Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2011ko otsailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
633

EBAZPENA, 2010eko abenduaren 7koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Vitoria-Gasteizen, Jundiz industria gunean, Araba Golf SL enpresak sustatuta, 9 zuloko golf zelaiaren proiektuak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egiteko dena.

Otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten menpe egongo dira eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio erabakiaren aurretik.

Jundiz industria gunean, Gasteizen, Araba Golf SL enpresak sustatuta, 9 zuloko golf zelaiaren proiektuaren jarduera-lizentziaren prozedura hasita, eta otsailaren 27ko Euskal Herriko ingurumena babesteko 3/1998 Lege Orokorrean eta proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, besteak beste, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira:

- Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren edukia ezartzea. Proiektuaren sustatzaileak eskatuta, 2009ko urriaren 22an Ingurumen Sailburuordetzak proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeari buruzko kontsulten izapideari ekin zion. Izapide hori jasota dago, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2010eko urtarrilaren 14an aurretiazko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.

- Jendaurrean jartzeko izapidea. Vitoria-Gasteizko Udalak jendaurrean jarri zituen proiektua eta proiektu horrek ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako azterlana (2010eko uztailaren 2ko 73. zenbakiko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala).

- Espedientea bidali eta ingurumenarekiko eraginaren adierazpena eskatzea. 2009ko Vitoria-Gasteizko Udalak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, proiektuek ingurumenean duten eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2010eko azaroaren 8an ingurumeneko organoak eskatutakoa betez, espedientearen dokumentazioa osatu zen.

Aipatutako proiektuaren espedientean jasotzen diren agiri tekniko eta txostenak aztertu dira eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena da indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera; beraz, Ingurumen Sailburuordetzak, bera baita organo aginpideduna Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, eta horrenbestez, honakoa

EBATZI DU:

1.- Jundiz industria gunean, Gasteizen, Araba Golf SL enpresak sustatuta, 9 zuloko golf zelaiaren proiektuak Ingurumenean duen Eraginari Buruzko aldeko Adierazpena egitea.

2.- Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

2.A.- Proiektua, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera, eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.

2.B.- Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen Proiektuek ingurumenean duten eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan egin beharreko unean uneko aldaketetan, Ebazpen honen ondoren sortzen direnetan, aurreko idatz-zatian adierazitakoak bezain garrantzitsuak izan ez arren, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira.

2.C.- Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatuko dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.

2.C.1.- Lanen faseko babes neurriak eta neurri zuzentzaileak.

2.C.1.1.- Natur ondarea babesteko neurriak.

a) Lurzorua okupatzea eragiten duten obrak, bai eta obra horien eragiketa osagarri guztiak ere, proiektuaren partzelaren eremuan egingo dira.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke.

b) Golf zelaiaren baitan, kale eta ibilbideen eraginpean eta jardueraren instalazio osagarrien eraginpean ez dauden lur-zatietan, eta, beraz, birmoldatze-lan trinkorik eskatzen ez dutenetan, saihestu egin beharko da lurra mugitzea eta lurrean area pasatzea, eta inguru horietan lurraren morfologia eta landaretza orain dagoen bezala uzten ahaleginduko dira eta mantentze-lanak ezinbestekora murriztuko dira. Batez ere, erreka bazterretako bertako landareak ebakitzea saihestuko da. Sailean hainbat erreka dago.

c) Obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak, makinak gordetzeko guneak eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne, ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira.

Kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak egokitu egingo dira, bertan gauzatuko diren jarduera askotarikoen ondorioz ingurumenean sor daitezkeen kalteak ahal dela gutxitzeko.

2.C.1.2.- Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan Uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira:

a) Eraikuntza-fasean, drainatze-sarera ahalik eta material fin gutxiena isuri behar da. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimenduak errekara isuri baino lehenago bertan atxikitzeko sistemak proiektatuko eta erabiliko dira.

b) Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko sare batekin. Efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta oro har tailerreko lanik egin adierazitako gunetik kanpo.

c) Putzuak egiteko orduan, behar den kontrola izango da, ura alboetatik iragazita gal ez dadin.

d) Ura biltzeko eremu horietan landaretza higrofito eta hidrofitoz inguratuko dira, iragazki natural gisa jardun dezaten eta, horrela, uretan ale xeheak, nutrienteak eta produktu fitosanitarioak sar ez daitezen.

2.C.1.3.- Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

Zonakatze akustikoari, kalitate helburuei eta ateratako zaratari dagokienez zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, lanetan erabiliko diren makinek, aire librean erabiltzeko makinen zaratari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete beharko dute. Batez ere otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko dute, hau da, aire librean erabiltzeko zenbait makinek atera dezaketen zarata arautzen duena, eta gainerako arau osagarriak.

2.C.1.4.- Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.

Hondakinak deuseztatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.

b) Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.

Indusketen soberakinak har ditzaketen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

c) Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko dira.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute eta balizko isurketei edo jarioei eusteko ontzi edo sistemen barruan.

d) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziak etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideetan oinarritutakoa.

e) Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoaren arabera, kontratistaren instalazio-eremuetan berariazko gune bat atonduko da estalitako instalazioekin, eta instalazio horietan bilduko dira, behin-behinean, hondakin arriskutsuak, hala nola olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak, e.a.). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiztuko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

2.C.1.5.- Kultura ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoaren kalterik gabe, obran zehar aztarna arkeologikoren bat dakarren aurkikuntzarik eginez gero, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari horren berri emango zaio berehala, eta hark adieraziko du zein neurri hartu behar den.

2.C.1.6.- Obrak lehengoratu eta integratzeko neurriak.

Ingurumen eraginari buruzko azterlanean ezarritakoaren kalterik gabe, ondoko neurri babesle eta zuzentzaileak hartuko dira.

a) Lanek erasandako alde guztiak leheneratuko dira; baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Alde horiek leheneratzeak esan nahi du urbanizatu gabeko aldeetan sortutako kalteak konpontzea, landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareberritzea, eta inguru urbanoetan, berriz, lorategietako elementuak berriro jartzea.

b) Lur mugimenduak egitean, lur begetala bereizita kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzea errazteko. Lanak amaitu ostean erabiltzeko kenduko den lur begetala modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko eta euria egiten duen egunetan ez manipulatzeko.

c) Erreka bazterretan landareak sartuko dira, golf zelaiaren partzelaren barruan errekak egiten duen ibilbide osoan; horretarako, erreka bazterretako espezie autoktonoak erabiliko dira. Lan horiek egitean ahalik eta gehien errespetatuko da lehendik dagoen landaretza, eta, ahal dela, ez dira bertako belar-sastrakak garbituko.

2.C.1.7.- Garbiketa eta obra bukatzea.

Lanak amaitu ondoren garbiketa kanpaina zorrotza egingo da, proiektuaren eragin eremutik obra-hondar guztiak garbitzeko. Garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kendu eta Ebazpen honen 2.C.1.4 atalean xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.C.2.- Funtzionamendu faseko babes neurriak eta neurri zuzentzaileak.

2.C.2.1.- Uraren kontsumoa optimizatzeko neurriak.

a) Ingurumen eraginari buruzko ebaluazioa egiteko prozeduraren barruan sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, golf zelaia ureztatzeko, proiektuan definitutako putzuetan jasotako euri-urak baino ez dira erabiliko.

Ureztatzeko beste urik erabili ahal izateko, eskumena duen organoaren onespena beharko da. Ahal dela, ez da herria hornitzeko sareko ur edangarria erabili behar.

b) Golf zelaiaren jarduerak irauten duen bitartean uraren kontsumo arrazionala egiteko asmoz, golf zelaiak ureztatze-beharren kontrolerako sistema automatizatuak izango ditu, golf zelaian dauden zonetako bakoitzaren beharrak aintzat hartuta.

Hala badagokio, zelaian bertan zenbait gailu instalatuko dira, esate baterako, tentsiometroak, une bakoitzeko ureztatze-beharretara behar bezala egokitzeko.

2.C.2.2.- Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

a) Ongarritze-lanetan askatze moteleko ongarriak erabiliko dira. Ongarrien dosia zehazteko, landareen hazkuntza-beharrak hartuko dira kontuan, eta gehiegizko dosiak saihestuko dira, inguruan behar ez den zama kutsagarririk ez sortzeko. Horretarako, erregistro-liburu bat eraman beharko da, eta bertan ongarritze-data, aplikazio-eremua, produktuak eta erabilitako kopuruak azaldu beharko dira. Ur putzuen ertzetako soropilak ongarritzea saihestu beharko da.

b) Golf zelaiaren mantentze-lanetan, toxikotasun txikia, degradazio biologiko azkarra eta klororik ez duten produktu fitosanitarioak erabiliko dira. Nolanahi ere, dosiak behar diren txikienak izango dira, eta egileak dakartzan zehaztasun guztiak bete behar dira, beti: segurtasun-epeak, dosifikazioa eta gainerako guztiak. Erabilitako produktuen erregistro-liburu bat eraman beharko da, eta bertan data, aplikazio-eremua, espezieetarako arrisku-kategoria, produktu komertzialaren izena, materia aktiboa eta aplikazio bakoitzean erabilitako dosia azalduko dira.

Oso toxikoak direla-eta, ahal dela, ez da intsektizidarik erabili behar.

c) Errodentizidak erabili beharko balira, aurreko atalean agindutakoa aplikatuko da.

d) Bildutako uretan eutrofizazio prozesu biziak azalduko balira, neurri zuzentzaile egokiak hartu beharko lirateke, ur-masetan aireztatzea eginez eta nutrienteen ekarpena modu aktiboan mugatuz.

e) Ongarriak eta produktu fitosanitarioak horretarako berariaz prestatutako lokaletan gordeko dira, estalki pean eta forma eta tamaina egokia duen lekuan, kanpoarekiko isolatuak, zoru iragazgaitzekin eta itxiturekin, isuriren bat izanez gero, sakabanatzea saihesteko.

f) Olio-aldaketak, ibilgailuen eta makineriaren mantentze-jarduera orokorrak eta, hala badagokio, erregaiez hornitzeko lanak egin behar badira, zola iragazgaitza eta isurketak jasotzeko sistema duen aldean egin behar dira.

2.C.2.3.- Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Jarduera garatzen den bitartean sortzen diren hondakinak Ebazpen honetako 2.C.1.4 idatz-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, gainera, hurrengo baldintzak gehituko dira.

a) Ur-putzuen hondoan geratutako lohiak aldian-aldian atera, analizatu, eta beren ezaugarri fisiko-kimikoen arabera kudeatuko dira.

b) Sustatzaileak hondakin arriskutsuen ekoizle izateko dagokion baimena eskatu beharko du, edo, hala badagokio, EAEko Hondakin Arriskutsuen Ekoizle Txikien Erregistroan inskribatu beharko du, hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legeak ezarritakoarekin eta berariazko araudiekin bat etorriz.

2.C.2.4.- Zarata transmisioari mugak.

Zonakatze akustikoari, kalitate helburuei eta sortuko den zaratari dagokienez, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, behar diren neurri guztiak hartuko dira lanen inguruan III. eranskineko B1 taulan ezarritako muga-balioak gainditu ez daitezen, betiere IV. eranskineko prozeduraren arabera ebaluatuta.

2.C.2.5.- Argi-kutsadura ahalik eta txikiena izatekok neurriak.

Zerbitzuen eraikineko eta aparkalekuko argiztapen proiektuak egokiro dimentsionatutako argiztapen-sistemak izango ditu, argi-kutsadura gutxitzeko, itsutzea ahalik eta gehien saihesteko argi motekin eta elementuekin, lurrera zuzendutako argi-sortekin instalazioak mantentzeko eta kontrolatzeko ezarri beharreko gutxienekoei eragin diezaieketen mugekin.

2.D.- Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

2.D.1.- Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean izan dezaketen eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira.

2.D.2.- Uren kalitate kontrola.

Golf zelaia martxan den lehen hiru urteetan gutxienez, sei hilerik behin, gainezka eginda saileko erreketara doan ura analizatu egingo da, kalitatea aztertzeko.

Parametro hauek zehaztuko dira: tenperatura, oxigeno disolbatua, pH-a, esekidurako solidoak, uhertasuna, eroankortasuna, DBO5, guztizko fosforoa, nitritoak, nitratoak, fosfatoak, sulfatoak y amonioa.

Soropilak mantentzeko erabilitako produktu kimikoak aintzat hartuta, desegin errazak ez badira, beste parametro adierazle batzuk ere erabiliko dira, halako produktu kimikorik edo produktu horien metabolitorik badagoen ikusteko. Proiektuaren sustatzaileak proposamena egin beharko du parametro horien kontrola egiteko; proposamen hori golf zelaia mantentzeko erabilitako konposatu moten arabera egongo da justifikatuta.

2.D.3.- Zoruen kalitatearen kontrola.

Golf zelaia funtzionamenduan dagoen lehenengo hiru urteetan, zoruen karakterizazioa egingo da urtean behin, eta horren bidez soropilak mantentzeko erabilitako ongarrien eta produktu fitosanitarioen degradagarritasuna zehaztuko da. Kontrol hori aipatutako tratamenduen aplikazioa intentsitate handiagoarekin egiten den eremuetan egingo da. Zein parametro kontrolatu zehazteko, produktuak zein motatakoak eta zenbat erabili diren hartuko da kontuan.

2.D.4.- Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean eta ebazpen honetan proposatu diren betebehar guztiak bilduko dituena.

Programa horretan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, horien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

2.D.5.- Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta eskudun organora eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian gordeko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.- Baldin eta arautegi berria indarrean sartzean, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumenarekiko eragina saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.- Ebazpen honek aurreko idatz-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe, proiekturen sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi, espedientean txertatzeko.

2.F.1.- Jarduera hasi baino lehen, ebazpen honen 2.D.4 idatz-zatian adierazitako ingurumena zaintzeko programaren testu betegina.

2.F.2.- Obrak bukatu ondoren eta urtero jarduera hasten denetik, ebazpen honen 2.D.5 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua, espedientean txertatzeko.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluaren arabera, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakitera ematea.

4.- Bi urteko epea finkatzea proiektuaren egikaritzari hasiera emateko, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluari jarraituz. Epe hori bukatu ondoren egikaritzari hasiera eman ez bazaio, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango luke, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

5.- Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 7a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala