Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2011ko otsailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
683

AGINDUA, 2011ko urtarrilaren 12koa, Kulturako sailburuarena, Indautxu Garajea (Urkixo zumarkalea 75, Bilbao, Bizkaia) monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duena, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluaren arabera, kultura-ondareari buruzko eskumen osoa bereganatu zuen. Eskumen horren indarrez, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen.

Bilboko Indautxu Garajeak (Bizkaia) kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren balio arkitektonikoan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak garajea Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientearen hasiera eskatzea erabaki zuen 2010eko martxoaren 29ko Ebazpenaren bidez (maiatzaren 25eko EHAA, 97. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Juan Manuel Berrio Nazabal jaunak, higiezinaren jabea den Berrio SA merkataritza-sozietatearen izenean, alegazio-idazki bat aurkeztu zuen.

Eraikina baloratzeari dagokionez, alegazioan dio sekula ez duela izan jatorriz eraikinaren funtziorako erabilerarik, ez duela aintzat hartzeko moduko barne-baliorik edo altzarien aldetikorik, eta antzeko eraikin batzuk, are kalitate hobea zutenak, eraitsi izan direla edo galdu izan direla; halaber, askitzat jotzen du Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak eskaintzen dion babesa, zeren eta C kategoria ematen baitio, hau da, funtsean fatxada kontserbatzeko obligazioa ezartzen duen maila; eta, gainera, Kultura Sailak parte hartu zuenez, garai hartan, Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzean, orain ezin onartuzkoa da beste irizpide bat izatea eraikinari dagokionez. Horiek horrela, ondorioztatzen du eraikinak ez dituela betetzen Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko behar diren baldintzak, eta eskatzen du bakarrik fatxada kontserbatzeko arauak ezar daitezela, Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren katalogazioarekin bat.

Eraikinaren erabilera dela eta, esan behar da jatorrizko erabilera eta gerokoa ezberdinak izatea ez dela eragozgarri ondasuna babesteko; horrek adierazten du egitura egokitzeko modukoa duela, kontserbazioa bermatuko luketen erabilera berriei begira. Balio gabeziari dagokionez, higiezinak garai bateko elementu bereizgarriak ditu, esaterako bistako adreilua edo fatxadako moldadurak, zeintzuek azpimarratu egiten baitute, angelu eta kantoi ebakiak bezalako toki estrategikoetan, eraikinaren izaera ez-funtzionala. Gainera, Euskadiko eta Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Arkitektura Gida Metropolitarraren arabera, «gerraondoko espresionismoaren tokiko eredu onenetarikoa da, Zabalguneko industria-eraikinen aztarna bitxi bat». Babes-maila aldatzeari dagokionez, argitu beharra dago ondasun bat Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeak ez duela esan nahi erabili ezin denik beste eginkizun batzuetarako, haren kontserbazioa bermatuz gero. Esan dezagun, azkenik, baiki, Kultura Sailak parte hartu zuela Bilboko Antolamendurako Plan Orokorraren prozeduran; baina une hartan Euskal Kultura Ondarearen Legearen babespean ez zegoenez, hortik ezin da segitu ezinezkoa denik gerora inbentariatutako ondasunen zerrenda handitzea.

Beraz, ezetsi egiten ditugu aurkeztu diren alegazioak.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Indautxu Garajea (Urkixo zumarkalea 75, Bilbao, Bizkaia) monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzea, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean.

Bigarrena.- Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran.

Hirugarrena.- Erabaki horren berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.- Higiezina babesteko eskaria egitea Bilboko udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartuz.

Bosgarrena.- Agindu honen berri ematea interesdunei, Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Garraio eta Hirigintzako Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena.- Ondasuna Zerrenda Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urtarrilaren 12a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

MUGAKETA

a) Mugaketaren eremua.

Mugaketaren esparrua eraikinak berak definitutakoa da.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Indautxu Garajearen ingurumariko ingurumen-balioak, estetikoak eta bisualak babestu behar direlako, hiri-ingurune guztiz zehaztutako eta eratutako batean baitago.

Inguruaren mugaketa -beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko- bat dator, batetik, kale mugakideek zedarritzen duten esparruarekin, eta, bestetik, bere izaerak berak hartaraturik.

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Higiezinaren proiektua José María Sainz Aguirre arkitektoak egin zuen, 1941ean, eta 1942-1943 urteetan altxatu zen hormigoi armatuz. Arkitektura industrialaren mugimendu modernoan sartzen da. Oinplano angeluzuzena du, eta eraikuntza-profila sotoak gehi alturako bost solairuk osatzen dute, sei solairu kantoi ebakian.

Hasieratik bertatik, eraikinak izan duen erabilera bakarra hainbat ibilgailutarako garajea izan da. Jatorriz, lehenengo solairuak lantegi, biltegi edo garajeetarako erabili nahi ziren, eta goikoak etxebizitzetarako. Baina higiezina sustatu zuen oinetako-enpresak inoiz ere ez zituen bere lantegiak bertan jarri, tokiz aldatzeak zekarkion deserosotasunagatik.

Forma aldetik sendoa da. Arkitektura aldetik, kokaguneak baldintzatuta baitago, ingurumariko hiri-bilbearekin elkarreraginean dago, halako moldez non taxutu egiten baitu, goitik behera, ingurumari hori. Horrenbestez, eraikina zabalguneko hiri-bilbean txertatzen da; etxadiaren angeluan dagoenez, «ertzak» nabarmenarazi egiten du, toki estrategikoan baitago, eta konposizioari buru ematen dio.

Kanpo aldetik, beheko solairuak, eite «industrialagoa» baitute, atzeraemanda daude; goiko solairuak mailakatuta daude, agian eguzki-argia hobeto baliatzeko.

Fatxadako horma-atala okertu egiten da kantoi ebakian, horrela konposizioaren horizontaltasunari jarraitasuna emanez, bistako adreilu gorriko horma-atala baita oinarrizko baliabide arkitektonikoa. Kantoi ebakitik abiatuta, hainbat gorputz irtenez osaturiko fatxadek kaleetarantz egiten dute aurrera eta, Urkixo Zumarkalearen kasuan, txikitzen doa garaieran aurrera egin ahala.

Urkixo zumarkalera doan fatxadan, behe-solairuan, sarbiderako ateak bi eremu beiraztatutan erdibitzen du altxadura. Hurrengo bi solairuek irtengune progresibo txiki bat dute, fatxadetan leiho jarraituak dituena. Solairu horien gainean egoitzetarako beste bi solairu daude, balkoi jarraitua osatzen duten bi kanpo-begiratokiren ohiko egiturarekin. Azken solairua, bosgarrena, atzeraemanda dago, eta balkoi jarraitua egiten du fatxadaren lerrokadura osoan.

José María de Escuza kalera doan fatxada berdintsu eratuta dago. Hala ere, goiko atalak ez du fatxadaren lerrokadura osoa hartzen, alegia, harian-harian mailakatzen da kantoi ebakiaren alderantz, terrazak osatuz. Angeluak erremate makotua du. Bertan leiho jarraituak daude, bai eta gainerako fatxadek ez bezala solairu bat gehiagoren garaiera duen dorretxo bat ere, oso erremate adierazkorra duena.

Eraikinaren bolumena dela eta, zatikatuta dago programa funtzionalaren beharrizanei erantzuteko, eta bateratasunari eusten dio konposizio eta estetika aldetik.

Materialak orekan daude formarekin, eta hartara, kanpo-eite homogeneoa ematen diote eraikinari, non bistako adreilu gorria den nagusi. Balkoi-kareletan bistako adreiluak daude, hodi metaliko zirkularrez egindako baranda batez bururatuak. Harri-tankerako eta krema koloreko eraikuntza-elementu zehatz batzuk daude, esaterako, isurarriak, leiho-isurkian eta bao-markoak. Kantoi ebakiaren azken solairuan, halaber, bistako adreilua tartekatu egiten da harrizko plakadurarekin.


Azterketa dokumentala