Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Herrizaingo Saila
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Kultura Saila
Osasun Saila
2227

64/2008 DEKRETUA, apirilaren 8koa, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak jasotzen du bere 6. artikuluan euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, ofiziala dela erkidegoko lurraldean gaztelaniarekin batera, eta herritarrek bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dutela.

Gero, Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko Oinarrizko legeak euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko lurralderako, 14. artikuluan xedatuz botere publikoek neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioko langileak arian arian euskalduntzeko, eta bi hizkuntzen ezagutza derrigorrezkoa duten plazak zehaztuko dituztela, gainerakoak hornitzeko hautaketa prozesuetan hizkuntza ofizialen ezagutza maila meritu moduan hartuz.

Titulu eta ziurtagiri ezberdinak sortu dira euskararen ezagutza egiaztatzeko, arau ugariren bidez.

Horrela, Hezkuntza Sailaren 1982ko apirilaren 22ko Aginduaren bitartez, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) sortu zen.

Era berean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak xedatzen du herri administrazioetako lanpostuek hizkuntza eskakizuna izango dutela ezarrita, eta hizkuntza eskakizunak zehaztuko dituela lanpostua betetzeko eta hor lan egiteko beharrezkoak diren euskarazko hizkuntza gaitasun-mailak.

Arau gehiago argitaratu dira ondoren esparru bereziak arautzeko, hala nola apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretua, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duena, eta martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzekoa.

Beste alde batetik, Kultura sailburuak 2003ko abuztuaren 6an emandako Aginduaren bitartez, Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen ezagutza maila egiaztatzeko sistema zehaztu zen.

Azken agindu honetan jasotzen da, aipatutako 86/1997 Dekretuaren hamaikagarren xedapen gehigarriak dioenarekin bat, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) proposamena egingo diola dagokion erakundeari, Aginduan araututako ziurtagiriak indarrean dauden beste agiriekin parekatu eta, hala badagokio, baliokidetza bideratzeko. Halaber, gauza bera egingo da 86/1997 Dekretutik kanpo geratzen diren sektoreekin, hala nola, irakaskuntza, osasuna, Ertzaintza edo justizia.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko bide ezberdinak egonda, beharrezkotzat jotzen da irizpide bertsuei jarraitzea prestakuntzan eta hizkuntza-ezagutzen ebaluazioan, arlo ezberdinetako titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak gauzatzeko.

Beraz, aztertu dira titulu eta ziurtagiri ezberdinek egiaztatzen dituzten hizkuntza gaitasunak, eta egokiak diren baloratu da. Ondorioz, egokitzapenak egin beharko dira euskararen ezagutza egiaztatzeko dauden sistema ezberdinetan, baliokideak izango diren titulu eta ziurtagiriek euskara maila bera egiazta dezaten.

Zentzu berean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 1998ko uztailaren 28an egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Hizkuntza Normalizazio eta Euskalduntzeko Eskumenak Antolatu eta Banatzeari buruzko Txostenak, HABEren curriculumeko mailen eta hizkuntza eskakizunen arteko baliokidetzak egiteko beharra nabarmendu zuen.

Halaber, txosten horrek aipatu zuen egokia izango litzatekeela, herritar soilen hizkuntza prestakuntzarako dagoen sistema herri administrazioetako langileen hizkuntza prestakuntzarako ere baliatzea, hizkuntza egiaztapen ezberdinen arteko baliokidetzak ezartzea, eta ziurtagiri edo egiaztapenak diseinatzen eta kudeatzen dituzten agenteen arteko koordinazioa bermatzea.

Adibideak badaude beste autonomia erkidego batzuetan, hala nola Katalunia, Balear Uharteak edo Valentziako erkidegoa. Hauetan, berezko hizkuntzaren ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiri ezberdinen arteko baliokidetza sistemak dituzte finkatuta, administrazio ezberdinek zein beste erakunde batzuek emandakoak barne hartuz.

Horrek guztiak, euskararen hizkuntza ezagutzak egiaztatzeko mailaketa sistema bakarra ezartzeko beharra erakusten du, egungo ereduak eta ezagutzak egiaztatzeko bideak bilduz. Beharrezkoa izango da, hizkuntzaren ezagutza mailei eta ebaluazioari dagokionez, irizpide homogeneoak finkatzea, hizkuntza ezagutzak egiaztatzeko bideen edota sistemen arteko baliokidetzak errealitate bihurtu ahal izateko.

Bestalde, Europako Kontseiluak Europako Erreferentzi Marko Bateratua onartu zuen 2001ean, hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako, eta egokia dirudi euskararen hizkuntza ezagutzak egiaztatzeko sistema ezberdinak horretara egokitzeak.

Beraz, dekretu honen helburua, gaur egun euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatzea, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzea da.

Plangintza eta Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak 2006ko uztailaren 13an onartu zuen Akordioa, euskararen ezagutzak egiaztatzeari buruzkoa, betetzen da horrela, bertan euskararen ezagutza egiaztatzeko sistema markoa ezartzeko agindu baitzen.

Hala ere, dekretu honetatik kanpo geratzen dira, oraingoz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kudeatzen dituen titulu eta ziurtagiri batzuk (irakaspostuen 1. eta 2. hizkuntza eskakizunak, HLEA, Hizkuntza Eskola Ofizialetako ziurtagiriak), Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) barruan gelditzen den bitartean, eta aurreikusten da dekretua moldatuko dela etorkizunean kanpoan gelditutako horiek sartzeko.

Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak, Herrizaingo sailburuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Osasun sailburuak, eta Kultura sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko apirilaren 8ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Dekretu honen helburua, gaur egun euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatzea, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzea da.

2. artikulua.– Dekretu honen eranskinean, Europako Kontseiluak 2001. urtean onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren 1. koadroa (Erreferentzi maila bateratuak: eskala orokorra), 2. koadroa (Erreferentzi maila bateratuak: auto-ebaluazio eskalak) eta 3. koadroa (Erreferentzi maila bateratuak: ahozko hizkuntzaren alderdi kualitatiboak) jasotzen dira.

3. artikulua.– Euskararen ezagutza egiaztatzen duten ondorengo titulu eta ziurtagiriak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen dira:

1.– Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 1. hizkuntza eskakizuna, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

– Kultura Sailak emandako 1. mailako ziurtagiria, Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen ezagutza maila egiaztatzeko sistema zehaztu zuen Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan jasoa.

– Osakidetzako 1. hizkuntza eskakizuna, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

2.– Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 2. hizkuntza eskakizuna, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

– Kultura Sailak emandako 2. mailako ziurtagiria, Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen ezagutza maila egiaztatzeko sistema zehaztu zuen Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan jasoa.

– Osakidetzako 2. hizkuntza eskakizuna, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

– Ertzaintzako 1. hizkuntza eskakizuna, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duen otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuan jasoa.

3.– Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 3. hizkuntza eskakizuna, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

– Kultura Sailak emandako 3. mailako ziurtagiria, Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen ezagutza maila egiaztatzeko sistema zehaztu zuen Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan jasoa.

– Osakidetzako 3. hizkuntza eskakizuna, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

– Ertzaintzako 2. hizkuntza eskakizuna, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duen otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuan jasoa.

– Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), Hezkuntza Sailaren 1982ko apirilaren 22ko Aginduaren bitartez sortua.

4.– Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C-2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 4. hizkuntza eskakizuna, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

– Kultura Sailak emandako 4. mailako ziurtagiria, Helduen Euskalduntzearen oinarrizko curriculumean ezarritako euskararen ezagutza maila egiaztatzeko sistema zehaztu zuen Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan jasoa.

– Osakidetzako 4. hizkuntza eskakizuna, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan jasoa.

4. artikulua.– 1.– Baliokidetzen Jarraipen Batzordea sortzen da, hizkuntza politikaren gaineko eskumena duen sailari atxikia, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiriak eskuratzeko probak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren mailetara egokitzeko neurriak koordinatu eta gainbegiratzeko helburuarekin.

Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak etorkizunari begirako egokitzapenen jarraipena egingo du. Honetarako, titulu eta ziurtagiri ezberdinen baliozkotze-ikerketa egingo du, egindako aldaketak eta egokitzapenak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren irizpideekin alderatzeko.

2.– Baliokidetzen Jarraipen Batzordea honako hauek osatuko dute:

– Baliokidetzen Jarraipen Batzordeko Presidentea: Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako sailburuordea edo berak eskuordetzen duena;

– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko ordezkari bat, sailburuorde maila duena, edo berak eskuordetzen duena;

– Osasun Saileko ordezkari bat, sailburuorde maila duena, edo berak eskuordetzen duena;

– Herrizaingo Saileko ordezkari bat, sailburuorde maila duena, edo berak eskuordetzen duena;

– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ordezkari bat, sailburuorde maila duena, edo berak eskuordetzen duena;

3.– Baliokidetzen Jarraipen Batzordea osatuko duten pertsonak izendatzerakoan, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatuko da.

4.– Baliokidetzen Jarraipen Batzordeko idazkaria, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak izendatuko du, ez da horretako kidea izango, eta ahotsa izango du baina botorik ez.

5.– Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak adituen laguntza eskatu eta jaso ahal izango du.

6.– Artikulu honetan aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Baliokidetzen Jarraipen Batzordearen jardunean Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan ezarritakoari eutsiko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskararen ezagutza egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri berririk sortuko balitz, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura ekarriz egin beharko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– 3. artikuluan jasotako titulu eta ziurtagiriak eskuratzeko probak urtebeteko epean egokitu egingo dira, horietako bakoitzak parekatuta dagoen Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren mailarekin bat egin dezan. Horretarako, aintzat hartuko dira dekretu honen eranskinean zehaztutako trebetasunak.

Bigarrena.– Dekretu honen 3. artikuluan jasotako titulu eta ziurtagiriak eskuratu dituztenei, bertan zehaztutako parekotasun eta baliokidetzak aitortzen zaizkie.

Hirugarrena.– Balio mugagabea izango dute Dekretu hau indarrean jartzean indarrean dauden Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan araututako 1. hizkuntza eskakizunaren egiaztapenek.

Laugarrena.– Dekretu hau argitaratu eta sei hilabeteko epean Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duen otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren eranskina (1. eskakizuneko hizkuntza gaitasunen azalpena) moldatuko da, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzeko.

INDARGABETZE XEDAPENAK

Lehenengoa.– Indarrik gabe gelditzen da Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren eranskina.

Bigarrena.– Indarrik gabe gelditzen da Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 33. artikuluko 8. paragrafoa.

Hirugarrena.– Indargabetuta gelditzen dira, maila berekoak edo beheragokoak izanda, dekretu honekin bat ez datozen xedapenak

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu hau argitaratu eta sei hilabeteko epean moldatuko da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kudeatzen dituen titulu eta ziurtagiri hauekin osatzeko:

– Irakaspostuen 1. eta 2. hizkuntza eskakizunak, irakaspostuetarako hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun egunak zehazteko irizpideak finkatzen dituen martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan arautuak.

– Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria (HLEA), Hezkuntza Bereziko lan-legepeko hezkuntza-langile ez-irakasleen hizkuntz eskakizunak sortu eta arautzen dituen apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan arautua.

– Hizkuntza Eskola Ofizialetako ziurtagiriak.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 37. artikulua aldatzen da, eta hauxe esango du:

37. atala.– Egiaztatutako 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza eskakizunek, balio mugagabea izango dute.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 38. artikuluko 2. paragrafoa aldatzen da, eta hauxe esango du:

2.– Erregistroan, honako argibideok jasoko dira: pertsona bakoitzari buruzko identifikazio-datuak, prozesuan parte hartzeko unean zein administraziotan diharduen lanean, egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna eta egiaztapeneko data, bai eta parte hartu duen deialdiari buruzko datuak ere.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 40.1 artikuluko c) eta d) idatz zatiak aldatzen da, eta hauxe esango dute:

c) Hautaketa-prozesuetan hizkuntz eskakizunen bat egiaztatu bai, baina karrerako funtzionario edo langile finko izatea lortu ez dutenak.

d) Bitarteko funtzionarioa edo aldi-baterako lan-kontratua duen langilea izanda, hizkuntz eskakizunen bat egiaztatu dutenak. Lan-kontratuko aldi-baterako langileen kasuan, plantila organikoko lanposturik betetzen duen egiaztatu beharko da.

Bosgarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko apirilaren 8an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

APIRILAREN 8KO 64/2008 DEKRETUAREN ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala