Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2009ko otsailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1050

42/2009 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Berritzeguneetako lanpostuen zerrendako aldaketek zer langileri eragingo dien zehazteko irizpideak ezartzen dituena, eta Berritzeguneetan berriz atxikitzeko prozesua arautzen duena.

Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 26. artikuluak xedatzen ditu Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak, baita haien funtzioak eta ezaugarri nagusiak ere.

Arau honek eragina du otsailaren 6ko 15/2001 Dekretuaren bidez egindako Laguntzarako Zerbitzuen azken konfigurazioan. Dekretu horren bidez, hain zuzen, Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak (Berritzeguneak) sortu ziren, eta, ondoren, otsailaren 13ko 26/2001 Dekretuaren bidez, lanpostuen zerrenda onartu zen.

Baina zerbitzu horiek behar batzuei erantzuteko jarri ziren, eta behar horiek aldatu egiten dira, ikastetxeen eta gizartearen beraren premiak ere aldatzen direlako.

Horregatik, 40/2009 Dekretuak, otsailaren 17koa, berriki aldatu du zerbitzu horien egitura, bete beharreko funtzioetara hobeto egokitzeko. Horrenbestez, 41/2009 Dekretuak, otsailaren 17koa, lanpostuen zerrenda aldatu du, eta aldaketa horrek, jakina, eraginak izango ditu aipatutako zerbitzuetan diharduten langileengan.

Hori dela eta, prozedura bat arautu behar da zehazteko nola eragingo dien erreformak behin betiko destinoa duten pertsonei.

Etorkizunean ere, ziurrenik, aldaketa gehiago egingo dira lanpostu horietan. Beraz, oro har, araudi hau aplikatzen jarraitu behar da, zentroen funtzionamenduak bestelako aldaketak egitea eskatzen ez duen bitartean.

Helburu horrekin, prozedura bat diseinatu du Hezkuntza Administrazioak lanpostuen zerrenda berria eta lehen argitaratu zena alderatzen dituena. Bi fase ditu: lehenengo fasean, desagertuko diren lanpostuetan diharduten pertsonak banan-banan azaltzen dira, eta berriz atxikitzeko fasea dator gero.

Oro har, prozeduraren helburua da ahalik eta langile gehienek jarraitzea behin betiko destinoa duten Berritzegune berean. Hala eta guztiz, Dekretu honen prozedura jarraituta destino lortu ez dutenak Berritzeguneetan zelan berratxiki ere aurreikusten da.

Pertsona batek baino gehiagok plaza bat hartzeko aukera dutenean, lehentasunak ezartzeko erabiliko den irizpide orokorrak aintzat hartuko ditu horrelako prozesuetan balioesten diren merezimenduak: Berritzegune horretan duen antzinatasuna eta karrerako funtzionario gisa egindako zerbitzuak; eta laguntza-zerbitzu horietan jardundako denbora, berdinketak hautsi behar direnean kontuan hartuko baita.

Halaber, arau honek baditu bi xedapen iragankor, oraingo egitura-aldaketak eragindako berariazko prozedurari buruzkoak. Lehenengoak berriki sortutako Berritzegune Nagusiko lanpostu-hornikuntza arautzen du, zentro horretan bilduko baitira orain arte lurralde historiko bakoitzeko 01 Berritzeguneetan zeuden «Arloko aholkularitzak» eta «Programaren ardurak», baita «Informazioaren eta komunikazioaren teknologien alorreko aholkularitza teknikoak» eta «Helduen hezkuntza programako aholkularitzak» ere. Bigarren xedapen iragankorrak lehengo eta oraingo lanpostuen arteko baliokidetasunak zehazten ditu.

Dekretuaren zirriborroa sindikatuetako ordezkariekin negoziatu da Plangintzarako Batzorde Teknikoan, eta, beste alde batetik, derrigorrezko txostenak bildu dira.

Haiei jarraiki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposaturik eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko otsailaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ostean, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Dekretu honen xedea da irizpideak ezartzea Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroetako (Berritzeguneetako) lanpostuen zerrendako aldaketek zer langileri eragingo dieten zehazteko, eta, halaber, Berritzeguneetan berriz atxikitzeko prozesua arautzea.

2. artikulua.- Eremu subjektiboa.

Dekretu honen edukiak eragina du zerbitzu aktiboan egonik Berritzeguneetako batean behin betiko lanpostua duten karrerako funtzionario guztiengan, baldin eta zentro horretako lanpostuen zerrenda aldatu bada, aurreko lanpostuen zerrendarekin alderatuta. Halaber, Dekretuak eragina izango du aktiboan ez dauden funtzionarioak izaki, egoera horretan dauden zentroetan behin betiko lanpostua gordeta izateko eskubidea duten funtzionario guztiengan.

Dekretuko edukiek ez dute eragingo lanpostuen zerrenda berria ezartzeko unean zentro horietan jada behin betiko destinorik ez dutenengan, dela beste bat lortu dutelako edo bestelako arrazoiak direla eta.

3. artikulua.- Eremu objektiboa.

Kontuan hartuko dira argitaratutako azken lanpostuen zerrendan ageri diren lanpostu guztiak.

Berritzeguneetako lanpostuak banan-banan bereizten dira, plaza bakoitzaren izen osoa, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data zehaztuta dutela. Hartara, elementu horiek guztiak berdinak dituzten plazak berdintzat joko dira eta Dekretu honek lanpostu-talde gisa definitzen duen multzoa osatuko dute.

4. artikulua.- Prozesuaren deskribapena eta faseak.

Prozesua elkarren segidako bi fasetan gauzatuko da.

Lehenengo fasean zehaztuko da zein langileengan izango duen eragin zuzena behin betikoz jarduten zuen lanpostua desagertzeak edo aldatzeak.

Bigarren fasean funtzionario horiek aukera izango dute beraien behin betiko lanpostuek ez bezalako ezaugarriak dituzten beste plaza batzuk hartzeko.

5. artikulua.- I. fasearen deskribapena eta eremua.

Berritzegune jakin batean lanpostu-talde bateko plazak murriztean (ezabatu direlako edo haien ezaugarriak aldatu direlako) multzo horretako pertsona kopuru honi eragingo dio: behin betiko titularren kopurua ken azken lanpostuen zerrendan ageri den plaza-kopurua kenduta ateratzen denari.

6. artikulua.- I. fasearen garapena.

Plaza-murrizketa izan duen lanpostu-talde batean behin betiko plaza duen edonork eska dezake, bere borondatez, aldaketaren ondorioak bere gain hartzea.

Eskatzaileen kopurua 5. artikuluan zehaztutakoa baino handiagoa denean, lehentasunak 10. artikuluan xedatutako irizpideen arabera ezarriko dira.

Eskatzaileen kopurua berdina edo txikiagoa bada, eragina izango du eskatzaile guztiengan, eta, azken kasu horretan, 10. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuko dira gainerakoak izendatzeko.

7. artikulua.- II. fasearen deskribapena eta eremua.

Aurreko fasea amaitu ostean, berriz atxikitzeko faseari ekingo zaio, behin betiko destinoa zuten ahalik eta pertsona gehien gera dadin, bai bakoitzari dagokion Berritzegunean, bai gainerakoetan. Bigarren fase hori elkarren segidako bi alditan gauzatuko da.

Aldi bakoitzean kontuan hartuko dira une horretan oraindik hutsik dauden plaza guztiak.

8. artikulua.- II. fasearen I. aldia: hizkuntza eraldaketak.

1.- I. fasean derrigortasun-data atzeratua zuten lanpostuetatik kanpora gelditu direnek ezaugarri berdinak eta derrigortasun-data iragana duten plazak hartuko dituzte, libre badaude eta pertsona horiek behar diren hizkuntza-eskakizunak betetzen badituzte.

Hizkuntza-eskakizun hori betetzen ez badute eta otsailaren 13ko 25/2001 Dekretuaren 12. artikuluan aipatutako salbuespena aitortu bazaie, atxikitzea borondatezkoa izango da eta hizkuntza-eskakizunak betetzen dituztenen atzetik egongo dira.

2.- Parte-hartzaileak 10. artikuluan zehaztutako irizpideen araberako ordenan jarriko dira.

9. artikulua.- II. fasearen II. Aldia: beste ezaugarri batzuk dituzten lanpostuetan berriz atxikitzea.

1.- Aldi honetan, plazarik gabe gelditu direnei aukera emango zaie, beraien borondatez, lehen zuten behin betiko destinoaren ezaugarri desberdinak dituen beste plaza bati atxikitzeko.

2.- Berriz atxikitze hori gauzatzeko, hartu nahi den plaza betetzeko eskatzen diren baldintza guztiak bete behar dira, baita 2. hizkuntza-eskakizuna ere.

3.- Parte-hartzaileen ordena 10. artikuluan zehaztutako irizpideen araberakoa izango da.

10. artikulua.- Ordenatzeko irizpideak.

1.- Dekretu honen bidez araututako prozesuaren edozein fasetan pertsona bat baino gehiago dagoenean plaza baterako, lehentasun-ordena haien eskubideen araberakoa izango da. Honako faktore hauen emaitza aintzat hartuko da, horretarako:

a) Lehiaketari dagokion Berritzegunean karrerako funtzionario gisa behin betiko lanpostuan etengabe zerbitzuan emandako denbora: 0,1 puntu hilabete bakoitzeko, mugarik gabe.

b) Lehiaketari dagokion kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuan emandako denbora: 0,1 puntu hilabete bakoitzeko, mugarik gabe.

2.- Berdinketarik badago, barematzeko faktoreen ordenari jarraituz puntu gehien dituenak izango du eskubide handiena.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, aintzat hartuko da hezkuntzan laguntzeko zerbitzuetan emandako denbora (Berritzeguneetan, PAT zerbitzuetan eta lehenagoko konfigurazio ofizialetan).

Hala ere berdinketa badago, dagokion kidegoan sartutako urtea kontuan hartuko da (antzinatasun handienaren alde erabakiko da). Hala ere berdinketarik ez bada hausten, aukeratze-prozesu hartan puntu gehien lortu zuenak izango du lehentasuna.

11. artikulua.- Prozedura.

1.- Lanpostuen zerrenda argitaratu ostean, prozesua gauzatzeko bilera bat egingo da Berritzegune bakoitzean. Eragindako pertsonez gain, hauek ere bilduko dira: zuzendaria, Hezkuntzako Ikuskatzailetzako ordezkari bat (koordinatzaile lana egingo duena) eta Berritzeguneko beste langile bat (idazkari lana egingo duena).

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bilera horretarako beharrezko informazio guztia bidaliko du.

2.- Prozesua nola gauzatu den akta batean jasoko da. Akta horrek adieraziko du bileraren emaitza, eta han gertatzen den guztiaren berri emango du. Parte-hartzaileek erreklamaziorik aurkezten badute, haiek ere erantsiko dira, aztertu eta erabakiak hartzeko.

3.- Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzara bidaliko dira aktak, eta, han dokumentuak aztertu ostean, behin betiko proposamena jakinaraziko diote Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari. Sailburuordeak erabakia hartuko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Erabaki horren aurka, gorako helegitea jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean.

12. artikulua.- Ondorioak.

1.- Prozesu horren emaitzak ondorioak izango ditu dagokion lanpostuen zerrendan zehazturiko ikasturtearen hasiera-egunetik aurrera.

2.- II. fasean lanpostua lortzeak ez du aldaketarik eragingo emandako zerbitzuen denbora zenbatzean.

13. artikulua.- Berritzeguneetako behin betiko lanpostuen galera arautzea.

1.- Dekretu honetan araututako prozesuaren bidez lanposturik lortzen ez duten pertsonak Berritzegunetik kanpo geratuko dira. Behin-behineko lanpostua izango dute beste Berritzegune batean (betiere plaza hori hartzeko baldintzak betetzen badituzte), edota irakasle-lanpostu bat izango dute azken behin betiko destinoa zuten Berritzegunea kokatuta dagoen herrian bertan edo eskola-barruti berean.

2.- Pertsona horiek nahitaez parte hartu behar dute beraien egoera erabaki ostean deitutako lekualdatze-lehiaketetan, eta lehentasuna izango dute azken behin betiko destinoa zuten Berritzegunea kokatuta dagoen herrian bertan edo eskola-barruti berean.

Gainera, zonako Berritzeguneetako lanpostuak betetzeko deitutako lekualdatze-lehiaketetan ere parte hartu ahal izango dute (beraien egoera erabaki ostean egindako deialdietan) honako arau hauei jarraituz:

- Azken behin betiko destinoa zuten Berritzeguneari dagokion lurralde historikoaren eremuan:

Berritzegunetik kanpo gelditu direnek lehentasuna izango dute, gainerakoen aurretik.

Edozein plaza hartu ahal izango dute, lanpostu horretarako baldintzak betez gero. Hala ere, azken behin betiko destinoaren ezaugarri berdinak dituzten plazak hautatu beharko dituzte lehenbizi.

- Gainerako lurralde historikoetan:

Berritzegunen behin betiko destinoa dutenekin batera parte hartu ahal izango dute, eta azken behin betiko destinoaren ezaugarri berdinak dituzten plazak eskuratu ahal izango dituzte.

Berritzegune Nagusian behin betiko destinoa zuten pertsonen kasuan, lehiaketetan parte hartzeko eta plazak lortzeko eremu geografikoa zehazteko, kontuan hartu behar da zein lan-zentrotan betetzen zuten lanpostua.

3.- Zonako Berritzeguneetako lanpostuak hornitzeko lekualdatze-lehiaketa erabaki baino lehen, prozesu bat egingo da, Berritzegunetik kanpo geratu diren pertsonek behin betikotasuna berreskura dezaten azken behin betiko destinoa izan zuten Berritzeguneetan, baldin eta eskatutako baldintza guztiak betetzen badituzte. Berreskuratze hori automatikoa eta derrigorrezkoa izango da azken behin betiko destinoaren ezaugarri berdinak dituzten plaza libreak badaude. Halakorik ez badago, hautazkoa izango da bestelako plaza bati berriro atxikitzea.

Berritzegunetik kanpo geratutako pertsonek azken behin betiko destinoa izan zuten Berritzegunearekiko erreferentzia izango dute, aurreko paragrafoan zehaztutako balizko destino-berreskuratzeari dagokionerako soilik. Erreferentzia horri eutsiko zaio beste behin betiko destinoren bat lortzen duten arte (irakaskuntzan edo Berritzeguneren batean).

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Berritzegune Nagusiko lanpostu-hornikuntza.

Berritzeguneetako lanpostuen zerrenda berria argitaratu ostean egingo den lehen prozeduran, I. fasea hasi baino lehen, aurretiazko fase bat egingo da Berritzegune Nagusiko lanpostuak betetzeko.

Fase horretan parte hartzeko eskubidea izango dute Lurralde historiko bakoitzeko 01 Berritzeguneetako «Arloko aholkularitzetan» eta «Programaren arduretan» behin betiko plaza dutenek, baita «Informazioaren eta komunikazioaren teknologien alorreko aholkularitza teknikoetan» eta «Helduen hezkuntza programako aholkularitzetan» behin betiko plaza dutenek ere. Berritzegune Nagusian sortutako plaza berriak eskuratzeko aukera dute, haien behin betiko destinoaren alorrarekin edo programarekin bat etorriz gero, bigarren xedapen iragankorrean ageri den erlazio-taularen arabera.

Horretarako, EAE osorako ekitaldia egingo da, eta hor, arlo edo programa bakoitzean, parte-hartzaileek multzo bakarra osatuko dute, 10. artikuluan xedatutako irizpideei jarraituz.

Fase horretan plazarik lortzen ez dutenek, beraiei dagokien Berritzeguneetan egingo diren prozeduretan parte hartuko dute, II. fasetik aurrera.

Bigarrena.- Lanpostuen baliokidetasuna.

Otsailaren 13ko 26/2001 Dekretuaren bidez argitaratutako lanpostuen zerrendako behin betiko destinoen eta orain dauden lanpostuen artean honako baliokidetza hauek daude:

Lehengo lanpostuak Lanpostu berriak

Arloko Aholkularia

Natur zientziak Arloko Aholkularia

Natur zientziak

Arloko Aholkularia

Gizarte zientziak, Geografia eta Historia Arloko Aholkularia

Gizarte zientziak, Geografia eta Historia

Arloko Aholkularia

Plastika eta Ikus-Hezkuntza Arloko Aholkularia

Plastika eta Ikus-Hezkuntza

Arloko Aholkularia

Gaztelania eta literatura Arloko Aholkularia

Gaztelania eta literatura

Arloko Aholkularia

Matematika Arloko Aholkularia

Matematika

Arloko Aholkularia

Musika Arloko Aholkularia

Musika

Arloko Aholkularia

Orientabidea Arloko Aholkularia

Orientabidea

Arloko Aholkularia

Teknologia Aholkularia

Teknologia

Etapako Aholkularia

Haur Hezkuntza Etapako Aholkularia

Haur eta Lehen Hezkuntza

Etapako Aholkularia

Haur eta Lehen Hezkuntza Etapako Aholkularia

Haur eta Lehen Hezkuntza

Etapako Aholkularia

Lehen Hezkuntza Etapako Aholkularia

Lehen Hezkuntza

Etapako Aholkularia

Lehen Hezkuntza. Hizkuntza-prozesuak Etapako Aholkularia

Lehen Hezkuntza

Etapako Aholkularia

Bigarren Hezkuntza. Zientzia eta teknologia eremua Etapako Aholkularia

Bigarren Hezkuntza. Arlo zientifiko-teknologikoa

Etapako Aholkularia

Bigarren Hezkuntza. Gizarte eta hizkuntza eremua Etapako Aholkularia

Bigarren Hezkuntza. Arlo sozio-linguistikoa

Hezkuntza-Premia Berezien Aholkularia

Komunikazioaren ulergarritasuna eta garapena Hezkuntza-Premia Berezien Aholkularia

Komunikazioaren ulergarritasuna eta garapena

Hezkuntza-Premia Berezien Aholkularia

Ikasteko gaitasunen garapena Hezkuntza-Premia Berezien Aholkularia

Ikasteko gaitasunen garapena

Hezkuntza-Premia Berezien Aholkularia

Gizarteratzea Hezkuntza-Premia Berezien Aholkularia

Gizarteratzea

Hezkuntza-Premia Berezien Aholkularia

Garapenaren nahaste orokorrak Hezkuntza-Premia Berezien Aholkularia

Garapenaren nahaste orokorrak

Programako Aholkularia

Helduen hezkuntza Aholkularia

Helduen hezkuntza

Programako Aholkularia

Hizkuntza-normalkuntza Programako Aholkularia

Hizkuntza-normalkuntza

Programako Aholkularia

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak Programako Aholkularia

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak

Aholkulari-Teknikaria

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak Aholkulari Teknikoa

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak

Zuzendaria Zuzendaria

Programako Arduraduna

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak Arduraduna

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak

Programako Arduraduna

Hizkuntza-prozesuak: hizkuntzen trataera integratua Arduraduna

Hizkuntzen trataera bateratua

Programako Arduraduna

Hizkuntza-prozesuak: Ingelesa Arduraduna

Atzerriko hizkuntzak

Programako Arduraduna

Aniztasuna: bizikidetza Arduraduna

Eskola inklusiboa (Aniztasuna eta generoa)

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Dekretu honek agindutakoa betetzearren eta garatzearren, beharrezkoak diren xedapenak erabakitzeko baimena ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala