Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2012ko urriaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4553

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzkoa, lehentasunez EAEko langabetuei zuzendutako prestakuntza-programazioa gauzatzeko dena.

Alde batetik, María Gemma Aránzazu Zabaleta Areta andreak, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidente gisa jardunez,

Eta, bestetik, María Isabel Celaá Diéguez andreak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 26. artikulua enplegurako lanbide-heziketaren lege-esparruari buruzkoa da, eta, artikulu horretan ezartzen denez, enplegurako prestakuntzako azpisistema osatzen duten prestakuntza-ekintzen helburuak honako hauek dira: gaitasun eta kualifikazio profesionalak eskuratzea, hobetzea eta etengabe eguneratzea, biztanleria aktiboaren bizi osoko prestakuntza sustatzea, eta pertsonen, enpresen, lurraldeen eta ekoizpen-sektoreen beharrizanak uztartzea.

Halaber, Enpleguari buruzko Legearen 19 quater artikuluak, Enplegu Zerbitzu Publikoek langabetuentzako prestatutako zerbitzu-katalogoaren barruan, honako hau jasotzen du: «Enplegurako lanbide-prestakuntzako ekintzak eskainiko dira; ekintza horiek Profesionaltasun Ziurtagirien Errepertorioaren barruan egiaztapen ofiziala izango dute, baldin eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari atxikita badaude. Halaber, egindako prestakuntzaren barruan, lanekoak ez diren praktikak sustatuko dira».

Bigarrena.– Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema arautzekoak, lan-alorrean eskumendun diren administrazioei agintzen die modulukako prestakuntza-eskaintza bat ezartzeko, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko bidea eman eta prestakuntza eskaintza lan-merkatuaren eta sektore produktiboen beharrizan aldakorretara egokituko duena.

Errege-dekretu horrek, autonomia-erkidegoen esparrurako, zenbait bide arautzen ditu prestakuntza-eskaintzaren programazioak ezarri eta kudeatzeko, eta bide horietako bat da zentro propioen bidez garatzen dena. Alde horretatik, zentro propioak dira, Erreferentzia Nazionaleko Zentroak, titulartasun publikoko lanbide-heziketako zentro integratuak, eta Herri Administrazioaren gainerako zentroak, baldin eta enplegurako lanbide-prestakuntza emateko instalazio eta ekipamendu egokiak badituzte (23.2 eta 9.1.a artikuluak).

Hirugarrena.– Martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak (Ekonomia Sostengarriari buruzko Legearen osagarriak) bosgarren xedapen gehigarria erantsi zion ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoari, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoari. Bada, hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek arautzen du hezkuntza- eta lan-arloan eskumendun diren herri-administrazioek prozedura bat ezarri behar dutela hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa irakasteko baimena duten zentroek aukera izan dezaten, araututako baldintzak betetzen badituzte, enplegurako lanbide-heziketako ikasketak ere emateko, eta, horrez gainera, arautzen du hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurakoa modu integratuan eskaintzen duten funts publikodun zentroek aurrekontu-baliabideak eskuratzeko aukera izan behar dutela beren enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, betiere hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek adosten dituzten lankidetza-mekanismoekin bat etorriz.

Laugarrena.– Lehendakaritzak maiatzaren 8an emandako 4/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, arautzen du, uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak hari emandako idazketaren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak izango duela osorik eta haren enplegu-politikako eginkizunen barruan, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren gaineko eskumena. Hala ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eutsi egingo die bizitza osoko ikaskuntzaren alorrean dituen eskumenei.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikita egonik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizuna da, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapenerako programak kudeatzea (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikulua). Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta eskaintzaren araberako prestakuntzarekin lotuta, lehentasunez langabetuei zuzendutako prestakuntza-ekintzak daude.

Bosgarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen ditu irailaren 14ko 233/2010 Dekretuak (2010-09-29ko EHAA), eta arau horrek xedatzen duenaren arabera, sail horri dagokio Lanbide Heziketako Euskal Plana garatu, aplikatu eta eguneratzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta (16.1.a artikulua), eta, halaber, hezkuntza-sisteman, prestakuntza bizitza osoan zehar hartzeko edo handitzeko bidea emango diguten lanbide-heziketako edo etengabeko ikaskuntzako politikak diseinatzea, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari esleitutako eskumenen kaltetan izan gabe (16.1.c artikulua).

Seigarrena.– Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko ekainaren 21ean onartu zuen Lanbide Heziketako Hirugarren Euskal Planak nahiz Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko Lege Proiektuak azpimarratzen dutenez, bi dokumentu horietan aldarrikatzen den sistema bateratu edo integratuaren funtsezko ezaugarrietako bat da Lanbide Heziketako zentro publiko eta pribatuen sare bat ehundu beharra. Hala, sare horrek helburu izan behar du hezkuntza-sistemako zentro horien prestakuntza-eskaintzan txertatzea lanean dauden langileei eta lanik gabe daudenei zuzendutako prestakuntza-jarduerak.

Zazpigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuek kualifikazioaren arloan dituzten beharrizanei erantzuteko, eta eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintzen programak sustatzen ditu, langileek profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratu ditzaten, zehazki Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko lanbide-heziketako zentro publikoen sarean.

Hartara, Hezkuntza Sailarekin eta lurralde historiko bakoitzean sail horren mende dauden zentro publikoetako ordezkariekin lankidetzan, lan-merkatuaren egoera aintzat hartuta, eta enpresa-sarearen beharrizanak eta egun dauden zentro publikoen sarearen prestakuntza-gaitasuna ikusita, Lanbidek Euskal Autonomia Erkidegoan bertako administrazioaren berezko zentroekin garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza prestatu du, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoaren bat etorriz. Hona hemen plangintza hori aratuko duten.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Akordio honek arautzen duen kudeaketarako gomendioaren xedea da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren titulartasunpekoak diren prestakuntza-zentroek prestakuntza-programazio bat egitea, lehentasunez langabetuei zuzenduta egongo dena (ikusi akordio honen I. eranskina).

Gomendio honen xede den programazioa osatzen duten prestakuntza-ekintzak 2012ko ekitaldian hasi, eta 2013ko ekitaldian bukatuko dira.

Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintzaren plangintza egitea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik eskuratutako baliabideak erabiliz, kudeaketarako gomendioaren akordio honetan adierazten den prestakuntza-eskaintza diseinatu du, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoan lanik gabe dauden langileei zuzendua izango dena, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mende dauden lanbide-heziketako prestakuntza-zentro publikoetan gauzatuko dena. Prestakuntza-eskaintza horrek bi xede ditu: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan lanik gabe dauden pertsonen kualifikazio-beharrizanei erantzutea, eta, bestetik, eskuragarri dauden baliabide publikoak optimizatzea.

Prestakuntza-eskaintza hau ezartzeko, lurralde bakoitzean, zentro publikoen ordezkariekin lan egin dute bai Enplegurako Prestakuntza Arloak, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lurralde-bulegoek, eta aintzat hartu dira, halaber, lan-merkatuak eta industria-sareek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde eta eskualdeetan duten egoera, zentro publikoen sarearen ezaugarriak, eta zentro bakoitzaren prestakuntza- gaitasuna; horrez gainera, aztertu egin da zentro publiko bakoitzean ezarrita dauden profesionaltasun-ziurtagiriak, LOE zikloen baliokide direnak.

Hirugarrena.– Prestakuntza-programazioa eta hartarako diru-dotazioa.

Akordio honetako I. eranskinean adierazten da zer programazio egingo duten EAEko hiru lurraldeetako zentro publikoek, bai eta hartara bideratutako diru-dotazioa, prestakuntza-ekintzen eta zentroen arabera banakatuta.

Gomendio honetako prestakuntza-programazioa finantzatzeko ezarri den kreditua 5.591.868 eurokoa da, guztira. Diru-zenbateko horren % 40, hau da, 2.236.747 euro, 2012ko aurrekontuaren kargura izango dira, eta % 60, hau da, 3.355.121 euro, 2013ko konpromiso-kredituaren kargura.

Lurraldek, 890.100 euro bideratuko dira Arabara, 3.097.050 euro Bizkaira, eta 1.604.718 euro Gipuzkoara.

Laugarrena.– Alta ematea Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan.

Arkordio honetako I. eranskinean adierazten den programazioan parte hartzen duten zentroek alta emanda izan behar dute, emango duten espezialitate bakoitzerako, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemari dagokion Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan. Kreditatze edo egiaztapen horrek eragin osoa izango du, harik eta prestakuntza-zentro eta -entitateen euskal erregistroa eratzen den arte. Hura eratzen denean, euskal erregistroaren araudiak xedatzen dituen eskakizunetara egokituko dira egiaztapenak.

Bosgarrena.– Harreman zuzena izatea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen artean.

Prestakuntza-programazio hau betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak harreman zuzena izango du programazioan sartuta dauden prestakuntza-zentroekin, eta dagokion zentroari emango dio prestakuntza-ekintza bakoitzarentzat finkatu den diru-zenbatekoa. Lehen ordainketa, diru-zenbatekoaren % 40, 2012ko ordainketa-kredituaren kontura ordainduko du, prestakuntza-ekintzak abiarazten direnean, eta 2013. urtean ordainduko du gainerako % 60a, urte horretako konpromiso-kredituaren kontura.

Seigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.

1.– Programazio honetako prestakuntza-ekintzetan honako hauek parte har dezakete:

a) Lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langabetuek. Prestakuntza jasotzen hasten diren pertsona guztien ehuneko 60 izango dira, gutxienez.

b) Lehentasunik gabe, lanean egonik hala eskatzen duten langileek. Prestakuntza jasotzen hasten diren pertsona guztien ehuneko 40 izango dira, gehienez ere.

2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetako partaideek horietara sartzeko eskakizunak bete behar dituzte, eta langabetu gisa izena emanda izan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, prestakuntzaren hasieran. Lanean ari diren langileen kasuan, dagokien eskaera aurkeztu behar dute. Nekazaritzako erregimen berezian alta emandako langileak jarduneko langiletzat hartuko dira.

Zazpigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aukeraketa.

a) Prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko aukeraketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaroetan parte hartzeko hautagaien artean.

Hautagaiek honela parte hartu dezakete ikastaroan:

● Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai eskabide bat aurkeztuta Lanbidek lurralde bakoitzean dituen bulegoen sareko bulegoren batean, bai eskabidea beteta Lanbideren www.lanbide.net web-orrian. Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira web-orrian, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

● Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek ikastaroa egitea agindu diezaieke enplegu-eskatzaileei (eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenei), haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

● Prestakuntza Zentro Publikoen Sareak eta Sareen Orientazio Zerbitzuek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bidera ditzakete ikastaro-eskatzaileak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautagaien eskabideak igorriko ditu zentroetara, ikastaroa emango duen zentroarekin adostutako epean, behar adinako denbora izan dezaten aukeraketa-prozesua berme guztiekin egiteko.

b) Prestakuntza-zentroek aukeratuko dute zer ikaslek egingo dituzten ikastaroak. Zentroen instalazioetan egingo da azken aukeraketa hori, Lanbidek igorritako hautagaien artetik. Prestakuntza-zentroetako arduradunek zehaztuko dute zer bitarteko tekniko eta material baliatuko dituzten aukeraketa hori egiteko, eta beti bermatuko dute aukeratutako ikasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuetan ezarritako sarbide-eskakizunak.

Euskal Enplegu Estrategiarekin (2011-2014) eta Espainiako Enplegu Estrategiarekin (2012-2014) bat eginez, prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eta dagokion hautaketa-prozesua gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honetan:

● Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten hauek: 30 urte arteko gazteak, batez ere prestakuntza-gabeziak dituztenak; emakumeak, langabetuen kolektiboan duten pisuaren proportzioan; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna dutenak; langabezia-saria agortuta duten eta berriz profesionalki gaitzeko PREPARA programan parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Txertaketako Errenta Aktiboaren eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunak; eta Genero Indarkeriaren biktimak.

● Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

● Etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko libre badaude.

Pertsona batek ezingo ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaro horiek egiteko beste eskabide batzuk badaude eta haiek eskatu dituzten pertsonek –izan langabetuak zein lanean ari direnak– bete egiten badituzte sarbide-eskakizunak.

Aukeraketa-prozesua amaitzen denean, prestakuntza-zentroek 7 egun balioduneko epe bat izango dute haren emaitzaren berri emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

c) Aukeratuak izan diren pertsonen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen diren pertsonen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek beren instalazioetan, eta prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egiten hasiko diren adierazi behar dute. Zerrenda hori prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago erakutsi behar da gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean.

Iragarpen-bitarteko horiez gain, egoki iritzitako bestelako bitartekoak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek alderdi horien berri emateko ikasleei. Prestakuntza-zentroen kontura ordainduko dira aukeraketa-prozesuen emaitzen berri emateko bitarteko osagarri horien kostua.

Zortzigarrena.– Alderdien betebeharrak.

1.– Betebehar hauek izango dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko lanbide-heziketako zentroek:

a) Agindu zaizkien prestakuntza-ekintzak, akordio honen I. eranskinean adierazitakoak, gauzatu behar dituzte, aurreikusitako ordu eta egunetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi behar diote prestakuntza-ekintzei ekin zaiela, akordio honen II. eranskinean adierazitako eredua erabiliz.

c) Ziurtatu behar dute prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileentzat ezartzen dituzten eskakizunak. Ikastaroak ematen dituen zentroko zuzendariak ziurtagiri bat egin behar du akordio honen III. eranskinean atxikitako ereduan, eskakizun horiek betetzen direla egiaztatzeko. Ikastaroen hasierako dokumentazioari atxikiko zaio ziurtagiri hori.

d) Lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak eman behar dizkiete prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programazioko prestakuntza-ekintzak egiteko ematen duen finantzazioari buruzko publizitatea egin behar dute.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin batera lan egin behar dute prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatu egin behar dute aukeratutako izangaiek bete egiten dituztela ikastaroetako sarbide-eskakizunak.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei eman behar diete haiek ikastaroen egoerari buruz eskatzen dieten informazio guztia.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan entregatu behar dituzte, prestakuntza-ekintzak abiarazi ondorengo hilabeteko epean, ikastaroetan parte hartzen duten pertsonek egindako beka- eta laguntza-eskaeren dokumentuak, behar bezala beteta.

i) Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen ebaluazioak egin behar dituzte, prestakuntzakoak eta metatuak, eta Lanbideko teknikariei eman behar dizkiete, ikastaroak amaitu ondorengo 7 egun balioduneko epean, ikastaroetan parte hartu duten pertsona guztien emaitzak biltzen dituzten aktak.

j) Hilero jakinarazi behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ikasleen bajak edo uzteak, eta prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri eman behar diote.

k) Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri eman behar diete erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta ziurtatu behar dute bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko.

l) Praktikak lantokian egiteko prestakuntza-moduluak aurreikusi behar dituzte ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.

m) Akordio edo hitzarmenak egin behar dituzte, ikastaroetako ikasleek praktikak lantokian egiteko prestakuntza-modulua behar adinako bermeekin egingo dutela ahalbidetzeko.

n) Praktikak lantokian egiteko prestakuntza-moduluen tutoreak izendatu behar dituzte. Tutoreen ardura izango da enpresak izendatutako tutorearekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den eta nola egingo den ikasleen jarraipena eta ebaluazioa. Lan horiek egiteko, ikusi eta neur daitezkeen ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.

o) Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eraman behar dute.

p) Baja emango diete baztertze-egoera hauetakoren batean sartzen diren ikasleei:

– Hil batean hiru aldiz baino gehiagotan, justifikaziorik gabe ikastarora joaten ez direnei.

– Huts egindako eskolak pilatuta, prestakuntza-ekintzaren % 25ean huts egiten dutenei, horren arrazoia edozein izanda ere. Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duen ikaslea hura hasi ondoren sartu bada ikastaroan, ikastaroan sartu zenetik haren amaiera bitarteko orduekiko kalkulatuko dira ikasle horrek huts egindako eskolak.

– Prestakuntza ematen duen zentro edo erakundearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, prestakuntza-ekintza aprobetxatu ez, edo portaera egokirik ez dutenei.

Prozedura hau beteko da ikasle bat baztertzea erabakitzeko:

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo prestakuntza ematen duen erakunde edo zentroak ikusten badute baztertze-arrazoi horietakoren bat egon badagoela, idatziz jakinarazi behar diote egoera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, onetsi dezan. Ondoren, Enplegurako Prestakuntzako zuzendariak ikaslea baztertzeko prozedurari ekiteko erabakia hartuko du, eta horren berri emango zaio kasuan kasuko ikasleari. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da prozedurari ekiteko erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, 15 eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, prestakuntza-ekintzaren jarraipen egokia bermatzeko behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean.

2.– Ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

q) Akordio honetako IV. eranskinean ageri diren kalitate-inkestak egingo dizkiete ikasleei, eta haiek bete ondorengo 7 egun baliodunetan, emaitzak igorri Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei.

r) Lanbideko teknikariek bisitaldiak egitea erabaki dezakete intzidentziak egiaztatu eta konpontzeko, eta zentroek erraztu egin behar dituzte bisitaldi horiek.

s) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako diplomak eman behar dizkiete zentroek prestakuntza-ekintzak probetxuz egin dituzten ikasleei, eta, haiekin batera, eskura ditzaketen profesionaltasun-ziurtagiriak zati metagarrietan edo osorik kreditatzeko eskabideak.

t) Ezarritako moduan eta dokumentazioarekin justifikatu behar dituzte ematen dituzten prestakuntza-ikastaroen gastuak. Ikastaroak amaitu eta hiru hileko epea izango dute, likidazio-eskaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, gastuak behar bezala justifikatzeko jarraibideak eta dokumentazioa zehazteko.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak honako hauek dira:

a) Kudeaketa-gomendioko akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatu behar ditu.

b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritu behar du, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman behar ditu hautagaien zerrenda eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa, eta, halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.

c) Gertatzen diren intzidentziak konpontzen lagundu behar die ikastaroak ematen dituzten zentroei.

d) Ahalik eta lasterren ebatzi behar ditu zentroetako arduradunek ematen dizkioten beka- eta laguntza-eskaeren espedienteak, eta, edonola ere, sei hilabeteko epea izango du horretarako, eskaerak egiten diren egunetik aurrera. Horretaz gain, indarreko arauen arabera dagozkien diru-zenbatekoak ordaindu beharko dizkie prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonei.

e) Finantzatu egin behar ditu, hala egin behar denean, praktikak lantokian egiteko modulua egiten den enpresako tutoreak egindako lanaren kostuak, aintzat hartuta zer arautzen duen indarreko araubideak eta, zehazki, 1575/2010 Errege Dekretuak 34/2008 Errege Dekretuari, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzekoari, eransten dio 5.bis.3 artikuluak.

f) Ikastaroak ematen dituzten zentroetako arduradunek ikastaroen emaitzak jasotzen dituzten aktak helaraziko dizkiote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta beronek gorde egin behar ditu.

g) Probetxuz osatutako prestakuntza-ekintzak egin izana egiaztatzeko diplomak egin behar ditu, bai eta ikastarora joan baina gai izatearen kalifikazioa lortu ez duten ikasleen bertaratze-ziurtagiriak ere.

h) Ikastaroetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak erregistratu behar ditu.

i) Profesionaltasun-ziurtagiriak egin eta entregatu behar ditu.

j) Prestakuntza-ekintzetako diplomen eta haiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagirien erregistroa eguneratu egin behar du.

Bederatzigarrena.– Gomendioaren indarraldia.

Onartutako diru-dotazioaren eta programazioaren arabera beteko da kudeaketa-gomendioa. Nolanahi ere, 2012ko ekitaldian zabaldu egin daitezke bai bata bai bestea, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak uste badu prestakuntza-eskaintza zabalago baten beharra dagoela eta, betiere, horretarako diru-baliabideak eskuratzen baditu.

Hamargarrena.– Kudeaketa-gomendio honek ez dio beste inori lagatzen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenen eta horiek gauzatzeko funtsezko elementuen titulartasuna. Hori horrela, erakunde autonomo horrek eman behar ditu kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzaren euskarri edo sorburu diren egintza eta ebazpen juridikoak.

Bi aldeak ados daude agiri honetan adierazten denarekin, eta horrela jasota gera dadin, kudeaketa-gomendio hau formalizatzeko tresna hau izenpetzen dute biek.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 1a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala