Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2863

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 13koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten duena.

Otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuaren bitartez, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen da. 122/2010 Dekretuak aldatutako dekretu horretan adierazten denez, Batxilergoaren helburua da ikasleei prestakuntza, adimen-heldutasuna eta giza heldutasuna, jakintzak eta trebetasunak ematea, aukera izan dezaten garapen pertsonalean eta sozialean garatzeko eta bizitza aktiboan eta goi-ikasketetan txertatzeko.

Martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuak (martxoaren 25eko EHAA) Batxilergoko Sari Bereziak emateko baldintzak ezartzen ditu, dekretuak berak zehaztutako baldintzetan.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak saria eman nahi die helburu horiek lortzeko etengabe saiatu diren ikasleei, ikasturte honetan (2010-2011n) Batxilergoko ikasketak amaitzen dituzten ikasleei zuzendutako deialdi honen bidez.

Hori guztia dela eta, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak proposatuta,

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuz araututako 2010-2011 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egitea da Agindu honen xedea (35/2011 Dekretua, martxoaren 15ekoa, Batxilergoko Ezohiko Sariak arautu eta esleitzeko baldintzak ezartzeari buruzkoa).

2. artikulua.- Sari- eta diru-kopurua.

1.- 2010-2011 ikasturtean Batxilergoko bigarren mailan matrikulatutako ikasleak kontuan hartuta, 15 Sari Berezi emango dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.- Sari bakoitzaren diru-kopurua 935,80 eurokoa izango da. Gainera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatzen duen bidaia-programan parte hartu ahalko dute, eta alemanezko, frantsesezko eta ingelezko ikastaroak atzerrian egin ahalko dituzte, dagokion deialdian zehaztutakoaren arabera.

3.- Batxilergoko Sari Berezia jasotzen dutenek egiaztagiria jasoko dute.

4.- Sari Berezia jaso dutenek, eta beharrezko inskripzioa egin ondoren, aukera izango dute dagokien Sari Nazionalean parte hartzeko.

3. artikulua.- Proben edukia.

Probak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira, parte-hartzaile bakoitzak zer erabakitzen duen. Honako ariketa hauek izango dituzte:

Lehenengo ariketa:

a) Izaera orokorreko testu bati buruzko idazlana edota iruzkina, zientifikoa edo literarioa, gaztelaniazkoa edo euskarazkoa (parte hartzailearen erabakiaren arabera).

b) Izaera orokorreko testu bati buruzko idazlana edota iruzkina, zientifikoa edo literarioa, ikasitako nahitaezko atzerriko hizkuntzan. Ariketa dagokion hizkuntzako hiztegirik gabe egingo da.

Bigarren ariketa:

Galdera edo ariketa praktikoak ebaztea, idatziz, Batxilergoko bigarren mailan ikasle bakoitzak bere modalitatean egindako hiru ikasgaietatik bitako edukiei buruz, parte-hartzaileak aukeratuta.

4. artikulua.- Eskabideak.

1.- Martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleek, Sari Berezirako hautagai izan nahi badute, haien ikastetxeari dagokion Hezkuntzako Lurralde-ordezkaritzaren Ikuskaritzako Lurralde-unitatean eman beharko dute izena, behin Agindu hau argitaratuta. Ekainaren 10era arteko epea izango dute (egun hori barne). Eskabideak helbide berera ere bidali ahalko dira, gutun ziurtatu bidez, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 38.4 artikuluan zehaztutako edozein modutan, edota Zuzenean Zerbitzuan bertan eman (Bilbon, Gran Vía kaleko 85ean, 48011; Donostian, Andia kaleko 13an, 20003; eta Gasteizen, Ramiro de Maeztu kaleko 10ean, beheko solairuan, 01008).

2.- Inskripzioa egiteko Agindu honetako eranskina bete beharko da. Datu akademikoak eta datu pertsonalak ikastetxeko idazkariak bermatuko ditu, eta ez dira onartuko batez besteko nota zenbakiz adierazita ez duten eta idazkariaren eskuko sinaduraren eta ikastetxeko zigiluaren bidez berretsita ez dauden inskripzioak.

5. artikulua.- Probak. Data eta lekua.

1.- Probak 2011ko ekainaren 22an egingo dira, 15:30ean, honako leku hauetan:

Bilboko Miguel de Unamuno BHI, Poza Lizentziatuaren kalea, 1.

Gasteizko Federico Baraibar BHI, Nieves Cano kalea, 14.

Donostiako Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI, Pio XII.aren plaza, z/g.

2.- Hiru leku horien artetik, eskatzaileek eskabidean adierazi beharko dute proba egiteko hautatu duten lekua.

3.- Probak egiteko organo arduraduna Hezkuntza Sailburuordetzaren menpe dagoen Hezkuntzako Ikuskatzailetza izango da.

6. artikulua.- Ebazpena.

1.- Ebazpena Hezkuntzako Lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da, 2011ko ekainaren 30ean, behin-behineko zerrenda duela, eta bost egun balioduneko epea ezarriko da erreklamazioak egiteko, argitaratze-egunetik zenbatzen hasita.

2.- Saritutako pertsonei behin betiko Ebazpena jakinarazteaz gainera, behin betiko zerrenda duen Ebazpen hori Ordezkaritzetako iragarki-oholetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko web-orrian jarriko da zabalkunde osoa izan dezan. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaerak ezetsitzat jo daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.- Jakinarazitako Ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, gorako errekurtsoa jar dezakete interesdunek, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Agindu honek aurreikusten ez duenerako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea ezarriko da.

Bigarrena.- Deialdi-agindu hau, bertan aurreikusitakoaz gainera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. tituluan ezarritakoaren arabera arautuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako sailean, eta horretarako bi hilabeteko epea izango dute, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 13a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA

ESKAERA-ORRIA

(Aurrealdea)

Abizenak Izena

Jaioteguna Sexua

Telefonoa Helbidea (harremanetan jartzeko)

Herria Herrialdea PK

Batxilergoa egin duen ikastetxea(k):

Herria Lurraldea PK

Hemen egingo du proba: (Bilbao/Donostia-San Sebastián/Vitoria-Gasteiz)

Parte hartu nahi du 2011ko maiatzaren 13ko Aginduak deitutako eta Euskal Herriko Agintaritzaren Batxilergoko Sari Bereziak lortzeko probetan. Horretarako, atzealdean adierazitako ikasgaiak hautatu ditu.

..............n, 2011ko .....................aren ...............(e)an

(Sinadura)

IKASTETXEA K BETETZEKO

......................................................... ............ jaun/andreak, ikastetxeko idazkariak,

EGIAZTATZEN DU:

Goian aipatutako pertsonak Batxilergoko ikasketak amaitu dituela ikastetxe honetan eta ...........................................(e)ko batez

besteko kalifikazioa izan duela; beraz, ezarritako baldintzak betetzen dituela Batxilergoko Sari Berezia lortzeko probetan parte hartu ahal izateko, Euskal Herriko Agintaritzaren zenbakidun Aldizkariko 35/2011 Dekretuak, martxoaren 15ekoak, hirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera.

.............. n, 2011ko ..........................aren .............(e)an

Zuzendariak O.E. (sinadura eta zigilua) Idazkaria

ESKAERA-ORRIA

(Atzealdea)

PROBETARAKO HAUTATUTAKO IKASGAIAK:

1.a) ariketa: Gaztelania edota Euskara.

1.b) ariketa: Atzerriko hizkuntza: Alemana - Frantsesa - Ingelesa.

2. ariketa: Batxilergoko bigarren mailan egindako modalitateko hiru ikasgaietatik bi hautatu behar dira. Laukiko «X»ak modalitate bakoitzean hauta daitezkeenak adierazten ditu. Marka itzazu bi ezkerreko zutabean:

Zientziak eta Teknologia Humanitateak eta Gizarte Zientziak Arteak

Biologia X

Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak X

Marrazketa teknikoa II X X

Elektroteknia X

Fisika X

Matematika II X

Kimika X

Industria-teknologia II X

Artearen historia X X

Latina II X

Greziera II X

Gizarte Zientziei aplikaturiko Matematika II X

Literatura unibertsala X X

Enpresa-ekonomia X

Geografia X

Musika-azterketa II X

Musikaren eta dantzaren historia X

Ikus-entzunezko kultura X

Marrazketa artistikoa II X

Diseinua X

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Batxilergoko Sari Berezia izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduraduna. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.


Azterketa dokumentala