Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2009ko martxoaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1661

AGINDUA, 2009ko martxoaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak emana, Irale programaren baitan 2009. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako laguntzetarako dei egiten duena.

Irakasleak alfabetatu edota euskalduntzeko programa (Irale) arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduak (EHAA, 1994-02-11) bere bigarren atalean dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan lanean diharduten irakasleak euskaldundu edota alfabetatzea da programa horren xedea. Agindu horren berorren hirugarren atalak hala dio: «Irale programak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko ikastetxeetan, publiko zein pribatutan eta edozein irakasmailatan, lanean diharduten irakasleak hartuko ditu kontuan».

Hezkuntza Sailburuordetzak 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetarako aurkezpen-txostenak argitaratuak ditu, bertan ikastetxe pribatuetako irakasleei irakastordu barneko ikastaroetan parte hartzeko aukera ematen zaielarik.

Kontuan hartu ditu, bide batez, ondoko lege eta dekretu hauek: batetik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateratuaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoak; bestetik abenduaren 27ko 8/2002 Legea, zeinaren bitartez Eusko Legebiltzarrak, besteak beste, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren gastuen egoera onartu baitzuen, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 29ko 19/2008 Legean jasotakoa. Hori guztia kontuan izanik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- 2009. urtean Irale programaren irakastordu barneko ikastaroren batean ikasketari gisa ari den irakaslerik duten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoei dei egiten zaie, aipatu irakasleen ordezkatzek sortutako gastuei aurre egiten laguntzeko asmoz. Honetarako, 2009. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik 5.446.000,00 euroko diru-partida erabiliko da. Diru-partida hori bi ebazpenetan banatuko da: lehenengoa, urtarriletik ekainera artekoa, partida osoaren % 70 izango da gehienez. Bigarren ebazpena, berriz, irailetik abendura artekoa. Lehenengo ebazpenean sobratzen dena, bigarrenera pasako da.

2. artikulua.- Deialdi honetan honako hauek parte hartu ahal izango dute:

a) 2009. urtean irakastordu barneko ikastaroetarako Hezkuntza Administrazioak liberazioak ematerakoan irakasle bat edo gehiago onartu(ko) zaizkien ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

b) Dagokion ikastetxeko zuzendariak aipaturiko irakasleak liberatuak izateko adostasuna idatziz emandako ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

c) Gainera, ikastetxe-planen bidezko liberazioetarako, horretarako berariaz Hezkuntza Ordezkaritzetan eskura dauden eskabide-orriei beranduenik 2009ko maiatzaren 8an sarrera emandako ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

3. artikulua.- Ikastetxe pribatuetako irakasle batek edo gehiagok, adierazitako epean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzea eskatua izan beharko du ikastetxe horiek diru-laguntza jaso ahal izateko.

Gainera, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe pribatuak ondoko zereginetara behartuta daude:

a) Diru-laguntza onartzea. Jasoko den diru-laguntzaren berri eman eta 15 eguneko epean diru-laguntza horri idatziz uko egiten ez bazaio, laguntza hori onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

d) Dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapidetzen ari datekeen itzultze edo zigortze-jardunbidea bukatuta egotea, baldin eta laguntza eta dirulaguntzok Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan badaude.

e) Titulu honetan erregulatutako diru-laguntzen eta bestelako laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako pertsona fisikoak edo juridikoak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere.

f) Kasuan kasuko Foru Aldundiak edo Hazienda Publikoak sinaturik ikastetxeek bere zergen ordainketan egunean egotearen ziurtagiria eskuratu behar dute.

g) Gizarte Segurantzarekin zorrik ez izatearen ziurtagiria eskuratu behar dute.

h) Ikastetxeak ekimen honetarako beste erakunderen baten diru-laguntza jaso edo jasotzekoa badu, horren azalpen zehatza egin beharko du eskabide-orriari erantsitako orri batean, edozein modutan ere diru-laguntzen baturak ezingo duelarik gainditu gastuaren % 100. Horretarako, behar den neurrian murriztuko da legokiokeen diru-laguntza.

4. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak deialdi honen bidez eskaintzen den diru-laguntza irakastordu barneko ikastaroetarako da. Irakasle baten ordezkoari dagokion diru-laguntza irakasle horren irakasmailak eta ordezkotza-kontratuaren noiztik noiz artekoak erabakitzen dute. Horri dagokionez, honako laguntza-kopuruak ezarri dira, kostu gordin osoaren % 80ari dagozkionak:

Kontratua noiztik noiz arte Irakasmaila Diru-laguntza eurotan, % 100ekoa balitz Diru-laguntza eurotan, % 80koa izanik

Urtarriletik ekainera (sei hilabete)

(U100, U200, U300, 3000 eta 5000 ikastaroak) Lehen Hezkuntza 21.412,63 17.130,10

DBHko

1. zikloa 22.717,49 18.173,99

DBHko

2. zikloa+Batx+LH 24.886,40 19.909,12

Urtarriletik martxora (hiru hilabete)

(R ikastaroak) Lehen Hezkuntza 10.706,31 8.565,05

DBHko

1. zikloa 11.358,74 9.086,99

DBHko

2. zikloa+Batx+LH 12.443,20 9.954,56

Irailetik abendura (lau hilabete)

(U100, U200, U300 eta R ikastaroak) Lehen Hezkuntza 14.275,09 11.420,07

DBHko

1. zikloa 15.144,99 12.115,99

DBHko

2. zikloa+Batx+LH 16.590,93 13.272,74

Lehenengo ebazpena egindakoan sortutako soberakina, hala balegokio, bigarrenera pasatakoan, irailetik abendura arteko ebazpenari dagozkion diru-laguntzak emateko orduan soberakinik gertatuko balitz zera egingo da: atal honen lehenengo pasartean ezarritako diru-banaketak egin ondoren, soberakin hori txanda horretako bertako diru-laguntzen onuradunen artean banatu, hainbanaketa eginez (hots, guztien arteko diru-zatiketa eginez). Soberakin horren banaketa osagarriaz, hori bai, inola ere ezingo da ordezkoaren gastu osoaren % 100 baino handiagoko diru-laguntzarik eman.

5. artikulua.- Diru-laguntza hori lanaldiaren proportzioan emango da, ordezko irakaslea egun osoz hartu ordez denbora gutxiagorako kontratatzen den kasuetan.

Liberatuta dagoen ikasketariak baja-aldirik badu, Iralek ez dio ikastetxeari baja-aldiari dagokion neurrian pertsona horren ordezkotza-gasturik ordainduko.

Gizarte Segurtasunak ordaintzen duen zatia ez du deialdi honek estaliko.

6. artikulua.- Irakasle ordezkoari ikastetxeak ordainduko dio honen lan-hitzarmenak dioenari jarraiki, eta ordaindu beharreko kopurua kontratuan ezarritako maila profesionalari dagokiona izango da.

7. artikulua.- Plazaren jabearen titulazioa eta irakasle ordezkoarena berdina izango da edo bateragarria.

8. artikulua.- Ordezkotzaren ordu-kopurua Iralera doan titularraren liberaziozko ordu-kopuruaren parekoa izango da gehienez. Aipaturiko ordezkapena irakasle baten bidez edo batzuen artean egin ahal izango da.

9. artikulua.- Iraleko ordezkoaren lan-hitzarmenak bitarteko izaera izango du, irakasle erlijiosoen kasuan izan ezik. Mugagabeko lan-hitzarmena duten irakasleak ondoko kasu hauetan onartuko dira:

a) Aurreko ikasturtetik ikastetxean gelen kopurua murriztu egin denean irakasleen kopurua mantenduz.

b) Ikastetxeak, lan-orduak gehitzeko helburuz, irakasleak egun osoz izan beharrean egun zatiz dituenean.

10. artikulua.- Diru-laguntza jaso nahi duten ikastetxe guztiek, liberatu nahi lukeen irakasleak Iraleren eskabide-orria ezarritako epean betetzeaz gainera, agindu honen eranskinean ezagutzera ematen den eskabide-orria bete beharko dute, eta kasuan kasuko Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu (edota, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38. atalean, 4. pasartean, adierazten duen edozein administrazio-gunetan). Ikastetxearen titularrak txanda berean gehienez zenbat irakasle liberatu nahi dituen zehaztu behar du deialdiaren eranskinean. Horrezaz gainera, 2008-2009 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2009ko urtarriletik gehienez ekainera) liberaturik dauden irakasleen kasuan, ikastetxeak ordezko irakaslearen kontratuaren kopia erantsi beharko dio eskabideari. 2009-2010 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2009ko irailetik abendura) irakasleren bat liberatzen duten ikastetxeek, berriz, ikastaroa hasi eta hilabeteko epea izango dute ordezko irakaslearen kontratuaren kopia aurkezteko. Dokumentazioa behar den epean aurkeztu ezean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez dio ikastetxe horri diru-laguntzarik emango.

11. artikulua.- Diru-laguntzetarako eskabideak ikastetxeek aurkezteko epea Agindu hau indarrean jartzen den egunetik hasi eta hilabetekoa izango da. Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat sumatuko balitz, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio eskabidea osa dezan. Epe horretan ez bada eskabidea osatzen, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren Herri-Administrazioetako lege-erregimena eta Administrazio prozedura arrunta arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1. artikuluak dioenari jarraiki.

Eskabidean jasotako datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren fitxategi informatizatuetan sartuko dira. Legeak jasotzen dituen sarbide-, zuzenketa-, deuseztapen- eta aurkakotasun-eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan erabil daitezke (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

12. artikulua.- Diru-laguntzak emateko orduan Iraleren irakastordu barneko hautatze-irizpideak, urtero-urtero Aurkezpen-txostenean definitzen direnak, kontuan hartu beharko ditu agindu honek. Hori dela-eta, kontuan izango ditu Sailak esparru horretako ikasketarien lehentasun-irizpideak, ikastetxe pribatuetako edo gizarte-ekimenezko ikastetxeetako ordezkari adituekin batera adostasun-puntuak eskuratzen saiatuz. Horretarako, sare pribatuko euskalduntze alorreko Jarraipen-batzordea eratua dago, bere partaideak ondoko hauek izanik:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo bere ordezkoa, buru.

Euskara Zerbitzuaren burua.

Euskara Zerbitzuko Irale programaren arduraduna, idazkari.

Patronalaren ordezkariak.

Unibertsitateaz kanpoko eskola-sare pribatuko sindikatuen ordezkariak.

13. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren (1994ko otsailaren 11ko EHAA) 4. atalaren 3. puntuak xedatzen duenez, aurkezpen-txostenez jakinaraziak ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aldian aldiko ekitaldiaren baldintza konkretuak. Horien arabera, 2009. urtean egin beharreko liberazio-txanda bakoitzaren iraupena 2008-2009 ikasturteko eta 2009-2010 ikasturteko aurkezpen-txostenetan ezarritakoa izango da edota, bestela, bertan adierazten den moduan, hori eguneratzen duen edozein arautan adierazten den hainbatekoa.

14. artikulua.- Irale programaren bidez irakastordu barnean liberatuta dagoen irakasleak ez du aldi horretan irakasletzan jardungo eta bere ikastetxeak ezin izango dio diru-kopururik bere soldatatik kendu. Ikastetxe-planen kasuan, Iraleren 2009-2010eko Aurkezpen Txostenean ezarritako irizpideak hartuko dira gidari. Arautu gabekoa, berriz, Jarraipen Batzordean erabakitakoaren baitan geldituko da.

15. artikulua.- Ikasketarigaien kopurua 2009an dirubideek onar dezaketena baino handiagoa denean, Iraleren aurkezpen-txostenean emandako lehentasun-irizpideen arabera jokatuko da. Beraz,

1.- Kupo zabal bat izango da, batetik, HE1 eta HE2rako prestatze-ikastaroetarako. Kupo horretan honako hauek izango dira lehentasunak.

a) Sarrera-azterketako nota.

b) Nota berekoen artean, irakastereduari dagokionez, ondoko lehentasun-ordenari eutsiko zaio:

D eredua.

B eredua.

A eredua.

c) Irakasleen lan-egoerari dagokionez, ondoko lehentasun-ordenari eutsiko zaio:

Irakasle finkoa.

Irakasle finko etenduna.

Besterik.

d) Horretan berdin baleude, Irakaskuntza Pribatuan zerbitzu-urte gehiago eginak dituena lehenetsiko da.

2.- HE2tik gorako ikastaroetarako, bestalde, plaza-kopuru bat gordeko da. Lehentasunak honako hauek izango dira:

a) 2008-2009 ikasturtean euskaraz irakasten ari diren irakasleak.

b) Horien artean berdintasunak jarraituko balu, HE2 edo baliokidea lehenago lortu zuena lehenetsiko da.

c) 2009-2010 ikasturtean (edo beranduenik, 2010-2011an) lehenengo aldiz euskaraz irakasteko konpromisoa hartzen duten DBHko edo DBHOko irakasleak.

d) Gainerakoak, euskarazko gaitasun-agiriaren antzinatasunaren arabera.

Multzo bakoitzaren barnean berdintasuna hausteko, antzinatasuna erabiliko da irizpide moduan.

3.- Ikastetxeetako euskalduntze-ekimenak (ikastetxe-planak) aurrera eramateko plaza-kopuru bat finkatuko da, azkenik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta ikastetxe pribatuen artean. Indarrean dauden, eta hala jarraitu nahi duten, taldeei jarraipena emango zaie 2009-2010 ikasturtean, oraindainokoan ohikoak izan diren irizpideen arabera.

16. artikulua.- Berariaz sortutako ebazpen-batzorde batek banan-banan aztertuko ditu ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoen laguntza-eskabideak, baldintzak bete dituzten ala ez aztertuz. Horren arabera 2009. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzeko aukeratuen zerrendetako irakasleen ordezkapenen kontzeptupean zein ikastetxeri diru-laguntza eman proposatuko dio batzorde horrek Hezkuntza sailburuordeari, azken honek dagokion Ebazpena argitara dezan. Bertan, ikastetxe bakoitzean liberazio partziala edo osoa izan duten irakasleen zerrenda azalduko da. Aipaturiko ebazpen-batzordearen partaideak hauek izango dira:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo bere ordezkoa, buru.

Euskara Zerbitzuaren burua eta bertako Irale programaren arduraduna, azkeneko hau idazkari.

Hezkuntza Ordezkaritza bakoitzeko lurralde-burua edota euskara atalburua.

Irakaskuntza pribatuko euskalduntze arloko Jarraipen-Batzordeko kide bat, patronalaren izenean.

Jarraipen-Batzordeko beste kide bat, sindikatuen izenean.

17. artikulua.- Hezkuntza Sailburuordetzak bi laguntza-ebazpen jakinaraziko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Laguntza-ebazpen horietan ikastetxeei emango zaien diru-laguntza adieraziko da, irakasleon eta beren ikastetxeen nortasun-ezaugarriak eskainiz eta laguntzaren zenbatekoa finkatuz. Lehenengo laguntza-ebazpenean 2008-2009 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2009ko urtarriletik ekainera) liberatuta egonik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak diruz lagunduko dituen irakasleen zerrenda argitaratuko da, 2009ko urriaren 15a baino lehen. Bigarren laguntza-ebazpena, aldiz, 2009-2010 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2009ko irailetik abendura) liberatutako ikasketarien ordezkoen kontratua aurkezteko azken egunaren biharamunetik gehienik sei hilabetera argitaratuko da, txanda horri dagokion diru-laguntzaren kopuruen zerrenda adieraziz.

Ezarritako epeetan ebazpenak argitaratzen ez badira, eskabideak ezetsitzat jo daitezke.

Laguntza-eskatzaileetariko bat edo gehiago hartutako Erabakiarekin ados ez balego eta gora jo nahi balu, Erabakia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean altxada-errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean.

18. artikulua.- Diru-laguntza hauek denak batera ordainduko dira, salbu eta agindu honen 10. atalean finkatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezko bakoitzari dagokion diru-laguntza ordainduko dio liberazio txanda amaitutakoan, beti ere txanda horretan gertatutako gorabeherak kontuan harturik.

19. artikulua.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu diru-laguntzok begiz jotako helbururako erabiltzen direla ziurtatzeko. Hau bete ezean, ikastetxeak itzuli egin beharko ditu. Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, jaso duen diru-kopurua eta horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

ERASKINA/ANEXO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala