Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2008ko ekainaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
3820

AGINDUA, 2008ko maiatzaren 27koa, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuarena; honen bidez, hasierako onespena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko hezeguneen Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketari, eta dosierra jendaurrean jarri eta administrazio publikoei entzunaldia eskaintzea erabakitzen da.

EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana uztailaren 27ko 160/2004 Dekretuaren bidez onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak.

Plana onartzean, antolamendurako agiri oso baliotsu bat eratu zen, gune hezeei edo hezeguneei, oro har, bai itsasertzekoei eta bai barnealdekoei, behar duten babesa emateko eta lurralde-antolamenduarekin bateragarria izango den tratamendu integratzailea emateko. Gune horiek biosferako ekosistemarik aberats eta apartekoenetako bat eta, aldi berean, hauskorrenetako bat eratzen dute.

Dekretua indarrean sartu zenetik hiru urte baino gehiago igaro ondoren, Lurraldearen Arloko Plan hori aldatzea beharrezkoa dela iritzi zaio. Arrazoiak hauek dira:

– Hainbat erabilera bideratzea: bai babestu beharrekotzat jotzen diren esparruetan baliabideek edo/eta ekologia-prozesuek irautea ezinezko egiten ez duten erabilerak, edo bai zientzia eta kultura balioak zaintzeko komenigarri eta beharrezko direla uste den erabilerak, uztailaren 27ko 106/2004 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoa betez.

– Gorostizako Industrialdea Urbanizatzeko Zatiko Plan eta Proiektuaren 2. fasean sartzen diren lursailak berriz kalifikatzea, industrialdearen gaur egungo errealitatera hobeto egokitu dadin, 46/05 zenbakidun Ohiko Prozeduraren bitartez bideratutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 2007ko urtarrilaren 12an emandako epaia betez.

– Araudian zenbait doikuntza egitea eta akats batzuk zuzentzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen lehen xedapen gehigarriak eta 14. artikuluak Lege horren 10.10 artikulura bideratzen dute, eta artikulu horrek ezartzen duenez, berrikusketa orokor edo funtsezkorik behar ez duten lurraldearen arloko planen aldaketak, Eusko Jaurlaritzak horretarako ezartzen duen prozeduraren bidez egingo dira.

Agindu hori garatzeko, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekretua egin zen.

Alde horretatik, hau aipatu daiteke: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren 2007ko abuztuaren 22ko Aginduaren bidez, aldaketa hau ez dela funtsezkoa adieraztea xedatu zela. Beraz, aztergai dugun plan-aldaketa onartzeko prozedura, aurreko paragrafoan aipatutako Dekretuaren 5. artikuluan dago jasota.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko 3/1998 Lege Orokorrak ezartzen duenez, berriz, lurraldearen arloko planek eta horien aldaketek Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren prozedurari jarraitu behar diote. Aipatutako Legea alderdi horretan garatzeko, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua onartu zen.

Orobat, Plan horren kasuan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren prozedurari ekin zaio, 2007ko irailaren 28an, xedapen hauek betez: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua eta plan eta programa jakin batzuek ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gaineko apirilaren 28ko 9/2006 Legea. 2007ko abenduaren 4an, Ingurumen Sailburuordetzako Ebazpena jaso zen: Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioa egiteko erreferentziazko agiria ematen duena.

183/2003 Dekretu horren 16. artikuluak ezartzen duenez, aldaketa aitzinamendu-faserik gabe bideratuko balitz –hori da dosier horren kasua–, ingurumenaren gaineko eraginaren txosten bakarra eskatuko da, eta aldi berean, jendaurrean jarriko da, planaren aldaketaren hasierako onespenaren edo plana onartzeko lehen ekitaldiaren ondoren.

Beste alde batetik, 2007ko irailaren 28an, nahitaezko txostena eskatu zitzaion Itsasertzen Zuzendaritza Nagusiari; aldeko txostena jaso zen, 2007ko irailaren 17an.

Halaber, Dekretu arautzaile horren 5. artikuluaren arabera, 2007ko urriaren 29an egindako bilkuran, Lurraldearen Arloko Planaren aldaketaren aldeko txostena eman zuen Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak.

Ondorioz, honako hau da egokia: Planaren 1. aldaketaren dosierrari hasierako onespena ematea; dosierra eta dosierraren jasangarritasun-txostena (ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana) jendaurrean jartzea; aldi berean, entzunaldia eskainiko zaie interesa duten lurraldeko administrazio publiko guztiei, beren alegazio, ohar eta iradokizunak egin eta ingurumenaren gaineko eraginaren txosten bakarra eskatu ahal izan dezaten.

Hori dela eta: aipatutako aurrekariak ikusita; xedapen hauek betez: irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 5.1 artikulua eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 16. artikuluan jasotako eskumena; eta aipatutako Lege horretako lehen xedapen gehigarriak ere 13. artikulura bideratzen duenez; honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketari hasierako onespena ematea.

Bigarrena.– Plana aldatzeko agiriarekin eta agiri horri dagokion ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanarekin, jendaurrean jartzeko izapidea betetzea. Horrela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Agindu hau argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita 45 egun balioduneko epean, egoki irizten dioten alegazio guztiak egin ahal izango dituzte interesa duten partikularrek eta elkarteek.

Epe horretan, Plana aldatzeko agiri teknikoa publikoaren eskura egongo da, nahi duenak azter dezan, bai web orrian (www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-19677/eu) eta bai beste leku hauetan:

– Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Uraren Euskal Agentzia, Ekialdeko Kantaurialdeko Arroen Bulegoa, Begoña etxea, Kristina infanta 11 (Ondarreta), 20008 – Donostia-San Sebastián.

– Uraren Euskal Agentzia, Mendebaldeko Kantaurialdeko Arroen Bulegoa, Ibañez de Bilbao 28, 8. solairua, 48009 – Bilbao.

Hirugarrena.– Informazioa jendaurrean jarriko den aldi berean, entzunaldia irekiko da interesa duten lurraldeko administrazio publiko guztientzat. Horrela, 45 egun balioduneko epean, beren alegazio, ohar eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte, planaren inguruan. Horretarako, plana bidali egingo zaie.

Erabaki honi ezin zaio helegiterik aurkeztu, Planaren aldaketaren behin betiko onespenaren prozeduraren barruko izapidea delako.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 27a.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala