) Mahaiaren eraketa-akta.

b) Kontu-hartzaileen zerrenda.

c) Boto-zenbaketaren akta.

Agiri horiek gutun-azal itxian bidaliko dira.

2.– Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo Mahaiko kontu-hartzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak luzatuko ditu.

18. artikulua.– Hauteskundeetako txartel eta gutun-azalak.

Hauteskunde Batzordeak hauteskundeetako txartel eta gutun-azalen eredu ofizial bat prestatuko du, eta eredu hori eta hautagaiek presta ditzaketenak bat datozela zainduko du.

19. artikulua.– Bozketa.

1.– Hauteskunde Mahaia 09:00etan eratuko da. Mahaia eratzeko akta luzatu ondoren, bozketa 09:30etik 17:00etara egin ahal izango da.

2.– Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, eta hasita badago, bertan behera uzteko; horren erantzulea mahaiburua izango da. Mahaiburuak, idazki arrazoituaren bidez, horri buruzko ebazpena emango du. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, kontuak eska ditzan. Aipatutako idazkiaren kopia mahaiburuaren esku geratuko da.

3.– Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontuan hartuko, ez eta zenbatuko ere. Mahaiburuak hautestontzietako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.

4.– Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrendan inskribaturik egotea eta bere nortasuna frogatzea, jatorrizko agiriak erakutsiz. Hautesleak honako identifikazio-agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko dio mahaiburuari:

– Nortasun Agiri Nazionala (NAN). Ez da onartuko izapidetzen ari den NANaren ordezkagiririk.

– Pasaportea (argazkiarekin).

– Gidabaimena (argazkiarekin).

5.– Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta mahaiburuak emango dio hasiera, «hasi da bozketa» esanez. Hautesleak banan-banan hurbilduko dira mahaira, beren identifikazio-agiria eskuetan dutela. Bokalak edo/eta kontu-hartzaileek hauteskunde-erroldako zerrendak begiratuko dituzte, bertan hauteslearen izena dagoen ala ez ikusiko dute, hauteslearen nortasuna egiaztatuko dute, eta hauteslea botoa ematera aurkeztu dela idatziko dute. Jarraian, hautesleak boto-papera emango dio eskuaz mahaiburuari, dagokion gutun-azal koloredunaren barruan.

Mahaiburuak hauteslearen izena esango du, eta hautestontzian sartuko du boto-papera, «botoa eman du» esateaz batera.

6.– Hautesleek beraiei dagokien hauteskunde-mahaian baino ezin dute botoa eman. Kontu-hartzaileek, ordea, akreditatuta dauden mahaian eman ahal izango dute botoa.

7.– Bozketak amaitzeko aurreikusitako orduan, mahaiburuak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du eta ez dio inori sartzen utziko bozketa-tokira.

Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, mahaiburuak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.

Ondoren, mahaiburuak, mahaikideek eta -egonez gero- kontu-hartzaileek emango dute botoa. Eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.

8.– Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin ezelango hautagai-zerrendaren alde.

20. artikulua.– Zuzeneko hautaketa.

1.– Errolda bakoitzeko Kontseiluko kideak zuzenean hautatzeko orduan, hautesle bakoitzak gehienez ere hiru hautagai titularri eman ahal izango die botoa, beren ordezkoekin.

2.– Boto gehien lortzen dituzten hautagaiak aldarrikatuak izango dira, errolda bakoitzeko hiru kideak osatu arte.

3.– Hutsik geratzen den postua, lehenengo eta behin, atera den bokalaren ordezkoak beteko du. Ordezkoak bokal titular gisa jardun nahi ez badu, boto gehien jaso duen bigarren hauteslearengana joko da, dagokion erroldaren barruan. Hautagai gehiagorik ez badago, hutsik geratzen den postua Kontseiluaren erabakiz beteko da, errolda horretan ordezko ari den bokalen batekin.

21. artikulua.– Zenbaketa.

1.– Bozketaldia amaitutakoan, hautestontzia irekiko da eta bozketako gutun-azalak atera eta irekiko dira, edukia ozenki irakurriko da, txartela kontu-hartzaileei erakutsiko zaie eta hautagai bakoitzari dagokion botoa idatziko da.

2.– Txartelen irakurketa amaitutakoan eta zenbaketa egindakoan, mahaiko idazkariak zenbaketaren eta bi erroldetan lorturiko emaitzaren akta egingo du, eta hautagai bakoitzak loturiko boto kopurua, boto baliogabeak eta boto zuriak jasoko ditu, baita bozketan izandako eta kontu-hartzaileek jaso nahi dituzten gorabehera guztiak ere.

3.– Mahaiko kideek sinatuko dute akta, eta kontu-hartzaileek ere bai, eta ziurtaturiko kopia bat emango zaie.

4.– Zenbaketa-akta gutun-azal batean sartuko da, mahaiaren eraketa-aktarekin batera, eta mahaiko kideek sinatuko dute, sinadurak ondoren ireki beharreko gutun-azalaren aldean gurutzaturik, eta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, zenbaturiko botoen behin betiko prozedurari ekin diezaion.

5.– Hauteskunde Batzordeak hiru hauteskunde-mahaien akta jaso ondoren, behin betiko zenbaketari ekingo zaio eta errolda bakoitzean boto gehien lortu dituen hautagaiak aldarrikatuko dituzte, bai eta aldarrikatutako hautagaien boto-paperetan agertzen diren ordezkoak ere.

6.– Boto-paperik ez duten gutun-azalak boto zuritzat joko dira. Berdin zenbatuko dira batere hautagairik markatuta ez daukaten boto-paperak.

7.– Baliodun botoak hauek izango dira:

a) Sektore bereko hautagai berei botoa ematen dieten bi txartel edo gehiago biltzen dituzten gutun-azalei dagozkienak. Zenbaketari dagokionez, boto bakartzat zenbatuko da.

b) Gurutze batekin markatuta, inguratuta, azpimarratuta edo iraingarria edo laidogarria ez den inskripzio edo adierazpenen batekin agertzen den zerrendako izenen bat biltzen duten gutun-azalei dagozkienak, betiere gehikuntza horiek hautagaien izenak irakurtzea eragozten ez badute.

8.– Honako boto hauek baliogabetzat joko dira:

a) Izen marratuak edo ezabatuak biltzen dituzten gutun-azalei dagozkienak, edo inskripzio iraingarriak edo laidogarriak biltzen dituztenak.

b) Hautagai desberdinei edo erroldatakoei botoa ematen dieten bi txartel edo gehiago dituzten gutun-azalei dagozkienak.

c) Hauteskunde Batzordeak onarturiko ereduari ez dagozkien txartelei emandakoak.

9.– Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, mahaiburuak galdetuko du proposamenik ba ote dagoen boto-zenbaketaren aurka.

Proposamenik egin ez badadi, edo egindakoak Mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, mahaiburuak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeko boto-paperena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.

10.– Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautestontzietatik ateratako boto-paperak.

V. KAPITULUA
HAUTATUTAKO BOKAL TITULAR ETA ORDEZKOEN ALDARRIKAPENA. NEKAZARITZA ETA ELIKADURA EKOLOGIKOAREN KONTSEILUKO LEHENDAKARIA ETA LEHENDAKARIORDEA HAUTATZEKO BIDEA

22. artikulua.– Hautatutako bokal titular eta ordezkoen aldarrikapena.

1.– Hauteskunde Mahaien hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak bokal-karguak esleituko ditu, honako irizpide hauen arabera:

a) Errolda edo azpierrolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiak izango dira bokalak; eta ordezkoen postuak boto-paperetan ordezko agertzen direnei esleituko zaizkie.

b) Bi hautagairen edo gehiagoren arteko berdinketarik gertatzen bada, erroldan inskribatutako zaharrena gailenduko da.

2.– Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak -batzordeburuaren bitartez- Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko bokal hautatuak aldarrikatuko ditu.

3.– Bokalen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak egiteko, I. eranskineko egutegia errespetatuko da.

4.– Bokalak aldarrikaturik, dagozkien izendapen-agiriak igorriko zaizkie hautatutakoei, betiere, I. eranskineko egutegiaren arabera.

23. artikulua.– Kontseiluko lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko bidea.

1.– Hauteskunde-egutegian adierazitako datan, Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak osoko bilkura egingo du eta, bertan, dagokien postuaz jabetuko dira hautatutako bokalak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuak aukeratutakoak eta hiru Foru Aldundiek izendatutakoak.

2.– Saio berean, boto-eskubidea duten hautatutako bokalek gehiengo soilez erabakiko duten nortzuk izango diren lehendakaria eta lehendakariordea, eta pertsona horiek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari proposatuko zaizkio, izenda ditzan, eta jasota geratuko da zenbat boto lortu dituzten hautagaiek.

3.– Lehendakaria eta lehendakariordea proposatutako bokalen artean hautatuko dira. Paritateari eusteko, ez da beteko bere bokal-postua.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Arau hauek erabiltzeko orduan sor daitezkeen zalantzak argitzeko, bi lege-xedapen hauetara jo beharko da: batetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko abenduaren 17ko Agindua, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren Barne Araubideko Erregelamendua argitaratzeko agintzen duena; eta bestetik, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa.

Bigarrena.– Baldin eta, hautatutako bokalen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honek xedatu legez hautatutako pertsonetariko edozeinek hausten badu ordezkatzen duen enpresarekiko lotura, edo uzten badio hautagai proposatu duen erakundekoa izateari, orduan baja hartuko du bokal moduan eta dagokion ordezkoak hartuko du bere tokia.

Irizpide bera aplikatuko da bokalen batek, zigor gisa, baja hartu beharko balu bere kargua indarrean den bitartean nekazaritza ekologikoaren arloan nola zuzenean hala ordezkatzen duen sozietateari hutsegite larria edo oso larria egin diolako.

AZKEN XEDAPENA

Arau hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Amorebieta-Etxano, 2012ko uztailaren 10a.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakaria.

ROMAN BENGOA LARRAÑAGA.

I. ERANSKINA
HAUTESKUNDE-EGUTEGIA

0.– Hauteskundeen deialdia egiteko Agindua EHAAn argitaratzea.

0 + 3.– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Hauteskunde Batzordea eratzea.

3 + 5.– Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratu eta jendaurrean jartzea, horretarako zehaztuko diren tokietan, hain zuzen ere.

8 + 15.– Hauteskunde Batzordeari behin-behineko errolden aurkako erreklamazioak aurkeztea.

23 + 2.– Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea.

25 + 2.– Hala badagokio, behin betiko erroldak ikusgai jartzea.

27 + 3.– Ekoizpen-ustiategiek eta produktuak egin, inportatu eta merkaturatzen dituzten enpresek hautagaiak aurkezteko epea irekitzea.

30+10.– Hautagaitzak aurkezteko epearen bukaera.

40 + 5.– Hautagaiak aldarrikatzea eta erroldetarako ezarritako toki berdinetan jendaurrean jartzea.

45 + 2.– Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzari hautagaien aldarrikapen eta agerpenaren aurkako errekurtsoak aurkeztea.

47 + 5.– Aurkeztutako errekurtsoak ebaztea.

52 + 2.– Hautagaien behin betiko zerrendak jendaurrean jartzea.

54 + 5.– Hauteskunde Mahaiko kideak izendatzea eta interesdunei horren berri ematea.

59 + 5.– Hauteskunde Mahaiko kideen izendapenaren inguruko desenkusak aurkeztea Hauteskunde Batzordeari.

64 + 6.– Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebaztea eta kontu-hartzailearen izendapena jasotzeko epea irekitzea (hautagaitzek izendatzen dute kontu-hartzailea).

70 + 5.– Kontu-hartzailearen izendapenaren ziurtagiria ematea.

75 + 5.– Hauteskunde Mahaia eratu eta bozketa egitea.

80 + 2.– Hauteskunde Mahaiak bilkura eratzeko akta bidaltzea Hauteskunde Batzordeari eta, bertan, boto-paper baliogabeen edo erreklamazioa eragin dutenen kopurua adieraziko da. Orobat, boto-zenbaketako jatorrizko akta ere igorriko dio.

82 + 4.– Bokalak izendatzea.

86 + 3.– Hauteskunde Batzordeari bokalen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztea.

89 + 3.– Hauteskunde Batzordeak lehengo errekurtsoak ebatzi eta bokalak ebaztea.

92 + 5.– Bokal hautetsiei dagozkien kredentzialak bidaltzea.

97 + 3.– Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren osoko bilkura egitea, bokal hautetsiak karguaz jabetzea eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuari lehendakari eta lehendakariorde gisa proposatuko zaizkion pertsonak hautatzea.

100 + 6.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuari lehendakari eta lehendakariorde gisa proposatutako pertsonak aurkeztea.

Hautetsiak aldarrikatzearen kontrako errekurtsoa aurkezten bada, 120+6.

II. ERANSKINA
KONTSEILUAREN OSAERA

Ekoizpena: 3 bokal.

– Arabako Lurralde Historikorako Azpierrolda: bokal bat.

– Bizkaiko Lurralde Historikorako Azpierrolda: bokal bat.

– Gipuzkoako Lurralde Historikorako Azpierrolda: bokal bat.

Sektoreak: produktuak egin, inportatu eta merkaturatzea:

hiru bokal (errolda bakarra).


Azterketa dokumentala