Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2012ko ekainaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
2576

95/2012 DEKRETUA, maiatzaren 29koa, Buruntzaldeko Industrialdea, S.A. eta Zarautzko Industrialdea, S.A. sozietate publikoak xurgapen bidez azkentzeko baimena emateko dena.

Zuatzu Parque Empresarial - Zuatzu Enpresa Parkea, S.A., Buruntzaldeko Industrialdea, S.A. eta Zarautzko Industrialdea, S.A. sozietate publikoen administrazio-kontseiluek, 2012ko martxoaren 22an eta 20an egindako batzarretan, bat egiteko prozesua hastea erabaki zuten.

Zuatzu Parque Empresarial - Zuatzu Enpresa Parkea, S.A. sozietateak Buruntzaldeko Industrialdea, S.A. eta Zarautzko Industrialdea, S.A.sozietateak xurgatuz gauzatuko da bat-egite hori.

Xurgapen bidezko bategitea dela-eta, Zuatzu Parque Empresarial - Zuatzu Enpresa Parkea, S.A. sozietateak bere egingo du xurgatutako sozietateen ondarea, aktiboa zein pasiboa.

Xurgapen bidezko bat-egiteak berekin ekarriko du Buruntzaldeko Industrialdea, S.A. eta Zarautzko Industrialdea, S.A. sozietateen desagartzea; hori automatikoki egingo da, eta berehalako azkentzea ekarriko du. Aipatu azkentzearen kausa zuzena eta behinena bat-egitea da.

Sozietate xurgatzailea Beterri Kostako Industrialdea, S.A deituko da aurrerantzean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 20.3 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo bere erakundeetako baltzu publikoak sortu eta desagerrarazteko eta eratutako baltzuetako partaide nagusi bilakatu ahal izateko edo partaide nagusi izateari uzteko, Jaurlaritzaren dekretua beharko da.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko maiatzaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Buruntzaldeko Industrialdea, S.A. eta Zarautzko Industrialdea, S.A. sozietateen azkentzea onartzea; izan ere, bat egiteko eragiketa baten ondorioz, sozietate horiek Zuatzu Parque Empresarial - Zuatzu Enpresa Parkea, S.A. sozietateak xurgatu ditu.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko maiatzaren 29an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala