Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2012ko apirilaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
1799

50/2012 DEKRETUA, apirilaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta beraren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa onartzeko Dekretua aldatzeko dena.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legeak arautzen duenez, herri-administrazioko langileen lan-baldintzak finkatzeko negoziazio kolektiboa erakunde sindikalei aitortutako ordezkaritza-gaitasuna baliatuz egingo da, berariaz osatutako negoziazio-mahaien bitartez. Administrazioen eta erakunde sindikalen ordezkariek akordioak egin ahal izango dituzte funtzionarioen lan-baldintzak finkatzeko. Akordio horietan, kasuan kasuko administrazioaren gobernu-organoen eskumen diren gaiak arautuko dira.

Behin eratuta administrazio orokorraren eta beraren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak negoziatzeko Mahai Sektoriala, langile horien lan-baldintzak arautzen dituen akordioarekin amaitu zen negoziazioprozesua; akordio hori martxoaren 9ko 83/2010 Dekretuak onartu zuen. Akordio horren 19.7 artikuluan honako hau ezarri zen: «Lanaldi-ereduen erabilerari buruzko datuen arabera, Negoziazio Mahaiak berriro aztertuko du eredu berriak ezartzeko eta oraingoak berrikusteko aukera».

Lanaldi desberdinen erabilera-datuak aztertuta ondoriozta daiteke lanaldi berriak harrera ona izan duela langileen artean, norberaren bizitza, familia eta lana bateratzea errazagoa dela eta langileak bi lanaldi desberdinetan aritzea ez dela oztopo izan lana antolatzeko eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko.

Oraingo lanaldi– eta ordutegi-ereduaren esperientzia aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta beraren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen negoziazio-mahaiak berrikusi egin du, eta erabaki du lanaldi– eta ordutegi-eredu berri bat ezartzea, hiru lanaldi normalizaturen inguruan egituratuko dena: lanaldi zatitua, lanaldi mistoa eta lanaldi jarraitua. Lanaldi bakoitzak ezaugarri bereziak izango ditu eguneroko lanaldiari, atsedenaldiei, ordutegiei eta baimen errekuperatuen iraupenari dagokienez. Oro har, langileek askatasunez aukeratu ahal izango dute lanaldia, baldin eta zerbitzuaren beharrizanak beteta geratzen badira.

Akordioaren 19.7 artikulua garatzeko, administrazio orokorraren eta beraren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen negoziazio-mahaian, ELA, CCOO eta UGT sindikatuen ordezkaritzarekin, lanaldi berriari buruzko akordioa onartu da, eta indarrean dagoen akordioaren xedapenak aldatuko ditu.

Akordio hori baliozkoa eta eraginkorra izan dadin, nahitaezkoa da, 7/2007 Legeak xedatutakoaren arabera, herri-administrazioetako gobernu-organoek espresuki eta modu formalean onartzea. Ildo horretatik, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.e) artikuluak dio Eusko Jaurlaritzari dagokiola funtzionarioen lan-baldintzei buruzko negoziazioetan iritsitako akordioei baliozkotasuna eta eraginkortasuna ematea.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko apirilaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lanaldi berriari buruzko akordioa onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta beraren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 19.7 artikulua garatzeko. Akordio hori dekretu honen eranskin gisa ageri da eta aurreko akordioa onartzen duen martxoaren 9ko 83/2010 Dekretua aldatzekoa da.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Atzeraeraginezko ondorioak.

Dekretu honetan bildutako aurreikuspenek 2012ko martxoaren 12tik aurrera izango dituzte ondorioak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko apirilaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

Idoia Mendia Cueva.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala