Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2011ko apirilaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
1885

EBAZPENA, 2011ko otsailaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Administrazio Kontseiluak, 2011ko ekitaldian gauzatu beharreko enplegu politika aktiborako programen aurrekontu-banaketari eta haiek abian jartzeari dagokienez hartutako Erabakiaren berri emateko dena.

Transferentzien Batzorde Mistoak 2010eko urriaren 28ko bileran onartu zuen lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko lan legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko akordioa, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren eta Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren arabera.

Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak honakoak hartuko ditu bere gain, besteak beste, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera: «enplegua sustatzeko eginkizun guztiak, bai eta, laneko legerian ezarritako enplegu politika aktiboko programen inguruan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Euskal Autonomia Erkidegoan egin izan dituen eginkizunak ere» («akordioaren B)2 atala»), eta, horiez gain, «enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak orain arte izandako eginkizun guztiak» «[B)3 atala]».

Eskualdatutako funtzioen eta zerbitzuen kudeaketa eta bai, ordura arte, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila eta berari atxikitako sozietate publikoa -Egailan SA- enplegu-politika aktiboen esparruan betetzen ari ziren funtzioak ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hartu zituen bere gain, hots, 2010erako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeko xedapen gehigarrietako bigarrenaren bidez sortutako erakundeak. Xedapen hori ondokoen garatu zuten: azaroaren 30eko 329/2010 Dekretuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartu zituenak, eta abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonal eta materialetarako atxikimendurako baldintzak arautzen dituenak.

2011ko otsailaren 14an egin zuen eratzeko bilera, eta bigarren bileran, 2011ko otsailaren 17an, Lanbideren Administrazio Kontseiluak, erakunde publiko legez, enplegu-politika aktiboen inguruan gauzatuko dituen programa jakin batzuen inguruko erabakiak hartu zituen.

Abian jarriko diren programetako batzuk indarraldi mugagabea duten araudietan oinarritzen dira eta urte osoan egon ohi da irekita eskaerak aurkezteko epea. Programa horiek publiko egin behar izaten dira, onuradun izan daitezkeenei emateko finantzatzera bideratutako bitarteko ekonomikoen berri. Ezagutzera emandako bitarteko horiek izango dira emango diren laguntzen muga, non eta ez den aurrekontu-aldaketaren bat egiten.

Horrezaz gain, kontuan izanik programak ez dituela gauzatuko horiei dagozkien araudietan aurreikusitako erakundeak berak, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatze aldera, interesdun izan daitezkeenei eman behar zaie aldaketa horrek laguntzen kudeaketan eragingo dituen aldaketen berri (eskaerak aurkezteko lekua, organo kudeatzailea, ebazteko organo eskuduna...), baita ezinbestean bete beharreko diruz laguntzeko araubidearen beraren berri ere (onuradunen betebeharrak, bermeak ematea...), kontuan izan behar baita Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publikoa dela, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde administrazioaren baitakoa dena.

Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak honakoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.- Ezagutzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak honakoak erabaki zituela, 2011ko otsailaren 17an egindako bileran, gai-zerrendako bigarren puntuari zegokionez, «2011ko ekitaldian gauzatu beharreko enplegu-politika aktiboen programen aurrekontu banaketa eta abian jartzea»:

«Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, enplegu-politika aktiboen esparruan bere esku utzitako funtzioak betetzeko, 2011ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko diren programa eta neurri zehatzei buruzko erabakia hartu behar du. Horretarako, premisa honetatik abiatuko da: antolaketari nahiz funtzioei begiratuta, hiru erakunderen batura izateak eta bere esku utzitako funtzioak onartzeak berekin dakarren konplexutasunak gizartean eragin kaltegarririk ez izatea bermatzea, eta, berebat, horrek enplegua sustatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko orain arteko neurriak ez murriztea ere, bereziki gaur egungo egoeran, krisi ekonomiko eta finantzarioa langabeziaren igoera kezkagarria eragiten ari den honetan.

Gainera, une honetan, Estatuko Gobernua enplegu-politika aktiboen erreforma amaitzen ari da, autonomia-erkidegoekin batera, eta horrek aurrekaririk gabeko aurrerapena ekarriko du autonomia-erkidegoen autonomiarako bidean, behar dituzten neurriak diseinatzeko eta gauzatzeko garaian, nor bere lurraldeko lan merkatuaren berariazko premietara hobeto egokitu ahal izateko. Erreforma horrek berekin ekarriko du eskualdatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzeko programek egun duten edukia arautzen duen araudiaren zatirik handiena indargabetzea, baita autonomia erkidegoek beren xedapenak egitea ere, alor honetan beren lurraldeetan eskainiko diren zerbitzuak, ekintzak eta neurriak arautzeko, finkatutako orientabideen eta helburu orokorren esparruan. Haatik, aurreikuspenen arabera, erreforma horrek ez du ondoriorik izango ekitaldi honen amaierara edo 2012koaren hasierara arte.

Hori dela eta, 2011ko ekitaldi hau eredu berriranzko tartetzat hartzearen aldeko hautua egin da. Aldi horren ezaugarri nagusi izango da: aldi berean izatea Lanbide-ren barne hartu diren erakundeek aurrez kudeatzen zituzten neurriak, eurei eustea beharrezkotzat jo direnak, eta Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarriko dituen neurri, egitura eta tresna berriak, betiere eraginkortasunez bete ahal izateko bere esku utzi den funtzioa, hau da, enplegu-politika gauzatzeko funtzioa.

Testuinguru horretan, beharrezkotzat jo da jarraipena ematea, aldi baterako besterik ez bada ere, aurreko ekitaldietan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak nahiz Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak gauzatutako laguntza-programa jakin batzuei, egiaztatu ahal izan denez, programa horiek eraginkorrak izan direlako atzeratu ezin diren premiei erantzuteko garaian. Horien artean ditugu ezgaitasunen bat duten pertsonen enplegurako laguntzak, langabezian direnei zuzendutako prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzak eta lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak. Horietako batzuk -indarraldi mugagabea izanik- eskaerak aurkezteko epetzat ekitaldi osoa duten arauek erregulatzen dituzte, eta beste batzuen kasuan ezinbestekoa da dagokion deialdia onartzea.

Azaldutako guztia kontuan izanik, eta dagokion hausnarketa egin ostean, ondorengo erabakiak hartu ditu, bertaratuek aho batez onartuta, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, otsailaren 17an egindako bileran, gai-zerrendako bigarren puntuaren inguruan («2011ko ekitaldian gauzatu beharreko enplegu politika aktiboen programen aurrekontu-banaketa eta abian jartzea»):

2.1 puntua: Lana eta familia bateragarri egitearekin lotutako arrazoiengatik langileak ordezkatzeko laguntzak.

- 2.500.000 euroko zenbatekoa bideratzea, zertarako-eta, lana eta familia bateragarri egitekotan, langileak ordezkatzeko laguntzen programa finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan araututakoaren arabera.

2.2 puntua: ezgaitasuna duten pertsonentzako enplegu mugagabea sustatzea, lan-enklabeei zuzendutako laguntzak barne direla.

- 1.800.000 euroko zenbatekoa bideratzea, zertarako-eta, ezgaitasuna duten pertsonentzako enplegu mugagabea sustatzeko programa finantzatzeko, maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren eta 1994ko apirilaren 13ko Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Aginduaren arabera.

- 200.000 euroko zenbatekoa bideratzea, zertarako-eta, ezgaitasuna duten pertsonek, lan enklabeen bidez, babestutako enplegutik lan-merkatu arrunteko enplegurako bidea egiteko programa finantzatzeko, otsailaren 20ko 290/2004 Errege Dekretuan araututakoaren arabera.

2.3 puntua: ezgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntzak eta diru-laguntzak, egokitze pertsonal eta sozialerako laguntzeko unitateei dagozkienak barne direla.

- 33.020.000 euroko zenbatekoa bideratzea, zertarako-eta, ezgaitasunen bat duten pertsonak enplegu zentro berezietan laneratzea sustatzeko programa finantzatzeko, 1998ko urriaren 16ko Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Aginduaren arabera.

- Lanbide-jarduera laguntzeko unitateentzako diru-laguntzetarako deialdia onartzea, enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialerako zerbitzuen esparruan, honekin batera doan eranskinean aurreikusitako moduan, eta guzti hori finantzatzeko 2.000.000 euro esleitzea.

2.4 puntua: Gizarte Segurantzako kuotetarako diru-laguntzak, langabezia prestazioak kapitalizatzearen ondoriozkoak.

- 1.000.000 euroko zenbatekoa bideratzea, zertarako-eta Gizarte Segurantzako kuotetarako diru-laguntzen programa finantzatzeko, betiere langabezia-prestazioa ordainketa bakarraren modalitatean jaso duten langileek lan elkartuko kooperatiba bateko edo laneko sozietate bateko langile bazkide gisa lanbide-jarduera burutu ahal dezaten, 1994ko apirilaren 13ko Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Aginduan araututakoaren arabera.

2.5 puntua: Lanerako prestakuntza-programa.

- 5.000.000 euroko zenbatekoa bideratzea, laneratze-zerbitzurako prestakuntza-baliabidetarako programa finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren II. kapituluan araututakoaren arabera.

2.6 puntua: batik bat langile langabeei zuzendutako lanbide-heziketako ekintzak.

- Eskaintza osatzeari dagokionez, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruan, diru laguntzetarako deialdia, 2011ko ekitaldiari dagokiona, onartzea; zertarako-eta, batik bat langile langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak gauzatzeko, betiere honekin batera doan eranskinean aurreikusitako moduan; eta hori finantzatzeko 23.000.000 euro esleitzea.

- 2.000.000 euroko zenbatekoa bideratzea, kontratatzeko konpromisoko prestakuntza-programa finantzatzera; betiere martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema arautzen duenak, eta martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduak, 395/2007 Errege Dekretua garatzen duenak, araututakoaren arabera.

- 1.000.000 euroko zenbatekoa bideratzea, zertarako-eta lanekoak ez diren praktikak, bateragarri egitea, garraioa, mantenua, ostatua eta bekak ordaintzeko laguntzak finantzatzeko, betiere martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema arautzen duenak, eta martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduak, 395/2007 Errege Dekretua garatzen duenak, araututakoaren arabera».

Puntu honetan onartutako deialdiaren babesean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak, honako hauei zuzenduak dira: batik bat langabezian diren langileak, baita kontratatzeko konpromisoko prestakuntza-programak, eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira; betiere, 2007-2013 aldian garatu beharreko Egokigarritasun eta Enpleguko Eskualde Anitzeko Programa Operatiboaren bidez (2007ES05UPO001 zk.), % 50eko kofinantziazioarekin, «Eskualdeko lehiakortasuna eta enplegua» helburuko eskualdeei dagokienez, esate baterako, Euskal Autonomia Erkidegoa.

Bigarrena.- Laguntza-programa hauei dagokienez, baliabide ekonomikoak eman zaizkienei guzti horren berri ematea, betiere, 2011ko otsailaren 17ko bileran Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak hartutako erabakien arabera.

- 2011ko ekitaldian emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez ditu gaindituko esleitutako zenbatekoak edo horiek eguneratzearen ondoriozkoak izango direnak, aurrekontu-aldaketak onartuz gero. Aldaketa horiek eginez gero, aldaketa horiek publiko egingo dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

- Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko enpleguko lurralde-bulegoetan aurkeztuko dira. Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

- Laguntzetako bakoitzaren eskaera-orriak eta ebazteko eskua duen organoaren, ebazteko epearen, isiltasunaren esanahiaren, onuradunen betebeharren eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako alderdien inguruko informazioa, interesdunen eskura egongo dira Lanbideren Enpleguko Lurralde Bulegoetan eta www.lanbide.net webgunean.

Hirugarrena.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuren Administrazio Kontseiluak, 2011ko otsailaren 17ko bileran, onartutako diru-laguntzetarako deialdiak, enplegu zentro berezietan lanbide-jarduera laguntzeko unitateak finantzatzeko erabiliko dira, eta bai honetarako ere: eskaintza osatzeari dagokionez, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruan, batik bat langabezian dauden langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko; deialdi horiek, bestalde, EHAAn argitaratuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikulua eta ondorengoak aplikatuz, honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 22a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JAVIER RAMOS SALAZAR.


Azterketa dokumentala