Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2008ko martxoaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1508

EBAZPENA, 2008ko otsailaren 15ekoa, HABEren zuzendari nagusiarena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailak egiaztatzeko 2008. urteko azterketen deialdiak egiten dituena.

Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduak zehaztu zuen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluan ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko sistema.

Hirugarren mailari dagokionez, abuztuaren 6ko Agindu horren lehenengo xedapen gehigarriak dioena hartu da kontuan orain artekoan, eta hauxe dio: "Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren hirugarren mailari dagokionez, ez da oraingoz azterketa-deialdirik egingo, eta beraz, Kultura Sailak ez ditu maila honetako ziurtagiriak emango. Deialdia egiten ez den bitartean, hirugarren maila ziurtatu nahi duten ikasleek EGAren deialdi irekira edo itxira aurkezteko aukera izango dute".

2008ko deialdietan, ordea, hirugarren maila ere egiaztatuko da, eta deialdiok EGAren deialdi itxia ordezkatuko dute.

Aipatutako abuztuaren 6ko Aginduaren 8. artikuluak ezartzen du, mailen ziurtagiriak lortzeko, ezinbestekoa izango dela maila bakoitzari dagokion gaitasun-azterketa gainditzea. Halaber, Agindu horren 9. artikuluak, ziurtagiriak lortzeko azterketen ezaugarri orokorrei buruzkoak, ahalmena ematen dio HABEren zuzendari nagusiari, ebazpen bidez egindako deialdiez mailak egiaztatzeko azterketa bakoitzaren nondik norakoak ezartzeko.

Ebazpen honen helburua da aurreko paragrafoetan esandakoa betetzea eta, beraz, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluak ezarritako euskararen ezagutzaren lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailei dagozkien azterketen 2008. urteko deialdiak egitea.

Hori dela eta, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen xedea da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluan ezarritako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailak egiaztatzeko 2008. urteko azterketa-deialdien baldintzak arautzea.

Bi deialdi izango dira 2008. urtean.

2. artikulua.– Ikasleek bete beharreko baldintzak.

2.1.– Lehen, bigarren eta hirugarren mailako azterketetan aurkeztu ahal izateko.

Espainiar estatuko Euskal Etxeetan edo HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edota euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetan ikasle bezala matrikulatua egon izana 2007ko apirilaren 17tik 2008ko apirilaren 2ra bitartean, lehen deialdirako, eta 2008ko irailaren 4ra bitartean, bigarren deialdirako.

Ezinbestekoa izango da jarraian aipatzen diren baldintza hauek ere betetzea, segun eta zein mailatara aurkezten den:

a) Lehen maila: euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan lehen maila (HABEren 1989ko programako seigarren urratsa) gainditua izatea eta euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan datua sartua izatea 2008. urteko apirilaren 2rako, lehen deialdirako, eta 2008ko irailaren 4rako, bigarren deialdirako.

Bigarren maila: euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan bigarren maila (HABEren 1989ko programako bederatzigarren urratsa) edo Alfabetatzen I maila gainditua izatea eta euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan datua sartua izatea 2008. urteko apirilaren 2rako, lehen deialdirako, eta 2008ko irailaren 4rako, bigarren deialdirako.

Hirugarren maila: euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan hirugarren maila (HABEren 1989ko programako hamabigarren urratsa) edo Alfabetatzen II maila gainditua izatea eta euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan datua sartua izatea 2008. urteko apirilaren 2rako, lehen deialdirako, eta 2008ko irailaren 4rako, bigarren deialdirako.

Euskal Etxeetako ikasleen kasuan, azterketa egin ahal izateko gainditua eduki beharreko maila aurreko hiru paragrafoetakoa bera eta data berberetan izango da, eta baldintza hori betetzen dela Euskal Etxearen ziurtagiriaren bitartez zurituko da.

b) Euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan edo Euskal Etxean matrikulatuta egon eta, behar den datarako, maila gainditu ez duten azterketariek beheragoko mailan aurkezteko aukera izango dute, nahiz eta maila hori euskaltegian gainditua ez izan.

c) Bi/hiru mailetako azterketak egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da biak/hirurak euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan edo Euskal Etxean gaindituak izatea, 2008. urteko apirilaren 2rako, lehen deialdirako, eta 2008ko irailaren 4rako, bigarren deialdirako.

Artikulu honetan aipatzen diren Euskal Etxeak, aurtengo deialdietan, Espainiar estatuko Euskal Etxeak izango dira.

2.2.– Laugarren mailako azterketetan parte hartzeko.

HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetan laugarren mailako ikasle bezala matrikulatua egon izana (401 kodea duten ikastaroetan) 2007ko maiatzaren 17tik 2008ko maiatzaren 12ra bitartean, lehen deialdirako, eta 2008ko irailaren 4ra bitartean, bigarren deialdirako.

HABEren zuzendari nagusiak, 2007ko azaroaren 15eko ebazpenaz, deialdi hauetan zer euskaltegitako ikasleek har dezaketen parte zehaztu zuen. Hauek dira euskaltegiak: Azpeitiko Udal Euskaltegia, Bilbao Zaharra Euskaltegia, Deustuko Unibertsitatea-Euskal Irakaslegoa Euskaltegia, Ilazki Euskaltegia, Labayru Euskaltegia, Maizpide Euskaltegia eta Lea Artibaiko AEK Euskaltegia.

Ikasleak, horretaz gain, gainditua izan behar du laugarren maila aipatutako euskaltegi horietako batean, eta euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan datua sartua, maiatzaren 12rako lehen deialdirako, eta irailaren 4rako, bigarren deialdirako.

3. artikulua.– Matrikula epea.

I. eranskinean zehazten dira lehen eta bigarren deialdian parte hartzeko matrikula epeak.

Epea hasterako euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro edota Euskal Etxeak jakinaraziko dio ikasleari azterketa egiteko behar duen maila gainditu duen.

4. artikulua.– Matrikularen prezioa.

Matrikularen prezioa 18 eurokoa izango da maila bakoitzeko, HABEK eskaintzen dituen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Kultura sailburuaren 2007ko azaroaren 22ko Aginduaren 6. artikuluak kopuru hori ezartzen baitu.

Bi/hiru mailatara aurkeztu nahi duenak, horretarako baldintzak betetzen baditu, behar beste matrikula egin beharko ditu.

5. artikulua.– Matrikula bideratzeko era.

Azterketarako izena ematea internet bidez egingo da, www.habe.euskadi.net ataria erabiliz; eta, ondorioz, ikasleak horretarako aukera eskaintzen duen edozein leku publiko edo pribatutan egin ahal izango du.

Era berean, ikasleak aukera izango du matrikula ikasten ari den edo aritu den euskaltegian, autoikaskuntza-zentroan edo Euskal Etxean egiteko, eta baita HABEren Donostia-San Sebastián (Vitoria-Gasteiz kalea, 3), Vitoria-Gasteiz (Samaniego kalea, 2) eta Bilboko (Gran Via kalea, 85,2.A) egoitzetan ere.

Matrikularen ordainketa internet bidez egin ahal izango da edo, bestela, horretarako bidea eskaintzen duten kutxa edo banketxeetan, izena ematean eskuratuko den inprimakia erabiliz.

Matrikularen diru-sarrera inprimakiak zehazten dituen kutxa edo banketxeetan eta orrian esaten den epearen barruan egingo da.

Matrikularen ordainketa egindakoan joko da matrikulatze-prozesua gauzatutzat eta osatutzat.

6. artikulua.– Onartuen zerrendak.

Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, onartutako azterketarien behin-behineko zerrendak erabakiko ditu HABEren zuzendari nagusiak ebazpen bidez, eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko dira, I. eranskinean zehazten diren egunetan.

Onartutako azterketarien behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik bost egun naturaleko epea izango dute interesatuek erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak idatziz aurkeztu beharko zaizkio HABEren zuzendari nagusiari.

Epea amaituta erreklamaziorik ez bada, onartutako azterketarien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

Erreklamaziorik izan bada, aurkeztutakoak aztertu eta ebatzi ondoren, onartutako azterketarien behin betiko zerrenda argitaratuko da www.habe.euskadi.net atarian.

7. artikulua.– Azterketa egunak eta lekuak.

Edozein maila egiaztatzeko azterketak bi proba izango ditu eta I. eranskinean zehazten diren egunetan egingo dira.

Bai proba idatzien eta bai ahozko proben lekuak, ikasle-kopuruak eta euskaltegietako edo autoikaskuntza-zentroetako edota Euskal Etxeetako baldintzak kontuan hartuta erabakiko dira. Edonola ere, probak ikaslea ari den edo aritu den euskaltegi edo zentroan edo Euskal Etxean egiten ez badira, euskaltegiak edo zentroak edo Euskal Etxeak jakinaraziko dio bere ikasleari zein izango den bere aztertokia.

Hirugarren maila egiaztatzeko lehen deialdiko azterketa eta 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzeko bigarren deialdiko azterketak, idatziak nahiz ahozkoak, hiru lurraldeetan era zentralizatuan egingo dira.

8. artikulua.– Azterketaren ezaugarriak.

8.1.– Lehen eta bigarren maila.

Lehen eta bigarren mailako azterketek lau trebetasun neurtuko dituzte: entzumena, irakurmena, idazmena eta mintzamena. Hirugarren mailako azterketak, gainera, gramatika eta hiztegia ere neurtuko ditu.

Lehenengo proba azterketa idatzia izango da, eta lehen eta bigarren mailetan entzumena, irakurmena eta idazmena neurtuko ditu; hirugarren mailan entzumena, irakurmena, gramatika eta lexikoa, eta idazmena. Bigarren proba ahozkoa izango da, eta mintzamena neurtuko du.

Azterketa idatzia gainditzen duten ikasleek egingo dute ahozko azterketa.

Azterketak denera 100 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko gutxieneko puntuazioa 55 puntukoa izango da, bai lehen mailan, eta baita bigarrenean eta hirugarrenean ere.

Alde batetik, idazmena eta irakurmena –hirugarren mailan gramatika eta lexikoa ere bai– ebaluatzen dira (A multzoa) eta, bestetik, mintzamena eta entzumena (B multzoa). Multzo horietako bakoitza gainditu beharko du ikasleak azken emaitzan gai izateko.

Gutxieneko puntuazioa eskatuko da azterketa idatzian (28 puntu) eta ahozkoan (27 puntu).

Halaber, gutxieneko puntuazioa eskatuko da irakurmenean, idazmenean, entzumenean eta mintzamenean. Hirugarren mailan, gainera, gutxieneko puntuazioa eskatuko da gramatika eta hiztegian.

Ikasleari zati bakoitzaren emaitza eta azken emaitza era honetara emango zaizkio: gai/ez gai.

8.2.– Laugarren maila.

Laugarren mailako azterketak ahozko eta idatzizko gaitasun komunikatiboa neurtuko ditu, trebetasunez trebetasun, bi proba erabiliz: ahozkoa eta idatzia.

Bi probak gainditu beharko ditu ikasleak, azterketa gainditutzat emateko.

Ikasleari zati bakoitzaren emaitza eta azken emaitza era honetara emango zaizkio: gai/ez gai.

9. artikulua.– Azterketen emaitzak.

9.1.– Lehen, bigarren eta hirugarren maila.

a) Azterketa idatziaren emaitzak HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez erabakiko dira eta euskaltegi, euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetan eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko dira I. eranskinean adierazitako egunean.

b) Azterketen emaitza orokorrak ere HABEren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez erabakiko dira eta euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatu eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko dira, I. eranskinean adierazitako egunean.

9.2.– Laugarren maila.

a) Laugarren mailako proba idatziaren emaitzak HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez erabakiko dira eta dagozkien euskaltegietan eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko dira I. eranskinean adierazitako egunean.

b) Azterketen emaitza orokorrak ere HABEren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez erabakiko dira, eta dagozkien euskaltegietan eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko dira I. eranskinean adierazitako egunean.

10. artikulua.– Erreklamazioak eta errekurtsoak.

Bai azterketa idatzien emaitzak erabakiko dituen ebazpena, bai emaitza orokorrak erabakiko dituena ere argitaratu eta biharamunetik hasita, bost egun naturaleko epea izango dute interesatuek erreklamazioak HABEren zuzendari nagusiari idatziz aurkezteko.

Epe hori igaro ondoren, behin betiko bihurtuko dira erreklamaziorik aurkezten ez duten azterketarien emaitzak.

Emaitzen kontrako erreklamaziorako epea amaitzen denean, HABEren zuzendari nagusiak erreklamazioak ebazpenez onartu edo ezetsiko ditu.

Azken emaitzen ebazpena www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko da. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio HABEren presidenteari, hura argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori igarota, errekurtsorik aurkeztu ezean, behin betiko bihurtuko dira erreklamazioen ondorioz erabakitako emaitzak.

11. artikulua.– Ziurtagiria.

Azterketa gaindituz mailaren bat egiaztatzen dutenek Kultura sailburuak emandako euskararen jakite-maila egiaztatzeko agiria jasoko dute.

Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 28ko 15/2007 Legean zehaztutakoaren arabera, 18,50 euroko tasa ordaindu beharko da lehen, bigarren, hirugarren edo laugarren mailako agiria eskuratzeko, eta 1,72 euro agiriaren duplikatua eskuratzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Guztien ezagutzarako, Ebazpen honen eranskin gisara doaz 2008. urteko bi deialdietako egutegia eta azterketen edukia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete HABEren presidentearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita sartuko da indarrean.

Donostia-San Sebastián, 2008ko otsailaren 15a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.

I. ERANSKINA
Lehen deialdiko egutegia

	1. maila	2. maila	3. maila	4. maila

Matrikulaldia	Apirilaren 8tik 17ra	Apirilaren 8tik 17ra	Apirilaren 8tik 17ra	Maiatzaren 15etik 22ra

Onartuen behin-	Apirilaren 22an	Apirilaren 22an	 Apirilaren 22an	Maiatzaren 26an

behineko zerrenda

Behin betiko zerrenda	Maiatzaren 5ean	Maiatzaren 5ean	Maiatzaren 5ean	Ekainaren 4an

Proba idatzia	Maiatzaren 17an 	Maiatzaren 17an goizeko 	Maiatzaren 24an 	Ekainaren 14an goizeko

	goizeko 09:00etan	11:30ean	goizeko 09:00etan	 09:00etan

Behin-behineko emaitzak	Ekainaren 13an	Ekainaren 13an	Ekainaren 13an	Ekainaren 26an

Ahozko proba	Ekainaren 18,19,20 	Ekainaren 18,19,20 	Ekainaren 20, 21,27 	Uztailaren 5ean

	eta 21ean	eta 21ean	eta 28an

Behin-behineko emaitzak	Uztailaren 11n	Uztailaren 11n	Uztailaren 11n	Uztailaren 11n

Emaitza orokorrak	Uztailaren 18an	Uztailaren 18an	 Uztailaren 18an	Uztailaren 18an

Bigarren deialdiko egutegia

	1. maila	2. maila	3. maila	4. maila

Matrikulaldia	Irailaren 10etik 15era	Irailaren 10etik 15era	Irailaren 10etik 15era	Irailaren 10etik 15era

Onartuen behin-	Irailaren 17an	Irailaren 17an	 Irailaren 17an	Irailaren 17an

behineko zerrenda

Behin betiko zerrenda	Irailaren 24an	Irailaren 24an	 Irailaren 24an	Irailaren 24an

Proba idatzia	Urriaren 4an	Urriaren 4an	Urriaren 11n	Urriaren 11n

	Goizeko 09:00etan	Goizeko 11:30ean	Goizeko 09:00etan

	Goizeko 09:00etan

Behin-behineko emaitzak	Urriaren 31n	Urriaren 31n	 Urriaren 31n	Urriaren 31n

Ahozko proba	Azaroaren 13,14,15ean	Azaroaren 13,14, 15ean	Azaroaren 20,21 eta 22an	Azaroaren 22an

Behin-behineko emaitzak	Abenduaren 4an	Abenduaren 4an	Abenduaren 4an	Abenduaren 4an

Emaitza orokorrak	Abenduaren 11n	Abenduaren 11n	 Abenduaren 11n	Abenduaren 11n

II. ERANSKINA
LEHEN, BIGARREN, HIRUGARREN ETA LAUGARREN MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETEN EDUKIA

1. maila: azterketaren edukia.

Proba idatzia

Irakurmena:

Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait galdera erantzun beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota informazioa testutik ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 35 minutu ingurukoa izango da.

Idazmena:

Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta 150 hitz inguruko testu bat edo 100 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimakiak, oharrak, gutun informalak, kontakizun laburrak… izan daitezke. Idatzien kalifikaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: a) balorazio orokorra, b) baliabide linguistikoak eta hizkuntzaren aberastasuna eta egokitasuna, eta c) zuzentasuna. Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 60 minutu ingurukoa izango da.

Bi proba horiek batera ordubete eta hogeita hamabost minutuko iraupena izango dute gehienez.

Ahozko proba

Entzumena:

Trebetasun honi dagokion ariketa azterketa idatziaren egunean egingo da.

Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu entzun/ikusiko ditu (audioan edo bideoan). Testu horien ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Testua luzea izan liteke (5/6 minutu ingurukoa, bi zatitan) edo zenbait testu labur (1 minutu ingurukoak), minutu-kopurua osatu arte. Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasun batzuk ulertu beharko ditu. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gutxienez, 10. Proba honen iraupena 25 minutukoa izango da, gehienez ere.

Mintzamena:

Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta, eta c) gai horri buruzko elkarrizketa aztertzaileekin, edo beste azterketari batekin, eta aurrez prestatutako gaiaren azalpena.

Proba neurtzeko irizpideak hauek izango dira: a) hizkuntzaren egokitasuna eta jariotasuna, b) diskurtsoaren antolaketa eta elkarreragina, eta c) hizkuntzaren aberastasuna eta zuzentasuna. Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 15 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

1. MAILA: AZTERKETAREN PUNTUAZIOA ETA ARIKETAK

PUNTUAZIOA	Guztira	Gutxienez

A) PROBA IDATZIA

Irakurmena	20	10

Idazmena	30	15

Guztira A multzoa	50	28

B) AHOZKO PROBA

Entzumena	20	10

Mintzamena	30	15

Guztira B multzoa	50	27

GUZTIRA	100	55

Emaitza:

A multzoan: gai/ez gai

B multzoan: gai/ez gai

Guztira: gai/ez gai

2. maila: azterketaren edukia.

Proba idatzia

Irakurmena:

Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait galdera erantzun beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea, informazioa testutik ateratzea, idazlearen jarrera eta gaia bereiztea edota bestelako osagai linguistikoak ulertzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 45 minutu ingurukoa izango da.

Idazmena:

Azterketariari egoera bat emango zaio eta 250 hitz inguruko testu bat edo 150 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak oharrak, gutun informalak eta formalak, kontakizunak, deskribapenak, azalpenak, kronikak… izan daitezke. Idatzien kalifikaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: a) balorazio orokorra, b) hizkuntzaren aberastasuna eta egokitasuna, eta c) zuzentasuna. Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 60 minutu ingurukoa izango da.

Bi proba horiek batera gehienez ordubete eta berrogeita bost minutuko iraupena izango dute.

Ahozko proba

Entzumena:

Trebetasun honi dagokion ariketa azterketa idatziaren egunean egingo da.

Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu entzun/ikusiko ditu (audioan edo bideoan). Testu horien ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Testua luzea izan liteke (5/6 minutu ingurukoa, bi zatitan) edo zenbait testu labur (1 minutu ingurukoak), minutu-kopurua osatu arte. Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasun batzuk ulertu beharko ditu edo hizlariaren jarrera eta informazioa bereizten eta ondorioak ateratzen jakin beharko du. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gutxienez, 10. Proba honen iraupena 25 minutukoa izango da, gehienez.

Mintzamena:

Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta, eta c) gai horri buruzko elkarrizketa aztertzaileekin, edo beste azterketari batekin, eta aurrez prestatutako gaiaren azalpena eta gaiaren inguruko ikuspuntua.

Proba neurtzeko irizpideak hauek izango dira: a) hizkuntzaren egokitasuna eta jariotasuna, b) diskurtsoaren antolaketa eta elkarreragina, eta c) hizkuntzaren aberastasuna eta zuzentasuna. Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 15 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

Puntuazioa:

Ahozko eta idatzizko zatien ariketak eta puntuazioak honela banatuko dira:

2. MAILA: AZTERKETAREN PUNTUAZIOA ETA ARIKETAK

PUNTUAZIOA	Guztira	Gutxienez

A) PROBA IDATZIA

Irakurmena	20	10

Idazmena	30	15

Guztira A multzoa	50	28

B) AHOZKO PROBA

Entzumena	20	10

Mintzamena	30	15

Guztira B multzoa	50	27

GUZTIRA	100	55

Emaitza:

A multzoan: gai/ez gai

B multzoan: gai/ez gai

Guztira: gai/ez gai

3. maila: azterketaren edukia.

Proba idatzia

Irakurmena:

Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait galdera erantzun beharko ditu. Horien bidez azterketariak frogatuko du ulertzen duela testuaren esanahi orokorra, ideia nagusia nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola, komunikazio xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia, besteak beste.

Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu.

Zati honek 10 puntu izango ditu denera, eta gutxienez, 5. Proba honen iraupena 45 minutukoa izango da.

Gramatika eta hiztegia:

Ikasleari hainbat testu emango zaizkio irakurtzeko. Testu horiek sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko izango dira. Hainbat egiteko mota erabiliko da: testuan hitzen sinonimoak kokatu, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorriak eta elkartuak testuan kokatu, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, esaldi baliokideak sortu edota egitura koherenteak aukeratu testua osatzeko.

Zati honek 10 puntu izango ditu denera, eta gutxienez, 5. Proba honen iraupena 25 minutukoa izango da.

Idazmena:

Azterketariak gutxienez 300 hitzeko testu bat edo 180 hitzeko bi testu idatzi beharko ditu. Hainbat idatzi mota gauza ditzake: iritzi-artikulua, gutuna, txostena, proposamena, laburpena, eskaera, informazio-orria… Eskatuko zaion egitekoaren egoera, gaia, testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen eta hartzailearen rola eta xede komunikatiboa zehaztuko zaizkio.

Idazlanaren kalifikaziorako kontuan hartuko da eskatutakoari zuzen eta egoki erantzun zaion, planteatutako egoera komunikatibora egokitu zaion, beharrezko informazioa aukeratu duen, era logikoan ordenatu eta lotu duen, eta hizkuntza baliabide aberatsak, askotarikoak, zehatzak eta zuzenak erabili dituen.

Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena ordubete eta hamabost minutukoa izango da.

Azterketa idatziak 2 ordu eta 30 minutu iraungo du, entzumena neurtzen duen ariketa egiteko eta instrukzioak irakurtzeko behar den denbora kontuan izan gabe.

Ahozko proba

Entzumena:

Trebetasun honi dagokion ariketa azterketa idatziaren egunean egingo da.

Azterketariak kultura orokorreko gaien inguruan entzungo dituen testuen ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Entzungaia testu bakarra izan liteke edo zenbait testu labur.

Grabazioak behin edo bitan entzungo dira entzungai motaren arabera eta azterketariek denbora izango dute grabazioa entzun aurretik galderak irakurtzeko.

Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasunak ulertu beharko ditu, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak atera.

Hainbat egiteko mota erabil daiteke: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak.

Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gutxienez, 10. Proba honen iraupena 25 minutu ingurukoa izango da.

Mintzamena:

Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak bi atal izango ditu:

• Aurrez prestatutako egiteko bat gauzatzea.

Aztertzaileek gai bat eskainiko diote azterketariari presta dezan. Testu-aipamen bat, zenbait testu-aipamen, elementu grafikoak, irudiak… eman dakizkioke azterketariari egitekoa prestatzeko.

Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko testu luzerik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.

• Argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz, bat-bateko elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketari batekin.

Azterketariak 20 minutu izango ditu azaldu beharreko gaia prestatzeko, eta aztertzaileen aurrean hamar bat minututan hitz egitea eskatuko zaio, bost bat minutu ariketa bakoitzeko. Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek eta gainditzeko 15 puntu beharko ditu.

Mintzamenaren kalifikaziorako kontuan hartuko da egitekoari zuzen eta egoki erantzun zaion, azalpenean diskurtso argia, landua eta jarioduna garatu duen, elkarreraginean galderei erantzunez norbere ikuspuntua eta iruzkinak egoki adierazten dituen eta, oro har, nolako zuzentasunez aritu den, nolako baliabide morfosintaktiko edo lexikoak erabili dituen, jariotasuna eta ahoskera.

Puntuazioa:

Ahozko eta idatzizko zatien ariketak eta puntuazioak honela banatuko dira:

3. MAILAKO AZTERKETAREN PUNTUAZIOA ETA ARIKETAK

PUNTUAZIOA	Guztira	Gutxienez

A) PROBA IDATZIA

Irakurmena	10	5

Gramatika eta lexikoa	10	5

Idazmena	30	15

Guztira A multzoa	50	28

B) AHOZKO PROBA

Entzumena	20	10

Mintzamena	30	15

Guztira B multzoa	50	27

GUZTIRA	100	55

Emaitza:

A multzoan: gai/ez gai

B multzoan: gai/ez gai

Guztira: gai/ez gai

4. maila: azterketaren edukia.

Kontuan izanik nola definitzen den laugarren mailako ikaslearen gaitasun komunikatiboa –"aditua izanik, gauza izango da zenbait ekintza komunikatibo gauzatzeko ahoz eta idatziz, bera aditu deneko jakintza-alorretan"–, bi baldintza beteko dituzte gaitasun komunikatibo hori ebaluatzeko probek.

– Lehenik, ikaslea aditua deneko jakintza-alorrekoak izango dira mintzamena eta idazmena neurtzeko probak; beraz, bi trebetasun horietan, proba espezifikoak egingo zaizkio ikasle bakoitzari, aditua deneko jakintza-alorraren arabera. Proba orokorrak izango dira, ordea, entzumena eta irakurmena neurtzekoak.

– Bigarrenik, laugarren mailako ikaslearen gaitasun komunikatiboa ebaluatzeko, oinarrizko tresna izango da ikasleak aditua deneko jakintza-alorrean egindako lana. Hain zuzen, lan horren balorazioan oinarrituko da euskaltegiaren ebaluazioa eta ikaslearen lan hori aintzat hartuta moldatuko ditu HABEk azterketariaren idazmena eta mintzamena neurtzeko probak.

Proba idatzia

Irakurmena:

Azterketariek, testu bat irakurri ondoren, horren azalpen laburra egingo dute idatziz: gehienez 40 hitzekoa.

Idazmena:

Azterketariak 300 hitz inguruko testu bat idatziko du, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa.

Idatzizko proba honen iraupena, guztira, hiru ordukoa izango da gehienez.

Ahozko proba

Entzumena:

Trebetasun honi dagokion ariketa azterketa idatziaren egunean egingo da.

Testu bat irakurriko zaie azterketariei, eta hauek testu horren azalpen laburra egingo dute idatziz: gehienez 40 hitzekoa.

Mintzamena:

Idazmena neurtzeko proban jorratutako gaia izango du hizpide azterketariak, ordu erdi lehenago adieraziko zaion ekintza komunikatiboa gauzatzeko aztertzaileen aurrean.

Probak berak 10 minutu inguru iraungo du.

Ebaluatzeko irizpideak:

Idazmenaren eta mintzamenaren probak ebaluatzerakoan, kontuan izango dira a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona, eta b) zuzen (gramatikaren arauak betez) eta egoki (testuinguruaren arabera eta testuaren legeen arabera) egin duen.

Entzumenaren eta irakurmenaren probak ebaluatzerakoan, kontuan izango da a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona eta b) behar bezala egin duen.

4. maila: Azterketen puntuazioak eta emaitzak

Azterketariak lau trebetasunak (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena) gainditu beharko ditu.

Azterketariei era honetan emango zaizkie emaitzak:

Idatzia: gai/ez gai

Ahokoa: gai/ez gai

Guztira: gai/ez gai


Azterketa dokumentala