Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2011ko apirilaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
1882

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuren Administrazio Kontseiluarena, 2011ko otsailaren 17koa, zeinen bidez onartzen baitira enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan lanbide-jarduera laguntzeko unitateetarako diru-laguntzak.

Azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazio Orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan egindako lan-legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak. Horrezaz gain, azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bidez, 2010eko urriaren 28ko Transferentzien Batzorde Mistoaren Akordioa onetsi zuen Eusko Jaurlaritzak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan egindako lan-legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzearen ingurukoa, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

Eskualdatutako funtzioen eta zerbitzuen kudeaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hartu zuen bere gain, hots, 2010erako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeko xedapen gehigarrietako bigarrenaren bidez sortutako erakundeak. Xedapen hori azaroaren 30eko 329/2010 Dekretuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartu zituenak, eta abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonal eta materialetarako atxikimendurako baldintzak arautzen dituenak, garatu zuten.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartutako funtzioen artean ditugu enpleguko programak kudeatzearekin zerikusia dutenak, diruz laguntzeko deialdiak onartzeko eta bideratzeko zereginak barne direla.

Minusbaliatuak Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 42.1 artikuluak honela definitu zituen enplegu-zentro bereziak: helburu nagusitzat lan produktiboa egitea duten zentroak, merkatuko eragiketetan aldizka parte hartzen dutenak eta xede gisa ordaindutako lana ziurtatzea eta bertako langile minusbaliatuek eskakizun dituzten egokitze pertsonal eta sozialerako zerbitzuak ematea dituztenak, aldi berean ahalik eta minusbaliatu gehien lan-araubide arruntean txertatzeko bitarteko izanik.

LISMI legearen 42.2 artikuluaren arabera honakoak dira enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuak: «errehabilitaziokoak, terapeutikoak eta gizartearen, kulturaren eta kirolaren esparruan integratzera bideratutakoak, enplegu zentro bereziko langile minusbaliatuari errehabilitazio pertsonal handiagoa eta bere gizarte-harremanen egokitze handiagoa ahalbidetuko diotenak».

Egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuak funtsezko bide dira ezgaitasuna duten pertsonak guztiz gizarteratzea lortzeko. Beren funtzioak lan-egokitzeetara bideratzen dituzte eta horrek aukera ematen die ezgaitasuna duten langileei lanpostu batera guztiz egokitzeko prozesuan dituzten zailtasunei aurre egiteko eta horiek gaintzeko, baita lanpostuan jarraitzeko unean ere, batez ere zailtasun bereziak dituzten langileen kasuan.

Apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuak lanbide-jarduera laguntzeko unitateak arautu zituen, enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan.

Lanbide-jarduera laguntzeko unitateak talde multiprofesionalak dira, hainbat funtzioren bidez ezgaitasunen bat duten langileek enplegu-zentro berezietan izaten dituzten oztopoak eta trabak gainditzen laguntzea ahalbidetzen dutenak, langile horien laneratzea bereziki zaila den kasuetan, hala nola, garun-paralisia duten pertsonen kasuan, buruko gaixotasunak dituztenen kasuan edo adimen-ezgaitasuna duten pertsonen kasuan, edo aitortutako % 65eko ezgaitasun-maila edo handiagoa duten ezgaitu fisiko edo sentsorialen kasuan, lanpostu batean lanean hasteko prozesuan, baita lanpostu horietan jarraitzerakoan ere.

Aipatzekoa da adimen-ezgaitasuna eta buruko nahasteak dituzten langileen kasuan EAEn lortu den enplegu-bolumen handia, Euskadiko enplegu-zentro berezi guztietako % 50 izatera iritsi dira eta. Hori dela eta, ezinbestekoa da zentro horiek langile espezializatuz hornitzea, lanpostuetara egokitzeko eta enplegu egonkorra eta kalitatekoa lortzeko beharrezkoak diren lanbide-gaitasunez jabetzeko banako ibilbideetan laguntza eta babesa bermatzeko.

Hori dela eta, honako funtzioak izango dituzte, besteak beste, lanbide-jarduera laguntzeko unitateak osatzen dituzten langileek: pertsona eta bere lanpostua aztertzearen bidez ezgaitasuna duen langileak bere jarduera egin ahal izateko dituen laguntza-premiak hautematea; familiako eta gizarteko ingurunearekin beharrezko diren harremanak izatea, enpleguan lanean hasteko eta bertan jarraitzeko pizgarri izan daitezen; autonomia eta independentzia ahalbidetzea; lanpostura egokitzeko beharrezkoak diren prestakuntza-programa guztiak garatzea; eta langileari laguntzea lan-merkatu arruntean sartzeko garaian.

Hori guztia kontuan hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2011ko otsailaren 17ko bileran, honako erabaki hau hartu du, bertaratuek aho batez onartuta

ERABAKI DU:

Lehenengoa.- Lanbide-jarduera laguntzeko unitateetarako laguntzen deialdia onartzea, enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoaren baitan, 2011ko ekitaldirako, ondoren zehaztuko diren baldintzen arabera.

Bigarrena.- Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 17a.

Lanbideren Administrazio Kontseiluko presidentea,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Lanbideren Administrazio Kontseiluko idazkaria,

JAVIER RAMOS SALAZAR.

LANBIDE JARDUERA LAGUNTZEKO UNITATEETARAKO DIRU LAGUNTZEN DEIALDIA, ENPLEGU ZENTRO BEREZIEN EGOKITZE PERTSONAL ETA SOZIALEKO ZERBITZUEN ESPARRUAN, 2011KO EKITALDIRAKO

1. artikulua.- Xedea.

Deialdi honen xedea da lanbide-jarduera laguntzeko unitateak, apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuak arautu zituenak, finantzatzera bideratutako diru-laguntzak arautzea, enplegu-zentro berezien egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoaren baitan.

2. artikulua.- Finantziaziora bideratutako bitarteko ekonomikoak.

2.000.000 eurokoak izango dira deialdi honen xede izango diren laguntzak finantzatzera bideratutako bitarteko ekonomikoak.

3. artikulua.- Diruz lagun daitekeen jarduna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak enplegu-zentro berezietako lanbide jarduera laguntzeko unitateetan txertatutako langileen soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak finantzatzera bideratuko dira. Langileak denbora mugagabez kontratatu beharko dira, 2011ko otsailaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra bitartean, apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuko 2. artikuluan aurreikusitako funtzioak betetzeko.

4. artikulua.- Diru-laguntzaren onuradunak.

1.- Deialdi honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan ahal izango dira enplegu zentro berezien erakunde titularrak eta zentroak berak, nortasun juridiko propioa badute, betiere ondorengo eskakizunak betez gero:

a) Enplegu-zentro bereziak enplegu-zentro berezi gisa izena emanda egotea Enplegu Zentro Berezien Erregistroan.

b) Enplegu-zentro bereziko plantillako kide izatea ondorengo artikuluan aipatutako ezgaitasun-motak eta mailak dituzten langileak.

c) Enplegu-zentro bereziek laguntzeko unitateak izatea, ondorengo pasartean aurreikusitako osaketa izango dutenak.

2.- Enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduera laguntzeko unitateen osaketak bat etorri beharko du ondorengo moduluekin.

a) 5. artikuluan deskribatutako kasuren bateko ezgaitasuna duten 15 langile arte, erdi- edo goi-mailako teknikari 1, edo pareko ezagutza eta/edo esperientzia duena, lanaldiaren % 20rekin gutxienez, eta produkzioan laguntzeko arduradun 1, lanaldi osorako, edo proportzioan dagokion adina, kontratazioa lanaldi partzialekoa bada.

b) Langileak 16 eta 30 artean badira, erdi- edo goi-mailako teknikari 1, edo pareko ezagutza eta/edo esperientzia duena, lanaldiaren % 80rekin gutxienez, eta produkzioan laguntzeko 2 arduradun, lanaldi osorako, edo proportzioan dagokion adina, kontratazioa lanaldi partzialekoa bada.

c) Langileak 31 eta 45 artean badira, erdi- edo goi-mailako 2 teknikari, edo pareko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, bietako bat lanaldi osorako eta bestea lanaldiaren % 50ekin gutxienez, eta produkzioan laguntzeko 3 arduradun, lanaldi osorako, edo proportzioan dagokion adina, kontratazioa lanaldi partzialekoa bada.

d) Langileak 46 eta 60 artean badira, erdi- edo goi-mailako 2 teknikari, edo pareko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, lanaldi osorako, eta produkzioan laguntzeko 4 arduradun, lanaldi osorako, edo proportzioan dagokion adina, kontratazioa lanaldi partzialekoa bada.

e) Langileak 61 eta 75 artean badira, erdi- edo goi-mailako 3 teknikari, edo pareko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, horietako bi lanaldi osorako eta bestea lanaldiaren % 50ekin gutxienez, eta produkzioan laguntzeko 5 arduradun, lanaldi osorako, edo proportzioan dagokion adina, kontratazioa lanaldi partzialekoa bada.

f) Langileak 75 baino gehiago badira, proportzioan finkatuko da lanbide-jarduera laguntzeko unitateko plantilla, aurrez adierazitako irizpideen arabera.

Hurrengo artikuluan zehaztutako ezgaitasun-mota eta maila duten eta zerbitzuaren hartzaile izango diren langileen kopurua ez badator bat modulu bakoitzeko maila gorenarekin, lanbide-jarduera laguntzeko unitateetako langileen arduraldia ezgaitasuna duten langile horien kopuruaren araberakoa izango da.

Justifikatutako arrazoiak direla eta unitate horietako langileen hutsuneak gertatzen direnean, hutsune horiek bete egin beharko dira, aurrez finkatutako proportzioei eusteko helburuarekin.

5. artikulua.- Azken hartzaileak.

Programa honen azken hartzaileak ondoren deskribatutako kasuren batean dauden enplegu-zentro berezietako langile ezgaituak izango dira:

a) Garun-paralisia duten pertsonak, buruko gaixotasuna dutenak edo adimen ezgaitasuna dutenak, aitortutako % 33ko ezgaitasun-maila edo handiagoarekin.

b) Ezgaitasun fisiko edo sentsoriala duten pertsonak, aitortutako % 65eko ezgaitasun maila edo handiagoarekin.

6. artikulua.- Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.- Diru-laguntzaren zenbatekoa urteko kopuru finkoa izango da, aurreko artikuluan adierazitako ezgaitasun-motak eta mailak dituen langileko, denbora mugagabez lanaldi osorako kontratatu badira edo sei hilabete edo gehiagoko iraupena izango duen aldi baterako kontratua egin bazaie. Kontratu mugagabeen kasuan diru-laguntza 1.200 eurokoa izango da urteko, eta aldi baterako kontratuen kasuan zenbatekoa iraupenaren arabera murriztuko da.

Horretaz gain, diru-laguntza lanaldiaren arabera murriztuko da, kontratua lanaldi partzialekoa bada.

2.- Diru-laguntzaren zenbatekoak ezingo ditu inoiz gainditu, berak bakarrik edo bestelako diru-laguntzekin, laguntzekin, sarrerekin edo bitartekoekin batera, denbora mugagabez kontratatutako laguntzeko unitateetako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, diruz lagundutako aldiari dagozkionak.

7. artikulua.- Eskaerak aurkeztea.

1.- Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko enpleguko lurralde bulegoetan aurkeztu beharko dira, deialdiaren eranskinean doan eta http://www.lanbide.net webgunean ere eskura egongo den eredu ofizialaren bidez.

Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

2.- Eskaera orriarekin eta bertako A, B, C eta D eranskinekin batera, honako agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Lanbide-jarduera laguntzeko unitatearen memoria deskribatzailea, gutxienez honakoak zehaztuko dituena:

- Kokaleku fisikoaren xehetasunak.

- Jarduteko esparrua.

- Unitatearen osaketa, teknikariak eta arduradunak bereiziz.

- Organigrama funtzionala.

b) Urteko kudeaketa-plana, gutxienez honakoak zehaztuko dituena:

- Garatu beharreko helburuak.

- Ekintzen denbora-banaketa.

- Lanbide-jarduera laguntzeko unitateko kideetako bakoitzaren zereginen deskribapena.

- Erabilgarri izango dituen azpiegitura, bitarteko eta baliabide instrumentalak.

- Zerbitzua emateko baldintzak.

c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunera dagoela egiaztatzeko ziurtagiria.

d) Eskaera sinatu duen pertsonaren NANaren fotokopia eta ordezkaritzaren egiaztagiria.

e) Diruz lagunduko den kontratazioaren xede diren lanbide-jarduera laguntzeko unitateetan txertatutako langileen urteko ordainsari gordinaren egiaztagiria.

f) Hirugarren interesdunaren datuen altari buruzko fitxa, eskatzaileak eta dagokion bankuak izenpetu eta zigilatua.

3.- Eskaerak ez baditu betetzen deialdi honetan zehaztutako eskakizunak, interesdunari egingo zaio dei hamar eguneko epean zuzentzeko dagokion hutsunea edo akatsa. Hala egiten ez badu, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

4.- Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8. artikulua.- Prozedura eta ebazpena.

1.- Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbideko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.- Eskaerak aurkezteko epea amaituta, deialdian aurreikusitako eskakizunak betetzen dituztenei emango zaizkie laguntzak. Programa hau finantzatzera bideratutako bitarteko ekonomikoak nahikoa izango ez balira onartu beharreko eskaera guztiei erantzuteko, funtsak ezarritako lehentasun-ordenaren arabera banatuko dira, 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak kontuan izanik. Horretarako kide anitzeko organoa sortuko da, ebazpen-proposamena prestatuko duena. Honakoak izango ditu kide:

Presidentea: Lana Aktibatzeko Zuzendaritzako Enplegua Sustatzeko Arloko arduraduna, edo horrek eskuordetutako pertsona.

Batzordekideak: Enplegua Sustatzeko Arloko arduradunak izendatutako bi teknikari (horietako batek idazkari gisa jardungo du).

3.- Prozedura ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epeak ezingo du izan sei hilabete baino gehiagokoa, deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota berariazko ebazpenik ez bada jakinarazi, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortuko, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

9. artikulua.- Eskaerak balioesteko irizpideak eta esleipena.

Bitarteko ekonomikoak eskakizunak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko behar adinakoak ez direnerako deialdi honetara aurkeztutako eskaeren lehentasun ordena ezartzeko xedearekin, ondorengo irizpideak kontuan izanik balioetsiko dira aipatutako eskaerak:

1.- Kontratu mugagabea duten langile ezgaituen ehunekoa, enplegu-zentro bereziko plantillan ezgaitasuna duten langileen guztizkoaren arabera: gehienez ere 4 puntu.

2.- Garun-paralisia, buruko gaixotasuna edo adimen-ezgaitasuna, aitortutako % 33ko ezgaitasun-maila edo handiagoarekin, edo ezgaitasun fisiko edo sentsoriala, aitortutako % 65eko ezgaitasun-maila edo handiagoarekin, duten langileen ehunekoa, enplegu zentro bereziko plantillan ezgaitasuna duten langileen guztizkoaren arabera: gehienez ere 4 puntu.

3.- Garun-paralisia, buruko gaixotasuna edo adimen-ezgaitasuna, aitortutako % 33ko ezgaitasun-maila edo handiagoarekin, edo ezgaitasun fisiko edo sentsoriala, aitortutako % 65eko ezgaitasun-maila edo handiagoarekin, duten emakumezkoen ehunekoa, enplegu-zentro berezian ezgaitasun-mota eta maila horiek dituzten langileen guztizkoaren arabera: gehienez ere 4 puntu.

4.- Azkeneko bi urteetan enplegu-zentro berezitik atera eta lan-merkatu arrunteko enpresetan kontratu mugagabearekin edo sei hilabete baino gehiagoko kontratuarekin lanean ari diren langile ezgaituen kopurua: gehienez ere 4 puntu.

10. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Diru-laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira diru-laguntzak emateko unean bertan, eta hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako bermeen araubidea izango da aplikagarri, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

11. artikulua.- Diru-laguntzaren justifikazioa.

Diru-laguntzaren onuradunak honakoak aurkeztu beharko ditu 2012ko martxoaren 31 baino lehen:

- Diruz lagundutako aldian laguntzeko unitateak izandako jardunari buruzko memoria.

- Laguntzeko unitatean denbora mugagabez kontratatutako langileen nominen kopia, diruz lagundutako aldiari dagokiena, eta aldi horri berari dagozkion Gizarte Segurantzako kotizazioen agirien kopia (TC2 ereduak).

Aurreikusitako epean dokumentaziorik aurkeztuko ez balitz edo dokumentazio horretatik ondorioztatuko balitz emandako diru-laguntzaren zenbatekoak gainditu egiten duela laguntzeko unitateetan denbora mugagabez kontratatutako langileen soldata kostua eta Gizarte Segurantzako kostua, itzultzeko prozedurari ekingo zaio, 16. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

12. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintza orokorrak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko baldintza izango dira ondorengoak:

a) Enpresa eskatzaileek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzea, horren inguruan Ekonomia eta Ogasun Sailak xedatutakoaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntza eta diru-laguntza publikoen esparruan hasi eta oraindik tramitazioan dagoen itzultzeko edozein prozedura nahiz zehapen-prozedura amaitzea.

c) Zigor- eta administrazio-arloan zehapenik ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearen inguruan, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak ere barne direla.

13. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Onuradunaren betebehar izango dira, oro har, 1997ko azaroaren 11ko Legegintza Dekretuaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuenaren, 50. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, ondorengoak:

a) Diru-laguntza emateko oinarri diren jarduerak egitea.

b) Laguntza ematea edo horrezaz gozatzea baldintzatzen duten eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko kontu-hartzailetzako organoek, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiaztatzeko egindako jardueren mende jartzea.

d) Xede berbera duten bestelako diru-laguntzak edo laguntzak, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotakoak, jakinaraztea.

e) Diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako edozein baldintza objektibo nahiz subjektibo aldatu dela jakinaraztea.

14. artikulua.- Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan den edozein baldintza aldatzeak emandako diru-laguntza aldatzea ekarri ahal izango du berekin, betiere diru-laguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Baldintza horiek aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo horren zati bat itzultzea badu ondorio, dagokion itzultzeko prozedurari emango zaio hasiera.

15. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Oro har, deialdi honetan deskribatutako laguntzak bateragarri izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntza lortzearekin. Nolanahi ere, izandako finantziazio-iturri guztietatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du inoiz gainditu diruz lagundu den aldian laguntzeko unitateetan denbora mugagabez kontratatutako pertsonen soldata-kostua eta Gizarte Segurantzakoa. Kostu hori gaindituz gero, diru laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

Haatik, bateraezinak izango dira eta, beraz, ezingo dute osagarri izan, 2010eko ekitaldian Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan egindako deialdien babesean kontzeptu eta xede berberarekin eta aldi bererako emandako laguntzekin.

16. artikulua.- Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.

1.- Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango diren erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean egongo balira edo deialdi honetan ezarritako baldintzetakoren bat beteko ez balute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko lieke, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren zati bat edo diru-laguntza osoa itzultzeko betebeharra, diru-laguntza emandako unetik bertatik sortutako legezko interesekin batera. Horrezaz gain, egoki diren gainerako ekintzak bideratu ahal izango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duenean, xedatutakoaren arabera.

2.- Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango dio hasiera eta diru-laguntzaren onuradun izan den pertsonari jakinaraziko dio. Ez-betetzea eragin duen gertakariaren edo duten gertakarien berri emango dio eta eskaera egingo dio alegazioak egiteko edo egoki irizten dituen egiaztagiriak aurkezteko, hamabost eguneko epean.

3.- Alegazioetarako epe horretan ez bada alegaziorik aurkezten edo alegazio horiek ezetsi egin badira, ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak. Itzultzeko prozedura ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da.

4.- Ebazpenean balioesten bada ez-betetzea izan dela eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu egin dela (osoa edo zati bat), interesdunak dagozkion zenbatekoak itzuli beharko dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

17. artikulua.- Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere jabetzako fitxategi automatizatuetan sartuko ditu deialdi honetan araututako laguntzen eskaerak betetzearen bidez lortutako datu pertsonalak.

Gainera, interesdunak legez aurreikusitako datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko eta ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatu ahal izango dira, hori adierazteko idatzia bidaliz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (José Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz).


Azterketa dokumentala