Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2009ko otsailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1053

AGINDUA, 2009ko otsailaren 4koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena; horren bitartez, gizarte-ekonomiaren arloko Ikasketak Zabaltzeko beka baterako deialdia egiten da.

Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 137.1 artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoek gizartearen onurako eginkizuntzat hartzen dute kooperatiba-sozietateak eta horiek dituzten enpresak eta ordezkaritzak bateratzeko egiturak sustatzea, bultzatzea eta garatzea. Eginkizun hori betetzeko, kooperatiba berriak eratzea dakarten jarduerak garatzeaz gain, dibulgazio-, prestakuntza- eta orientazio-programak sustatu behar dituzte, kooperatiba-sistemak gizarteko solaskideen aurrean dituen aplikazio-aukerak bultzatzearren.

Aipatutako prestakuntza-izaerako jarduera horiek sortzeari dagokionez, azken aurrekontu-ekitaldietan ikasketak zabaltzeko beka-deialdiak egin dira, eta horien bidez, Gizarte Ekonomiaren eremuko eskumenen kudeaketaz arduratzen den organoa egituratzen duten arloei esleitu zaien ezagutza-gaietan adituak diren profesionalen prestakuntza sustatu da.

Horren ondorioz, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza, nola ez, ez da salbuespena izan horrelako jardunei dagokienez. Administrazio-organo hori, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita dago Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzaren bitartez eta esleituta dituen eskumenen artean, aipatu bezala, sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 18ko 315/2005 Dekretuan ezarritakoari jarraiki, Gizarte Ekonomia bultzatu, sustatu eta garatzeko programak egin, kudeatu eta gauzatzearekin loturikoak daude.

Testuinguru horretan, eta Gizarte Ekonomiak oro har, eta kooperatiba-mugimenduak bereziki, hasieratik prestakuntzarekin eta dibulgazioarekin izan duten konpromisoarekin bat etorriz, interesgarritzat jo da unibertsitateko ikasketetan elkarte-gaiei buruz ematen den prestakuntza osatzeko beka baterako deialdia egitea, profesionalak Gizarte Ekonomiaren arlo zehatz batzuetako espezializazioa ahalbidetzen duten trebetasunez hornitzeko, jasotako ezagutzak aplikatzeko aukera emango dieten enpresa- eta lanbide-egitasmoetan parte hartzea errazteko dien osagarria erantsiz profesionalen unibertsitate-prestakuntzari. Horrela, adierazitako beka unibertsitateko tituludunei zuzentzen zaie, Gizarte Ekonomiarekin oro har, eta kooperatiba-sozietateak arautzen dituen egitura juridiko-administratiboan aurreikusten diren aldaketekin bereziki, zerikusia duten gaien prestakuntzaren, azterketaren eta ikerketaren bidea jarraitu nahi dutenei, hain zuzen ere.

Azken urteotan, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzarentzat interesgarriak diren ikerketa-arloei buruzko zenbait lanetan jardun duten bekadunak hautatu dira. Horregatik, Zuzendaritza horretan gauzatzen diren lanak aintzat hartuta eta telematika bidezko izapidetze-prozeduren ezarpenak hartu duen garrantzia ikusirik, interesgarritzat jo da adierazitako arloa nagusiki ikuspegi juridiko batetik aztertuko duten azterlanak eta ikerketak sustatzea. Horrela, komenigarri iritzi diogu deialdi honen esleipendunak landu beharko dituen azterlanek eta ikerketek honako gaia aztertzeko eta baloratzeko helburua izatea: herritarrak zerbitzu publikoetara elektronika bidez sartzeko sistemei buruzko arau berriek Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan jarraitzen diren prozeduren kudeaketan duten eragina.

Azkenik, laguntza hori Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2000ko uztailaren 31ko Aginduak ezarritakoa guztiz errespetatuz ezarri da. Agindu horren bidez, prozedura-gaiak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eskumenekoak diren gaietan prestakuntza eta ikerketako beketarako edo laguntzetarako deialdiei buruzko zenbait jardunbide-kontu eta alde arautzeko esparru arautzailea ezartzen da. Bestalde, agindu horrek araututako laguntzak publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Izan ere, horrela bermatzen da diruz lagundutako jarduera ondo garatuko dela eta ebazpen-prozesuan zein bekak edo laguntzak emateko prozesuan irizpideak behar bezala aplikatuko direla.

Arestian azaldutakoa kontuan hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra. - Deialdia.

Gizarte Ekonomiaren arloan ikasketak zabaltzeko beka bat (1) deitzea. Ikasketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-zentroetan eta izen oneko erakundeetan egingo dira, betiere beren jarduera arlo horretan garatzen badute, eranskinean onartu eta adierazten diren oinarriei jarraiki.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan aurreikusi ez denari dagokionez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2000ko uztailaren 31ko Aginduan (2000ko irailaren 4ko EHAA, 169. zenbakia) eta aplika daitekeen gainerako araudian ezarritakoa aplikatuko da. Uztailaren 31ko agindu horren bidez prozedura-gaien eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eskumenekoak diren gaietan prestakuntza eta ikerkuntzako beketarako edo laguntzetarako deialdiei buruzko zenbait jardunbide-kontu eta alde arautzeko esparru arautzailea ezartzen da.

Bigarrena.- Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari eskumena ematen zaio, agindu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Hirugarrena.- Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epean izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.b) eta 46 artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Laugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 4a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

GIZARTE EKONOMIAREN ARLOKO IKASKETAK ZABALTZEKO BEKA DEITZEKO AGINDUAREN ERANSKINA

OINARRIAK

Lehenengoa.- Xedea.

1.- Oinarri hauen xedea Gizarte Ekonomiaren arloan ikasketak zabaltzera bideraturiko beka baten (1) deialdia arautzea da.

2.- Bekaren onuradunak zuzenbidean lizentziatuaren titulu akademikoa izan beharko du, edo eskaerak aurkezteko epea amaitzeko unean titulu hori lortzeko moduan egon.

3.- Bekak honakoa aztertzeko gaitasuna emango dio, bereziki, onuradunari: herritarrak zerbitzu publikoetara elektronika bidez sartzearen inguruko arauek Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren eskumeneko prozeduren izapidetzean duten eragina.

Aurreko paragrafoan aurreikusten diren helburuetarako, onuradunak ez du inola ere parte hartuko Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan egin ohi diren administrazio-lan arruntetan.

Beka eskatzen dutenek ikerketa-programaren azalpen labur bat aurkeztuko dute Memoria baten bitartez. Memoria horretan honako hau bilduko dute: aztertu beharreko gaiak, gai horien garrantzia Gizarte Ekonomiaren arloan eta azterlan hori egitera eraman duten arrazoi pertsonal eta sozialak.

4.- Ikerketa-jarduera garatzeko bekadunak administrazio-dependentziak edo hiru euskal unibertsitateetan kooperatiba arloko ikasketen institutuak (Gezki-EHU, Deustuko Unibertsitatea eta HUHEZI) erabili ahal izango ditu haien dokumentazio-zerbitzuetan eskuragarri dauden material eta informazioak kontsultatu ahal izateko, eta horiek autonomia erkidegoko edo estatuko beste erakunde batzuekin elkartrukatu ahal izango ditu.

Bigarrena.- Bekaren iraupena.

Bekak 12 (hamabi) hilabeteko iraupena izango du, onartzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena.- Zuzkidura eta ordaintzeko modua.

1.- Bekaren zenbatekoa kopuru finkokoa izango da: hemezortzi mila (18.000) euro eta, horretaz gain, beste zenbateko gehigarri bat egongo da, hiru mila (3.000) eurora artekoa bekaren gaiarekin zerikusia duten ikastaro eta mintegietara joateko.

2.- Beka esleitu ondoren eta bederatzigarren oinarriaren e) idatz-zatian adierazten den diagnostikoa aurkeztu ondoren, onuradunari hiru mila (3.000) euro emango zaizkio. Lehenengo hiruhilekoa betetzean, mila eta bostehun (1.500) euro emango zaizkio onuradunari.

3.- Bekaren gainerakoa lau mila bostehun (4.500) euroko 3 ordainketatan emango da. Zenbateko horiek hiruhilekoa bete ondoren ordainduko dira.

4.- Horretaz gain, bekaren helburu den gaiarekin lotura duten ikastaro eta mintegietara joateko baimena eskatu ahal izango du bekadunak. Kasu horietan, Sailak matrikularen eta ikastaroetara joateko joan-etorri eta alojamenduaren gastu guztiak edo zati bat itzultzea adostu ahal izango du, gehienez (hiru mila 3.000) eurora arte eta hori efektibo egiteko Gizarte Ekonomia Zuzendaritzaren baimena beharko du beti. Baimen hori eskatzeko gastuak behar bezala egiaztatu beharko dira, sortu diren unetik zenbatzen hasita gehienez 2 hilabeteko epean eta funtsa agortu arte. Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako zenbatekoak hartuko dira gastu horien mugatzat. Adierazitako dekretuak Euskal Administrazio Publikoetan lanean ari diren funtzionarioen zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainak arautzen ditu. Dekretu hori, bestalde, abenduaren 19ko 515/1995 Dekretuak, abenduaren 19ko 267/2000 Dekretuak, eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak aldatu zuten.

5.- Beka horri atxikitako aurrekontu-kreditua abenduaren 29ko 19/2008 Legeak bermatzen du (horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009rako aurrekontu orokorrak onartu ziren).

Laugarrena.- Onuradunak.

1.- Eskatzaileek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte eskaerak aurkezten dituzten egunean:

a) Europar Batasuneko hiritartasuna izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatua egotea ekitaldi honetako urtarrilaren 1aren aurretik.

b) Zuzenbidean lizentziadunak izatea.

c) Lehenagotik horrelako edo antzeko bekarik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura.

d) Diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-hauste bat egin izanagatik jarritako zigor irmoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak lortzeko debekurik ez izatea.

e) Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen edo debeku horrekin zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legean ezarritakoaren arabera.

f) Soldatapeko lanik egiten edo beka edo laguntzarik jasotzen ez egotea.

2.- Beka onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

Bosgarrena.- Bekadunaren tutoretza eta zuzendaritza.

1.- Beka emateak eta jasotzeak ez dakar inolako kontratu- edo estatutu-harremanik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bekaren onuradunaren artean. Era berean, Administrazio horrek ez du inolako konpromisorik hartuko onuraduna bere plantillaren barnean hartzeko.

2.- Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Ekonomia Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako bekak kudeatzea.

3.- Bekaren jarraipen-, tutoretza- eta zuzendaritza-lanak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateetako (Gezki-EHU, Deustuko Unibertsitatea eta HUHEZI) kooperatiben arloko institutuetako zuzendarietako baten esku utziko dira. Tutoreak, bekadunak bere Memorian aurkezturiko bekaren behin-behineko garapen-eskemaren arabera, aldaketak proposatu ahal izango du, eta oharrak egin, behin-behineko eskema hori Gizarte Ekonomiaren arlora egokitu ahal izateko; horrez gain, azterlanaren behin betiko eskema ezarri ondoren, hura betetzen dela kontrolatuko du.

4.- Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak, bekaren aldia amaitzean, beka jaso duela egiaztatuko duen ziurtagiria emango dio bekadunari. Ziurtagiri horretan bekaren edo laguntzaren xedea adieraziko da, baita haren jardunean gauzatu diren jarduera nagusiak ere.

Era berean, eta bekadunak horrela eskatuta, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak ikerketa-lanaren garapenari buruzko azken txostenaren hedapen ez-esklusiboa egin ahal izango du gehienez urtebetez, betiere apirilaren 12ko Legegintzako 1/1996 Errege Dekretuan (Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina onartzen duena) ezarritako hitzak eta baldintzak errespetatuz.

5.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aseguru bat kontratatuko du bekadunarentzat, istripu, ezintasun edo heriotza arriskuak estaltzeko, baita erantzukizun zibila ere, bekadunaren jardunak hirugarrenei eragin diezazkiekeen kalteak estaltzeko.

Seigarrena.- Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.- Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.- Eskaera, eskaera formalizatuaren bidez egingo da, oinarrien I. eranskinean azaltzen den ereduaren arabera.

3.- Behar bezala betetako eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da:

a) Laugarren oinarrian adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa:

" Europar hiritartasuna NANa edo, hala badagokio, hiritartasuna ziurtatzen duen titulu juridikoa aurkeztuz egiaztatuko da.

" Euskal Autonomia Erkidegoko herri batean bizi dela egiaztatzeko dagokion udal-errolda aurkeztuko da.

" Egoera akademikoa eskaerak aurkezteko epearen barruan egiaztatu beharko da, deialdi honetan eskatzen diren titulu akademikoaren kopiaren bidez.

" Laugarren oinarriaren 1. ataleko c), d) e) eta f) idatz-zatietako baldintzak eta laugarren oinarri horretako 2. atalekoak betetzen direla egiaztatzeko oinarrien 1. eranskinean azaltzen den ereduaren araberako zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da.

b) Unibertsitateko ikasketen ikasketa-ziurtagiri xehatua; bertan azaldu beharko dira lortutako kalifikazioak eta haien datak.

c) Curriculum vitaea; bertan adierazi beharko dira datu akademikoak, euskararen eta EBko beste hizkuntza batzuen jakintza maila; horretaz gain, lan- eta ikerketa-esperientzia, argitalpenak eta interesgarriak diren beste merezimendu batzuk adieraziko dira. Adierazitako guztia agirien bidez egiaztatu beharko da, ziurtagiriak edo diplomak aurkeztuz, edo haien egiazkotasuna ziurtatuko duen beste edozein bitarteko erabilita. Eskaerak aurkezteko epearen ondoren aurkeztutako merezimenduen egiaztapenek ez dute baliorik izango.

d) Memoria laburra, gehienez mekanografiatutako bi orrialdekoa. Bertan adieraziko dira argi eta garbi, eta behar bezala antolatuta, bekaren xedea oinarritzen deneko Gizarte Ekonomiaren alderdiak eta aztertu beharreko gaiak, eta gai horiek Gizarte Ekonomiaren testuinguruan duten garrantzia eta horiek aztertzera eraman gaituzten arrazoi pertsonal eta sozialak.

4.- Eskatutako dokumentazioaren agiri originalak aurkeztu beharko dira, edo behar bezala kautotutako kopiak.

5.- Eskaerak Gizarte Ekonomiako zuzendariari bidaliko zaizkio eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailaren Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan aurkeztuko dira, Donostia kalea 1 (01010 Vitoria-Gasteiz), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusita dagoen bitartekoren bat erabiliz.

6.- Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, osorik ez dagoela edo oinarri honetan aurreikusitako baldintzak betetzen ez dituela atzematen bada interesdunari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko edo beharrezko dokumentazioa osatzeko. Horretaz gain, adieraziko zaio eskatutakoa betetzen ez badu, eskaera atzera egintzat hartuko dela, horretarako emandako ebazpenaren ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.- Hautaketa Batzordea. Bekaduna hautatzeko irizpideak.

1.- Aurkezteko epea amaitu ondoren, eta hala badagokio, eskaerak konpondu edo osatu badira, haien ebaluazioa eta esleipendunaren hautaketa Hautaketa Batzorde batek egingo du. Honako hauek osatuko dute batzorde hori:

- Presidentea: Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

- Batzordekidea: Zerbitzu Zuzendaritzako teknikari bat, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Zerbitzu zuzendariak izendatutakoa.

- Idazkaria: Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzako teknikari bat, Gizarte Ekonomiako zuzendariak izendatutakoa.

2.- Hautaketa Batzordeak bi fasetan egingo du aurkeztutako eskaeren balorazioa, eta honako irizpide hauen arabera:

Lehiaketaren lehenengo fasea:

a) Eskatzailearen espediente akademikoa: 10 puntu gehienez.

- Batez besteko «nahikoa» nota egiaztatzea: 5 puntu.

- Batez besteko «oso ongi» nota egiaztatzea: 7 puntu.

- Batez besteko «bikain» nota egiaztatzea: 9 puntu.

- Batez besteko «ohorezko matrikula» nota egiaztatzea: 10 puntu.

b) Gizarte Ekonomiaren arloko ezagutza espezifikoa: 10 puntu gehienez.

- 30 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 3 puntu.

- 30etik 80 ordura bitarteko ikastaroak: 4 puntu.

- 80 ordutik gorako ikastaroak: 6 puntu.

c) Betetzeko baldintza gisa, oinarri hauetan eskatzen den titulu bera eskatzen duen lanpostu batean izandako lan-esperientzia: 10 puntu gehienez.

- Urte betera arteko lan-esperientzia: 1 puntu.

- 1 urtetik 3 urtera arteko lan-esperientzia: 3 puntu.

- 3 urtetik gorako lan-esperientzia: 5 puntu.

Esperientzia gizarte-ekonomiaren gaiekin lotuta badago puntuazioa bikoiztu egingo da baina, gehieneko puntuazioak ez ditu inola ere atal horretarako aurreikusitako 10 puntuak gaindituko.

d) Euskara jakitea: 3 puntu gehienez.

- II. hizkuntza-eskakizuna edo baliokideren bat egiaztatzea: 1 puntu.

- III. hizkuntza-eskakizuna edo baliokideren bat egiaztatzea: 2 puntu.

- IV. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 3 puntu.

e) Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea: puntu 1 hizkuntza bakoitzeko eta gehienez 3 puntu.

Ingeles, frantses edo alemanerako Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3., 4. eta 5. ikasturteak gainditu izana baloratuko da, edo baliokidetzat ematen diren edo aipatutako mailen antzeko ezagutza eskatzen duten tituluen jabe izatea.

- Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3. ikastaroa edo baliokidea egiaztatzea: 0,50 puntu.

- Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. ikastaroa edo baliokidea egiaztatzea: 0,75 puntu.

- Hizkuntza Eskola Ofizialeko 5. ikastaroa edo baliokidea egiaztatzea: 1,00 puntu.

f) Aurkeztutako Memoriaren kalitatea beka deitu deneko ikerketa-programarekiko: 2 puntu gehienez.

g) Hautagaiaren profila ikerketa-proiektuari egokitzea: 2 puntu gehienez.

Lehiaketaren bigarren fasea:

Elkarrizketa pertsonala: 10 puntu gehienez.

Bigarren fase horretara lehenengo fasean lor daitezkeen puntuen erdia baino gehiago lortu dutenak baino ez dira iritsiko. Hautaketa Batzordeak hautagai horiek elkarrizketatuko ditu eta elkarrizketaren fasean gutxieneko 5 puntuak lortu ez dituztenak hautaketa prozesutik kanpo geratuko dira.

3.- Eskatzaileen ebaluazioa amaitu ondoren, Batzordeak bekaduna aukeratuko du eta beka ukatzearen edo hura jasotzeko eskubidea galtzearen kasurako ordezkoen zerrenda egingo du lehentasun-ordenari eutsiz. Bekaduna izango da lehiaketaren bi faseen zenbaketa globalean puntu gehien lortzen dituena. Berdinketa egonez gero, elkarrizketaren fasean puntu gehien lortu duen pertsona aukeratuko da.

Hori egin ondoren Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari aurkeztuko zaio bekaren esleipenaren proposamena, edo hala badagokio, esleitu gabe uztea.

4.- Hautaketa Batzordearen erabakiak gehiengoak hartuko ditu eta agindu honetan aurreikusi ez den orotarako, kide anitzeko organoetarako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen II. tituluaren II. kapituluan ezarritakoa aplikatuko da.

Zortzigarrena.- Ebazpena eta bekaren esleipena.

1.- Bekaren esleipena Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen Ebazpenaren bitartez egingo da eta eskaerak aurkezteko azken egunaren biharamunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaio esleipendunari. Interesatuei pertsonalki jakinaraztea bazter utzi gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da bekaren onuradunaren eta hura ordezteko hautatutakoen izena.

2.- Ebazpen horretan, bekaren esleipendunaren izenaz gain, honako hauek ere adieraziko dira: beka ematen deneko ikerketaren programa, ordezkapen-erregimena eta haien lehentasun-ordena, hautaketa-prozesutik kanpo geratu diren izangaien izenak eta kanpo geratzearen arrazoiak. Era berean, bekaren jarraipena, tutoretza eta zuzendaritza egitea nori egokitu zaion adieraziko da, bosgarren oinarrian xedatutakoaren arabera.

3.- Esleipen-ebazpenak ez du administrazio-bidea agortuko, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

4.- Bekaren esleipenaren ebazpena hartzen edo jakinarazten ez bada horretarako ezarri den epean, eskabideak ezetsitzat joko dira. Kasu horretan eta administrazioak esanbidez ebazteko duen betebeharra alde batera utzi gabe, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilabetekoa izango da, oinarri honetako 1. atalean aurreikusitako epea amaitzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Bederatzigarrena.- Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak honako hauek bete beharko ditu:

a) Emandako beka onartzeak oinarri honetan eta esleipen-ebazpenean ezarritako arau guztiak onartzea eragingo du. Ondorio horietarako interesdunari zuzenean egingo zaion jakinarazpenaz gain onarpen-agiria emango zaio —oinarrien II. eranskineko ereduaren araberakoa— esleipena jakinarazi zaion egunaren biharamunetik zenbatzen hasita 15 eguneko epean beka onar dezan.

b) Bekaren zenbatekoa beka hori eman zaion helbururako baino ez erabiltzea.

c) Beka ematen duen erakundeak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak beren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari direnean egin ditzaketen ziurtapen- eta kontrol-jardunen mende jartzea.

d) Beka ematen duen erakundeari beka emateko baldintzak betetzen direla eta horiei eutsiko zaiela erakustea, eta bateraezintasuna eragiten duten inguruabarrak edo oinarrietan bildutako baldintzak aldatzen dituztenak sortuz gero, horiek jakinaraztea inguruabar horiek ezagutzen diren unetik zenbatzen hasita gehienez hamar eguneko epean.

e) Ikerketa-lanak bekaren tutoreekin adosturiko baldintzetan egitea. Horretarako, hasierako diagnostikoa diseinatu beharko du honako hauek bilduz: garatu beharreko ikerketa, metodoa eta bekaren gauzatzearekin lotutako gainerako alderdiak.

f) Hiru hilean behin ikerketa-lanen eta gauzatutako azterlanen egoera-memoriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, ikastaro eta mintegietara joateagatiko gastuen jatorrizko egiaztagiri edo frogagiriak aurkeztu beharko ditu, gastu horiek sortu ziren unetik gehienez 2 hilabeteko epean. Era berean, bekaren iraupen-epea amaitu ondoren, azken txosten zehatza aurkeztu beharko du egindako lanei eta aztertutako gaiei buruz, haiek eragindako arazoak, alternatibak, gomendioak eta oro har, bekaren helburu den gaiari dagokionez interesgarritzat hartzen diren alderdi guztiak bilduz.

g) Deialdi honen ezaugarriak dituzten laguntzen onuradunei aplika dakizkiekeen gainerako betebeharrak eta zehazkiago, Justizia, Lan eta Gizarte sailburuaren 2000ko uztailaren 31ko Aginduaren 11. artikuluan aurreikusitakoak, baita aplika daitekeen gainerako araudian ezarritakoak ere. (Uztailaren 31ko aginduaren bidez prozedura-gaien eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eskumenekoak diren gaietan prestakuntza eta ikerketa beketarako edo laguntzetarako deialdiei buruzko zenbait jardunbide-kontu eta alderdi arautzeko esparru arautzailea ezartzen da).

Hamargarrena.- Ez-betetzea, baliogabetzea eta uko egitea.

1.- Bekaren helburua edo oinarri hauetan edo esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez betetzeak beka baliogabetuko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko erregimen orokorra edo horiek ordezkatzen dituen araua arautzen duena) eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako baldintzetan eta hedadurarekin.

2.- Zehazki, honako arrazoi hauetako bat gertatzen bada baliogabetuko da beka:

a) Eskaera-orrian adierazitako datuak faltsuak izatea edo eskatutako baldintzak ez betetzea.

b) Bekaren helburu diren gaietan arretarik ez jartzea edo ikasteko gogorik ez adieraztea.

c) Oinarri hauetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako beken edo laguntzen gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

d) Hamaikagarren oinarrian aurreikusitako bateraezintasunen bat izatea.

3.- Emateko eskumena duen organoaren ebazpenaren bidez baliogabetuko da beka. Ebazpen horretan, baliogabetzeko arrazoiak eta baliogabetzearen ondorioak adierazi beharko dira.

4.- Bestalde, beka hartzeko aldia hasi ondoren onuradunak uko egiten badio, oro har, jasotako laguntza itzuli beharko du, eta sortu gabeko eskubide ekonomikoak galduko ditu.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, bekaren zuzendariaren iritziz eta kasu bakoitzeko inguruabarrak kontuan hartuta bekadunaren uko egitea behar bezala justifikatuta badago, beka esleitu zuen organoak ebatziko du jasotako diru kopurua, osorik edo zati batean, itzuli behar den edo, besterik gabe, egin gabeko ordainketa eten edo bertan behera utzi behar den.

5.- Bekari lehen hiru hilabeteetan uko egiten bazaio edo epe horretan baliogabetzen bada, eta egoerak hala gomendatzen badu, beste bekadun bat izendatuko da geratzen den aldirako. Horretarako, aldez aurretik finkatutako lehentasun-ordenari eta ordezkapen-erregimenari jarraituko zaio.

Aitzitik, beka eman den egunetik hiru hilabete igaro ondoren uko egiten bazaio, beka hori bertan behera eta ondoriorik gabe utziko da.

Hamaikagarrena.- Bateraezintasunak.

Beka edukitzea bateraezina izango da ordaindutako edozein lanekin, bekari lotutako lanak behar bezala garatzea eragozten duen edozein zereginekin, eta beste beka edo laguntza bat jasotzearekin, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak dagokion bateragarritasuna esanbidez baimentzen duenean izan ezik.

I. ERANSKINA

ESKAERA EREDUA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

ONARPEN AGIRIA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala