Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2012ko urriaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
4546

EBAZPENA, 2012ko irailaren 10ekoa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, zeinen bidez argitaratzen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen Akordioa, Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legeari buruzkoa.

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusten den erabakia hartu ondoren, eta artikulu horren c) idatzi-zatian ezarritakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen Akordioa, Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legeari buruzkoa. Ebazpen honen eranskinean jaso da, hain zuzen ere, akordioa.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 10a.

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JOSÉ MANUEL SALINERO FEIJOO.

ERANSKINA
ESTATUKO ADMINISTRAZIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEKO ALDEBIKO LANKIDETZA BATZORDEA
AKORDIOA, ESTATUKO ADMINISTRAZIOAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK OSATUTAKO ALDEBIKO LANKIDETZA BATZORDEARENA, LEHIAREN EUSKAL AGINTARITZARI BURUZKO OTSAILAREN 2KO 1/2012 LEGEARI BURUZKOA

Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordeak, 2012ko uztailaren 10ean egindako bilkuran, akordio hau hartu zuen:

1.– Gatazken prebentzio eta konponbiderako eta arauen jarraipenerako Azpibatzordeak (Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordea) 2012ko apirilaren 30ean hartutako akordioa betez osatu zen lan-taldeak negoziazio batzuk egin zituen, Lehiaren Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legeko zenbait xedapenen inguruan sortutako eskumen-desadostasunak aztertu eta konponbideak proposatzeko. Bada, negoziazio horiekin bat etorriz, bi alderdien iritziz, desadostasun horiek konponduta geratu dira, lege horren xedapenen inguruko konpromiso hauek direla-eta:

A) Lehiaren Agintaritzaren eskumenei buruzko 3. artikuluaren 2.d) idatzi-zatiari dagokionez (isunak ordaintzetik salbuestea edo isunen zenbatekoa murriztea), bi alderdiek uste dute funtzio horiek –harik eta lehiaren defentsari buruzko estatuko legeria aldatzen den arte– mugatzen direla isunak ordaintzetik salbuestera eta isunen zenbatekoa murriztera, betiere, Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen 65. eta 66. artikuluei jarraiki.

B) 3. artikuluaren 7. paragrafoari eta 10. artikuluaren u) idatzi-zatiari dagokionez (Lehiaren Agintaritzaren funtzioak), bi alderdiek uste dute funtzio horiek –harik eta lehiaren defentsari buruzko estatuko legeria aldatzen den arte– mugatzen direla Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen 58.1. artikuluan aurreikusitako txostena ematera.

C) 26. artikuluari dagokionez, (Jurisdikzio Organoekiko Lankidetza), «lehia askea egintza desleialen bidez faltsutzea» aipamena ulertu behar da Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 15 bis artikuluaren arabera, eta, horrela, jurisdikzio organoekiko lankidetza mugatuko da lehia murrizten duten jokabideetara; hala nola, kolusiozko jokabideetara eta nagusitasunezko egoeraren abusura.

2.– Lortutako akordioa dela-eta, bi alderdiek uste dute akordio honetan jasotako xedapenei buruzko desadostasunak konpondu direla, eta piztu den eztabaida amaitu dela.

3.– Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Madril, 2012ko uztailaren 10a.

Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroa,

CRISTÓBAL MONTORO ROMERO.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala