Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2012ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
650

AGINDUA, 2011ko abenduaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; honen bidez, beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemak oinarritzat hartuta, Muskizko (Bizkaia) «Somorrostro Irakas-Gunearen» eraketa eta jarduna baimentzen da Espainiako estatuko tituluekin homologatu ezineko unibertsitate-mailako ikasketak emateko.

Muskizko (Bizkaia) «Somorrostro Irakas-Gunea» deituriko ikastegiak baimena eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari zenbait titulu lortzeko ikasketak emateko, hala nola Giza eta Gizarte Zientzietako Lehen Zikloko Diploma eta Goi-mailako Ikasketa Aplikatuen Diploma, Langileen Administrazio eta Kudeaketako espezialitatean, eta Lehen Ziklo Teknikoko Diploma eta Goi-mailako Ikasketa Teknikoen Diploma, Egitura eta Sistemen Industria Mekanikako eta Telekomunikazioen Elektronikako espezialitateetan, guztiak ere Parisen (Frantzia) egoitza duen Conservatoire Nacional des Arts et Métiers erakundearen titulazioak.

Beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemak oinarritzat hartuta, Espainiako estatuko tituluekin homologatu ezineko unibertsitate-mailako ikasketak ematen dituzten ikastegien eraketa eta jarduna baimentzeko prozedurak eta baldintzak arautzen dituen irailaren 21eko 330/1999 Dekretuak 3. artikuluan ezartzen ditu baimena eskuratzeko betekizunak eta betekizun horien egiaztagiriak, eta 4. artikuluan, aldiz, ikastegiari unibertsitateko ikasketak emateko ahalmena ematen dion hitzarmenak edo titulu juridikoak bildu beharreko edukiak, beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemak oinarritzat hartuta.

Espediente hori aztertuta eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Titulu, Baliozkotze eta Homologazioen Zuzendaritza Nagusiak emandako txostenari jarraikiz, baimen hori ukatu egin zitzaion Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2002ko uztailaren 3ko agindu bidez.

Muskizko (Bizkaia) «Somorrostro Irakas-Guneak» berraztertzeko ezohiko errekurtsoa jarri zuen, alegatuz Parisen (Frantzia) egoitza duen Conservatoire Nacional des Arts et Métiers erakundearen eta Espainiako beste prestakuntza-ikastegi batzuen artean lorturiko akordioren arabera, azken horiek dagokion administrazio autonomikoak emandako dagokion baimena lortu zutela, eta hori horrela, ikasleek unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako ikasketa batzuk egin izaneko administrazio-onespena lortu zuten, Auzitegi Nazionalaren Administrazioarekiko Auzietako Salak emandako bi epairen arabera, 2010eko ekainekoak, horiei jarraiki baliogabetu egiten baitira Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren bi Agindu Zaragozako Centro Profesional Salesiano deituriko ikastegiko bi ikasleri ukatu egin zietenak maila akademikoan Goi-mailako Ikasketa Teknikoetako Diploma/Diplôme d´Estudes Supérieures Techniques (B maila, Parisen [Frantzia] egoitza duen Conservatoire Nacional des Arts et Métiers erakundeak emandakoa) titulua homologatzeko eskaerak eta haren diplomadun izateko, eta Espainiako hezkuntza-agintariek homologa ditzaketen tituluak dira horiek. Horrenbestez, berdintasun printzipioa urratu zen, tratamendu desberdina jaso baitzuten Muskizko (Bizkaia) «Somorrostro Irakas-Guneko» ikasleek zuten egoera berberean egonda.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 21eko Agindu bidez, Batzorde Juridiko Aholkulariari jarraiki, berraztertzeko ezohiko errekurtso hori baietsi da.

Horrenbestez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 21eko Agindua eta aplikatzekoa den gainerako araudia betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Muskizko (Bizkaia) «Somorrostro Irakas-Gunea» deituriko ikastegiaren erkaketa eta jarduna baimentzea zenbait titulu lortzeko ikasketak emateko, hala nola Giza eta Gizarte Zientzietako Lehen Zikloko Diploma eta Goi-mailako Ikasketa Aplikatuen Diploma, Langileen Administrazio eta Kudeaketako espezialitatean, eta Lehen Ziklo Teknikoko Diploma eta Goi-mailako Ikasketa Teknikoen Diploma, Egitura eta Sistemen Industria Mekanikako eta Telekomunikazioen Elektronikako espezialitateetan, guztiak ere Parisen (Frantzia) egoitza duen Conservatoire Nacional des Arts et Métiers erakundearen titulazioak, 2000-2001 ikasturtetik 2002-2003 ikasturterako ondorio akademikoekin, biak ikasturteak barne.

Bigarrena.- Ikastegiaren eraketa eta jarduna baimentzeak ez dakar bertan ematen diren ikasketak Espainian automatikoki homologatzeko eskubidea, goi-mailako hezkuntzako atzerriko tituluen homologazioari buruz araudi orokorrak xedaturikoaren mende baitago homologazio hori.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Laugarrena.- Agindu honen aurka interesdunek berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarri ahalko diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Administrazioarekiko Auzien Auzitegian, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 26a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala