Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2012ko martxoaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
1343

EBAZPENA, 2012ko otsailaren 6koa, Energia eta Meategien zuzendariarena; honen bitartez, ingurumen-inpaktuko txostena ematen da eta organo beraren 2010eko urriaren 1eko Ebazpenaren baldintzetan txertatzen dira proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren ondoriozko babes- eta zuzenketa-neurriak. Erref.: 24076/AT-H-2009-149.

Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak (helbidea: Mikeletegi Pasealekua, 1-3, Donostia-San Sebastián) eskatuta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan hasitako espedientea aztertu da; horren bitartez, Ordiziako, Aramako, Itsasondoko, Altzagako, Legorretako, Ikaztegietako, Tolosako eta Alegiako udalerrietan adierazitako Zuhaitz Zerrenda Zabaltzeko Administrazio Baimena ematea, Egikaritze Proiektua onartzea eta Onura Publikokoa dela deklaratzea eskatzen da.

GERTAKARIAK

Tolosako Udalari jakinarazi ondoren, aurkeztutako Proiektuarekin ados zegoela adierazi zuen eta baldintza batzuk ezarri zituen udal horrek.

Ordiziako, Aramako, Itsasondoko, Altzagako, Legorretako, Ikaztegietako eta Alegiako Udalei jakinarazi ondoren, eta jakinarazpena errepikatu ondoren, Udal horiek ez zuten erantzunik eman.

Legeak ezarritakoaren arabera, espedientea jendaurrean erakusgai jarri zen, 2010-04-20ko EHAAn, 2010-03-16ko GAOn eta 2010-03-11ko El Diario Vasco egunkarian argitaratu baitzen, eta Pablo Arrue Garmendia jaunak alegazioen idazki bat aurkeztu zuen Manuela Garmendia Elosegui andrearen izenean dagoen Altzagako 76. lur-zatiari buruz; idazkian helbide-aldaketa eskatzen zuen hurrengo izapideetarako.

Tolosako Udalak jarritako baldintzen berri eman ondoren, ezarritako baldintza horiek onartzen zituela erantzun zuen Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak.

Pablo Arrue Garmendia jaunak egindako alegazioaren berri eman ondoren, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak Arrue jaunaren alegazioa onartzen zuela erantzun zuen.

Energia eta Meategien zuzendariaren 2010eko urriaren 1eko Ebazpenaren bitartez, Ordiziako, Aramako, Itsasondoko, Altzagako, Legorretako, Ikaztegietako, Tolosako eta Alegiako udalerrietan Ordizia-Ikaztegieta 13,2 kV-ko zirkuitu sinpleko aireko linea elektrikoaren eta horren deribazioen Zuhaitz Zerrendaren zabalkuntza egikaritzeko proiektua onetsi zen eta instalazioak baimendu ziren, eta geroago, proiektuaren egikaritzea hasi baino lehen, egiaztatu zen zabalkuntza horrek ingurumen-ikuspuntutik sentikorrak diren guneetan eragina zuela eta ez zela ingurumen-izapidetzea egin; honenbestez, egikaritze hori bertan behera geratu zen, izapidetze hori amaitu arte.

2011ko urtarrilaren 14an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa eskatzaileak ingurumen-dokumentua aurkeztu zuen eta proiektuari Ingurumen Ebaluazioa egiteko prozesua hasteko eskatu zuen.

2011ko otsailaren 18an, Energia eta Meategien Zuzendaritzara igorri zen linearen zuhaitz-zerrendaren zabalkuntzaren ingurumen-dokumentua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzara igor zedin, eta geroago, Zuzendaritza horrek ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura gauzatu behar ote zen adieraz zezan.

Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko urriaren 11ko Ebazpenaren bitartez, linearen zuhaitz-zerrendaren zabalkuntzaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura ez gauzatzeko erabakia hartu zen, eta halaber, proiektua egikaritzeko ebazpenean xehaturiko baldintza jakin batzuk bete behar zirela ezarri zen.

2011ko urriaren 28an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa eskatzaileari ingurumen-dokumentua eskatu zitzaion, Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko urriaren 11ko Ebazpenean zehazturiko edukia jasoz.

2012ko urtarrilaren 17an, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak eskaturiko ingurumen-dokumentua jaso zuen; Ingurumen Zientzietan lizentziaturiko Esther Notario Crespo andreak eta Biologia Zientzietan doktore Juan Manuel García jaunak sinatuta zegoen dokumentu hori.

Aurkezturiko ingurumen-dokumentua aztertu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko urriaren 11ko Ebazpenean finkaturiko baldintzekin bat zetorrela ondorioztatu da.

Honako hauek aztertu dira: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea (1997ko azaroaren 28ko BOE), eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua (2002ko abenduaren 23ko EHAA), azaroaren 28ko 3151/1968 Dekretua (1968ko abenduaren 27ko BOE), goi-tentsioko aireko linea elektrikoen Erregelamendua, 2007ko urtarrilaren 29ko Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Energia eta Meategien zuzendariaren Ebazpena (2007ko maiatzaren 4ko EHAA) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra. Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bitartez, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen dira: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, baita kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.

Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009ko irailaren 24ko EHAA) eman zaizkion eskumenei jarraiki, honako hau

EBAZTEN DU:

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 49. artikuluan aurreikusitako ingurumen-inpaktuko txostena ematea, proiektuari egin zaion ingurumen-inpaktuko ebaluazio sinplifikatuko prozedurari amaiera emanez.

2.- Ordiziako, Aramako, Itsasondoko, Altzagako, Legorretako, Ikaztegietako, Tolosako eta Alegiako udalerrietan Ordizia-Ikaztegieta 13,2 kV-ko zirkuitu sinpleko aireko linea elektrikoaren eta horren deribazioen Zuhaitz Zerrendaren zabalkuntza egikaritzeko proiektua onetsi zuen eta instalazioak baimendu zituen organo beraren 2010eko urriaren 1eko ebazpenaren baldintzetan txertatzea Novotec Consultores SA enpresak idatzitako Ingurumen Dokumentuan bilduriko babes- eta zuzenketa-neurriak, zehazki, honako hauek:

Babes-neurriak

- Soinu-immisioen prebentzioa.

Zuhaitzak mozteko eta ebakitzeko eragiketetan sorturiko soinu-emisioen erasana mugatzeko, makineriaren mantentze-programa jakin bat gauzatuko da; eraikuntzarako eta soropil-ebakigailuetarako material eta makineria jakin baterako onar daitekeen potentzia akustikoa zehazteari eta mugatzeari buruzko otsailaren 27 245/1989 Errege Dekretuan eta bertan adierazitako Erkidegoaren Zuzentarauetan hizpaturiko emisio-mailak betetzen direla bermatuko du mantentze-programa horrek. Halaber, soinuaren eraginpean egotearen ondoriozko arriskuen aurka langileak babesteari buruzko urriaren 27ko 1316/1989 Errege Dekretuan jasotako xedapenak ere kontuan hartuko dira, bereziki, langileak soinuaren eraginpean zein heinetan dauden ebaluatzeko premia, betiere soinuaren mailak eguneko soinu-presioko 80 dB(A) baliokidea gainditzen ote duen zehazteko; kasu horretan, legeak aurreikusiriko neurriak hartuko dira.

- Hondakin arriskutsuen isurketaren prebentzioa.

Obra-fasea; makineriaren olio mineralen isurketei aurrea hartzeko esparru itxian zolata iragazgaitzaren gainean aldatuko da olioa. Isurketa ustekabekoa bada, material xurgagarria aplikatuko da haren isuriaren gainean, eta ondoren, hondakin arriskutsu gisa biltegiratuko eta kudeatuko da. Hondakin horiek hermetikoki ontziratu eta etiketatu ondoren biltegiratuko dira, eginkizun horretarako espezifikoki iragazgaizturiko esparru batean, eta gehienez 6 hilabeteko epean, hondakin arriskutsuen kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

Zuzenketa-neurriak

- Eraginpeko azaleren aurretiko kontrola eta mugaketa; landarediari buruzko zuzenketa-neurriak.

Natura 2000 Sareko Tokiek, Oria Garaia (ES2120005) Erkidego Intereseko Tokiek, Erkidego Intereseko Habitatek, Europako bisoia kudeatzeko planen eraginpeko esparruek eta bertako baso-masek osaturiko zuinkatzeko eta zuhaitz-mozketa egikaritzeko fasean, Obra Zuzendaritzari edota arduradunari aholkua emateko lanetan botanika-espezialista batek egon beharko du obran bertan, eta dokumentu honetan ezarritako irizpideei jarraitu beharko die.

Goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko baldintza espezifikoei jarraiki, Natura 2000 Sareko Tokiaren -Oria Garaia (ES2120005) Erkidego Intereseko Tokiaren- barruan zuhaitzak mozteko ezarritako tokia ezinbesteko gutxienekoa baino ez da izango, eta edonola ere, landare-garapen handieneko zuhaitz-masen eta linea elektrikoaren eroaleen artean 2 metroko distantziari eutsiko zaio. 91E0* lehentasunezko habitata osatzen duten espezimenak eraginpean hartzen direnean aplikatuko da mutur hori bereziki (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak).

Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauan eta Gipuzkoa Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, gehieneko garapen begetatiboan linea elektrikoaren segurtasuna bermatzen ez duen distantziara gera daitezkeen zuhaitzak baino ez dira moztuko, eta dagoen zuhaixka-geruza osoari eutsi beharko zaio.

Gainera, lehen aipaturiko gune sentikorretan zuhaitzak mozteko lanak esku-erreminta arinekin egingo dira.

Espezie mehatxatuak Kudeatzeko Planen esparruan garaturiko jardunak, zehazki, Europako bisoia Kudeatzeko Planaren esparruan, foru-organo eskudunak dagokion baimenean ezarritako baldintzetan gauzatuko dira; horrela, mugak ezarri ahal izango ditu organo eskudun horrek lanak egikaritzeko moduan nahiz unean, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoen barruko denboraldi sentikorren arabera (Europako bisoiaren kasuan, martxoaren 15etik uztailaren 31ra).

- Sarbideak.

Jardunguneetarako sarbidea ezartzerakoan, ahal dela, lehendik zeuden bideak erabiliko dira, edo halakorik ez badago, lehendik zegoen korridorea. Aurreko idatz-zatian adierazitako gune sentikorretan sarbideak irekitzea saihestu beharko da.

- Ondarea.

Jardun-eremuan Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeari jarraiki egindako deklarazioen barnean harturiko interes arkeologikoko zenbait elementu egoteari dagokionez, proiektua egikaritzean kontuan hartu beharko dira dagozkien deklarazioen bitartez emandako lege-aginduak. Orobat, proiektuaren jardun-eremuan lokalizaturiko zenbait elementu gaur egun babesteko proposamenaren eraginpean daudela kontuan hartuz, esparru horretan eskudunak diren organoek emandako irizpenen arabera Kultura Ondarea babesteko ezarritako neurriak errespetatu beharko dira.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta bere aurka Gora Jotzeko Errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 6a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JORGE JUAN LETAMENDIA BELZUNCE.


Azterketa dokumentala