Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2235

AGINDUA, 2008ko otsailaren 25ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Deier Behatokia Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeari buruzkoa.

Bilboko (Bizkaia) Deier Behatokia Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

1.– Asociación Kristau Estola elkarteak eta Ibaizabal Edelvives, SA argitaletxeak Deier Behatokia Fundazioa sortu dute, 2007ko martxoaren 14an, Donostia-San Sebastiánen, Donostia-San Sebastiángo Javier Oñate Cuadros notario jaunaren aurrean egindako eskritura publikoaz (664 protokolo-zk.).

Eskritura publiko hori zuzendu eta berretsi egin zen notario beraren aurrean 2007ko abenduaren 27an egindako beste eskritura publiko baten bidez (3.562 protokolo-zenbakia).

2.– Deier Behatokia Fundazioaren sortze-helburua estatutuetako 3. artikuluan dago jasota:

"Hezkuntzari buruzko Behatokia eratu eta kudeatzea, honako helburu hauek izango dituena:

a) Deier etorkizunari begira dago eta etorkizunean jarri ditu bere asmoak. Horizonteari so dago, etorriko denari, hezkuntzaren oraingo egoera hobetu eta erronka berrietarako prestatzeko.

b) Euskal Herriko hezkuntzaren etorkizunaren nondik norakoak diseinatzeko asmoa du, datozen 10-15 urteetarako, hezkuntza eta heziketaren beharrak eta giltzarriak aurreikusiz, antzemanez eta zehaztuz.

c) Deierren ustetan hezkuntza ezin da gizartetik bereizi, kultura baten eta testuinguru sozial eta historiko baten eragile eta isla baita. Uste horretatik abiatuta, Deier erreferente izan nahi du hezkuntza-arloan eta, oro har, arlo horretan aritzen diren eragileentzat (hezkuntzako erakunde formalak, gizarte- eta kultura-taldeak, irakasleak, familiak, gizarte- eta hezkuntza-fundazioak, ikasleak, etab.)

Helburu zabal horien artean, hona hemen, zehaztuta, berehala egingo diren jarduera garrantzitsuenak:

– Behatokia den aldetik, Deier hezkuntza eta irakaskuntza-sistemari buruzko hausnarketa- eta azterketa-gunea izango da. Alde horretatik, prozesu hori erraztu egingo da informazioa eskuratuz eta era sistematiko eta egokian egoeraren berri ematen duten azterlan prospektiboak eginez.

– Joerak, aurrerapenak eta beharrizan estrategikoak antzemateko, Behatokia dinamika hauetan oinarrituko da: parte hartzea, ezagutzaren kudeaketa eta hausnarketa. Deier, hortaz, hezkuntzaren arloan proiekzioak egin eta jokalekuak aurreikusteko tresna izango da.

– Hurrengo belaunaldien hezkuntzan eta irakaskuntzan izango diren aldaketak antzeman eta aztertuko ditu Deierrek, hainbat diziplina (demografia, soziologia, kultura, aisialdiaren kudeaketa, legedia, etab.) harremanetan jartzen dituen ikuspuntu orokor batetik.

– Deierren lan-ikuspegia bikoitza da, tokikoa eta globala. Hartara, zer ikasi eskaini dezaketen beste gizarte batzuen egoera eta eredu arrakastatsuak aztertu eta horietan sakonduko du, betiere Euskal Herriko egoerarentzat ulertuta eta bertako egoeratik abiatuta, eta Euskal Herriko gizartea eta kultura aztertu eta proposamen egokiak egiteko helburuarekin.

– Fundazioaren egitekoak gauzatzeko lagungarri izan daitekeen beste edozein."

3.– Fundazioaren egoitza, Fundazioaren Estatutuetako 5. artikuluan adierazten denez, hau da: Heros 7, 1. esk. kanpoaldekoa, Bilbao.

4.– Hasierako dotazioaren ekarpena hogeita hamar mila eurokoa (30.000) da; kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu 404/1994 Dekretuaren 31.1.c) artikuluak, dekretu hori aplikatzekoa baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren xedapen iragankor bakarraren indarrez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren indarrez.

Ondare-zuzkidura egokitzat eta askitzat jotzen da fundazioaren helburuak lortzeko, Fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legearen 12.1 artikuluaren arabera. Azken xedapenetatik lehenengoari jarraituz aplikatuko da artikulu hori.

5.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, Fundazioaren Estatutuetako 12. artikuluan jartzen duen moduan.

6.– Fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, hauek izango dira patronatuko kide:

Lehendakaria: Aitor Bilbao Petralanda jauna, Kristau Eskolako zuzendari nagusia

Lehendakariordea: Agustín Miguel Oiarzabal de Cuadra jauna, Ibaizabal Edelvives, SA, argitaletxeko gerentea

José Ignacio Camiruaga Mieza jauna, Kristau Eskolako lehendakaria	

Miguel María Ormazabal Loinaz jauna, Kristau Eskolak izendatuta	

Jaime María Badiola Villa jauna, Kristau Eskolak izendatuta	

Juan Pedro Castellano Rico jauna, Ibaizabal Edelvives, SA argitaletxeak izendatuta	

Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala dago aginduta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 7.a artikuluan (dekretu hori aplikagarria da Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren Xedapen Iragankor Bakarraren indarrez eta EAEko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoaren babesean).

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 31. eta 34. artikuluetan ezarritako eskakizunak bete dira (dekretu hori aplikagarria da Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren xedapen iragankor bakarraren indarrez eta EAEko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoaren babesean).

Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretua. Ondorioz,

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Gaur, F-222 zenbakiaz, Bilboko (Bizkaia) Deier Behatokia Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak.

Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan inskribatzea, irakaskuntza eta ikerketari buruzko fundazioen sekzioan hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 14. artikuluan agindutakoaz bat etorriz (dekretu hori aplikagarria da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren Xedapen Iragankor Bakarraren indarrez eta EAEko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoaren babesean).

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko otsailaren 25a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala