Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2008ko urtarrilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
472

EBAZPENA, 2007ko urriaren 5ekoa, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariarena. Honen bidez ebazten da Osakidetzako Garbiketa Zerbitzuaren enpresa emakidadunentzako sektoreko hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailatu eta argitaratzea (hitzarmen-kodearen zenbakia: 8602115.).

AURREKARIAK

2007ko irailaren 28an aurkeztu zuten ordezkaritza honetan aipatutako hitzarmen kolektiboari buruzko derrigorrezko dokumentazioa Enpresaren zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak, langileen ordezkapenean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Langileen Estatutuari buruzko Legeko 90.2 artikuluak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 29ko BOEn argitaratua) aurreikusten duen eskuduntza lan agintaritza honi dagokio, urriaren 18ko 315/2005 Dekretuko 17.f) artikuluak –Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitekoen eta organoen egitura ezartzen duenekoak (2005-10-27ko EHAA)- xedatutakoaren arabera, eta martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuak (1981-04-02ko EHAA) eta maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuak (1981-06-06ko BOE) -hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoak- xedatutakoaren ildotik.

Bigarrena.– Sinatutako hitzarmen kolektiboak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Honen ondorioz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 5a.

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.

OSAKIDETZAKO GARBIKETA ZERBITZUAREN ENPRESA EMAKIDADUNENTZAKO SEKTOREKO HITZARMEN KOLEKTIBOA
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak 3 lurralde historikoetan —Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan— dituen lantokietan garbiketa-zerbitzua emakida bidez sinatuta duten enpresetan lan egiten duten langileen lan-baldintzak arautzea da hitzarmen honen xedea.

2. artikulua.– Langileen eremua.

1.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zentroetako garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunetako langileei aplikatuko zaie hitzarmen hau.

3. artikulua.– Indarraldia eta hitzarmena salatzea.

Hitzarmen honek 2007ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31a arteko indarraldia izango du, kasuan kasu ezarritako denborazkotasun eta eraginkortasuna salbu. Indarraldia, dena den, espresuki alde baterako eta behingoz, hitzarmen berri bat indarrean sartzen den arte luzatu dela ulertuko da.

Hitzarmena benetan amaitu baino hiru hilabete lehenago automatikoki salatutzat emango da.

Hitzarmenaren klausula arau-emaile eta derrigortzaile guztiek indarrean jarraituko dute hitzarmen berri bat sinatu arte.

4. artikulua.– Hitzarmenaren izaera eta interpretazioa.

Hitzarmenaren eragin-eremuko langileentzat araudi bateratua lortzeko beharrezkotzat, zatiezintzat eta osotzat hartu behar da hitzarmen hau.

Hitzartutako baldintzek multzo oso bakar bat osatzen dute eta aplikatzeko orduan bere osotasunean hartuko da. Beraz, ezingo dira jakineko artikulu batzuk aplikatu gainerakoak kontuan hartu gabe; bere osotasunean ezarri eta bete beharko da beti.

5. artikulua.– Interpretazio sistematikoa eta integratzailea.

Hitzarmenean itundutako baldintzek multzo batu bat osatzen dute eta aplikatzerakoan, osotasunarekiko loturik hartuko dira guztiak. Horrela, hitzarmenak omisio, hutsune edo anbiguotasunen bat edukiz gero ere, itundutakoaren zentzu zuzena ez da aldatuko.

6. artikulua.– Aplikazioa.

Hitzarmena sinatu duten alderdiek hitz ematen dute hitzarmena zuzenean aplikatuko dutela. Hitzarmen honetan jasotako xedapenak beste edozeinen aurretik aplikatuko dira, eta testu honetan aurreikusitakoak barne hartzen ez duen gainerako guztian, indarrean dagoen araudi osagarria aplikatu beharko da.

7. artikulua.– Laneko auziak.

Hitzarmena izenpetzen duten alderdiek elkarrizketa-bidea agortzeko konpromisoa hartzen dute, neurri zigortzaileak hartu edo auzi kolektiboetara jo aurretik, betiere une bakoitzean eta bitariko batzordearen bitartez hartzen diren adostasun-neurrien kontra egin gabe.

8. artikulua.– Hitzarmeneko Bitariko Batzorde Mistoa.

Bitariko Batzordea eratzen da, hitzarmena sinatu duten enpresek eta sindikatuko ordezkariek osatuta.

Bitariko Batzorde Mistoa hitzarmena sinatu duen sindikatu bakoitzeko ordezkari batek, alde batetik, eta, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko enpresa emakidadunen artean langile gehien dituzten enpresen ordezkari-kopuru berak, bestetik.

Batzorde Mistoaren egitekoak: honako hauek izango dira Batzorde Mistoaren egitekoak:

a) Hitzarmena interpretatzea eta aplikatzea.

b) Bitariko Batzordeari interpretatzeko aurkeztutako gairen baten inguruan adostasunik ez bada lortzen, lan-gatazka edo presio-neurriren bat hartu aurretik eta gehienez ere 15 eguneko epean dagokion bitartekaria edo adiskidetzailea izendatuko da.

Adiskidetze- edota bitartekotze-lanak egingo dituen pertsona edo erakundea alderdiek adostutakoa izango da.

c) Hitzarmenean itundutakoa guztiek eta guztiz betetzen den zaintzea.

d) Hitzarmena ez dela bete salatzea.

e) Hitzarmenaren eraginkortasuna areagotzeko balioko duten jarduerak bai eta hitzarmena argitaratu ondorengo xedapenei jarraiki esleitutakoak ere.

f) Zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta erabiltzaileak ondo tratatzeko enpresa emakidadunak ezarritako helburuen eta indikadoreen ondorioz, langileen lansarietan, egutegian eta lan-baldintzetan eragina duten neurriei dagokienez, bi alderdiek adostutako txostenak egitea.

g) Hitzarmena hobetzeko balio izanik, taldeka edo banaka berariaz salatutako gaien inguruan bi alderdiek adostutako txostenak egitea.

Bitariko Batzorderako deia idatziz egin beharko da, osatzen duten alderdietako batak zein besteak eskatuta, batzordea osatu baino hamabost egun lehenago. Eguneko gai-zerrendan argi eta garbi zehaztu beharko dira aztertu beharreko puntuak; bilera-eguna eta tokia ere zehaztu beharko dira. Bi alderdiek agertu beharko dute batzordean.

Deiaren eta bilera-egunaren arteko tartea laburtu egin daiteke, bi alderdiak ados egonez gero.

Bitariko Batzordeak lehenengo bileran ezarriko du bere lan-antolaketa, horretarako deituko den bileran hain zuzen ere.

Batzorde honek, gutxi gorabehera, hiru hilero egingo ditu bilerak.

Ondoko bi prozedurak erabiliz jasoko ditu Bitariko Batzorde Mistoak bere eskumeneko gaien inguruan egiten zaizkion idatzizko kontsulta eta erreklamazioak:

a) Hitzarmena sinatu duten sindikatuen bidez.

b) Enpresetako Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez.

Hitzarmenean ezarritako baldintzen inguruko arazo edo erreklamazioei buruz hitzarmena sinatu duten alderdiek hartutako erabakiak lotesleak izango dira; haien ebazpena, oro har, hilabeteko epean hartu beharko da.

Egoerari lotutako gaiak zein gai zehatzak lantzeko Bitariko Batzordearen eskutik lan egingo duten behar adina lan-talde sortu ahal izango dira; haien jarduera Batzordeari kasuan kasuko txostena aurkeztu ondoren amaituko da.

Bitariko Batzordean hartzen diren erabakiak lotesleak izango dira bi aldeentzako.

Bitariko Batzorde Mistoaren bidea agortu ondoren, desadostasuna sortu duen lan-gatazka, bereziki lan-gatazka kolektiboak, Precora eramateko konpromisoa hartzen dute bi alderdiek (Laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozedurei buruzko lanbide arteko Akordioa).

9. artikulua.– Aukera-berdintasuna.

Enpresek aukera-berdintasuna bermatzeko lanean aritzeko konpromisoa hartzen dute eta, ildo horretatik, hizkuntza, genero eta abarren inguruan sortutako arazoen jarraipena egingo dute.

Enpresen helburuen artean enpresa emakidadunen langileen arteko diskriminazioa eta aukera-berdintasun eza saihestea daude. Xede hori lortzeko, neurri zehatzak eta eraginkorrak sustatu eta bermatuko dituzte.

I. TITULUA
EUSKALDUNTZEA ETA ALFABETATZEA

10. artikulua.– Euskalduntzea eta alfabetatzea.

Euskalduntze-prozesuan aurrera egiteko konpromisoa hartzen da, kalitatezko zerbitzua lortzeko herritarren gizarte-eskubideak errespetatuz.

11. artikulua.– Euskarako ikastaroak.

Euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen da; horretarako, enpresek euskarako ikastaroak antolatuko dituzte lantokietan eta langileek bertara joateko aukera izango dute. Ikastaro horietara nahi duena joango da.

Komunikazioetan, nominetan eta abar, ahal den neurrian bi hizkuntzak erabiliko dira.

II. TITULUA
ESKUBIDE SOZIALAK

12. artikulua.– Laneko arropa.

Enpresak langileei laneko arropa eta oinetako egokiak emango dizkie, dauden xedapenei jarraituz. Laneko Osasun eta Prebentziorako batzordeek ikuskatuko dute hori. Arropa eta oinetako horiek erabiltzea, bestalde, nahitaezkoa izango da, aipatu jarraibideen arabera. Jantziaren arabera zehaztuko den maiztasunaz emango dira. Hondatzen badira, berriak emango dira, hondatutakoak itzuli ondoren.

Oro har, ekipo bi emango dira. Bakoitzak honako jantzi hauek edukiko ditu: kasaka, prakak, oinetakoak, galtzerdiak eta jaka emakumezkoentzat; gizonezkoentzat, berriz, prakak, alkandora, oinetakoak, galtzerdiak eta jaka. Langileek zein neurri duten, halako jantziak izango dituzte. Eskularruak ere izango dituzte. Langileek itzuli egin beharko dute erabilitako arropa.

Hitzarmen hau izenpetzen denean laneko arropa garbitzen duten lantokiek arropa-garbiketa hori egiten jarraituko dute, eta bidezko kudeaketak egingo dira jarduera hori egiten ez den lantokietan egin ahal izateko.

Kasu berezietan, aterperik gabeko lekuetan eta leku umeletan egoten diren langileentzat esaterako, jantzi eta oinetako egokiak emango zaizkie langileei. Halaber, kasu bakoitzean behar diren norbere babeserako ekipoak emango dizkie enpresak langileei.

Laneko arropak urtean bi aldiz berrituko dira: lehenengoa apirilean eta bigarrena urrian.

13. artikulua.– Aurrerakinak.

Jardunean dauden langileek, beren hileko soldata garbiaren % 100erainoko aurrerakin arruntak, gehi aparteko ordainsariari dagokion zati proportzionala, korriturik gabe, jasotzeko eskubidea izango dute, beren kontratu-harremana hilaren azkena baino lehenago bukatzen ez bada. Aurrerakin hori eskaria egin deneko hilabeteari dagokion nominan eman beharko da, hileko nomina itxi ondoren emandako aurrerakinak izan ezik; horiek hurrengo hileko nominan emango dira.

Orobat, hilero edonolako atxikipenik egiten zaienek soldata garbiaren % 100eko aurrerakina jaso ahal izango dute, aipatu atxikipena kenduta.

14. artikulua.– Nominak aurreratzea.

Hitzarmen honen eremuan dauden langileek nomina aurretik jasotzeko eskubidea izango dute, betiere ondorengo araudia oinarritzat hartuta:

Nomina aurreratzea, egin gabeko lan bati dagokion ordainketen kontura diru-zenbateko bat ordaintzea da.

1.– Emango diren nomina-aurreratzeen gehienezko zenbatekoa 4.500 eurokoa izango da. Horretarako, laugarren idatz-zatian premia larritzat jotako inguruabarren bat gertatu beharko da. Halere, idatz-zati horretan jasotako e), f), g), h), i), j), k), l), eta m) kasuetan, gastuen agiri frogagarrietan agertzen den kopuruak zehaztuko du zenbat den eman beharreko zenbatekoa aipatutako gehieneko zenbatekoen mugen barruan. Agiriok, eskearekin batera, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, premia larria egiaztatzeko.

2.– Zerbitzuaren emakida amaitzeko enpresari geratzen zaion denboraldiaren arabera ezarriko da mailegua itzultzeko gehienezko epea. Nomina-aurreratze hauek ez dute interesik sortuko.

3.– Ezin izango da nomina-aurrerapenik eman baldin eta mota horretako lehengo konpromisorik badago kitatu gabe. Halaber, nomina-aurrerapenaren kitapenetik sei hilabete igaro beharko dira gutxienez beste aurrerapen bat eskatu baino lehen. Dena den, f) eta g) idatz-zatietan jasotako arrazoiak bateraezinak dira, eta hamar urtean mailegu bakar bat emateko eskubidea emango dute. Ibilgailua erosteari dagokionez, ez da arrazoi beragatik beste aurrerapenik emango aurrekoa eman zenetik bost urte igaro artean.

Nomina-aurrerapenen onuradunek, bere administrazio-egoeran aldaketaren bat eman dela-eta nominan baja badira, emandako nomina-aurrerakina itzuli egin beharko dute. Alde horretatik, enpresek diziplina- edota epai-neurriak hartu ahal izango dituzte itzultzeke dagoena itzularazteko.

Ez zaie borondatezko eszedentziarik emango maileguen onuradun direnei, harik eta mailegua oso-osorik itzuli artean.

4.– Premia larriak.– Egoera hauetatik sortutakoak izango dira:

a) Eskatzailearen ezkontza edo bikote-bizitza egonkorra hasi izana, ziurtagiriz egiaztatua.

b) Eskatzailearen dibortzioa, banaketa edo ezkontza baliogabetzea.

c) Ezkontidearen edota seme/alaben heriotza.

d) Seme-alaben jaiotza edo haurra jasotzea edo adoptatzea.

e) Gaixotasun larria edo ebakuntza: eskatzailearena, bere ezkontidearena, bizilagunarena, seme-alabena edota jasota dituen adin txikikoena.

f) Ohiko etxebizitza erostea eta bankuko maileguak kitatzea, ohiko etxebizitza erosteko direnean. Kasu honetan nomina-aurrerapena 9.700 euro artekoa izango da, eta itzultzeko gehienezko epea zerbitzu-emakida amaitzeko enpresari geratzen zaion denboraren arabera ezarriko da, baina, betiere, gehienez ere 12 hilabetekoa izango da.

g) Ohiko etxebizitza zaintzeko beharrezkoak eta nahitaezkoak diren obrak egitea.

h) Lana egiten den herrira aldatzea bizilekua.

i) Ohiko etxebizitzarako altzariak erostea.

j) Ikastetxe ofizialetan ikasketak egiteko eskatzaileak, ezkontideak, bizilagunak, seme-alabek edo bere ardurapeko pertsonak ordaindutako matrikula-gastuak.

k) Ibilgailua erostea.

l) Premiazkotzat har daitezkeen horrelako beste kasu batzuk.

5.– Izapideak.

Nominak aurreratzeko eskariak aurkezteko gehienezko epea bi hilabetekoa izango da, eskaera eragin duen gertakizunaren egunetik aurrera. Dena den, kasu berezietan, sortarazi duen egintzaren egunaren aurreko hilabetean egindako mailegu-eskakizunak ere onartuko dira, baldin eta eskakizunarekin batera aurrerapena jaso eta bi hilabete baino lehen gastuen egiaztapenak aurkeztuko direla hitz ematen bada. Agindu hori ez betetzeak nomina-aurrerapena baliogabetuko du, besterik gabe.

Nominak aurreratzeko eskabideak eskatzaileak lan egiten duen enpresako Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dira. Zuzendaritza horrek, jasotze-eguna adierazi beharko du eskabideetan, aurreko paragrafoan agindutakoa betetzeko. Giza Baliabideen Zuzendaritzak, halaber, eskabideen ebazpenari buruzko azken txostena egin beharko du.

15. artikulua.– Bizitza-aseguru, istripu pertsonal eta erantzukizun zibilaren poliza.

Hitzarmen honen eraginpeko langileak enpresak izenpetutako poliza orokorrarekin aseguratuta daude.

Ondokoak dira izenpetutako polizetako egungo zenbatekoak:

1.– Istripu-poliza, ondoko kapitalen arabera:

Heriotza: 25.000 euro.

Erabateko baliaezintasun iraunkorra: 25.000 euro

Guztizko baliaezintasun iraunkorra: 25.000 euro

Partezko baliaezintasun iraunkorra: 25.000 euro arte, baremoen arabera.

2.– Hitzarmen honen eraginpeko langileak, halaber, enpresak izenpetutako erantzukizun zibilaren polizarekin aseguratuta daude. Aseguru horren zenbatekoa hirugarrenei sortutako kalteak ordaintzeko da, enpresako langileen lanbide-erantzukizunaren ondorioz eragindako kalteak ordaintzeko, hain justu ere.

Enpresaren betekizuna, poliza izenpetu eta horri dagokion ordainketa egitea baino ez da izango, polizan izan daitezkeen klausulek ez baitiote eragiten.

16. artikulua.– Betetzen den zeregin edo lanpostuarekin zuzenean lotuta dauden lanbide-hobekuntzarako ikasketak burutu ahal izateko laguntza.

Lanbide-gaitasuna handitzeko edo hobetzeko helburuarekin zentro ofizial edo homologatuetan emandako ikastaroetara doazen langileei, betiere dagokien Enpresa Zuzendaritzak ikastarook funtzio edo lanpostuarekin zerikusia dutela ikusten badu, matrikula ordainduko zaie aurretiaz ordaindu izana erakutsi ondoren. Horretarako, behar bezala oinarritutako eskaria gutxienez 15 egun lehenago aurkeztu beharko dute eta, balegokio, Enpresaren Zuzendaritza Kudeaketak onartu egingo du eskariaren ondorengo hamar eguneko epean.

Enpresak eskatuta joaten denean ikastaroetara, lanaldiko orduetan ikastaroari eskainitako denbora benetako lantzat hartuko da.

17. artikulua.– Erretiroa eta borondatez erretiratzeagatiko sariak.

Hitzarmen honen eraginpean dauden langileen erretiroa hirurogeita bost urterekin emango da ofizioz; dena den, nahi izanez gero lanean jarraitu ahal izango dute, gehienez ere hirurogeita hamar urte bete arte, indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraiki.

1967ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean kotizatzen hasi diren garbiketa-zerbitzuko enpresa emakidadunen langileek, borondatezko erretiroagatiko saria jasotzeko eskubidea izango dute, prestazio pasiboei ekarriko dien gutxitzearen konpentsazio gisa. Ondoko eskalaren eta kontratua amaitzeko gelditzen den denboraren arabera ezarriko da sariaren zenbatekoa:

Adina Hilabete-kopurua.

60 urte. Oinarrizko soldatako 20 hilabete

61 urte. Oinarrizko soldatako 16 hilabete

62 urte. Oinarrizko soldatako 12 hilabete

63 urte. Oinarrizko soldatako 6 hilabete

Eskala honen arabera bakoitzari dagokion hilekoen kopurua zehazteko, langileak borondatezko erretiroa hartzen duenean duen adina hartuko da kontuan.

Kalte-ordaina osatzen duten hileroko bakoitza, taularen arabera aurreko hamabi hilabetetan jasotako ordainsarien batezbestekoa izango da.

Erretiratzeko eskatzen den eguna baino hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko dute eskabidea langileek.

Borondatezko erretiroa aitortzen duen adierazpenean ezarritako kalte-ordaina gauzatzeko, interesatuaren erretiroa eta eraginetarako eguna deklaratzen duen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren ebazpena aurkeztu beharko du interesatuak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, interesatua ezgaitasun-espediente batean sarturik ez dagoela egiaztatzeko.

Langile guztiek, nahi izanez gero, erretiro aurreratua eska dezakete 64 urterekin bai eta errelebo bidezko erretiro partziala ere. Enpresako Zuzendaritzak nahitaezkoa izango du onartzea, eta indarrean den legeriaren arabera, txanda-kontratu bat egiteko konpromisoa hartuko du. Erretiro partzialean 1131/2002 ED-an xedatutakoa aplikatuko da eta 2009-12-31 arte izango ditu ondorioak. Egun horretarik aurrera, gai horri buruz indarrean dagoen legerian xedatutakoa aplikatuko da.

18. artikulua.– Iraizpena.

Epai judizial baten bidez iraizpen bat bidegabekotzat jotzen bada, obra- edo zerbitzu-kontratu mugagabea duten zentroko langile finkoak aukeratzeko eskubidea izango du, baldin eta epaiak lanean berriro hartzea badakar. Horrela ez bada, aukeratzeko eskubidea martxoaren 24ko 1/1995 EDLko 56. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

Martxoaren 24ko 1/1995 ELDko 52.C artikuluan aurreikusitako arrazoietan oinarrituriko iraizpen objektiboak enpresa-batzordeari, langileen ordezkariei edo ordezkari sindikalei jakinarazi beharko zaizkie, aipatu iraizpena gertatu baino 10 egun lehenago; iraizpenaren arrazoiak ere adierazi egin beharko dira. Aipatu epean kontsultak egiteko aldi bat irekiko da. Inongo akordiorik lortu ezean, indarrean dagoen legerian xedatuta dagoena bete beharko da.

Ekoizpen-, antolakuntza-, teknika edota ekonomia-arrazoiengatik eginiko iraizpenen kasuan, lantokian antzinatasun gehien duten langileak hartuko dira kontuan.

19. artikulua.– Prestakuntza.

Langileen prestakuntza eta birziklatzea sustatzeko batzorde bat sortuko da enpresa bakoitzean; batzorde hori, enpresa- eta langile-ordezkariek osatuko dute.

III. TITULUA
LANALDI ARRUNTA, LANALDI OSAGARRIA, EGUNEKO LANARTEA, ASTEKO ATSEDENA, TXANDAKAKO ATSEDENAK ETA OPORRAK

20. artikulua.– Lanaldia.

Urteko benetako lanaldia mila bostehun eta laurogeita hamabi ordukoa izango da lanaldi osoko langileentzat. Lanaldi partzialeko langileek mila bederatziehun eta laurogeita hamabi orduren proportzioko lanaldia beteko dute.

21. artikulua.– Geldialdia, lanaldi etengabea.

Eguneko lanaldia 4:15 ordu baino luzeagoa denean, gehienez ere 30 minutuko atsedenaldia eguneko izango dute langileek.

Guztizko atseden-denbora honetan sartuta dago eguneko lanaldiko beste edozein atseden.

22. artikulua.– Lan-egutegia.

Lantoki bakoitzak bere egutegia eratuko du. Hitzarmenaren indarraldirako hitzartutako urteko lanaldia errespetatuko da —1.592 ordu— eta lanegunak eta atseden-egunak urte natural bakoitzean banatuko dira.

Egutegian ondokoa jasoko da:

a) Jaiegun ordainduak, errekuperatu behar ez direnak.

b) Aukeran hartzeko egunak (norberaren gauzetarakoak) 6 egun edo 42 ordu lanaldi osoan.

c) Oporrak.

d) Lanaldien arteko atsedenaldiak.

e) Benetako lanaldia.

f) Eguneko lan-ordutegia.

Norberaren gauzetarako 6 egunen kontura, langile guztiek gutxienez urteko zubietako bat hartu ahal izango dute. Horretarako baimena eskariaren antzinatasunaren hurrenkeran emango da eta gehienez ere lantokiko txanda bakoitzeko langileen % 50ak hartu ahal izango du.

Lantoki bakoitzeko egutegiak enpresako zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkariek erabakiko dituzte eta kasuan kasuko urtearen urtarrilaren 31 baino lehen jarri beharko dira agerian.

Ospitaleak urte naturaleko egun guztietan (365 egun) garbitu behar direnez, behar diren neurriak hartuko dira, bai antolakuntzaren aldetik bai ekonomiarenetik, lanaldia astelehenetik ostiralera artekoa eta eguneko 7 ordukoa izan dadin eta larunbatak, igandeak eta jaiegunak atseden-egun izan daitezen. Zerbitzuaren emakida duen enpresaren egitekoa izango da atseden-adietan zerbitzua betetzeko langileak jartzea.

23. artikulua.– Lanaldiaren banaketa.

Hitzarmen honen eremuko ospitale guztietan lanaldia astelehenetik ostiralerakoa izango da, eta larunbat, igande eta jaiegunetan jai hartuko da.

24. artikulua.– Ordutegiaren kontrola.

Enpresa bakoitzeko langileek lan-ordutegia betetzen dutela egiaztatzeko, lantoki guztietan nahitaez ordutegiaren kontrolerako sistema bat egongo da.

25. artikulua.– Oporrak.

1.– Lanean aritutako urte oso bakoitzeko 31 egun naturaleko oporraldi ordaindua izateko eskubidea izango dute langileek.

2.– Zerbitzu-urtea osatu ez dutenentzat, lanean hasten direnetik edo lanera bueltatu direnetik kontratua amaitzen zaien arteko aldiaren araberakoa izango da oporraldiaren iraupena.

3.– Oporraldia ezingo da, ez osorik ez zati batean, diruz ordezkatu, ez bada honako kasu hauetakoren batean: urtearen barruan lan-harremana eteten bada eta oporraldi guztia artean hartu gabe badu.

4.– Artikulu honetako aurreko paragrafoan adierazitako ezohikoren bat gertatzen baldin bada, urte horretan lanean egindako hilen arabera artean hartzeko duen oporraldiari dagokion ordaina jasotzeko eskubidea izango du langileak. Lan-harremana etetearen arrazoia langilearen heriotza bada, hildakoarekiko eskubidedunei ordainduko zaie aipatutako ordaina.

5.– Oporrak batez ere uztailean edo abuztuan hartuko dira, lantokietako txanda bakoitzeko langileen % 50ean, eta ondokoak izango dira hartzeko datak:

– uztailaren 1etik 31ra.

– abuztuaren 1etik 31ra.

– urteko lehenengo lau hilabeteen barruan ezarriko da lantoki bakoitzeko opor-egutegia.

Oporretako txandak banatzeko orduan ez badago adostasunik, lantokiko langile bakoitzari oporretako txanda aukeratzeko lehentasun-hurrenkera emango dion txandatze-sistema bat erabiliko da.

6.– Oporrak, oro har, etenaldirik egin gabe hartuko dira. Hala ere, hamabost eguneko bi alditan ere hartu ahal izango dira.

Oporrak zatituta nahiz uztailetik edo abuztutik kanpo hartu ahal izateko langileek eskaria egin eta langilea atxikita dagoen enpresako giza baliabideen zuzendaritzak aldeko txostena eman beharko du. Baimen hori ematea edo ukatzea aipatu zuzendaritzaren iritziaren esku egongo da.

7.– Langileek euren artean oporraldiak truka ditzakete, baldin eta hilabete lehenago enpresari jakinarazten badiote.

8.– Langileren bati oporrak jakineko egun batzuetan hartzeko baimena eman eta gero, ukatzen bazaio premiazko eta ezinbestekotzat jotako arrazoiengatik, langileak, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu ondoren, horrek ekarri dizkion gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango du, baldin eta gastu horiek langilearen axolagabekeriaren ondorioz gertatu ez badira.

9.– Zerbitzuko beharrak direla-eta, enpresako giza baliabideen zuzendaritzak langileen oporraldien datak aldatzen baditu, egutegian dagoeneko finkatuta daudenak, eragindako langileak konpentsatu egin beharko ditu euren oporraldia bi lanegunetan gehituz.

Kasu horretan, zuzendaritzak gehienez ere adostutako denboraldiaren % 50a bakarrik aldatu ahal izango du.

10.– Oporretan dagoela langilea lanerako ezintasun iragankorraren egoerara pasatzen bada, oporraldia ez da etengo. Eten egingo da, ordea, istripu baten ondorioz edo arrazoi larriren batengatik ospitaleratu beharra izan badu. Etenaldia ospitalean egon den egun-kopuruaren parekoa izango da.

Ezintasun iragankorragatik langileak oporrak ezin baditu hartu finkatuta zeukan aldian, alta hartzen duen egunetik aurrera hartuko ditu oporrak, abenduaren 31 baino lehen betiere. Abenduaren 31 izango da, hain zuzen, urteko oporrak hartzeko muga.

IV. TITULUA
LIZENTZIAK ETA BAIMENAK

26. artikulua.– Lizentziak eta baimenak bereizteko irizpideak.

– Lizentzia: araudian tipifikatuta eta justifikatuta dagoen lanetik aldentzeko baimena da. Enpresako giza baliabideen zuzendaritzari bidalitako idazkiaren bidez egingo da eskaria, gutxienez 10 eguneko aurrerapenez, betiere dagokion araudian beste eperen bat ezarrita edo geroago justifikatu beharko diren salbuespeneko arrazoirik ez badago.

– Lizentzien izaera: lizentzia langileen eskubide bat bezala eratuta dago, eta arauan tipifikatuta dauden arrazoiengatik eta denboraz lanetik aldentzeko baimen ordaindua da. Garaiz eta forma eginez gero, haren ebazpena ezingo da ez atzeratu ez ukatu eta eskatzaileak gauzatzeko modukoa izan beharko du. Langileen eskubidetzat hartzen denez, arrazoi larriak, premiazkoak edo aurreikustezinak beharko dira hura ukatzeko. Ukatzen bada, langileari idatziz azaldu beharko zaio zergatik ukatu zaion.

– Baimenak: lizentzien kasuan ez bezala, enpresako zuzendaritzari dagokio baimenak ematea, eskatzailearen lantokiko arduradunaren txostena jaso ondoren.

– Langileak egun osoz lan egin badu, hurrengo egunetik aurrera hartuko ditu baimenen zein lizentziengatiko dagokion eguna edo dagozkion egunak.

1.– Ordaindutako lizentzia hartzeko eskubidea izango dute hitzarmen honen eremuan sartzen diren langileek; ondorengo hauek dira lizentzietarako arrazoiak eta denborak:

a) Gaixotasuna edo istripuagatiko lizentzia.

b) Haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio eta haurra hartzeagatiko lizentzia.

c) Aitatasunagatiko lizentzia.

d) Norberaren edo ahaideen ezkontza edo bikoteko elkarbizitza egonkorragatiko lizentzia.

e) Ahaideen gaixotasun larria, ospitaleratzea edo heriotzagatiko lizentzia.

f) Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalengatiko lizentzia.

g) Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatiko lizentzia.

h) Norberaren gauzengatiko lizentzia.

i) Sindikatu edo langileriaren ordezkotza egiteko lizentzia.

2.– Ondoren zehazten diren baimenak ere eman ahal izango dira, bertan zehazten diren arauen arabera. Hauek dira baimenak:

a) Azterketetara joateko baimena.

b) Ikastaro eta biltzarretara joateko baimena.

c) Lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko baimena.

d) Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.

e) Norberaren gauzetarako baimena.

f) Gobernuz kanpoko erakundeetan elkarlanean aritzeko baimena.

g) Lanaldia murrizteko baimena.

h) Soldatarik gabeko urtebeteko baimena.

i) Gaixotasun kronikoren bat edo mugikortasun arazoak dituzten familiakoak zaintzeko baimena.

j) Adin txikikoak edo ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialak eta 2. gradurainoko ahaideak zaintzeko baimena.

27. artikulua.– Lizentzia eta baimenen arteko bateraezintasuna.

Edoskitzaroko lizentzia eta adin txikikoak zaintzeko lanordu-gutxitzea gertatzen denetan salbu, ezingo da inoiz ere ondoko artikuluetan adierazitako lizentzia edo baimen bat baino gehiagoz baliatu aldiko. Arauz ezarritako oporraldiak dirauen artean ezingo da ordaindutako lizentzia edo baimenez baliatu.

28. artikulua.– Lantokira itzultzea lizentziak edota baimenak hartu ondoren.

Langileek hartzen dituzten lizentzia eta baimenen aldia bukatutakoan, berehala itzuli beharko dute beren lanpostuetara, eta lanetik kanpo egin duten aldia justifikatu egin beharko dute, diziplina-erantzukizuna izango baitute bestela.

29. artikulua.– Gaixotasun edo istripuagatiko lizentzia.

Langileek, gaixotasuna edo istripua dela-eta, beren lana behar bezala ezin badute egin, eta hala jasota badago osasun-zerbitzuek emandako bajan, lizentzia izateko eskubidea izango dute, alta jaso artean, kontratazioaren gehienezko epea ez gainditzearen baldintzapean.

Gaixotasuna edo istripua dela-eta lanerako aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileei osagarriak ordainduko zaizkie bajan dauden artean bere laneko egutegiaren arabera dagozkien lansarien % 100 jaso dezaten, 18 hilabetera arte gehienez ere.

Gaixotasun edo istripuagatiko lizentziak dirauen denboran, hortaz baliatzen den langileak irabazirik ematen duen edozein lan egiten badu, ez du inolako soldatarik jasoko eta diziplinako erantzukizuna izango du, eta oker jasotako kopuruak itzuli egin beharko ditu.

Enpresek, euren zerbitzu medikoek egindako osasun-azterketen bidez, gaixotasunak edo istripuak eragindako langileak nola dauden egiazta dezakete eta egoeraren jarraipena egin, hori guztia egoera hobeto ezagutzako, behar duten laguntza emateko eta albait azkarren sendatzen laguntzeko. Langileek, aldi baterako lan-ezintasun egoeran dauden lehen egunetik, enpresako osasun-zerbitzuek azterketa egiteko egindako deietara joatera behartuta daude. ABE egoerako hogeita batgarren egunetik aurrera, azterketa horietara ez joateak, justifikaziorik gabe, artikulu honetako bigarren paragrafoan ezarritako bermea galtzea dakar edonola ere, doakion langileari, idatziz, entzunaldi-izapidearen aukera eman ondoren.

Prebentzio Zerbitzuaren aldeko txostena jaso ondoren, gehienerako epe hori agortu ondoren, denbora horretan langileak Ezintasun Iraunkorreko graduren bat onar dakion eskatu baldin badu, artikulu honetako bigarren paragrafoan adierazitako zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango du, alta medikoa jasotzen duen arte —ezgaitasun-aitormenarekin nahiz gabe— edo hiltzen den arte. Ezintasun absolutu, guztizko edo handiaren graduan, baliaezintasun iraunkorra aitortzen bada, GSINen ebazpenean zehaztutako ondorio ekonomikoen egunaren aurrekora arte luzatuko da aipatu eskubidea.

Hartarako, eskubide hori baliatzeko eskubidea hilabeteko epearen barruan egin beharko da, zehazki, baliaezintasun gradua aitortzeko ebazpenaren jakinarazpen edo altaren datatik harako hilabetearen barruan; eta, halaber, aitorpen hori ukatzeko ebazpenaren datari edo heriotzari dagokienez.

Baliaezintasuna aitortzeko eskabidea 18 hilabeteko epea igaro ondoren egiten bada, zenbateko hori jasotzeko eskubidea eskabidea egin zen egunetik aurrera aitortuko zaio.

30. artikulua.– Haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio eta haurra hartzeagatiko lizentzia.

1.– Emakume langileek, haurdunaldiagatik eta erditzeagatik, dagokien lizentzia hartzeko eskubidea dute. Etenik gabeko hamazazpi asteko iraupena izango du lizentziak eta, erditze anizkoitza izanez gero, bi aste gehiago luza daiteke bigarrenetik aurrerako seme-alaba bakoitzeko. Denboraldi hori aukeran banatuko du interesatuak, baina erditu eta berehala sei aste behintzat hartu beharko ditu. Ama hilez gero, aitak baimen osoa erabili ahal izango du haurra zaintzeko.

Lizentziaren iraupen osoa agortutakoan, emakume langileak bere lanera ohiko eran itzultzea eragozten dion osasun-arazorik baldin badu, gaixotasun arruntagatiko aldi baterako ezintasun egoerara pasatuko da. Horretarako, manuzko izapideak bete beharko ditu.

Esandakoa gorabehera, eta amak erditu ondoren nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaldiaren kalterik gabe, aitak eta amak lan egiten badute, amaren amatasun-aldiko atsedenaldia hastean aitak amarekin batera edo geroago hartu ahal izango du erditu ondorengo atsedenaldi horren etenik gabeko zati bat, betiere garaia iritsitakoan lanera hasteak amari osasun-arazorik ekartzen ez badio.

Sei urtetik beherako haurren adopzio edo harrera kasuetan, hala adoptatu aurreko harreran nola behin betiko harreran, langileak eskubidea izango du etenik gabeko hamazazpi asteko lizentzia hartzeko. Haur bat baino gehiago adoptatuz gero, adoptatutako haur bakoitzarengatik bi aste gehiago hartzeko aukera izango du, interesdunak nahi duenetik zenbatzen hasita, dela administrazioaren nahiz epaitegiaren harrera-ebazpena ematen denetik aurrera, dela adopzioa eratzen duen epaitegiaren ebazpena ematen denetik aurrera.

Halaber, lizentziaren iraupen-aldia hamazazpi astekoa izango da adingabea sei urtetik gorako ezindua edo elbarria denean, edo bere inguruabar pertsonalak eta esperientziak direla-eta, edota atzerritarra izateagatik, gizarteratzeko eta familiaren baitan toki izateko zailtasunak baldin baditu, gizarte-zerbitzu eskudunak hala egiaztatuta. Aitak eta amak lanean badihardute, baimena interesdunek aukeratutako moduan banatuko da, hau da, aldi berean edo ondoz ondo, betiere etenik gabe.

Atsedenaldiak aldi berean gozatuz gero, bien arteko baturak ezin izango ditu aurreko paragrafoetan aurreikusitako aste-kopurua edo seme-alaba bat baino gehiago adoptatzeagatik edo harreran hartzeagatik dagozkionak gainditu.

Nazioarteko adopzio-kasuetan, aitak edo amak adoptatutako haurraren sorterrira aldez aurretik joan behar dutenean, kasu bakoitzerako artikulu honetan aurreikusitako lizentzia adopzioa eratzen deneko ebazpena eman baino lau aste lehenago har daiteke, gehienik jota.

2.– Era berean, emakume langileak lanean ordubeteko etenaldia egiteko eskubidea du hamabi hilabete baino gutxiagoko seme-alaba bakoitzeko; denbora hori zati bitan bana dezake titia edo biberoia emateko. Emakumeak, bere borondatez, eskubide honen ordez ohiko lanaldia ordubetez murritz dezake, lanaldiaren hasieran edo amaieran, helburu bera dela-eta.

Edoskitze artifizialari dagokionez, aitarena ere izan daiteke aipatu geldialdia edo lanaldiko murrizketa izateko eskubidea, betiere aldez aurretik eskatu eta justifikatuta, izan ere, aitak egiaztatu egin beharko baititu ama langilea dela eta lizentzia hartzeari uko egiten diola edo ezinezkoa zaiola.

Emakumeak aurreko paragrafoan azaldutako lizentzia erabili edo denbora hori haurdunaldi, erditze eta edoskitzeagatiko lizentziari gehitzeko aukera izango du, denboraldi horretarako ezarrita duen taulako lanegun bakoitzeko ordu bat.

Eskubide hori emakume langilearen ezkontide edo bizikideak ere izango du.

Emakume langileek, halaber, erditu aurreko eta haurdunaldi, erditze eta edoskitzeagatiko lizentzia hartu ondoren lanera hasi ondorengo hiru hilabeteetan gauetan lanik ez egiteko aukera izango dute.

Bestela, lanera hasi ondorengo 6 hilabetez gauetan lanik ez egitea ere aukera dezake.

3.– Oporraldia haurdunaldi, erditze, edoskitzaro, adopzio eta harreragatiko lizentziari gehitu ahalko dio amak zein aitak, aldi horri dagokion urte naturala iragan bada ere.

4.– Langileek egun bateko lizentzia hartu ahal izango dute odol-kidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko lehen mailako ondorengoen ezkontzagatik. Lizentzia hori ospitalean dagoen bitartean hartzekoa da.

31. artikulua.– Aitatasunagatiko lizentzia.

1.– Erditzea denean, aitak 15 laneguneko lizentzia hartzeko eskubidea izango du, jarraituak edo ez, erditzearen hurrengo 30 egun naturalen barruan.

2.– Erditzeak arazoak sortzen baditu amaren edo haurraren koadro klinikoan, edo aitaren ohiko egoitzatik 150 km baino urrunago gertatzen bada, kasu batean zein bestean aitak beste bi egun natural gehiago hartzeko eskubidea izango du.

32. artikulua.– Norberaren edo ahaideen ezkontza edo bikoteko elkarbizitza egonkorragatiko lizentzia.

1.– Langileak 20 egun naturaleko lizentzia izango du bera ezkontzeagatik. Ezkontza ospatu baino lehen edo ospatu ostean hartu ahal izango da, baina edonola ere, ezkontzaren eguna epe horren barruan delarik. Erregistro Zibileko ziurtagiria edo Famili Liburuko idatz-oharraren agiria aurkeztu beharko da.

Lizentzia hau oporraldiari gehitu ahal izango zaio aurretik zein atzetik. Lan egiten duen enpresako zuzendaritzari gutxienez hilabete aurretik jakinarazi beharko zaio.

2.– Aurreko paragrafoan emandako eskubideak bikoteko elkarbizitza egonkor bati ekiten dioten langileek ere izango dituzte, hots, ezkontzaz kanpo elkartzen direnek. Horretarako, ordea, interesatuek helbideratuta dauden udalerriko udalak egindako elkarbizitza-egiaztagiriaren bidez egiaztatu beharko dute, edo bestela, Elkarketa Zibilen Udal Erregistroko egiaztagiriaz.

3.– Ezingo da ezkontzagatiko edo elkarbizitza egonkorra hasteagatiko lizentziarik hartu beste lau urtetan, eta inola ere ez, bikotea osatzen duten kideak berberak direnean.

4.– Ezkontza langilearen guraso, aita-amaginarreba, neba-arreba, suhi-errain, seme-alaba, iloba edo aitona-amonena denean, egun natural bat hartzeko lizentzia izango du, baina ospakizuna langilearen bizilekutik 150 km baino urrutirago egiten bada, hiru egun natural emango zaizkio libre joan-etorria errazteko. Edonola ere, hori justifikatuko duen agiria aurkeztu beharko du.

33. artikulua.– Ahaideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko lizentzia.

1.– Kontzeptu horregatik langileak duen lizentziak epealdi hauek ditu:

a) Ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara arteko ahaideen heriotzagatik. Baita 2. maila baino urrunagoko mailakoen heriotzagatik ere bizikidetza egonkorra egon dela egiaztatzen bada.

– 3 egun natural.

– 2 egun natural gehiago gertakizunak eskatzailearen ohiko bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

b) Ezkontide, bizikide edo seme-alaben egiaztaturiko gaixotasun larriagatik edo heriotzagatik:

– 5 egun natural.

– 2 egun natural gehiago gertakizunak eskatzailearen ohiko bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

c) Ezkontide, bizikide edo seme-alaben ospitaleratzeagatik:

– 5 egun natural gehienez, ospitaleratze-agiriaren arabera.

– 2 egun natural gehiago gertakizunak eskatzailearen ohiko bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

d) Ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara arteko eta maila urrunagoko ahaideen egiaztaturiko gaixotasun larriagatik, bizikidetza egonkorra egon dela egiaztatzen bada.

– 2 egun natural.

– 2 egun natural gehiago gertakizunak eskatzailearen ohiko bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

– 2 egun naturaleko bigarren lizentzia hartzeko eskubidea, luzapenik gabekoa, lehenengo lizentzia amaitzen denetik aurrera 30 egun igaro ondoren.

e) Ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara arteko eta maila urrunagoko ahaideen egiaztaturiko ospitaleratzeagatik, bizikidetza egonkorra egon dela egiaztatzen bada.

– 2 egun natural gehienez, ospitaleratze-agiriaren arabera.

– 2 egun natural gehiago gertakizunak eskatzailearen ohiko bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

– 2 egun naturaleko bigarren lizentzia hartzeko eskubidea, luzapenik gabekoa, lehenengo lizentzia amaitzen denetik aurrera 30 egun igaro ondoren.

2.– Ezkontide, bizikide, seme-alaba edo bigarren mailarainoko odolkidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko ahaideen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoen kasuan bi eguneko lizentzia izango du langileak, bai eta bigarren maila baino urrunagokoenetan ere bizikidetza egonkorra egon dela egiaztatzen bada.

34. artikulua.– Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko lizentzia.

1.– Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko, langileek hori betetzeko beharrezko duten denbora hartzeko lizentziarako eskubidea izango dute, baldin eta lan orduetatik kanpora ezin badira egin.

2.– Hitzarmenaren ondorioetarako, hauek hartuko dira saihestezineko betebehar publiko edo pertsonaltzat:

a) Epaitegi, komisaldegi, gobernu zibil edo militarreko deiak, ikuskapen militarra eta armena, NAN, pasaportea, egiaztagiriak eta zentro ofizialetako erregistroak.

b) 2. mailarainoko odolkidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko ahaide diren ezindu fisiko edo psikikoei izapide zehatzak egiten laguntzea.

c) Gidabaimena ateratzeko azterketa egitea edo gidabaimena berritzea.

d) Notaritzako errekerimenduak eta izapideak.

e) Erakunde ofizialetan egin beharreko izapideak.

f) Gobernu organoen eta horien menpeko batzordeen bileretara joatea, horietako kide denean, zinegotzi, diputatu, batzarkide edo legebiltzarreko hautatu legez.

35. artikulua.– Ohiko etxe-aldaketarako edo lekualdaketarako lizentzia.

Langileak ohiko bizilekua utzi eta beste batera bizitzera joan behar duenean, 2 egun naturaleko lizentzia hartzeko eskubidea izango du, betiere helbide berrian erroldatzen denetik aurrera hilabete naturaleko epean. Erroldatze-ziurtagiriaz egiaztatu beharko du etxe-aldaketa hori.

36. artikulua.– Norberaren gauzengatiko lizentzia.

Langile guztiek sei lanegun —gehienez ere 42 ordu— hartzeko eskubidea izango dute urte natural bakoitzeko. Horretarako eskaria 10 egun aurretik egin beharko dute. Zerbitzu-urtea osatu ez dutenentzat, lanean hasi zirenetik edo lanera bueltatu zirenetik urte bereko abenduaren 31ra arteko aldiaren araberakoa izango da lizentziaren iraupena.

Edonola ere, lantokiko lan-txanda bakoitzeko dagokion kategoriako plantilla osatzen duten langileen % 50ak baino gehiagok batera ezingo dute hartu lizentzia hau.

37. artikulua.– Antzinatasunagatiko lizentzia.

2008ko urtarriletik aurrera, seigarren hirurtekoa betetzen dutenean 2 lanegun libre edukitzeko eskubidea izango dute langileek —ordainduak eta errekuperatu behar ez direnak— eta zortzigarren hirurtekotik aurrera beste egun bat gehiago hirurteko bakoitzeko.

Egun horiek urtero hartuko dira eta norberaren gauzetarako lizentzia-egunen izaera izango dute.

– Sei hirurteko beteta: aukera libreko 2 egun.

– Zazpi hirurteko beteta: aukera libreko 2 egun.

– Zortzi hirurteko beteta: aukera libreko 3 egun.

– Bederatzi hirurteko beteta: aukera libreko 4 egun.

– Hamar hirurteko beteta: aukera libreko 5 egun.

– Eta horrela hurrenez hurren.

Kasuan kasuko hirurtekoa betetzen den egunaren biharamunean sortzen da eguna hartzeko eskubidea.

2007an, aurreko eskalan ezarritako egunen % 50a hartuko du langile bakoitzak, egiaztatutako antzinatasunaren arabera.

38 artikulua.– Sindikatu edo langileriaren ordezkotza egiteko lizentzia.

1.– Sindikatu edo langileriaren ordezkotza-lanak egiten dituzten langileek, hitzarmenean ezarritakoaren arabera, horri dagokion lizentzia hartzeko eskubidea izango dute, indarrean dagoen araudian eta hitzarmen honetan jasotakoetan ezartzen diren zirkunstantzia, epe, betekizun eta betebeharrekin bat etorriz.

2.– Nolanahi ere, hitzarmeneko mahai negoziatzaileko partaide diren langileek, negoziaketa kolektiboa izapidetzeko, mahaiko idazkariak ofizialki deitutako bileretara joateko behar duten denborako lizentzia hartzeko eskubidea izango dute; bestalde, euretariko bakoitzak bere ondoko buruari aurretiaz adierazi beharko dio ez dela lanean izango, gertakizun hori dela eta.

39. artikulua.– Azterketetara joateko baimena.

Langileek baimena izango dute ikastetxe ofizial edo homologatuetan azterketak egiteko; horretarako, egin behar duten azterketa bakoitzeko, ohiko zein ohiz kanpoko deialdietan, egun natural bat izango dute, eta edozein kasutan ere, dagokion frogagiria aurkeztu beharko dute. Langilea bizi den lekutik 150 kilometrora egiten bada azterketa, aipatu baimenari bi egun natural gehituko zaizkio. Baimen hau ordaindua izango da.

Oro har, azterketa-egunaren justu aurreko gaueko txandan lanean ari den eskatzaileak, aipatu gaueko lanegun edo azterketa-eguna aukeratu ahal izango du. Baimen hori dela-eta ezingo da inoiz txanda bat baino gehiago hartu.

40. artikulua.– Ikastaro eta biltzarretara joateko baimena.

1.– Biltzar, ikastaro, ikastaldi, mintegi, symposium, topaketa, erakustaldi, elkarrizketa, hitzaldi, bilera, jardunaldi eta bestelako gertakizun zientifiko edo garbiketa-zerbitzuentzat interesgarrietara joateko baimena eman ahal izango zaie langileei, urteko 15 egun natural gehienez, zerbitzuen beharren arabera eta betiere langilearen enpresako zuzendaritzaren baimena jaso ondoren.

Ukatzen bada, langileari idatziz azaldu beharko zaio zergatik ukatu zaion.

41. artikulua.– Lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko baimena.

1.– Zerbitzuaren asistentzia-kalitatearen hobekuntzarako enpresak lehentasunezkotzat hartzen dituen lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko, dagokion enpresako zuzendaritzak lanean ari diren lanpostuan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langile finkoei baimena eman ahal izango die ikasketa horiek egiteko. Baimen horrek ez du ikasturte biri dagokiona baino gehiago iraungo.

2.– Euskara ikastea zerbitzuen kalitatea hobetzeko lanbide-hobekuntzako ikasketatzat hartzen da.

3.– Baimen hau hartzeak ez du inongo ordainsaririk jasotzeko ez enpresari dagozkion kotizaziotarako eskubiderik ematen.

4.– Artikulu honen ondorioetarako, baimena ematen zaien langileei ondokoa onartzen zaie: lanpostua gordetzeko eskubidea eta denboraldi hau antzinatasun-ondorioetarako kontatzea.

42. artikulua.– Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.

Gizarte Segurantzako osasun-sare publikoko mediku edo mediku espezialisten kontsultara joateko ezinbesteko eta beharrezko denboraz baimena izateko eskubidea izango dute langileek. Gehienez ere 16 ordu urteko izango dituzte horretarako. 15 urtez azpiko seme-alabekin medikoetara joateko ezinbesteko denborazko baimena dute langileek, bertara joateko behar besteko arrazoiak daudenean eta azterketa egiteko zentroetako kontsulta-ordutegiak lanorduez kanpo joateko aukerarik ematen ez duenean. Baimen hori ordaindu egingo da.

43. artikulua.– Norberaren eginkizunetarako baimena.

1.– Hitzarmen honen aplikazio-eremuko langileek norberaren eginkizunetarako baimena eskatu ahal izango dute. Baimen hau ezin izango da eskatu lanean hasi eta urtebete igaro arte.

2.– Norberaren eginkizunetarako emandako baimenak ez dira ordainduko, eta metatuta izan dezaketen iraupena, gehienez ere, bi urtetan lau hilekoa izango da.

Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen bada, urtero eman ahal izango da, behingoz bakarrik, elkarren segidako hiru hilabete gehienez.

3.– Baimen hau ematea zerbitzuko beharren menpe egongo da.

4.– Espetxean dauden 2. mailarainoko odol-ahaideak eta ezkontza-ahaideak bisitatzeko baimena ere emango da. Horretarako behar den denbora emango du baimenak, baldin eta bisitok lanorduez kanpo ezin badira egin.

Idatz-zati honetan jasotako baimenagatik libre hartutako denboragatik ez da ordainketarik jasotzeko eskubiderik izango, dagokion Zerbitzuko Antolaketa Zuzendaritzak bete gabeko orduak errekuperatzeko baimena ematen ez badu behintzat zerbitzuko premiei erantzuteko.

44. artikulua.– Gobernuz kanpoko erakundeetan elkarlanean aritzeko baimena.

Gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten hitzarmenaren aplikazio-eremuko plantillako langile finkoek eta bai bitartekoek eta aldi baterakoek ere baimena eskatu ahal izango dute beste herrialdeekiko laguntza- eta lankidetza-programetan parte hartzeko, gobernuz kanpoko erakunderen batek eskatuta.

Baimena dagokion zerbitzu-antolakuntzako giza baliabideetako zuzendaritzak emango du, betiere zerbitzuko beharren arabera. Langile interesatuak lan egiten duen zerbitzuko antolaketarako arazoak sortzen baditu, ukatu egin ahal izango da, idatziz.

Baimena, gehienez ere, bi urterako izango da eta beste bi urterako luzapena eman ahal izango da, betiere eskatzaileak lan egiten duen zerbitzu-erakundearen aldeko txostena eta hasierako baimena emateko arrazoi izandako osasun lankidetza-programak jarraitzen duela egiaztatzen duen gobernuz kanpoko erakundearen txostena jaso ondoren.

Behin baimen bat eman eta gero, gutxienez aurreko baimenaren denboraldi berean aritu beharko da lanean hurrengo baimena eman ahal izateko. Nolanahi ere, gutxienez urtebete lanean aritu beharko da bi baimenen artean.

Baimendutako denbora igarota, eskatzailea bere lanera itzuli beharko da. Lanera ez bada itzultzen, interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoerara igaroko da, baldin eta hitzarmen honetan eskatutako baldintzak betetzen baditu.

Baimen hau hartzeak ez du inongo ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ematen.

Baimenak dirauen bitartean, langilea Gizarte Segurantzan alta-egoeran egongo da eta enpresak berari dagozkion kotizazioak ordainduko ditu, betiere langileak GKE-aren kontura beste alta-sistemaren bat ez badauka eta, betiere, lan-harremanak dirauen bitartean.

Artikulu honen ondorioetarako, baimena ematen zaien langileei ondokoa onartzen zaie: lanpostua gordetzeko eskubidea eta denboraldi hau antzinatasun-ondorioetarako kontatzea.

Baimena eman ahal izateko, beharrezkoa da eskatzailearen lankidetza eskatzen duen gobernuz kanpoko erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko irabazi asmorik gabeko Elkarteen Erregistroan erregistratuta egotea.

45. artikulua.– Lanaldia murrizteko baimena.

Langile finkoek lanaldia murrizteko baimena eska dezakete, ondoren zehaztutakoaren arabera:

1.– Oro har, lanaldia % 50ean murriztu ahal izango da. Lanaldi-murrizketa orokorretik kanpoko lanaldi-portzentajeak enpresako zuzendaritza eta eskatzailearen artean erabakiko dira.

2.– Dena den, baimen hau dagokion enpresaren antolakuntza-baliabideen arabera emango da eta ezingo du eragin ematen den zerbitzuaren kalitatean eta ezta mailan ere.

3.– Lanaldia murrizteko baimena gutxienez 6 hilabeterako emango da, eta beste 6 hilabetez luzatu ahal izango da. Hori guztia, baimen-denboraldia garaiz lehen amaitzeko aukera alde batera utzi gabe, adostutako baldintzak ez badira betetzen edota antolaketa-arazoak horrela agintzen badute.

4.– Baimen hau emateko aukera errazteko, mugikortasun funtzionala erabili ahal izango da, langile onuradunak atxikita dagoen zerbitzuan ez baizik eta beste batean bere lanaldi murriztua betetzea ahalbidetuz. Kasu hauetan, langile interesatuek lanean benetan aritu izan direneko ordainsariak jasoko dituzte.

5.– Lanaldi murriztuaren baldintza zehatzak eskatzailearekin negoziatuko dira enpresa bakoitzean eta haren lan-taulan ezarriko dira, kasu bakoitzeko inguruabarren arabera.

Adostekoak izango dira, besteak beste, ondokoak: lanorduak, atseden-orduak, oporrak, jaiegunak eta gaineratiko lanorduak eta baita salbuespeneko zirkunstantzietatik sortutako egoerak ere.

6.– Baimen hau emateak berekin dakar ordainsarien murrizketa.

46. artikulua.– Soldatarik gabeko urtebeteko baimena.

Enpresan 15 urteko antzinatasuna duten langile finkoek soldatarik gabeko urtebeteko baimena eskatu ahal izango dute. Beste hamabost urte igaro beharko dira berriro baimen hau lortzeko.

Arau hau ez zaie aplikatuko hogeita hamar urte baino gehiagoko antzinatasuna duten langileei. Langile horiek berriro baimena lortu ahal izango dute, baimen baten eta bestearen artean hamabost urte igarotzeko beharrik izan gabe.

Baimen hau dagokion enpresaren zerbitzu-beharren arabera emango da.

Egoera honetan dauden langileek lanpostua gordetzeko eskubidea izango dute eta baita Gizarte Segurantzari kotizatzekoa ere.

47. artikulua.– Gaixotasun kronikoren bat edo mugikortasun arazoak dituzten familiakoak zaintzeko baimena.

Gaixotasun larri iraunkorra edo mugikortasun arazoak direla-eta, odol-ahaidetasunez edo ezkontza-ahaidetasunez bigarren gradura arteko ahaide bat edo urrunagoko gradura artekoa elkarbizitzarik bada, zaindu behar duen langileak urteko berrogeita hamar ordu arteko baimen ordaindua izango du. Aipatu egoerak mediku-agiriaz egiaztatu beharko dira. Oro har, baimen horretatik gehienez ere eguneko bi ordu erabili ahal izango dira, eta lanean hasteko orduarekin edo lanari uzteko orduarekin bat etorriaz hartu beharko dira.

Dena den, aipatu baimena hartzeko, taulan bestelako formulak ere erabiliko ahal izango dira.

48. artikulua.– Adin txikikoak edo ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialak eta 2. gradurainoko ahaideak zaintzeko baimena.

Legez agindutako zaintza duelako, zuzenean bere ardurapean zortzi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat daukan langileak lanaldia murrizteko baimena eskatu ahal izango du; zortzirenetik gehienez erdira artekoa izango da hori, eta soldatako kontzeptu guztiak ere proportzio berberean gutxituko zaizkio.

Dela adin handiagatik, dela istripua edo gaixotasunagatik bere kasa moldatu ezin den eta jarduera ordaindurik ez duen bigarren gradu arteko odol- zein ezkontza-bidezko ahaidea zaindu behar duen langileak eskubide bera izango du.

Baimen honi dagozkion lanaldi-baldintza zehatzak eskatzailearekin negoziatuko dira enpresa bakoitzean eta haren lan-taulan ezarriko dira, kasu bakoitzeko inguruabarren arabera.

Langile finkoek, egitura-izaerako langileak hartzeko beharrei erantzuteko langile bitartekoek eta lanpostua gordetzeko eskubidea duten langile finkoen ordezkapenak egiteko langileek eskatu ahal izango dute baimen hau.

V. TITULUA
LANGILEEN EGOERAK

49. artikulua.– Eszedentziak.

Urtebeteko antzinatasuna duten langileek gutxienez 7 egun eta gehienez 5 urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute. Horretarako eskabidea 20 eguneko aurrerapenez egin beharko da. Lanera berehala itzuliko da, eszedentzia amaitzen den eguna baino 15 egun lehenago enpresari itzuleraren berri eman ondoren. Aurreko eszedentzia amaitu eta urtebete igarotzen denetik aurrera berriro eskatu ahal izango da beste eszedentzia bat.

Amatasunagatiko eszedentziak 3 urtera artekoak izan daitezke.

Osasuna, ikasketak, familia-egoera edota lanbide-prestakuntzagatik eskatutako eszedentziak 18 hilabete artekoak izan daitezke.

Guraso, aitaginarreba-amaginarreba, ezkontide edota seme-alaben gaixotasun larriagatik 6 hilabete artekoak izan daitezke.

Enpresan urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskatu ahal izango dute, halaber, kargu sindikala edo politikoagatiko eszedentzia.

Aurreko lau puntuei dagozkien eszedentziak amaitu ondoren, langileak berehala itzuliko dira eszedentzia hartu aurreko sail, ordutegi eta lan berera. Dena den, eszedentzia amaitu baino 15 egun lehenago itzulera jakinarazi beharko diote enpresari.

Gutxienez urtebeterako eta gehienez bi urterako egun erdiko eszedentzia emango zaie langile guztiei.

Eszedentzia arautuetan, emandako gehienezko denbora amaitu eta oraindik ere eszedentzia emateko arrazoia balego, luzapena eskatu ahal izango du langileak. Enpresak eskaera aztertu eta erantzun bat eman beharko dio.

Salbuespen gisa, 6 eguneko eszedentzia eskatu ahal izango da. Horretarako eskaria hiru egun lehenago idatziz egin beharko da. Premia apartekoa edo larria bada, eskaera egiteko epea ezinbesteko txikiena izango da. Eszedentzia hau ez da inoiz 6 egun baino gutxiagorako ez gehiagorako izango, eta 6 eguneko multzo hori hartzeko ez da urteko mugarik izango.

50. artikulua.– Askatasuna galdu izanagatik lan-harremana etenda uztea.

Zigor epairik ematen ez den bitartean, askatasuna galdu duten langileek ordainsaria jasotzeko eskubiderik gabeko lanpostua gordetzeko eskubidea izango dute.

VI. TITULUA
SINDIKATZE, EKINTZA SINDIKAL, ORDEZKAPEN, PARTE-HARTZE, BILTZE ETA NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEEZ BALIATZEKO ERREGIMENAZ

51. artikulua.– Berme sindikalak eta ordezkapen-bermeak.

Langileen Estatutua onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 EDL-an xedatutakoaren osagarri gisa, hona hemen hitzarmen honetan ezarri diren bermeak:

1.– Ezin izango da langilerik diskriminatu, bidali edo zigortu sindikatu bateko kide izateagatik edo sindikatuko jardueretan parte hartzeagatik.

2.– Aginte-organoetan, probintziakoa nahiz estatukoa, sindikatuko kargu bat betetzen duen edo betetzera deitzen duten langileak eszedentzia hartzeko eskubidea izango du, karguak irauten duen bitartean. Itzulera automatikoa izango da eta eszedentziaren aurretik betetzen zuen lanpostuaren kategoria berekoa beteko du.

3.– Enpresek langileen ordezkariei edo enpresa-batzordeei, eta kasua balitz ordezkari sindikalari, jakinaraziko dizkiete langileei ezar dakizkien zehapen larriak edo oso larriak. Aurretik dagokion langileari jakinarazi beharko diote.

4.– Langileen ordezkariek edo enpresa-batzordeak indarrean dagoen legeriak ezarritako egitekoak beteko dituzte. Nolanahi ere, enplegu-erregulazioari eta lanbide-sailkapenari buruzko espedienteen informazioa jasoko eta emango dute.

5.– Langileen ordezkariek edo enpresa-batzordeak, eta sindikatu-ordezkariek iragarki-ohola izango dute, enpresako langileen oharren eta jakinarazpenen berri emateko. Komunikabide horren erabilera zuzenaren erantzule izango dira.

6.– Enpresa-batzordeko kideek eta sindikatu-ordezkariek hilero 40 ordu izango dituzte sindikatu-ekintzetarako. Ordu horietan beraiek deituta enpresakoekin egindako bilerak sartzen dira.

7.– Enpresa-batzordeko eta Sindikatu bereko sekzio sindikaleko ordezkariek beraien ordu-kredituak metatu ahal izango dituzte zehaztu gabe erabiltzeko. Lanera ez joate horiek ordaindu egingo dira eta sindikatuak egindako ziurtagiri bidez justifikatu beharko zaizkio enpresari, ordua, gaia eta enpresa zenbat denboraz utzi den adieraziz. Ziurtagiri hori gutxienez 24 ordu lehenago aurkeztu beharko zaio enpresari, ahal den guztietan.

8.– Langileen ordezkariek eta enpresa-batzordeko kideek lanaldia enpresa bat baino gehiagotan egiten dutenean, hitzarmen hau arautzen duen enpresa-subrogazioa aplikatuta, eskubide hori izango dute enpresa guztietan, hasiera batean aukeratu dituzten enpresan lanean jarraitzen badute lanaldi erdiz gutxienez.

Eskubide sindikalak:

Lantokiko baldintzak ahalbidetzen badute, enpresak lokal bat emango dio enpresa-batzordeari bere bilerak egin eta lana aurrera ateratzeko. Lokal hori beraiek bakarrik erabiltzekoa izango da.

Lekurik baldin badago, batzordea osatzen duten sindikatu bakoitzeko 170 x 90 zentimetroko iragarki-ohol bat jarriko dute langileek erraz ikusteko eta iristeko moduan. Ohol horiek beirateak eta sarraila izango dituzte, erabiltzaileek baino ez dezaten erabili hango informazioa edo propaganda. Berrogeita hamar langile baino gehiago dituzten lantoki guztietan jarriko dira ohol horiek.

52. artikulua.– Sindikatu-atalak.

Hitzarmen honen aplikazio-eremuan sartzen diren langileak, sindikaturen batean afiliatuta badaude, eskubidea dute enpresaren barruan sindikatu-atalak antolatzeko. Sindikatu-atalek ordezkaria izendatuko dute eta idatziz eman beharko diote abala, dagokion sindikatuko sinadura eta zigiluarekin.

Sindikatu-ordezkariek enpresa-batzordeko kideen berme eta eskumen berberak izango dituzte, SALO-ren 10. artikuluan ezarritako moduan eta eskakizunekin eta bere sindikatuko afiliatuak baino ez dituzte ordezkatuko.

53. artikulua.– Langileen batzarra.

Langileek urtean ordaindutako 10 ordu hartu ahal izango dituzte, lanaldian enpresa-batzordeak deitutako batzarrak egiteko.

Legez eratutako sindikatu-atalek ere lanaldian hartzeko urteko 4 ordu izango dituzte afiliatuekin batzarrak egiteko.

Enpresa-batzordeak deitutako batzarrak egiten diren bitarterako beharrezko premiazko zerbitzuak ezarriko dira.

Geratzen diren lanorduetan ahal den neurrian lana amaituko dutela bermatuko dute langileek.

Tokia lantokiko lokalak izango dira.

Enpresa-batzordea, langileen ordezkariak edo sindikatu-ordezkariak izango dira batzarra deitzen dutenak, gidatzen dutenak eta normal garatzen dela bermatzen dutenak. Enpresari deialdiaren berri emango diote, 48 ordu lehenago gutxienez.

VII. TITULUA
LANGILEEN SEGURTASUNA ETA OSASUNA

54. artikulua.– Eskubideak eta betebeharrak.

1.– Lanlekuko segurtasuna eta osasuna dela-eta, babes eraginkorra izateko eskubidea dute hitzarmen honen eremuan sartzen diren langileek.

Eskubide hori dela-eta, enpresak lan-arriskuen aurrean laneko alderdi guztietan bere langileei babesa ematera derrigortuta daude. Laneko segurtasuna eta osasunari buruzko neurrien kostua ez da inoiz izango langileen kontura.

2.– Lantokiko segurtasunaren eta osasunaren inguruan, hona hemen langileek dituzten eskubideetako batzuk: informazioa jasotzea, kontsultak egitea, parte-hartzea, aurrezaintzaren alorrean prestakuntza izatea, osasun-egoera zaintzea eta lana geldiaraztea arrisku larria eta berehalakoa dagoenean.

3.– Jasotako prestakuntza eta jarraibideen arabera, langile bakoitzari dagokio lantokian bere segurtasunaz eta osasun-egoeraz arduratzea; baita beraren lanaren ondorioak, zerbait egitean edo ez egitean, jasan ditzaketen pertsonenaz arduratzea ere, betiere ahalmenen arabera eta kasu bakoitzean hartu beharreko prebentzioko neurriak hartuz.

4.– Prestakuntzaren arabera eta enpresaburuak emandako aginduak betez, hona hemen langileek zehazki egin beharrekoa:

– Makinak, tresnak, lanabesak, substantzia arriskutsuak, garraio-ekipoak eta, oro har, lanerako erabiltzen dituzten bestelako bitartekoak egoki erabiliko dituzte, horien izaera eta arriskuak kontuan hartuta.

– Enpresaburuak emandako babeserako ekipo eta bitartekoak behar bezala erabiliko dituzte, hark emandako jarraibideak betez.

– Ez dute jarduerari lotutako medioetan edo lan-tokietan dauden edo jar daitezen segurtasun-gailuen funtzionamendua eragotziko eta behar bezala erabiliko dituzte gailu horiek.

– Beren ustez eta arrazoizko zioengatik langileen segurtasunerako arriskutsuak diren egoerak sumatuz gero, horien berri emango diote hierarkiako nagusi hurrenari edo prebentzio- eta babes-jarduerak egiteko izendatutako langileei edo, hala badagokio, Prebentzio Zerbitzuari.

– Langileen laneko segurtasuna eta osasuna babestearren agintaritza eskudunak ezarritako obligazioak betetzen lagunduko dute.

– Enpresariarekin lankidetzan aritzea, horrek lan-baldintza seguruak eta langileen segurtasun eta osasunerako arriskurik gabeak bermatu ahal izan ditzan.

5.– Langileek konplitu gabe uztea aurreko idatz-zatietan aipatzen diren arriskuak prebenitzeko betekizunak laneko ez-betetzetzat joko da, Langileen Estatutuko 58.1 artikuluan jarritako ondorioetarako.

55. artikulua.– Kontsulta eta parte-hartzea.

Ondoko gaiei buruzko erabakiak hartzeko, langileekin garaiz kontsultatu beharko du enpresariak:

1.– Teknologia berriak sartzea, enpresan lana planifikatzea eta antolatzea, lan-ekipoak aukeratzea, enpresan osasuna babesteko eta lanbide-arriskuak prebenitzeko ekintzak antolatzea eta garatzea, jarduera horietaz arduratzeko langileak izendatzea edo kanpoko prebentzio-zerbitzu batez baliatzea barne. Larrialdietarako neurriez arduratuko diren langileak izendatzea.

2.– Laneko arriskuen prebentzioarekin zerikusia duten gaietan enpresan parte hartzeko eskubidea dute langileek. Parte-hartze hori beren ordezkarien bidez egingo da.

56. artikulua.– Prebentzioko ordezkariak.

Beren eginkizunak betetzeko, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak emandako bermeak izango dituzte prebentzioko ordezkariek. Alde horretatik, ondoko zeregin hauetan emandako denbora benetako lanean emandakotzat joko da: Segurtasun eta Osasun Batzordeko bileretan edota arriskuak prebenitzearen inguruan kasuan kasuko enpresako zuzendaritzak antolatutako bestelako bileretan emandakoa, bai eta aipatu legezko xedapenaren 36. artikuluko 2. paragrafoko a), c) eta e) idatz-zatietan aurreikusitako bisitatan emandakoa.

Ordezkapen-lana burutzeko 7 orduko kreditua izango dute hilero legez izendatutako prebentzioko ordezkariek.

Halaber, enpresa-eremuan sindikatu bakoitzari dagokion sindikatu-ordezkapeneko guztizko ordu-kreditutik aipatu ordezkariei hainbat ordu-kreditu lagatzeko aukera dago.

Nolanahi ere eta zehazki Prebentzioko ordezkarien eskumen eta ahalmenei dagokionez, Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzeko arauetan xedatutakoa bete beharko da.

57. artikulua.– Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak.

Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 38. eta 39. artikuluetan arautzen diren zehaztapenen arabera eratutako kasuan kasuko segurtasun- eta osasun-batzordeek aipatu legezko xedapenak emandako eskumen eta ahalmenak izango dituzte.

58. artikulua.– Osasuna zaintzea.

Enpresariak bermatzen du langileen osasuna zainduko duela, betiere, langileetako bakoitzak duen lanari dagozkion arriskuak kontuan hartuta.

Zaintza hau gauzatzeko langileak bere onespena eman beharko du. Borondatezkoak ez dira izango, betiere langileen ordezkarien txostena jaso ondoren, ondoko kasuetan: langileen osasunean lan-baldintzak duten eragina ebaluatzeko ezinbestekoak diren azterketak, edo langilearen osasun-egoera langilearentzako berarentzako, beste langileentzako edo enpresarekin zerikusia duten beste pertsonentzako arrisku izan daitekeen ikusteko, edota arrisku zehatzetatik eta arrisku bereziko jardueretatik babesteari buruzko legezko xedapen baten ezarrita badago.

Edonola ere, urtero egingo da nahitaezko osasun-azterketa enpresaren kontura eta urte natural bakoitzeko lehenengo 6 hilabeteen barruan. Azterketa lanorduetan egingo da eta ezin bada, lanorduetatik ordubete kenduko da horretarako.

Halaber, lanean hasi aurretik lanpostuek duten arriskuaren araberako azterketa bereziak egingo dira. Prebentzio- eta osasun-batzordeek zehaztuko dituzte azterketa horiek.

Osasun-egoera zaintzea borondatezkoa izango da, aplikatzekoa den legezko araudian aurreikusitako kasuetan izan ezik. Intimitate- eta pertsonaren duintasun-eskubidea eta beren osasun-egoerari buruzko informazioaren konfidentzialtasuna osoki errespetatuz burutuko dira azterketok.

Osasun-egoera zaintzeko egindako proben emaitzak eragiten dien langileei jakinaraziko zaizkie. Egindako azterketetatik ateratako ondorioak enpresako arduradunei jakinaraziko zaizkie, prebentzio-arloan beren eginkizunak ongi bete ditzaten.

VIII. TITULUA
LANGILEEN LANSARIEN ERREGIMENAZ

59. artikulua.– Hitzarmen honetan sartzen diren langileen lansariak.

1.– Hitzarmen honen 1. eranskinean jasotzen dira kategoriak eta kategori horiei dagozkien lansarien taula. Lansariok oso-osoan 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

2.– Lansarien taula aplikatzeko ezinbesteko baldintza izango da urteko lanaldia eta hitzarmen honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzea.

Hona hemen hitzarmena indarrean dagoen bitartean parekatzen diren lansariak eta kategoriak:

Garbiketa-enpresako Osakidetzako langileekin Sailkapen-

kategoria parekotasuna taldea.

Garbitzaile eta peoia Zerbitzuetako langilea E

Peoi espezialista Balio anitzeko zelaria E

Gidari eta garbitzailea/esp. Espezialitatedun zelaria E

Taldeko arduraduna Espezialitatedun edo Buruzagitzadun zelaria E

Administrari laguntzailea LH I administrari laguntzailea D

Sektoreko arduraduna (*) Txandako zelari arduraduna C

Arduradun nagusia Lanbideko taldeko arduraduna B

Kudeaketa-teknikaria Kudeaketa-teknikaria B

Zerbitzuburua B Atalburua B

Zerbitzuburua A Atalburua A

(*) Talde, eraikin eta obrako arduraduna.

60. artikulua.– Antzinatasuna.

Hitzarmenaren eremuan sartzen diren langile guztientzat zenbateko bera, finkoa, izango da, lanean izandako 3 urteko bakoitzeko emango dena, titulazio-talde bakoitzarentzat. Zenbateko eta talde horiek I. eranskinean aipatzen dira.

Enpresako kategoria Taldea

Garbitzailea E

Peoi espezialista E

Gidari eta garbitzailea/esp. E

Taldeko arduraduna E

Administraria D

Administrari laguntzailea D

Sektoreko arduraduna (*) C

Arduradun nagusia B

Kudeaketa-teknikaria B

B zerbitzuburua B

A zerbitzuburua A

(*) Talde, eraikin eta obrako arduraduna.

Artikulu honetan sartzen ez diren kategoriei dagokienez, bitariko batzordea arduratuko da kategoria, taldea eta lansaria kokatzeaz.

Antzinatasunagatiko lansarien zenbatekoak "Osagarriak" 2. eranskinean jasotzen direnak dira.

Antzinatasun berriaren eta 2001-12-31 artekoaren artean dagoen dirutako aldea, zenbateko finko gisa finkatuta geratuko da osagarri pertsonalean, hamabost hilabetetan ordaintzekoa izango da eta hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzean oinarrizko soldata igotzen den neurri berean igoko da.

Aitortutako hirurtekoak sortu eta hurrengo hilabeteko nominan ordainduko dira.

61. artikulua.– Aparteko ordainsariak eta oporretakoak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean hiru aparteko ordainsari jasoko dituzte, betiere duten harreman juridikoari aplikatzekoa den araudiaren arabera.

Ordainketak urtero martxoaren, uztailaren eta abenduaren 15ean egingo dira.

Eta beren sortzapenak ondokoak izango dira:

Martxoko ordainsaria: ordaintzen den aurreko urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra sortuko da.

Uztaileko ordainsaria: urtarrilaren 1etik ekainaren 30era.

Abenduko ordainsaria: urte bakoitzeko uztailearen 1etik abenduaren 31ra.

Guztira jasotzen diren aparteko ordainsariek ez dute kalterik izango langileek aldi baterako ezintasun-egoeran egon daitezkeen denboraldien ondorioz.

12 hilabetetan ordaintzekoak diren oinarrizko soldata, antzinatasun eta plus edo osagarrien % 100a ordainduko da oporretan.

62. artikulua.– Eskuratutako eskubideak.

Irentsiak izan ez diren hobekuntza indibidual eta pertsonalak, eskuratutako eskubide bezala onartuko dira eta hori dela-eta hitzarmen honen 3. eranskinean ondoko datuak jasoko dira: langilea, lantokia eta aipatu hobekuntza, diruzkoa zein beste era batekoa.

Irentsi egingo dira 3. eranskinean jasota ez dauden langileen hobekuntza guztiak.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean ordainsarientzat ezarritako igoera bera izango dute urtero eskubide horiek.

63. artikulua.– Ospitaleratze-osagarria.

Ospitaletan lan egiten duten ondoko kategorietako langileek, "Osagarriak" izenburudun 2. eranskinean jasota dauden zenbatekoak jasoko dituzte urteko ospitaleratze-osagarri gisa. Norberaren kategoriari dagozkion ordainsarien % 4koa izango da osagarri hori eta hamabi hilekoetan ordainduko da.

Kategoriak Sailkapen-taldea

Garbitzailea E

Peoi espezialista E

Gidari eta garbitzailea/esp. E

Taldeko arduraduna E

Sektoreko arduraduna (*) C

Arduradun nagusia B

Kudeaketa-teknikaria B

Administraria D

Administrari laguntzailea (**) D

B zerbitzuburua B

A zerbitzuburua A

(*) Talde, eraikin eta obrako arduraduna.

Ofizial administraria (**).

64. artikulua.– Txandakako osagarria.

Txandaka lan egiten duten langileek "Osagarriak" izenburudun 2. eranskinean ezarritako txandakako osagarria jasoko dute.

Orokorrean lan-txanda ezberdinetan aritzea ordaintzen du osagarri honek.

12 hilekotan ordainduko da.

65. artikulua.– Igande eta jaiegunetan lan egiteagatiko osagarria.

Norberaren ohiko lanaldian igande eta jaiegunetan lan egin behar duten langileek "Osagarriak" izenburudun 2. eranskinean ezarritako zenbatekoak jasoko dituzte. Igande edo jaiegun jakineko batekin bat datorren 24 ordu (3 txanda) hartzen dituen denboraldia igande edo jaieguntzat hartuko da ondorio hauetarako.

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean goizeko eta arratsaldeko txandetan egindako lanak ezarritako balioen halako bi ordainduko dira.

Edonola ere, osagarri hau urtero 12 hilekotan ordainduko da beti.

66. artikulua.– Gaueko lanaren osagarria.

"Osagarriak" izenburudun 2. eranskinean jasota dauden zenbatekoen arabera ordainduko dira langileek gauean egiten dituzten lanak.

22:00ak eta hurrengo eguneko 08:00en artean egindako lanak, gauean egindakotzat hartuko dira. Lan-txandak 22:00etatik 06:00etara arteko orduak hartzen dituenean ordainduko da osagarri hau.

Abenduaren 24an eta 31n gauez egindako lanak ezarritako balioen halako bi ordainduko dira.

Edonola ere, osagarri hau urtero 12 hilekotan ordainduko da beti.

67. artikulua.– Guztizko ordainsarian sartuta ez dauden ordainsari-kontzeptuak.

I. eranskinean jasota dauden urteko ordainsarietatik kanpo daude ondoko kontzeptuak:

a) antzinatasuna, hirurtekoak.

b) Gaueko lanaren osagarria.

c) Igande eta jaiegunetan lan egiteagatiko osagarria.

d) Aparteko orduak.

e) Ospitaleratze-osagarria.

f) Txandakako osagarria.

g) Osagarri pertsonala, horretarako ezarritako araubidearen arabera.

IX. TITULUA
DIZIPLINA ARAUBIDEA, ENPRESA-SUBROGAZIOA ETA ZENTROEN ANTOLAKETA

68. artikulua.– Diziplina araubidea.

Hitzarmen honek hartzen dituen langileek eraikinen eta lokalen garbiketa alorreko lehen esparru-akordio sektorialak diziplina araubidearen inguruan ezarritakoa errespetatu beharko dute (BOE, 2005-02-14, 220 zk).

69. artikulua.– Enpresa-subrogazioa.

Lanpostuei eustearren, zerbitzua uzten duen enpresako langileak garbiketa-kontrataren titular berriaren plantillan sartuko dira eta errespetatu egingo zaizkie antzinatasuna, kategoria eta, oro har, lehengo enpresan edo lantokian eskuratuta zituzten zuzenbidearen araberako lan-baldintzak.

Aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta enpresa emakidadunak, legezko lehia askean, lehiaketa irekian parte har dezaketenez, eta kontuan hartua dauden izaera juridikoak – hala nola, sozietate anonimoak, sozietate mugatuak, sozietate zibilak, kooperatibak, enpresariak, eta erabateko ezgaituak edo partzialak kontratatzen dituzten babestutako lan enpresak-, dagoen arauaren aplikazio juridikorako subrogazioz zehazten diren obligazioak ezarri beharko ditu Osakidetzak lehiaketaren baldintzen pleguetan.

Zehazki, egoera hauek ere araututa geratzen dira:

– Kontrataren zerbitzua aldatzerakoan eta ematerakoan, langileak ezintasun iragankorrean badaude, amatasunean, haurdunaldi arriskutsua izateagatik kontratua etenda, eszedentzian, oporretan edo ezintasun iraunkor berrikusgarrian.

– Langileek beren lanaldia beste lantoki batzuetan ere betetzen dutenean, subrogazioaren arrazoi izan den lantokian aplikatzen zitzaizkien lan-baldintzak izango dituzte.

– Lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileen ordezko bitartekaritza-kontratuak egiten direnean, titularra itzultzen den arte.

– Baldin eta Osakidetzak kontrata baten garbiketa-zerbitzua alokatzeko kontratua hausten badu zerbitzua bertako langileen bidez egiteko, eta ondoren, beste bat kontratatzen badu 12 hilabete pasatu baino lehen, emakida duen enpresa berriak bere plantillan sartuko ditu lehenengo enpresako langileak.

– Ez da langilerik atxikiko ez enpresa-subrogaziorik egingo baldin eta kontratistak lehenengo garbiketa egin, eta mantenimendu-kontraturik izenpetu ez badu.

– Langileak xurgatzeko baldintza orokorra hau izango da: gutxienez 4 hilabeteko antzinatasuna duten langile guztiak lan-lekuetara atxikiko dira, enpresan edo lan-leku bakoitzean duten lanaldia kontuan hartu gabe. Salbuespenez, ez zaie 4 hilabeteko antzinatasunik eskatuko behin betiko lanpostu hutsak modu egonkorrean betetzen dituzten langileei.

– Subrogatutako lantokian ezarrita duten ordu kopuruaz atxikiko dira langileak enpresa berrira.

– Emakida duen enpresa berriak bere langile taldean sartuko ditu kontrataren aldaketa jasan duten langileak. Langile horiek, bestalde, emakida utzi duen enpresan zuten eskubide eta betebehar berak izango dituzte. Plantillei buruzko akordioa, absentziak estaltzeko sistema, lanbide-kategoriak eta lantokian dagoen kontratazioa ere hartuko ditu enpresa berriak. Hala ere, ez da erantzule egingo soldatetan egon daitezkeen aldeez edo Gizarte Segurantzari gutxiago kotizatu izanaz.

– Emakida utzi duen enpresak oporren zati proportzionala ordainduko du, urte natural batean enpresan altan egondako denboraren arabera. Halaber, une honetan indarrean diren soldata-taulen eta ezar daitekeen beste hitzarmen bateko taulen arteko aldeak ere, egonez gero, ordainduko ditu.

– Emakida duen enpresa berriak opor-egun guztiak emango ditu; lanean hasten den egunaren eta abenduaren 31ra arte dauden egun edo hilabeteei dagokien zatia ordainduko du.

– Emakida utzi duen enpresak aparteko ordainsarien zati proportzionala ordainduko du, enpresan altan egondako denboraren arabera. Halaber, une honetan indarrean diren soldata-taulen eta ezar daitekeen beste hitzarmen bateko taulen arteko aldeak ere, egonez gero, ordainduko ditu.

Emakida utzi duen enpresak ondoren zerrendatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu, zerbitzuaren emakida duen enpresak garbiketa-zerbitzuei ekin baino 10 egun baliodun lehenago.

1.– Eskumena duen erakundearen egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren garaian garaiko ordainketak eginda daudela egiaztatzeko.

2.– Eraginpean dauden langileen hileko azken lau nominen fotokopiak.

3.– Gizarte Segurantzari kotizatzeko TC-1 eta TC2-2 agirien fotokopia, azken 4 hilabeteei dagokiena.

4.– Subrogazioaren eraginpean dauden langileen lan-kontratu guztien kopia, hala nola, aldi baterako kontratuena, hobarituena, bitartekoena edo bestelako kontratuena.

5.– Langile bakoitzak hartzeke dituen opor eta aukerako atseden egunen zerrenda.

6.– Langileen zerrenda, xehetasun hauek jasoko dituena: izen-abizenak, NAN, helbidea, Gizarte Segurantzako zenbakia, antzinatasuna, lanaldia, ordutegia, kontratu- mota, oporraldia, lantokia. Langileak honelako egoeraren batean dauden ere adieraziko da:

Eszedentzia, amatasuna, haurdunaldi arriskutsuagatiko egoera babestua, lanaldi-murrizketa, ezintasun iraunkorra —berrikusgarria—, ezintasun iragankorra edo antzeko egoerak.

Emakida hartu duen enpresa ez da arduratuko subrogazioaren ondorioz atxikitako langileen zerrendan agertzen ez diren langileez.

Subrogazio-prozesuan dauden langile guztiek agiri bat sinatu beharko dute. Bertan, honako hauek adierazi beharko dute: emakida utzi duen enpresak langileen egoerari buruz emandako datu guztiak egia direla; emakida utzi duen enpresarekin ebatzi gabeko auzirik edo zorrik baduten; eta batez ere, azken 4 nominetan jasotako antzinatasuna eta ordutegia eta lan-kontratua egiazkoak direla

70. artikulua.– Mugikortasun funtzionala eta geografikoa

Langilearen ohiko lantokiko lanpostuak amortizatzeko beharra dagoenean baino ez da lekuz aldatuko langilea, langileen legezko ordezkaritzari jakinarazi ondoren, beti ere. Lanpostua amortizatzeko arrazoia, bestalde, Osakidetzak garbiketa zerbitzua murriztea izango da.

Lekuz aldatuko diren langileak izendatzea enpresako zuzendaritzaren ardura da.

Lekuz aldatzen diren langileek aldaketa egin aurretik aitortuta zuten lanbide-talde bera eta ekonomia-baldintza berak izango dituzte.

Lantokiz aldatzeak ez du, inola ere, langilerik diskriminatuko.

Lantokiak hainbat lekutan egoteagatik, lana lantoki batean baino gehiagotan egin behar denean, joan- etorrietarako hitzartutako denbora benetako lan-denboratzat hartuko da, eta joan-etorrietan gasturik sortuz gero, enpresak ordainduko ditu gastuak, gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Oro har, lantoki batetik bestera egindako joan-etorri hurbilenean garraio publikoan edo baliokidean egindako gastuak ordainduko dira. Oro har, lantoki batetik bestera egindako joan-etorri hurbilenean garraio publikoan edo baliokidean egindako gastuak ordainduko dira.

Hitzarmen honen eremuan, enpresa emakidadun batek herri baten dituen lantokietan aplikatuko da geografia-mugikortasuna.

71. artikulua.– Lan-baldintzak aldatzea.

Alderdiak (enpresako zuzendaritza eta langileak) ados jarrita aldatzen badira baldintzak, alderdiek erabakitzen dutena bete beharko da.

Enpresako Zuzendaritzak ahalegina egingo du berak bere aldetik proposatutako aldaketak, taldekoak edo banakoak, langileen ordezkariekin erabakitzeko. Horretarako, 15 eguneko epe bat irekiko da kontsultak egiteko, eta enpresak baldintzak aldatzeko arrazoiak azaltzeko. Kontsultarako epe horretan alderdiek erabakirik hartzen ez badute, enpresak aldaketa gauzatu dezake, Lan-baldintzen Funtsezko Aldaketei buruzko 1/1995 Legeko 41. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritako epeen barruan. Hori gorabehera, gai horretan eskudun den agintaritza judizialera edo lanekora jo ahalko du langileak. Kontsultarako epe horretan alderdiek erabakirik hartzen ez badute, enpresak aldaketa gauzatu dezake, Lan-baldintzen Funtsezko Aldaketei buruzko 1/1995 Legeko 41. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritako epeen barruan. Hori gorabehera, gai horretan eskudun den agintaritza judizialera edo lanekora jo ahalko du langileak.

72. artikulua.– Plantillak eta estaldurak.

Lantoki bakoitzean, kontratuaren beharren arabera jokatuk oda. Zerbitzua burutzeko behar diren gutxieneko lanpostuak ezarriko dira lantoki bakoitzean.

Hitzarmen hau sinatzen denean gutxieneko plantillak ezarriko dira, astelehenetik ostiralerako, eta larunbat, igande eta jaiegunetarako honako ospitaletan:

Plantilla Plantilla

Zentroa Astelehenetik ostiralera Asteburuak

Gurutzetako ospitalea

Basurtuko ospitalea

Galdakaoko ospitalea

San Eloy ospitalea.

Arantzazu ospitalea

Gipuzkoa ospitalea

Bidasoako ospitalea

Zumarragako ospitalea

Mendaroko ospitalea

Deba Garaiko ospitalea

Txagorritxu ospitalea

Santiago ospitalea

Lantoki bakoitzean, kontratuaren eta zerbitzuan dauden beharren arabera jokatuko da. Garbiketa-lanak egiteko behar diren gutxieneko lanpostuak ezarriko dira lantoki bakoitzean, kontuan hartuta, besteak beste, ordutegiak, egunak eta lanbide-kategoriak. Langileren bat ez dagoenean, hura ordezkatzeko estaldura-sistema bat ere ezarriko da, lantoki bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.

Langileen legezko ordezkarien eta enpresako zuzendaritzaren artean Batzordeak sortuko dira lantoki guztietan. Horiek behar diren prozedurak prestatuko dituzte, barne akordioko akta baten bidez. Akta hori lantokien garbiketa-zerbitzua lehiaketara ateratzen denean entregatuko eta ezagutaraziko da. Beraz, enpresa-subrogazioaren obligazioen zati izango da.

2007ko abenduaren 31rako batzorde hauetan erabakirik hartzen ez bada, batzorde parekidea izango da erabakiko duena, eskudun baita hitzarmenaren 9. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

73. artikulua.– Lanpostu hutsak.

Lanpostu hutsak izan daitezke:

a) Behin betikoak.

b) Aldi baterakoak.

Behin betiko lanpostu hutsak: organigrama funtzional eta operatiboan egonda, titularrak betiko utzi dituztenak.

Aldi baterako lanpostu hutsak: organigrama funtzional eta operatiboan egonda, titularrak aldi baterako uzten dituztenak dira, lana uzteko arrazoia lan-istripu bat, eszedentzia bat, amatasuna edo, legezko epearen barruan, ezintasun iraunkorra denean.

Estaldura beharrezkoa duten lehen aipatutako lanpostu huts guztiek betetzeko –72. artikuluak agintzen duenaren arabera zehaztutakoak- lehentasunezko eskubidea izango dute honako hauek: lanaldi partzialeko finkoak (zentroko finkoak, amaiera egunik gabeko obrako edo zerbitzuko kontratua dutenak edo mugagabeak), larunbat, igande eta jaiegunetako langileak barne hartuta, eta lanaldi osoko finkoak (astelehenetik ostiralerako lanaldia dutenak). Deitutako lanpostu huts bakoitzerako dauden eskabideen artean aukeratuko da lantokian bakoitzak duen antzinatasuna kontuan hartuta, berdin diolarik eskatzaileak beste txanda baten lan egitea.

Erretiro partzialak eta erretiro aurreratuak direla-eta sortutako lanaldi osoko behin betiko lanpostu hutsak, honela beteko dira:

Aldi baterako langileak kontratatuko dira 64 urterekin erretiroa hartzen duten langileak edo erretiro partziala hartzen dutenak ordezkatzeko. Titularrak 65 urte bete eta erretiroa hartzen duen arte iraungo du, gehienez, kontratu horrek, hau da, lanpostu hutsa behin betikoa, lanaldi osokoa eta astelehenetik ostiralera artekoa bihurtzen den arte. Une horretan, lanpostua hartuko du lanaldi partzialeko edo lanaldi osoko plantillako langile finko batek, jasotako eskabideen artean langileek duten antzinatasuna kontuan hartuta.

Errelebo-kontratua amaitutakoan enpresak lanaldi partzialeko eta amaiera egunik gabekoa bihurtzea erabakitzen badu, errelebu-kontratuko langilea asteburuetako plantillan sartuko da.

Enpresak langileen ordezkariei emango die behin betiko eta aldi baterako lanpostu hutsen berri. Berdin egingo du betetzen direnean ere.

Lanpostu huts bakoitza fede emateko moduan argitaratuko da, eta betetzeko eskabideak aurkezteko 30 eguneko epea egongo da gutxienez. Lanpostu hutsak argitaratu ezik, egin daitezkeen esleipenak baliogabeak izango dira.

Behin betiko lanpostu huts bat hartu duen langileak ez du aukerarik izango beste behin betiko lanpostu huts bat hartzeko eskainitako behin betiko lanpostu hutserako beste langilerik aurkezten ez bada.

Behin behineko lanpostu huts bat hartu duen langileak ez du aukerarik izango beste behin behineko lanpostu huts bat hartzeko eskainitako behin behineko lanpostu hutserako beste langilerik aurkezten ez bada.

74. artikulua.– Goragoko mailako lanak.

Goragoko kategoriako lanei dagokienez, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 39.4 artikuluan esaten denera joko da.

Peoi espezialista, espezialista edo gidari lanpostuak bete behar badira, erabiliko den prozedura barne-sustapena izango da. Lanpostuak betetzea beharrezkoa denean eta kategoria goragokoak direnean, erabiliko den prozedura barne-sustapena izango da. Aipatutako lanpostu hutsak kanpo-kontratazioaren bidez bete ahal izango dira edo bete gabe utzi, baldin eta lantokiko langileentzako lanpostu hutsak esleitzeko deialdia iragarri ondoren, deialdia bete gabe gelditzen bada edo eskatutako profila (aurreko titularrak zuen berbera) duen langilerik ez badago. Azken kasu hori gertatzen dela RLT-k berretsi beharko du objektiboki.

Betiko edo aldi baterako agintea duen lanpostua betetzeko langilea enpresako zuzendaritzak aukeratuko du.

Goragoko kategoria batean urtean sei hilabetetan edo bi urtetan zortzi hilabetetan arituz gero, langileak eskubidea izango du kategoria horretaz jabetzeko.

Hitzarmenaren eraginpean dauden langile guztiak eta hitzarmena indarrean dela kontratatzen direnak oraingo berdintze-kategorietan sartuko dira, eta haien lanbide-taldeari dagozkion egitekoak egingo dituzte eta dagokien ordainketa jasoko dute.

75. artikulua.– Kontratazioa.

Kontratazioari dagokionez, ordenamendu juridikoak esandakoa eta abenduaren 29ko 43/2006 Legearen xedapen orokorretan agindutakoa bete beharko da.

Kontratazio berrietako probaldiak hilabetekoak izango dira gehienez.

Gerora, aldi baterako beste kontratu batzuk egiten badira, probaldia behin baino ez da egingo.

Hitzarmen honen eraginpeko lantokietan egiten diren kontratuak zerbitzuen emakida duten enpresek egingo dituzte zuzenean; beraz, saihestu egingo da kontratua aldi baterako lanerako enpresen bidez edota lan-bitartekaritzako beste edozein enpresen bidez egitea.

Lanen eta lanpostu finkoen eta aldi baterakoen definizioa eta kontratuak egiteko legezko eredua hitzarmenaren 72. artikuluaren negoziazio-testuinguruan ezarri edo erabakiko da.

76. artikulua.– Aparteko orduak.

Hitzarmen hau izenpetzen duten alderdiek komenigarri irizten diote aparteko orduak erabat kentzeari. Debekatuta dago, beraz, aparteko orduak sartzea. Salbuespen izango dira, hala ere, berehala eta ezinbestez konpondu beharreko matxuretan eta halabeharrez gertatutakoetan emandako orduak.

Ordu horiek sartzea beharrezko izanez gero, atseden-orduez konpentsatuko dira orduak sartzen diren hilaren hurrengoan, beti ere, enpresa eta langilea ados jarrita.

Larunbatetan eta igandeetan egiten diren ordu bakoitzeko ordu bi emango dira, hartzeko nahiz metatzeko. Lanegunetan, berriz, sartutako ordu bakoitzeko ordu eta erdi hartuko dira, metatzeko.

77. artikulua.– Lansari ordainketa eta egitura.

Lansari egitura honakoaz osatua egongo da:

1.– Oinarrizko soldata.

2.– Osagarriak.

2.A.– Antzinatasuna.

2.B.– Antzinatasun finkatua.

2.C.– Igande eta jaiegunak.

2.E.– Gaueko lana.

2.F.– Txandakako lana.

2.G.– Ospitaleratze-osagarria.

3.– Martxoko, uztaileko eta gabonetako aparteko ordainsariak.

Hileko soldata hilabetea pasatu eta hurrengo hilaren lehenengo egunean ordainduko da. Egun hori igandea edo jaieguna bada, hurrengo egun baliodunean ordainduko da.

Soldataren ordainagiria hil bakoitzaren hamabosgarren egunean emango da, gehienez.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren araudia eguneratzea.

Hitzarmen kolektibo honen xedea da arau-testuan jasotako gaiak eta Osakidetzako langileek dituztenak homologatzea. Batzorde Parekidea bildu egingo da Osakidetzako langileei dagozkien baldintza orokorretatik datozen aldaketak egokitu eta aplikatzen hasteko agintzeko. Aplikagarri izango dira, halaber, Osakidetzak bere langileei egiten dizkien konturako igoerak.

Bigarrena.– Ordezko arauak.

Hitzarmen kolektibo honetan jaso ez den orotarako, Langileen Estatutuak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauek xedatutakoa errespetatuko da.

I. ERANSKINA
TAULA BAKARRA EAEKO HIRU LURRALDE HISTORIKOETARAKO

A) SOLDATAK

TALDEA KATEGORIA SOLDATA

URTEKO HILEKO

A A zerbitzuburua 35.515,19 euro 2.367,68 euro

B B zerbitzuburua 30.806,34 euro 2.053,76 euro

B Arduradun nagusia 24.192,16 euro 1.612,81 euro

C Sektoreko arduraduna 22.230,45 euro 1.482,03 euro

E Taldeko arduraduna 20.002,23 euro 1.333,48 euro

B Kudeaketa-teknikaria 26.501,96 euro 1.766,80 euro

D Administraria 22.355,14 euro 1.490,34 euro

D Administrari laguntzailea 20.803,54 euro 1.386, 90 euro

E Gidari eta garbitzailea/esp. 20.002,23 euro 1.333,48 euro

E Peoi espezialista 18.922,34 euro 1.261,49 euro

E Garbitzailea/peoia 18.129,55 euro 1.208,64 euro

II. ERANSKINA
OSAGARRIAK

A) OSPITALERATZE-OSAGARRIA (*)

TALDEA KATEGORIA SOLDATA

HILEKO URTEKO

A A zerbitzuburua 118,38 euro 1.420,61 euro

B B zerbitzuburua 102,69 euro 1.232,25 euro

B Arduradun nagusia 80,64 euro 967,69 euro

C Sektoreko arduraduna 74,10 euro 889,22 euro

E Taldeko arduraduna 66,67 euro 800,09 euro

B Kudeaketa-teknikaria 88,34 euro 1.060,08 euro

D Administraria 74,52 euro 894,20 euro

D Administrari laguntzailea 69,35 euro 832,14 euro

E Gidari eta garbitzailea/esp. 66,67 euro 800,09 euro

E Peoi espezialista 63,07 euro 756,89 euro

E Garbitzailea/peoia 60,43 euro 725,18 euro

(*) HITZARMENEKO 63. ARTIKULUAN ZEHAZTUTAKO LANGILEEI HAMABI HILEKOTAN ORDAINDUKO ZAIE OSPITALERATZE-OSAGARRIA.

B) BESTELAKO OSAGARRIAK

A TALDEA B TALDEA C TALDEA D TALDEA E TALDEA

Antzinatasuna urteko 688,64 euro 557,71 euro 500, 17 euro 401,90 euro 354,38 euro

Antzinatasuna hileko 45,91 euro 37,18 euro 37,18 euro 26,79 euro 23,63 euro

Gauekotasuna 47,20 euro 38,40 euro 33,34 euro 31,20 euro 27,15 euro

Jaiegunak / igandeak egunez 70,49 euro 56,77 euro 50,01 euro 44,55 euro 41,06 euro

Jaiegunak / igandeak gauez 87,82 euro 74,01 euro 67,34 euro 61,88 euro 58,39 euro

Txandakako osagarria urteko 1.410,98 euro 1.058,33 euro 635,03 euro 635,03 euro 635,03 euro

Txandakako osagarria hileko 117,58 euro 88,19 euro 52,92 euro 52,92 euro 52,92 euro


Azterketa dokumentala