Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2011ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2849

AGINDUA, 2011ko maiatzaren 2koa, Kulturako sailburuarena, Langraiz Okako (Araba) Kaltzinazio Labea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16. eta Estatutuko 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2011ko otsailaren 7an Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordearen Ebazpena eman zen. Ebazpen honen bidez Langraiz Okako (Araba) Kaltzinazio Labeak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2011ko martxoaren 9ko 47 zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu izan.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Langraiz Okako (Araba) Kaltzinazio Labea Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.- Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.- Iruña Okako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.- Ebazpen hori interesdunei, Iruña Okako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol eta Toki Administrazioaren eta Lurralde Orekaren Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea.

Seigarrena.- Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 2a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LAZARO.

I. ERANSKINA

MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Labearen mugak: iparraldean eta ekialdean, labea kokatuta dagoen katastro-partzelaren gaur eguneko mugak; instalazioaren mendebaldean, partzela horrek eta mendebaldera duen aldamenekoak Los Molinos kalearekin egiten duten muga; hegoaldean, bi partzela horien hegoaldeko mugak.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Mugatze horren bidez, instalazioa bera zaintzeaz gain, instalazioaren ezaugarriak eta labearen ikuspegia zaindu nahi dira.

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Langraiz Okako kaltzinazio labea herrigunean dago; Los Molinos kaletik iristen da bertara. Daukan garaierari esker, hurbileko inguruetatik argi eta garbi ikusten da, eta herriaren erdialdean presentzia ikonografiko nabarmena dauka. Oinplano karratua du eta jatorriz exentua zen. Alde bakoitzak 6 bat m-ko zabalera du eta 15 m-ko garaiera. Harlanduzko hormak ditu, eta eskantzuak harlanduskoz eginak daude. Goialdea zementuz bukatuta dago. Antza denez, goiko alde hori aldatu egin zen; jatorriz bao handiak omen zituen, baina gero itxi egin ziren, eta zementuzko bukaera horrekin altxatu egin zen. Behealdean, erregaia botatzeko zuloa dauka, eta atxikitako eskailera batzuetatik goiko aldera igotzen da. Goian, beste zulo edo irenspide bat dauka, harriak botatzeko. Goiko aldetik barrualdea ikusten da: sekzio zirkularreko ganbara bat da, adreilu erregogorrez estalitakoa.

Karea egiteko instalazio hau lehenagoko karobien eta instalazio industrialen arteko zerbait dugu. Ez dago dokumentaziorik, baina XIX. Mendearen bigarren erdikoa izan daiteke, eta XIX. Mendearen azken urteetan eta, beharbada, XX. Mendearen hasieran egon zen martxan.

Langraizeko labea etengabe egoten zen martxan, ohiko karobiak ez bezala; izan ere, karobiak aldizka pizten ziren, eta erabilera jakin baterako. Langraizeko labe honetan kareharria botatzen zen eta karea jaitsi ahala, geruza gehiago bota zitezkeen irenspidetik; horrela, fabrikazioa etengabea zen. Antza denez, lanak urtaroen erritmoan egiten ziren. Horrela, harria inguruko harrobietatik ateratzen zen eta atxikitako lokaletan gordetzen zen. Udazkenean ehoketa- eta kiskaltze-lanak egiten ziren. Horretarako, erregaia -ikatza seguruenik- labearen beheko aldean sartzen zen, eta, harriak, berriz, saskietan igotzen ziren eta irenspidean sartu. Piztu ondoren, harria kiskali egiten zen apurka-apurka. Horretarako, 900-1000 ºC-ko tenperatura behar zen, eta kiskaltzetik lortutako hautsa instalazioaren beheko aldean jasotzen zen. Karea egiteko prozesuak astebete irauten zuen gutxi gorabehera.

Labe hauek ohiko karobiak baino handiagoak ziren, bai garaieraz bai zabaleraz. Ondorioz, harri gehiago har zezaketen eta karea egiteko prozesua eraginkorragoa zen. Barruko ganberaren diseinuak materiala, apurka-apurka berotze-gunetik kiskaltze-gunera jaistea ahalbidetzen zuen. Kare hidraulikoa zen prozesuaren azken emaitza, eta eraikuntzan erabiltzen zen.

Labea, itxura batean, produkzio-zentro garrantzitsua izan zen XIX. Mendearen amaieran, eta ikonografian daukan garrantziak eta herrigunean daukan kokapenak erakusten digutenez, Langraiz Okako jardueraren eta iragan industrialaren erreferente historiko garrantzitsua izan zen.

Labe hau gordetzeko egingo diren lanek helburu hauek izango dituzte: instalazioaren izaera exentua berreskuratzea, hormak sendotzea, egoste-ganbera eta beheko zuloa garbitu eta konpontzea, goiko aldera igotzeko atxikitako eskailerak konpontzea eta gaur egun ikusten ez diren arren iraganean izan zitzakeen beste elementu batzuk dokumentatzea edo berreskuratzea (aireztatzeko pita, sareta...).


Azterketa dokumentala