Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2012ko ekainaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2546

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 29koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, 2012-2013 ikasturtean dei egiten da ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programa laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko. Bertan ere laguntza horiek arautzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak badaki aktiboki parte hartu behar duela zientziaren eta teknologiaren euskal sistemako giza baliabideak indartzen lagunduko duten programen sustapenean kalitatean zein kantitatean. Hori horrela, zenbait jarduera gauzatu ditu azken urteotan, eta horien artean daude ikertzaile doktoreen prestakuntzarako eta hobekuntzarako laguntzak.

Ikertzailearen Europako Kartak (EEE/2005/251/CE) jakintza berriak, ezaguerak, produktuak, prozesuak, metodoak eta tekniken sorkuntzan lan egiten duten profesional taldea bezala sailkatzen ditu ikertzaileak. Definizio honetan barne sartzen dira ikerketan profesionalki parte hartzen duten pertsona guztiak, beren ikasketen maila eta lortutako kalifikazioa kontutan hartu gabe. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren zientzi politikaren bigarren pausua ikertzaile doktoreen prestakuntza eta hobekuntza bultzatzea da, doktoretza ondorengo aldian, aurreneko pausua doktoretzari lotutako gauza izatea eta trebakuntza bultzatzea izanik.

Ikerketako giza baliabideak sustatzeko politikan kokatzen da programa hau, 2011-2014 Unibertsitate Planaren eta 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, eta horren helburua da beren lanbide-jarduera ikerketarantz bideratu nahi duten doktoreen prestakuntza espezifikoa sustatzea. Ekintza hori oso garrantzitsua da, Euskal Autonomia Erkidegoak ahalegin handiak egin behar baititu oraindik Europako beste herrialde batzuetan ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren alorrean dituzten giza baliabideak berdintzeko, bai eta zientziaren eta teknologiaren alorrean belaunaldi berri bat sortzeko ere. Hori guztia, bai eta Prestatzen ari diren Ikertzaileen Estatutuarekin ere (aurrerantzean, EPIF), 63/2006 Errege Dekretuak, urtarrilaren 27koak, onartutakoarekin bat eginik, baita 2011ko ekainaren 1eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako legean onartutakoarekin ere.

Deialdi honek barne hartzen du, era berean, doktoretza-ondoko hobekuntza-programa bat, gehienez ere hiru urtekoa izan daitekeena. Doktoreek lan-kontratu bat izenpetu beharko dute ikerketak egiten dituen euskal erakunde batekin, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) egoitza duen unibertsitate batekin edo Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioarekin (aurrerantzean, Ikerbasque Fundazioa). Lehenengo bi urteetan atzerriko ikerketa-zentro batera desplazatutako ikertzaile izango da.

Programa honekin, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaintzea du helburutzat. Horretarako gaur egungo lan munduarekin egokitasuna bermatzeko, urtero ebaluatzen den lan kontratu bat garatu du Unibertsitatea, Ikerbasque eta Bikaintasuneko Zentroekin.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2011ko ekainaren 2ko Legearen II. tituluak ikerkuntzara zuzendutako giza errekurtsoen egoerak erregulatzen eta argitzen ditu. Bestalde, 20. artikuluan, ikertzaileen lan-kontratu ezberdinak definitzen ditu, baita dagokion araubide juridikoa ere.

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, EAEko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan, eta funtsezko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.

Herri Administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten publizitate, lehia– eta objektibitate-printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari jarraikiz, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, onartutakoari. Erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Horrenbestez, abenduaren 23ko 6/2011 Legea, 2012ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, onetsi denez,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2012-2013 ikasturterako, EAE egoitza duten aplikazio zentroei atxikitako eta atzerrian behin-behineko egonaldia burutzen duten ikertzaile doktoreen hobekuntza-programetarako beka berriak eta berrituak arautzea, eta horietarako dei egitea.

2. artikulua.– Helburua.

Programa honen xedea da ikertzaileen ikerketa-hobekuntza sustatzea. Honakoei zuzenduta dago programa hau: EAEn egoitza duen unibertsitate batekin edo Ikerbasque Fundazioarekin izenpetutako lan-kontratu baten bidez, eta laguntzak irauten duen artean, beren prestakuntzako eta espezializazio zientifikoko eta teknikoko jarduerekin jarraitzeko, aldi baterako atzerrira joaten diren ikertzaileei. Hori guztia agindu honetako xedapenei jarraikiz, EPIFeko seigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, bai eta 2007ko abenduaren 12ko Ebazpenarekin ere, Gizarte Segurantzako Estatuko Idazkaritzarena denarekin, beren jarduera atzerrian gauzatzen duten prestatzen ari diren ikertzaileak eta ikerketari laguntzeko programen onuradun diren doktoreak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzeari buruzkoarekin

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Deitutako programaren guztizko zenbatekoa 2.293.256 eurokoa da, barne harturik 2012ko ekitaldiko aurrekontua (229.325,60 euro) eta 2013ko konpromiso-kreditua (2.063.930,40 euro). Lerro bakoitzari zenbateko hauek dagozkio:

a) Beka berriak: 443.856 euro (ordainketa-kreditua 44.385,60 eurokoa, eta konpromiso-kreditua 399.470,40 eurokoa izanik).

b) Bekak berritzea: 1.849.400 euro (ordainketa-kreditua 184.940 eurokoa, eta konpromiso-kreditua 1.664.460 eurokoa izanik).

2.– Laguntza berriei zuzendutako diru-kopurua handitu ahal izango da, bekak berritu ondoren, agortu gabeko aurrekonturik geratzen bada.

3.– Artikulu honetan jasotako zenbateko osoa handitu ahal izango da, eskatutako beken zenbateko osoa kontuan hartuta, eta horien ebazpenaren aurretik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste beka-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera. Inguruabar hori argitara emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

4.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak deialdiaren zenbateko osoa programa eta arlo bakoitzean modu arrazoituan banatu ahal izango du, agindu honen 12.3 artikuluan deskribatutako kalitate-irizpideak eta aurkeztutako eskaeren kopurua eta aurrekontu-mugak kontuan hartuta. Banaketa hori hautapen batzordeek Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztutako laguntzen esleipen-proposamenaren aktan jasoko da.

4. artikulua.– Onuradunak.

EAEn kokatutako unibertsitate batekin edo Ikerbasquerekin obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna.

5. artikulua.– Ezarpen-zentroak eta atzerriko zentroak.

1.– Ezarpen-zentro izango dira EAEn egoitza duten unibertsitateak edo Ikerbasque Fundazioa; hobekuntza gauzatzen ari diren ikertzaile doktoreak horietara atxikiko dira bekaren aplikazio-aldi osorako.

Ikerbasque Fundazioak hitzarmenak izenpetu beharko ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin. Horiek Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroen (BERC programa) kategorian sartzen dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak 2008ko abenduaren 10ean eman zuen aginduaren arabera arabera. Bestalde, Ikerbasque Fundazioak hitzarmenak izenpetu beharko ditu, baita ere, EAEn egoitza duten unibertsitate publikoekin edo pribatuekin, ikertzaile-doktoreak horietara joan daitezen kontratuko hirugarren urtean.

2.– Atzerriko zentroa: atzerrian kokatutako zentzuak dira. Beren ikerketa-jarduerak gauzatzeko denbora batez atzerrira joan nahi duten ikertzaile doktoreek atzerriko honako zentro hauetara joan ahal izango dute: unibertsitateak, instalazio handiak, irabazi-asmorik gabeko ikerketa-zentro publiko edo pribatuetara, doktoretza-ikasketak horietan gauzatu ez badituzte, eta, eskatzaile atzerritarrei dagokienez, atzerriko zentro hauek ezingo dute bere jatorrizko herrialdean egoitza izan.

6. artikulua.– Laguntzen ezaugarriak.

1.– Honako ezaugarri hauek izango ditu laguntzak:

a) Kontratua.– Laguntzak irauten duen artean, zerbitzuko lan-kontratu baten ezaugarri berak izango ditu horrek. Laguntzaren onuradun den ezarpen-zentroaren eta ikertzaile doktore eskatzailearen artean izenpetu beharko da kontratu hori, EPIFeko seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz.

b) Iraupena.– Urtebeteko iraupena izango du kontratuak, 20. artikuluaren 1. idatzi-zatian ezarritako laguntza hasten den egunetik; urteka luzatu ahal izango da laguntza berritu aurretik, agindu honen 16. artikuluari jarraikiz. Gehienez, 36 hilabeteko laguntza eman ahal izango da.

36 hilabete horiek bi fasetan banatuko dira, baina jarduera ez da etengo. Lehenengo fasea 24 hilabetekoa izango da, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa utzita, ikerketa-proiektu bat gauzatzeko. Bigarren fasea, berriz, 12 hilabetekoa izango da gehienez, eta, fase honetan, ikertzailea EAEko ikerketa-talde batean sartuko da.

c) Laguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

Laguntzaren zenbatekoa.– Ezarpen-zentroak ikertzaileen soldata eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzeko erabiliko du izenpetzen den kontratu bakoitzerako emandako laguntza.

Ikertzaileak 28.000 euro gordin jasoko ditu urtean, hamabi edo hamalau hilekotan banatuta ezarpen-zentroaren araudiaren arabera.

Kontratuaren lehen urtean 35.005,60 euroko diru-laguntza, eta kontratuaren bigarren eta hirugarren urteetan 36.988 euroko diru-laguntza jasoko ditu ezarpen-zentroak ikertzaile bakoitzeko. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez likidatuko da enpresa-kuotarako hasieran emandako kopuruaren eta azkenean ordaintzen denaren arteko aldea, urte bakoitzari dagozkion kotizazio-tasekin bat etorriz, behin laguntzetako bakoitzean egindako gastuak egiaztatu direnean. Gizarte segurantzan enpresak ordaindu beharreko gertagarri arrunten kuotan % 30eko hobaria aplikatuko da lehenengo urtean sorrarazitako kuotetan, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean alta eman den data kontutan hartuz, hurrengo hilabeteko lehengo egunetik kontatuz.

Ordaintzeko modua.– Lau alditan ordainduko zaizkie laguntzak ezarpen-zentroei: % 10 emate-ebazpena eman eta gero; eta, laguntza onartu ondoren, % 30, 2013ko otsailean, beste % 30, 2013ko maiatzean, eta beste % 30a, 2013ko irailean.

Ordainketak egin daitezen, kontratuaren kopia edo kontratu-luzapenaren kopia helarazi beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

Hala ere, ezarpen-zentroek edozein kontratu sinatu edo daudenak luzatu ahal izateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenak ezarritakoari helduko zaio; ebazpen horrek ebatziko du 15. eta 16. artikuluetan ezarritako berritze-prozedura.

Onuradunei aurretik emandako funtsekin finantzatu ahal izango liratekeen finantza-errendimenduek ez dute emandako laguntzaren zenbatekoa handiagotuko.

Ezarpen-zentroek, dagokionean, kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak gauzatuko dituzte prestatzen ari diren ikertzaile doktoreek egindako ordainketengatik.

Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa- eta langile-kuotak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira urte bakoitzari dagozkion kotizazio-tasak eta hobariak, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango ditu, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean programa honetarako erabilgarri dagoen aurrekontuaren kontura.

Laguntza hasten den datatik aurrera onartuko da Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzea eta, ondorioz, kidetzea eta/edo alta ematea; jarduera amaitzen denean baja emango da.

d) Bidaia-gastuak.

Bekaren lehenengo bi urteetarako zenbateko jakin bat ezarriko da bidai laguntza bezala, ezarpen zentroaren eta atzerriko zentroaren arteko joan-etorriko bidaia bat ordaintzeko. Dagokion Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen emate-ebazpenean zehaztuko dira bidaia-gastuetarako esleitutako zenbatekoak. Honako taula hau hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko:

(Ikus .PDF)

Agindu honen ondorioetarako, abiapuntuko hiri bezala, laguntza eskatzen duen pertsona EAEn non erroldatuta dagoen, probintzia hartako hiriburua hartuko da kontutan.

Diru-laguntza ezarpen-zentroari ordainduko zaio lehen ordainketarekin batera, eta hau onuradunari ordaindu beharko zaio ordainketa bakarrean bigarren hilabetean.

e) Asegurua.

Onuradunei dagokien Gizarte Segurantzako estalduraren kaltetan izan gabe, erantzukizun zibileko, istripuen eta bidaia-laguntzako aseguru bat barne hartuko dute diru-laguntzek. Azken hori, interesdunarekin batera atzerrira joango diren ezkontideari eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabei ere luza dakieke, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori izatezko loturentzat ere baliagarri izan daiteke, ordenamendu juridikoan onartutako proben bidez frogatuz gero.

7. artikulua.– Arloak.

1.– Honako hauek izango dira aukerako arloak programa eta modalitate guztietarako:

Oinarrizko Zientziak

1. arloa.– Lurraren zientziak.

2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak.

3. arloa.– Matematikak.

4. arloa.– Kimika.

Bizitza– eta osasun-zientziak

5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena.

6. arloa.– Biomedikuntza.

7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia.

8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena.

9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza.

Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura

10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza.

Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak

13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia.

14. arloa.– Gizarte Zientziak.

15. arloa.– Zuzenbidea.

16. arloa.– Ekonomia.

17. arloa.– Filologia eta Filosofia.

18. arloa.– Historia eta Artea.

Arlo bakoitzean barne hartutako ikerketak eta ikerketa-eremuekin dituzten loturak agindu honen I. eranskinean definituak daude.

2.– Eskatzaile bakoitzak arlo bakarra aukeratuko du, eta horren arabera ebaluatuko da.

3.– Edonola ere, ZPZk, interesdunari hala jakinarazi ondoren, eskaeren modalitatea aldatu ahal izango du, horiek ez badira egokitzen eskatzailearen ikasketa-eta ikerketa-profilera, bai eta aukeratutako arloa ere, betiere, hala komeni bada eskaeraren ezaugarriak direla eta, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak hala gomendatzen badu.

8. artikulua.– Proiektuak.

1.– agindu honetan xedatutako laguntzagai diren ikerketa-proiektuek honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpenean (Munduko Medikuntza Elkartea), giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean, giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsalean eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruzko Espainiako legedian.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea eragiten duten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan, araututakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira giza enbrioia jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den legezko araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan, ezarritakoa.

e) Bestalde, genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: apirilaren 25eko 9/2003 Legea, genetikoki eraldatutako organismoak modu itxian erabiltzeari, nahita askatzeari eta komertzializatzeari buruzkoa, eta urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretua, hori garatzen duen erregelamendu orokorra onartzen duena.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan, eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoak edukitzeari dagokionez izan daitezkeen arriskuak direla-eta.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Landaretegiko Haziei eta Landareei nahiz Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

9. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Lehiaketa bidez emango dira beka berriak

Horretarako, aurkeztutako eskaerak alderatuz emango dira laguntzak, laguntzen arteko hurrenkera bat ezartzeko, hautaketa-irizpideei jarraituz. 65 puntu lortzen dutenei soilik emango zaie laguntza, hurrengo kapituluetan jasotzen diren baldintzetan ezarritako zenbatekoa agortu arte, hori dena 3. artikuluaren 2 eta 3 atalen kaltetan izan gabe.

2.– Bekak berritzeko, ez da lehiaketa-prozedura erabiliko; aitzitik, aurrekontua badago, eta berritze-eskabidea garaiz eta behar bezala eginez gero eta 16. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen direla agirien bidez egiaztatuz gero, berritu egingo da.

3.b) artikuluan aurreikusitako kopurua, programa honetako legez gaitutako bekadun guztien berritze-eskabideen aurreikuspenean oinarrituz kalkulatu da.

Beketarako gordetako kreditua agortzen bada, egoera horren berri emateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen administrazio-ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA), eta bertan jasoko da zein egunetan agortu den kreditua. Ez da onartuko egun horretatik aurrera jasotako eskabiderik.

Aurrekontua agortu delako aztertu ez diren eta izapideetan dauden eskaerak ukatu egingo dira, arrazoi bera dela-eta, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.

10. artikulua.– Beka berrien eskatzaileak: eskakizunak.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko, laguntza berriak eskatzen dituen pertsonak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea eskaera egiteko unean, eta eskaera aurkezteko epea amaitzen den data baino gutxienez bost urte lehenagotik.

EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea eskaera aurkezteko unean eta eskaera aurkezteko epea amaitzen den data baino 5 urte lehenagotik gutxienez. Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egon izanda, doktoretza-tesia doktoretza-programa batean egiteagatik antzinatasun-baldintza hori betetzen ez duten eskatzaileak, bai eta, egoera horretan egonda, doktoretza-titulua eskuratu ostean beren ikerketa eten ez dutenak ere.

2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, dagokien egoitza-baimena eduki behar dute.

3.– Doktoretza-titulua edukitzea, 2009ko urtarrilaren 1ean edo beranduago lortutakoa.

Salbuespen gisa, eskatzaileak titulu hori ez badauka, baina 2012ko irailerako edukitzea espero badu, salbuespen gisa, horren eskaera onartu ahal izango da, eta horren behin-behineko ebaluazioa egin ahal izango da. Horretarako, eskaerako gainerako agiriekin batera aurkeztu beharko du bere tesia gordailuan erregistratua izan dela egiaztatzen duen ziurtagiria, edo proiektuaren zuzendariaren gutuna, eskatzailea 2012ko irailaren 30erako doktoretza-titulua eskuratzeko gai dela ziurtatuko duena. Laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du titulu hori lortu duela; horretarako, doktoretza-tituluaren eskubideak ordaindu izanaren jatorrizko egiaztagiria edo horren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko du.

Doktoretza eskuratu zeneko data 2008ko urtarrilaren 1a ere izan daiteke, betiere, egiaztatzen bada honako arrazoi hautako baten ondorioz etenaldi bat egon zela:

a) Amatasun edo aitatasun-atsedenaldiagatik; Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera.

b) Gaixo egon edota istripu larria izanagatik. Kasu horretan, hiru hilabeteko edo hortik gorako gaixo-agiria izan behar du ikasleak.

c) Mendeko pertsonak zaindu izanagatik, betiere, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoaren arabera.

Betiere, 2008ko urtarrilaren 1aren eta eskabideak aurkezteko mugaegunaren artean gertatu badira ete naldi horiek. Era horretako etenaldirik gertatu bada, eskabidea aurkezteko unean hura jakinarazi eta egiaztatu beharra dago. Eskatzaileak doktoretza eskuratu zuenetik igarotako epearen zenbaketa soilik behin eta urtebetez atzera daiteke hizpide dugun etenaldiagatik.

4.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako gaitasuna kentzen dion debeku legalaren pean erori ez izana, sexu-bereizkeriagatikoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea deneko azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraikiz.

5.– Doktoreen hobekuntzarako programetako laguntzarik jasotzen ez egotea edo ez jaso izatea 2012ko ekainaren 1a baino lehenago, atzerriko ezarpen-zentroetan bi urteko edo denbora gehiagoko egonaldirik barne hartzen duenik.

11. artikulua.– Laguntza berriak eskatzea: derrigorrezko dokumentazioa.

Honako dokumentu hauek igorri beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzara agindu honetan araututako programan aurreikusitako laguntza lehen aldiz eskatzen duten pertsona ikertzaileek:

1.– Telematikoki sortutako eskabidea, jatorrizko sinadurarekin.

2.– Eskatzailea EAEko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, gaur egun, eta, gutxienez, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino bost urte lehenagotik.

Doktoretza edo doktoretza-ondoko ikerketa bat dela eta, egun EAE ez den beste toki batean erroldatuta dauden eskatzaileek doktoretzako edo doktoretza-ondoko jardueraren arduradun den ikertzaileak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, bai eta lehen EAEn erroldatuta egon direla eta orain beste erkidego batean erroldatuta edo enbaxadan erregistratuta, atzerrian bizi badira, daudela egiaztatzeko agiri bana ere justifikatu behar den epe guztirako.

3.– Europar Batasunekoak ez diren pertsonek, gainera, egoitza-baimenaren fotokopia konpultsatu bat aurkeztu beharko dute.

4.– Eskatzailearen lan-bizitzaren agiri eguneratua.

5.– NANaren edo, atzerrikoak izanez gero, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

6.– Doktoretza-tituluaren kopia konpultsatua edo horren eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zeneko datarekin batera.

7.– Doktoretza eskuratzeko epea 2008ko urtarrilen 1era luzatu izanaren egiaztagiria (Gizarte Segurantzako ziurtagiria), hala badagokio.

8.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, legezko ordezkariak sinatuta (ikerketako errektoreordearena unibertsitateen kasuan), laguntza eskuratuz gero ikertzaile doktorearekin lan-kontratua izenpetuko duela adieraziko duena, martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu legegilearen bitartez onartutako Langileen Estatutuko Testu Bateginaren 15.1.a) artikuluari jarraikiz. Agiri horrek barne hartuko du zinpeko aitorpena, 21.3 artikuluan adierazitako debekurik ez duela egiaztatzen duena.

Konpromiso hori emateko, ezarpen zentroak eskaera aurkeztu duen pertsonari 2015 osorako sail edo ikertzaile talde batetan onartuta dagoela ziurtatzea eskatu dezake.

9.– Atzerriko proiektua zuzenduko duen pertsonak izenpetutako ziurtagiria, bertan azalduz a) eskatzaileak laguntza eskuratzen badu, 2013-2014 urteetarako ezarpen-zentroan onartua izango dela adieraziko duena, eta eskatzaileak aurkeztutako ikerketa-proiektua baliozkotuko duena eta b) laguntza eskatzen duen ikertzailearen proiektua balidatzen duela aipatutako denboraldian.

10.– Atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitaea.

11.– Ikerketako hobekuntzako programaren memoria (hiru orrialde gehienez), laguntza jasotzen ari den 36 hilabeteetan eskatzaileak egingo dituen jarduera guztiei buruzkoa. Honakoak jasoko ditu memoria horrek: titulua eta proiektuaren deskribapena, bertan azaltzen direlarik bai helburuak, interes zientifikoa edo soziala eta aurreikusitako jardueren denbora-plangintza, bai eta ezarpen-zentroko ikertzaileekin eta, hala dagokionean, EAEko beste ikerketa-zentro batzuetakoekin eta atzerriko ikerketa-zentrokoekin lankidetzan jarduteko modua ere.

12.– Atzerrian egingo duen ikerketa-proiektuari buruzko memoria (hiru orrialde gehienez).

Normalizatu gabeko formatuetan aurkezten badira memoriak, edo hiru orrialde baino gehiago badituzte, bete beharreko eskabidearen hutsunetzat joko dira, eta zuzendu egin beharko dira.

13.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua.

14.– Erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen 50.6 artikulua betetzen dela egiaztatuko duena, inprimaki normalizatuan.

15.– Bi erreferentzia-edo aipamen-gutun, gutun-azal itxi baten barruan, EAEn egoitza duten unibertsitateetan edo EAEko ikerketa-erakunde publikoetan edo pribatuetan lan egiten duten ikertzaileenak, eskatzailearen ibilbide zientifikoa bermatuko dutenak.

12. artikulua.– Berariazko aholku-batzordeak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

1.– 7. artikuluan adierazitako arlo bakoitzari dagokion berariazko aholku-batzordeak balioetsiko ditu kapitulu honetan arautzen diren laguntza berriak eskatzen dituzten pertsonak, horiek 10. artikuluko eskakizunak betetzen badituzte, beren eskaera garaiz eta forma egokian aurkeztu badute, eta 26. artikuluko 3. atalean aurreikusitako behin betiko ebazpenean onartuak badira.

2.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak izendatuko ditu berariazko aholku-batzordeetako kideak; ikasketa-eta ikerketa-eremuan entzute handiko pertsonak izango dira horiek.

3.– Berariazko aholku-batzordeek irizpide zientifiko-tekniko hauen arabera ebaluatuko dituzte onartutako eskaerak:

– Eskatzailearen curriculum vitaea: 20 puntu gehienez.

– Hobekuntza programa: 36 hilabeterako aukeratutako hobekuntza programako ikertzaileen prestakuntzarako duen kalitatea, interesa eta egokitasuna baita ere EAEko ikertzaile talde edo/eta ezarpen zentroaren nazioartekotzerako duen garrantzia (20 puntu gehienez).

– Ikerketa-proiektua.– Eskatzaileak atzerrian egin beharreko ikerketa-proiektu edo –planaren kalitatea, interesa eta bideragarritasuna; bai eta eskatzaileak aurreikusten duen ekarpen zientifiko-teknikoa. 20 puntu gehienez.

– Atzerriko ezarpen-zentroa eta proiektuaren zuzendaria.– Ezarpen-zentroak daukan izen on edo prestigioa proiektuaren alorrean eta proiektuaren zuzendariaren historial zientifikoa. 20 puntu gehienez.

– Eskatzailearekin egindako elkarrizketa: aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da bertan (gehienez, 20 puntu).

4.– Honako egoera hauek gertatuz gero, esleipen-prozesutik kanpo geldituko da eskatzailea: eskatzailea ez bada elkarrizketara bertaratzen edo 65 puntu baino gutxiago lortzen baditu edo emaitza negatiboa badauka, aktan behar bezala arrazoituta, batez ere berariazko aholku-batzordeek ebaluatu beharreko alderdi guztiei edo batzuei dagokienez.

13. artikulua.– Elkarrizketa-jarduera.

1.– Berariazko aholkularitza-batzordeetako kideak ikasketa-eta ikerketa-eremuan entzute handiko pertsonak izango dira, EAEko zientzia-sistematik kanpora jarduten dutenak. Beraz, batzorde horietako kideek ongi ez badakite eskatzaileak ebaluaziorako aukeratutako EAEko hizkuntza ofiziala, ZPZk bermatuko du itzulpen-zerbitzua egongo dela elkarrizketarako eta interesgarri izan daitekeen dokumentaziorako.

2.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bermatuko du urritasuna duten pertsonek giza baliabide eta baliabide material osagarriak izatea, egingo dituzten elkarrizketetan aukera-berdintasuna izan dezaten.

14. artikulua.– Beka berriak esleitzeko prozedura.

1.– Lehia bidez emango dira kapitulu honetan araututako beka berriak.

Horretarako, 12. artikuluan aipatutako hautapen-irizpideei jarraikiz, arlo bakoitzeko aholkularitza-batzorde espezifikoek hautagaien proposamen bat aurkeztuko diote hautapen-batzordeari. Esleipenaren xede izan ahal izateko, 65 puntu edo gehiago izan beharko dituzte hautagaiek, eta balioespen positiboa eduki aktetan.

2.– Zientzia Politikarako zuzendariak, Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute ebaluazio-batzordea. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak izendatuko du azken hori, eta batzordeko idazkari izango da.

3.– Hautapen-batzordeak, behin aholku-batzorde espezifikoen proposamena aztertutakoan, dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari. Pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua jasoko ditu proposamenak, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte. Era berean, ordezkoen zerrenda bat ere jasoko du, arlokako lehentasunak adierazita, 65 puntu edo gehiago eta aholkularitza-batzorde espezifikoen balioespen positiboa jaso badute ere, erabilgarri dagoen aurrekontua dela eta beka-proposamenean sartu ez diren eskabideen artean. Jaso behar ditu, baita ere, ukatutako eskabideen zerrenda bat, ukatzeko arrazoiarekin batera, eta baztertutako eskabideen zerrenda bat, baztertzeko arrazoiarekin batera.

15. artikulua.– Beka berrien ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren berariazko ebazpen bakarraren bidez emango edo ukatuko dira kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak, hautapen-batzordearen ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Ebazpen hori arrazoitua izango da, eta pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua jasoko ditu. Era berean, ordezkoen zerrenda bat ere jasoko du, 65 puntu edo gehiago jaso badute ere, erabilgarri dagoen aurrekontua dela eta beka-proposamenean sartu ez diren eskabideena. Jaso behar ditu, baita ere, ukatutako eskabideen zerrenda bat, ukatzeko arrazoiarekin batera, eta baztertutako eskabideen zerrenda bat, baztertzeko arrazoiarekin batera.

3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da gehienez ere, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epean ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Jakinarazpena egiteko, ebazpena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian ezarriko da, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa).

Horrela jakinarazteaz gain, www.euskadi.net orrialdearen iragarki-oholean ediktu bat argitaratuko da, eta, epeak zenbatzeko, Sailaren web-orriaren bidez egindako jakinarazpena hartuko da kontuan.

5.– Aurreko 4. paragrafoan ezarritakoaren aurka jo gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak SMS mezuen bidez edo posta elektronikoz egindako argitalpenen abisuak bidali diezazkiekete interesdunei. Abisu hauek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen izaerarik.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.– Gerora, bekak erabilgarri badaude, eskatutako dokumentazio akademikoa aurkeztu ez delako eskabideak aurkezteko epea atzeratu den egoeretan, 27. artikuluan aurreikusten den eran, edo 2012ko abenduaren 15a bitarte, egun hori barne, eskatzaile batzuek uko egin dutelako, ordezkoei eman ahal izango zaizkie Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez. Ordezko horiek, ordezko-zerrendan, emandako azkeneko laguntzaren hurrengo tokietan sailkatuta egon behar dute, ahal dela, hutsunea geratu den arlo berean. Halere, beste arlo batzuetako eskatzaileei ere eman ahal izango zaizkie, EAErako interes zientifikoko arrazoiak badaude, eta eskaeraren kalitatea bereziki altua bada dagokion arloan. Ondorio horietarako, bekak emango dituen organoak jakinaraziko die pertsona interesdunei bekak emateko proposamena, 7 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, beka emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

8.– Denek jakin dezaten, emate-ebazpenak EHAAn argitaratuko dira ematea administrazio-bidean irmo egin eta hurrengo hilabetean.

16. artikulua.– 2011-2012 ikasturteko laguntzak berritzea.

1.– 2011-2012 ikasturtean emandako laguntza berritzea eska dezakete agindu hau indarrean sartzen den unean laguntzaren lehenengo berritzearen edo lehenengo hamabi hilabeteetan dauden DKR modalitateko onuradunek.

2.– Laguntza 12 hilabetez luzatuko da.

3.– Agindu honen 6. artikuluan zehaztu dira berritutako beken ezaugarriak.

4.– Honako dokumentazio hau igorri beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara berritzea eskatzeko:

a) Telematikoki sortutako eskabidea jatorrizko sinadurarekin.

b) Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren memoria (hiru orrialde gehienez). Ingelesez idatzitako memoriak onartuko dira.

c) Isilpeko txostena, gutun-azal itxi baten barruan, berritzea eskatu duenaren ikerketa-jarduerei, errendimenduari eta hurrengo ikasturterako aukerei buruzkoa, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetuta.

d) Ezarpen-zentroaren konpromisoa, legezko ordezkariak sinatuta (ikerketa saileko errektoreordea unibertsitateen kasuan) laguntza eskuratuz gero ikertzaile doktorearekin lan-kontratua luzatuko duela adieraziko duena, Langileen Estatutuko Testu Bateginaren, martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu legegilearen bitartez onartu zenaren, 15.1.a) artikuluari jarraikiz. Agiri honek barne hartuko du zinpeko aitorpena, 20.4 artikuluan adierazitako debekurik ez duela ziurtatzen duena.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.6 artikulua betez.

f) Bigarren berritzea eskatzen bada,

– Ikerkuntzaren alorreko hobekuntza-programa eguneratzeko memoria bat (orrialde bat gehienez) ere aurkeztu beharko da. Pertsona eskatzaileak 2013an zehar gauzatuko dituen jarduerak jasoko ditu. Ezarpen-zentroko ikertzaileekin eta, hala dagokionean, EAEko beste ikerketa-zentro batzuetakoekin eta atzerriko ikerketa-zentrokoekin lankidetzan jarduteko modua ere jasoko du.

– Ezarpen-zentroak obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratua luzatze-konpromisoa emateko, eskatzaileak 2013an sail edo ikerketa-taldeak onartzen duela egiaztatu beharko du.

5.– Eskaera-orria eta beste derrigorrezko dokumentazioa agindu honen 26. artikuluaren arabera igorriko da.

6.– Artikulu honen laugarren atala betetzen ez duen eskaera-orria edo dokumentazioa jasoz gero, agindu honen 25. artikuluak esaten duenarekin jarraituko da.

7.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez berrituko dira 2011-2012 deialdian emandako bekak, agindu honen 14. artikuluko bigarren puntuan zehaztutako hautapen-batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta. Ebazpenak emango dio amaiera prozedurari eta zehaztuko ditu emandako, ukatutako eta baztertutako eskabideak. Agindu honen 15. artikuluaren 1., 5. eta 8. ataletan ezartzen den eran emango, jakinaraziko eta argitaratuko da ebazpena. Artikulu horren 5. atalean azaltzen den moduan errekurritu ahal izango da.

8.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da beranduenez, deialdi-agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak baiezkotzat jo direla ulertuko da, epe horretan jakinarazpenik egiten ez bada Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

17. artikulua.– Diru-laguntza onartzea.

1.– Kapitulu honetan araututako prestakuntzarako diru-laguntzen onuradun diren ikertzaileek, horri espresuki eta idatziz uko egiteko, 10 egun naturaleko epea izango dute, ebazpena, azaroan zehar, aldi berean hiru lurralde-ordezkaritzetako web-orrietan argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ez badute uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Ikertzaileek diru-laguntza onartzen badute, 19. eta 20. artikuluetan, hurrenez hurren, jasotako eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak beteko dituztela ulertuko da.

18. artikulua.– Uko-egiteak.

1.– Uko-egiteen berri eman beharko zaio Zientzia Politikarako zuzendariari, prestatzen ari den ikertzaileak, ezarpen-zentroko legezko ordezkariak eta proiektuaren zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak, eta zein izango den horren eraginetarako data. Uko-egitearen eraginetarako data hasi baino 10 egun natural lehenago egingo da jakinarazpen hori beranduenik ere. Horren berri eman beharko da, baita ere, huisiesp@ej-gv.es helbidera igorritako posta elektroniko baten bidez, uko-egitea indarrean sartzen den eguna baino lehenago.

2.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez balioetsiko eta, hala badagokio, onartuko dira uko-egiteak.

3.– Laguntza berri baten edo berritze baten onuradun den ikertzaile doktoreak uko egiten badu, kontratua finantzatzeko erabili ez diren zenbatekoak itzuli beharko ditu ezarpen-zentroak. Uko-egite horren eragin ekonomikoak aurreko atalean aipatutako eragin-datarekin hasiko dira, nahiz eta itzulketak egin beharko diren, bidegabeko ordainketak egon badira.

19. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen onuradun den ikertzaileak eskubide hauek izango ditu:

a) Lankidetza eta beharrezko laguntza jasotzea ezarpen-zentroarengandik, horrek, ahal duen neurrian, bere hobekuntza-programa gauzatu ahal izateko.

b) Sailetan eta erakundeetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak onartzen duen neurrian.

c) Bere ezarpen-zentroko estatutuak ematen dizkion opor-erregimena, lizentziak eta baimenak.

d) Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.

e) Jarduera zientifikoa burutzerakoan, zerbitzuak zein erakunderi ematen zaizkion, haien izena erabiltzea.

f) Bere ikerketako prestakuntza-jardueratik, bere ekarpenarekin bat etorriz, eratorritako jabetza intelektualaren eskubideez baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bateginak, apirilaren 12ko 1/1996 Errege Dekretu Legegileak onartutakoak, ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute menpekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta osagarri eta metagarri izango dira horiekin. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, prestatzen ari den ikertzailea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotua dagoenean.

g) Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, dagokion deialdiak xedatutakoa hartuko da kontuan, patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan, eta, hala dagokionean, 55/2002 Errege Dekretuaren, urtarrilaren 18koaren, ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoaren esparruan. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.

h) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Legearen 14. artikuluan aipatzen dituenak.

i) Beren ezarpen-zentroak onartzen dizkien eskubide guztiak, betiere, bateragarriak badira deialdi honetako xedapenekin.

20. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen onuradun den ikertzaileak betebehar hauek izango ditu:

a) Jarraian adierazten diren egunetan sartzea ezarpen-zentroan:

– Laguntzaren lehenengo 12 hilabeteak hasteko badaude, 2013ko urtarrilean hasiko dira ezarpen-zentroan, Aginduan zehaztutako baldintzak beteko dituen lan-kontratu baten bidez. Hasiera data urtarrilaren 1a edo 15a izan daiteke. Ikertzailea 2013ko otsailaren 1a baino beranduago hasten bada, kendu egingo zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emandako laguntza, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beranduago hasteko baimena eskatu, eta horrek eman ez badio.

– Beka berritzea lortu dutenek beraien prestakuntza etenik gabe jarraitu behar dute, beraien ezarpen zentroaren eta atzerriko zentroaren lan-egutegia jarraituz, lehen edo bigarren berriztapenaren arabera.

b) Jarraian azaltzen diren datetan sartu beharko du atzerriko zentroan:

– Ikertzailea, laguntzako lehenengo 12 hilabeteetan badago, atzerriko ezarpen-zentroan hasiko da 2013ko urtarrileko lehen edo bigarrengo hamabostaldian. Ikertzailea 2013ko otsailaren 1a baino beranduago hasten bada, kendu egingo zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emandako laguntza, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beranduago hasteko baimena eskatu, eta horrek eman ez badio.

Proiektuko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez egiaztatu beharko da ikertzaileak hasi direla, eta hasiera-eguna zehaztuko da idazkian. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara igorriko da 2013ko otsailaren 1a baino lehen.

– Prestatzen ari diren ikertzaileek, laguntza berritzea lortzen badute, egiaztatu egin beharko dute atzerriko ezarpen-zentroan jarraitzen dutela proiektuko zuzendariaren idazki baten bidez. Idazki hori ZPZra igorriko da, berritzea hasi eta 10 eguneko epean.

c) Ezarpen-zentro bera mantentzea laguntzak irauten duen artean, eta bertan egotea hala dagokionean. Ez da ezarpen zentroaren aldaketarik onartuko.

d) Atzerriko ezarpen-zentro bera mantentzea, eta bertan egotea dagozkion denbora-aldi guztietan, aldatzeko berariazko baimenik ematen ez badu behintzat

Aldatu nahi bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskatu beharko zaio baimena arrazoitutako idazki baten bidez. Proiektua zuzentzeari utziko dion pertsonak eta eskatzaileak izenpetu beharko dute. Gainera, eskatzailea sartu nahi duen atzerriko ezarpen-zentroan onartua izango dela adierazten duen onarpen-ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, bai eta proiektu berria ere, kargua hartzera doan zuzendariaren sinadurarekin eta curriculum vitaearekin batera.

e) Laguntzak dirauen artean, atzerriko proiektuaren zuzendaria berbera izango da, aldatzeko berariazko baimenik ematen ez badu behintzat.

ZPZri eskatuko zaio proiektuaren zuzendaria aldatzeko baimena idazki arrazoitu baten bidez; postua utziko duen zuzendariak eta eskatzaileak izenpetuko dute idazki hori. Idazki horrekin batera bidaliko dira sartzera doan zuzendariaren onarpen-idazkia eta horren curriculum vitaea.

Edonola ere, baimendutako aldaketek ez dute desorekarik eragingo laguntza ematea eragin zuten baldintzetan, eta, bereziki, ebaluazio-irizpide bakoitzean emandako kalifikazioetan.

f) Ikerketa jardueran arduraldi osoz lan egingo du.

g) Aprobetxamenduz gauzatzea bere hobekuntza-programan aurreikusitako jarduerak, bere lana gizartearentzat nabarmena izan dadila ahaleginduz.

Ezarpen aldian mintegi bat antolatu beharko du sartu behar den atzerriko sailean bere ikerketa jarduera azaltzeko, bere proiektuaren arduraduna bertan egon behar delarik, ahal bada.

h) Esperientzia trukaketa eta ikerketa esparruan prestakuntza bultzatzeko ZPZ antolatutako aktibitateetan parte hartzea.

i) Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko komunikazio-politikaren esparruan.

j) Ikerketa jarduera egiten ari diren erakundeen izena erabiltzea, erakunde honen barne-araudia, sinatutako hitzarmen eta akordioak betez.

k) Laguntzak irauten duen artean, egindako argitalpen guztietan Eusko Jaurlaritzaren HUIS Doktoretza-ondoko Hobekuntza Programen barneko ikertzaile izana aipatzea.

l) Bere diziplinako oinarri eta arau etikoak onartzea, ezagutzea eta betetzea, baita ezarpen-zentroko funtzionamenduko, segurtasuneko eta lan-osasuneko arauak onartzea, ezagutzea eta betetzea ere.

m) Ikertzaileek, laguntza-aldia amaitu eta hurrengo hilabetean, amaierako txosten bat aurkeztuko dute, 10 orrialdekoa gehienez, berriztatzea lortu bada salbu; bertan, egindako jarduera akademiko eta lan guztiak adieraziko dira, bai eta horien emaitzak ere, eta ezarpen-zentroko ikerketa-alorreko legezko ordezkariak ontzat emanda egon behar du.

n) Laguntzari uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskaera zuzendu beharko dio, 18. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.

ñ) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Legearen 15. artikuluan aipatzen dituenak.

2.– Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, ikertzaileek eta ezarpen-zentroak beren betebeharrak bete beharko dituzte derrigorrez. Betebehar horiek ez badira betetzen, laguntza ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, bai eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.

21. artikulua.– Ezarpen-zentroaren betebeharrak.

1.– Hobetzen ari den ikertzailearen ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:

a) Programa honen onuradun berriak eta berriztatzaileak diren ikertzaileen izenpetutako kontratuen edo luzapen-kontratuen kopia igorri behar da ZPZra, izenpetzea egin denetik 21 egun naturaleko epean gehienez.

b) Laguntza-emakidaren hasierako egoerari uko egiten badiote, edo hori eten edo aldatu egiten bada, ZPZri jakinaraztea, eta hobekuntza-aldian dauden ikertzaileentzako laguntzaren xedea modu arruntean betetzea eragoz dezaketen gainerako gorabeheren berri ematea, gertatzen diren egunean hasi eta, gehienez, 21 egun naturaleko epean.

c) Prestatzen ari den ikertzaileari behar duen laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitarteko, tresna edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.

d) Ikertzailearen prestakuntza-programa behar bezala gauzatzen dela zainduko du; ikertzaileari ezingo zaio eskatu bere ikerketarekin edo horretarako behar duen prestakuntza espezifikoarekin zerikusirik ez duen bestelako jarduerarik egin dezan.

e) Prestatzen ari den ikertzaileari aukera ematea hori ikertzen ari den sailetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.

2.– Ezarpen-zentroak lan-kontratua egin beharko die indarreko lan-legeriari jarraikiz, eta 15. eta 16. artikuluetan ezarritako berritze-prozedurari amaiera ematen dion Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenean adierazitako iraupena duena, ordainsariekin eta gainerako betekizunekin bat etorriz.

Programa honen barneko ezarpen-zentroaren eta ikertzaileen arteko kontratuetan, adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Doktoretza-ondoko Hobekuntza Programaren finantza-laguntza jaso dela.

3.– Ezarpen-zentroak derrigorrez bete beharko du EAEko Ogasun Orokorreko Antolarauen Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan xedatutakoa, EAEko herri-administrazioen laguntzen eta diru-laguntzen araubideari buruzkoa.

4.– Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, ikertzaileek eta ezarpen-zentroak beren betebeharrak bete beharko dituzte derrigorrez. Betebehar horiek ez badira betetzen, laguntza ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, bai eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.

22. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Programa honetako beka jasoz gero, oro har, ezingo da inolako dirulaguntza publiko edo pribaturik jaso, ez da ere soldata izaera duten zenbatekorik, artikulu honetako 3. atalean aurreikusitako salbuespenekin.

2.– Aurreko atalean ezarritakoaren kaltetan izan gabe, Programa honetako laguntza jasoz gero, ezingo da doktoreen hobekuntzarako programetako laguntzarik jaso edo jasota egon 2012ko ekainaren 1a baino lehenago, atzerriko ikerketa-zentroetan bi urteko edo denbora gehiagoko egonaldiak aurreikusten dituenik.

3.– Salbuespen gisa, eta laguntzako 12 hilabeteko hirugarren aldian soilik, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango die laguntzaren onuradunei lanaldi mugatuko denbora baterako kontratu bat sina dezaten, gehienez ere 60 ordukoa. Horretarako, ezarpen-zentroak behar bezala arrazoitu beharko du hori, eta dagokion unibertsitateko ikerketa-errektoreordetzaren onarpena izan behar du. Kontratua hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago eskatu beharko da baimena gutxienez, eta ikerketako errektoreordearen onarpena izateaz gainera, atxikipen-saileko zuzendariak eta ikertzaileak sinatu beharko dute eskaera.

4.– Bateraezintasunik suertatzen bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote hobekuntza gauzatzen ari diren ikertzaileen ezarpen-zentroek.

23. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Eskaeren aurkezpena, edozein motatako kontsulta eta jakinarazteak Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio.

24. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea.

1.– Eskabidea bide telematikoz bete behar da, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (Unibertsitateak eta Ikerketa) helbidean dagoen aplikazioa erabiliz. Horretarako eskatzaileak erabiltzaile gisa alta eman beharko du eta aipatu aplikazioan agindutako jarraibideak burutu behar ditu.

Behin eskabidea modu egokian bete ondoren eta datu guztiak emanda, inprimatu eta eskabide-orria sinatu behar da, eskabide-orria aginduzko dokumentazio guztiarekin batera aurkeztu behar da, artikulu honen 2. eta 3. ataletan adierazten den leku eta epean.

Eskabideak zinpeko aitorpena eduki behar du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50 artikuluaren 6. atalean, onartzen duenari dagokiona, hain zuzen ere.

2.– Eskabide-orria sinatua eta gainontzeko aginduzko dokumentazioa, agindu honen 9 artikuluan (beka berrietarako) eta 12. artikuluan (bekak berritzeko) agertutakoa, honako helbidera igorri behar da:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: «Doktoretza-ordeko programa»

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Halaber, «Zuzenean» Herritarrentzako Arreta bulegoetan eskabidea aurkeztu zein informazioa eskatu daiteke; Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Gasteiz). Telefono-arreta, 012 zenbakien bidez eska daiteke Euskaditik bertatik deituz gero, 945 01 80 00 Estatuko gainontzeko lekuetatik, eta 0034 945 01 80 00 atzerritik deituz gero.

Ezarpen-zentroa Euskal Herriko Unibertsitatea bada, eskabidea ondorengo Erregistro-bulegoetan aurkeztu daiteke, Erregistro bulegoa 01 Araba (Arabako Campuseko Errektoreordetza), Izardui Komandantea 2, 01005 Gasteiz, Erregistro bulegoa 02 Gipuzkoa (Ignacio M.ª Barriola ikastegia, Elhuyar Plaza 1, 20018 Donostia), Erregistro bulegoa 03 Bizkaia (Errektoretza, Sarriena z/g, 48940 Leioa) eta Erregistro bulegoa 84 Bizkaia (Larrako Etxea, Agirre Lehendakaria 83, 48015 Bilbo).

Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Halaber, eskabideak aurkeztu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehaztutako egoitzetan, betiere, eskabideak aurkezteko deialdiak ezarritako epean.

3.– Beka berrientzako eskabideak aurkezteko epea, hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen den unetik hasita.

4.– Beken berriztatze-eskabideak aurkezteko epea 2012ko irailaren 1etik 30era izango da, bi egunak barne.

5.– Eskatzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide bakarra aurkeztu dezake.

6.– Behin eskabideak egiteko epea amaitu ondoren, ezingo dira eskabideak aldatu, Aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.

7.– Eskabide-eredua eta eskaera betetzeko gida www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (Unibertsitateak eta Ikerketa) webgunean eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzan kontsultatu daitezke.

25. artikulua.– Eskabidean egin diren hutsak zuzentzea.

Interesdunak diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez baditu, edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez badu, hamar egun izango ditu akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan hutsak zuzentzen ez baditu, eskaerari uko egin diola ulertuko dugu.

Hutsak zuzentzeko jakinarazpena 15. artikuluko laugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera egingo da.

26. artikulua.– Beka berriak emateko hautapen-prozesuan hautagaiak onartzeko prozedura.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, laguntza berrien hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako lagunen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta, behar izanez gero, baztertzeko arrazoia ere azalduko du.

Ebazpen hori 15. artikuluaren laugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera jakinaraziko da.

Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku batzorde bereziek balioetsi beharrekoak.

2.– Erreklamazioa jarri ahal izango dute kanporatuek edota argitaratutako datuetan akatsen bat dagoela antzeman dutenek, behin-behineko ebazpen hori argitaratu eta zazpi egun naturaleko epean.

3.– Erreklamazioak jartzeko epea igaro eta erreklamaziook ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak behin betiko ebazpena emango du, laguntza berrien hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako lagunen gainekoa.

Ebazpen hori 15. artikuluaren laugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera jakinaraziko da.

Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku batzorde bereziek balioetsi beharrekoak.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako behin betiko ebazpenean baztertutako pertsonak elkarrizketa pertsonaletara bertaratu ahal izango dira, arlo bakoitzeko berariazko aholku batzordeek balioetsi ditzaten, badaezpada ere, baldin eta egiaztatzen badute dagokion errekurtsoa jarri dutela baztertzearen kontra, eta egun horretarako errekurtsoa ebatzita ez badago. Errekurtso hori ezetsi egiten bada, egindako elkarrizketak eta dagokion berariazko aholku batzordearen balioespenak ez dute baliorik izango.

5.– Aurrekoan ezarritakoaren aurka jo gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak SMS mezuen bidez edo posta elektronikoz egindako argitalpenen abisuak bidali diezazkiekete interesdunei. Abisu hauek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen izaerarik.

27. artikulua.– Baldintzak betetzea.

1.– Onuradunek beka-eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

2.– Laguntza-programa honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak edo betetzen dituztela frogatzen ez dutenak, dagokien epean eta moduan, aukeraketa-prozesutik kanpo geratuko dira, eta prozesuan parte hartzeak eragin ditzakeen eskubide guztiak galduko dituzte.

28. artikulua.– Diru-laguntza emateko inguruabarren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartzen diren baldintzak aldatzen badira, betiere, diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta dagokionean, Herri Administrazio hauek edo beste batzuek emandako beste laguntza batzuekin era berean gertatzen bada, diru-laguntzaren emate-erabakia aldatuko da, betiere, diru-laguntzen onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du. Bertan, emandako laguntzen zenbatekoak egokituko dira, horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira, eta pertsona eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte jasotako gehiegizko zenbatekoak. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar 32. artikuluan araututako itzultze-espedientea hasiko da.

29. artikulua.– Onuradunen betebeharrak diru-laguntzei dagokienez.

1.– EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak zehaztutako betebeharren kaltetan izan gabe, eta agindu honetan azaldutako laguntza-programa bakoitzean espresuki adierazitakoen kaltetan izan gabe, onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeherari buruz berri ematea, bai eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xede direnen fiskalizaziorako.

2.– Agindu honetan bildutako laguntzak emateko eta ordaintzeko, beren zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute ezarpen-zentroek, 2006ko ekainaren 19ko Aginduan, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarenean, EAEko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek beren zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz. Gainera, onuradun guztiek, edozein egoeratan, egiaztatu beharko dute Gizarte Segurantzari dagozkion betebeharrak ere betetzen dituztela.

3.– Agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze-edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.

30. artikulua.– Jarraipena.

ZPZri dagokio prestatzen eta hobetzen ari diren ikertzaileek egin duten lanaren jarraipen zientifiko-teknologikoa egitea; horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen-eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkoa dela pentsatzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.

31. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beharrezko diren ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

32. artikulua.– Ez-betetzeak.

Beka itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako suposamenduren batean sartzen bada edo urratu egiten baditu agindu honetako 20., 22., 27., 28. eta 29. artikuluetan, betetzekoak diren gainerako arauetan eta beka emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak.

33. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galdu izana deklaratzeko, eta, beharrezkoa bada, hura itzultzeko prozedura.

1.– Prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan arautzen diren ez-betetzen kasuetan:

a) Prozedura abiatu eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.

b) Zientzia Politikarako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta egutegiko 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez.

Itzultze-prozedura ebazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola dagozkion kopuruak eta laguntza-ordainketaz geroztik legez dagozkion interesak, gehienez ere, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzuli ez bada, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari emango zaio horren berri, aplikagarri den legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

34. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakia duen fitxategian, «Bekadunentzako Bekak» izenekoan, jasoko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen xedapen-esparruan sartzeko da: 2010eko urriaren 4ko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena.

Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Arautegi aplikagarria.

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, honakoak hartuko dira kontuan: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoa betez. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

Hirugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek eragina izango du EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 29a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA
EBALUAZIO-ARLOAK

Oinarrizko Zientziak

1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosfera, Litosfera, Hidrosfera eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne. Ikastaroaren barruan sartzen da: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera eta Ingurumenaren Geokimika.

2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-arloekin batera: Fisika Kuantikoa eta horrek materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Barnean hauek hartzen ditu: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.

3. arloa.– Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta hauek sartzen dira barruan: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.

4. arloa.– Honako hauek ikertzea du xedetzat molekula-mailatik makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko tresneria eta ikertzeko beharrezko metodologia esperimentala eta/edo teorikoa. Barnean hauek hartzen ditu: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.

Bizitza-eta osasun-zientziak

5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena. Bere egiten ditu oinarrizko zenbait ikerketa; esparruak: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Inmunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, salbu eta haien xede nagusiak zerikusi zuzena badu patologiekin eta/edo gizakien osasuna hobetu nahi badu.

6. arloa.– Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.

7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Kirolaz eta Osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, proiektua beste arlo batean hobeto egokituta egon daitekeelako aukera kontuan hartu behar da.

8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio-eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.

9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Ikastaroaren barruan sartzen da: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak. Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza-eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari xedetzat honako hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.

Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura

10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen arloko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria-eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.

11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien parte bat hartzen ditu barruan. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria-eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipoen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoaren barruan hauek daude: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.

12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barnean hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, hala nola arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa.

Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak

13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Barruan Psikologian egiten diren ikerketa guztiak sartzen dira, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Barnean hauek hartzen ditu: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Psikologia Soziala, Portaera Zientzien Metodologia.

14. arloa.– Gizarte Zientziak. Gai hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.

15. arloa.– Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zuzenbide Penala, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.

16. arloa.– Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoetan honako hauek sartzen dira: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.

17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza-eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak; haiek ezagutu ote ditzakegun; giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua; bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Barnean hauek hartzen ditu: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.

18. arloa.– Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.


Azterketa dokumentala