Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2007ko abenduaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
7094

AGINDUA, 2007ko azaroaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jarduerak eskolaren esparruan garatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetzan jarraitu nahi duten edo lankidetzan hasi nahi duten irabazi asmorik gabeko erakundeentzat diru-laguntzak deitzen dituena.

Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen.

Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolaldian behintzat. Eta eskolaldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten, berdintasun-baldintzetan.

Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kulturarteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, desberdintasunak gainditu eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzea azpimarratuko duena. Segregazio- edo bereizketa-proposamenen aurrean, eskola inklusiboaren eredua da helburu horiek lortzeko ezinbesteko esparru, gizarte-kohesioa, berdintasuna eta diferentzia errespetatzea kontuan hartuko duen testuinguruan.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza eta 6 urtetik 16 urtera bitartean derrigorrezkoa da. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.

Azken urteotan aurrerapen handiak izan dira ijitoen eskolatzean baina, hala ere, haur hauen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienen maila berean.

Gizarte-hesiak edo diskriminazioak egoteak gutxitzen ditu haur ijitoek eskolan arrakasta izateko dituzten aukerak, Herri Ijitoaren Sustapen Integralerako eta Gizartean Parte Hartzeko Euskal Planak aitortzen duen legez:

– Ijitoen kultura ez ezagutzea eta ijito-herriaren benetako egoerari buruzko hausnarketa falta. Izan ere, badira familia ijitoen aurrerapena zailtzen duten dinamikak eta hesiak eta ez dira behar bezala ezagutzen, ezta, oro har, gaurko gizartean gero eta desberdintasun gehiago egotea eragiten duten dinamikak ere.

– Ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari, ia beti negatiboak, daude.

– Itxaropen gutxi egotea ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragiten die pertsona horien eta beren familien itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarreretan eragina izan ere.

Aipatutako Planean proposatutako helburuak lortzeko prozesuan aurrerapausoak emateko, 2006ko maiatzaren 3ko Aginduaren bidez hasi zen esparru honetan ospe handia duten erakundeekin lankidetzan jarduten, horrek Planak bere helburuak beteko dituela bermatzen du eta.

Agindu honen bidez dei egiten zaie Herri Ijitoaren Sustapen Integralerako eta Gizartean Parte Hartzeko Euskal Planak xedatzen duena aurrera eramateko parte hartu nahi duten erakundeei, 2008an gauzatu beharreko hezkuntza-jardueren proiektuak aurkez ditzaten.

Aginduan proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak eta berauen artean aukeratzeko prozesuak finkatzen dira eta argitara ematen dira irizpideak eta aukeratze horren arduradunak.

Horregatik, eta Hezkuntza Berriztapenerako zuzendariaren proposamenez, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honek irabazteko asmorik gabeko erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskola-esparruan 2008an ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jarduerak gauzatzeko, aurkezten dituzten proiektuak diruz laguntzea du helburu, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Deialdi honi 700.000 euroko zenbatekoa ematen zaio, eta kopuru hori deialdia ebatzi aurretik aldatu ahal izango da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren gelditzen den aurrekontuaren arabera, eskaeren kostu globala kontuan hartuta. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuetarako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da aditzera.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– 2008an, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskola-esparruan ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jarduerak aurrera eramaten dituzten irabazteko asmorik gabeko erakundeek heldu ahal izango diote deialdi honi.

2.– Ezin izango dira onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratuaren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, aldatzen duenaren, 50. artikuluaren 5. atalean ezarritako egoeretako batean daudenak.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Aurkezten diren proiektuek 2008. urte osoan egingo diren jarduerak agertu beharko dituzte, ondorengo helburuak lortzeko asmoz:

– Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzea.

– Kulturen arteko elkarbizitza hobetzea hezkuntza-erkidegoan.

Horretarako, garatuko diren jarduerek, irakasleekin lankidetzan, ondorengo aldeak jasoko dituzte:

– Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:

1) Ijito-herria irudikatzen laguntzen duten jarduerak, ikasgelen arteko elkarrekintzak areagotzen dituztenak eta ikasgelan bertan eta ikasgelatik kanpo bizikidetza hobetzekoak.

2) DBHko ikasleen banakako segimendua, tutoreekin lankidetzan, banakako tutoretzak barne (eta taldekoak, hala egitea komenigarritzat joz gero).

3) Haur eta Lehen Hezkuntzan talde-klaseari emango zaio lehentasuna, eta prebentzio-jarduerak egingo dira ikasleekin, irakasleekin koordinaturik, komenigarritzat jotzen denean.

4) Ikasgelan bertan eta ikasgelatik kanpo irakaskuntza-indargarri diren jarduerak (elkarrekintzak areagotuz), eskolaratze-ikuspuntutik, eta, betiere, talde-klasearen barruko lanari lehentasuna emanez.

5) Ikastetxearekin lankidetzan aritzea, ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolatik kanpoko programetan, ikasle ijitoek jarduera horietan gehiago parte hartu dezaten (PROA plana, ikastetxeko eta auziko liburutegiak, tailer sozioedukatiboak, eskolatik kanpoko jarduerak,…).

6) Ikasle ijitoen arrakasta sustatzen eta zabaltzen dutenak, esaterako, ikastetxean eskola-arrakasta izan duten ijitoak egotea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea.

– Hezkuntza-komunitatean kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoak:

1) Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-kidegoaren (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak…) partaidetzarekin.

2) Familiek euren seme-alaben hezkuntza-prozesuan parte hartzea sustatzen duten jarduerak.

3) Ikasle ijitoen komunitatean kulturartekotasuna bultzatzen duten jarduerak.

4. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera eranskinaren ereduaren arabera aurkeztu beharko da eta erakundearen legezko ordezkariak izenpetu beharko du, hilabeteko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskaerarekin batera, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Erakundearen nortasunaren egiaztagiria.

c) Jardueren proiektua, ondorengo puntuak azalduko dituena:

– Egoerak eragiten dien ikasle ijitoen kolektiboa zein den zehaztea.

– Jardueren eta zuzenduta dauden erkidegoaren lurralde-eremua.

– Jardueretan sartzen diren ikastetxeak.

– Aurrera eraman nahi diren jardueren azalpen zehatza, ondorengo puntuak zehaztuko dituena: egiteko aldia eta behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

d) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, beste dirulaguntza batzuk baldin badaude beren zenbatekoa espresuki adieraziz, eta jarduera bakoitzaren pertsonal-gastuak eta beste funtzionamendu-gastu batzuk zehaztuz.

e) Erakunde eskatzailearen memoria, 2007ko ekitaldian egin duen jarduera osoa agertu beharko duena. Aipatutako ekitaldiaren kontuen balantze zehatza, jaso diren dirulaguntza publikoak eta zenbatekoak diren espresuki adieraziz.

f) Erakunde eskatzaileak zigor edo administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzearen zigorra, ezta horretarako ezgaitzen duen inolako lege-debekuren batean egotea ere, ez izatearen zinpeko aitortza.

g) Zerga-eginbeharrak betetzearen egiaztagiriak, 1997ko martxoaren 21eko Aginduak, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuarenak, xedatutakoaren arabera (apirilaren 21eko EHAA). Titularra pertsona juridiko bat izanez gero, eskatzaileak dirulaguntza hau eskatzeko adina ahalmen duela egiaztatu beharko du.

h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiria, berorrekiko eginbeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.

3.– Halaber, eskaera baloratzen laguntzeko edozein dokumentazio aurkeztu ahal izango da.

4.– Eskaerak eta dokumentazioa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zerbitzu Zentraletan edo Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztuko dira. Bestela, 4/1999 Legeak aldatzen duen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 38.4. artikuluan azaltzen duen edozein eratan bidaliko dira.

5. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Hezkuntza Berriztapenerako Zuzendaritzak aurkeztutako eskaeretan akatsik ikusiz gero, hamar eguneko epean zuzentzeko edo behar diren arauzko agiriak ekartzeko eskatuko dio interesatuari, horrela jokatu ezean eskaerari uko egin diola interpretatuko dela jakinaraztearekin batera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Ebaluazio-batzorde honek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako lankidetza-proiektuen barruan dauden jarduerak:

Batzordeburua: Hezkuntza Berriztapenerako Zuzendaria, edo hark izendatutako ordezkaria.

Batzordekideak: Pedagogi Berriztapenerako Zerbitzuburua.

Lurralde historiko bakoitzeko ordezkari bana, Hezkuntza Berriztapenerako Zuzendariak ijitoen kolektiboaren esparruan funtzioak betetzen dituzten Saileko pertsonalaren artean aukeratuak.

Idazkaria: Pedagogi Berriztapenerako Zerbitzuko Hezkuntza-Esperientzien Koordinatzailea.

Ebaluazio-batzordeak, batzordeburuaren eskariz eta bere funtzioak hobeto betetzeko, kulturartekotasuneko adituen aholkularitza eduki ahal izango du. Aditu hauek hitzarekin baina botorik gabe jardungo dute.

7. artikulua.– Esleitu eta baloratzeko irizpideak.

1.– Ebaluazio-batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuak, ondorengo irizpide objektiboen arabera:

a) Zein mailatan egokitzen dira Agindu honen 3. artikuluan adierazitako helburuetara? 0 puntutik 10era.

b) Komunitate ijitoko pertsonek parte hartzea programaren kudeaketan eta gauzatzean. 0 puntutik 5era, komunitate horretako pertsonen ardura diren jardueren ehunekoaren arabera.

c) Arreta ematen zaien ikastetxe eta ikasleen kopurua. 0 puntutik 3ra, eragindako kolektiboari eta beronen sakabanaketari begira.

d) Arazoak eragindako hezkuntza- eta gizarte-erkidegoaren egoera ekonomiko eta soziala. 0 puntutik 3ra, arreta ematen zaien ikasle bekadunen ehunekoari begira.

e) Agindu honen helburua den esparruan lan-esperientzia izatea. 0 puntutik 4ra, 2007ko ekitaldiko banakako jarduera-memorien edukiaren arabera.

2.– Deialditik at utziko dira a) atalean 5etik beherako puntuazioa edo guztien batuketan 13tik beherakoa duten eskaerak.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diruz lagunduko dira 7.2. artikuluan exijitutako gutxienezko puntuazioa lortzen duten proiektuak. Puntuazio hori gainditzen duten proiektuek aurrekontuan sartutako kostuaren 100era arteko dirulaguntza jaso ahal izango dute (gastuak ken diru-sarrerak).

Aitortu beharreko dirulaguntzen guztizkoa 1. artikuluaren 2. atalean jasotako zenbatekoak baino handiagoa izanez gero, aipatutako proiektuak lortutako puntuazioaren arabera dagokion ehunekoa aplikatuko zaio proiektu bakoitzaren aurrekontuari. Gauzak horrela, aurreko artikulua aplikatuz lortutako puntuazioaren araberako dirulaguntza bat lortuko du, 13 puntutik aurrera, proiektu bakoitzak eta 25 puntuko gehienezko puntuazioarekin % 100 lortuko dute.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatu ondoren, hainbanaketa egingo da, dirulaguntzen guztizkoa aurrekontuaren mugara egokitzeko, proiektu bakoitzaren banakako aurrekontua inolaz ere gainditu gabe.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza sailburuordeak, ebaluazio-batzordearen proposamenez, ebatzi beharko du Agindu honetan arautzen den deialdia. Ebazpen horretan onartutako proiektuak eta emandako dirulaguntzak agertuko dira, baita atzera bota diren proiektuak ere, horretarako arrazoiak adieraziz.

2.– Aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean emango da argitara, sei hilabeteko epean, Agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori pasa ondoren aipatutako Ebazpena argitara eman ezean, interesatuek beren eskaerak atzera bota direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.

3.– Gorako helegite bat aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari ebazpen horren aurka, hilabeteko epean, aditzera eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

10. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztapenerako Zuzendaritza da deialdi honen kudeaketaz arduratzen den organoa.

11. artikulua.– Jarraipen-Batzordea.

Hezkuntza Berriztapenerako Zuzendaritzak Jarraipen Batzorde bat osatuko du onartutako proiektu bakoitzeko eta ondorengo kideek osatuko dute: Hezkuntza Berriztapenerako Zuzendariak edo beronen ordez dagoenak, zuzendari horrek izendatutako funtzionario batek eta erakunde onuradunaren ordezkari batek. Batzorde honek funtzio hauek izango ditu: egiteko dauden jardueren jarraipena eta proiektuan dauden jarduera guztien ebaluazioa.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunek, betiere, eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, hamabost eguneko epean, 9. artikuluan aipatutako jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, erakunde onuradunek espresuki eta idatziz eskaerari uko egin ezean, onartuta dagoela interpretatuko da.

b) Dirulaguntza eman den helburu konkreturako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazioa, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei begira dituzten funtzioetan aritzean, ematea.

d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren finantziazioa dutela argitara ematea onartzen dituzten jarduera guztietan.

13. artikulua.– Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarri da erakunde onuradunak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren edo beste erakunde publiko edo pribatu baten aldetik jaso dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin, onartzen diren hezkuntza-jardueretarako, betiere jasotako guztiak benetan jasandako kostuaren guztizkoa gainditzen ez badu.

14. artikulua.– Ez betetzeak.

Ezarritakoa betetzen ez den edozein egoera egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratuak 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari derrigorrean itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak, gehi sor daitezkeen legezko interesak.

15. artikulua.– Ordaintzeko era eta diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Ordainketa proiektua gauzatu eta jasandako kostuak agirien bidez justifikatu ondoren egingo da.

2.– Erakundeek, jasandako gastuak itzultzearen kontzeptuan, maiatzean eta urrian ordainketa partzialak egiteko eskatu ahal izango dute. Ordainketa horiek jardueren memoria aldez aurretik aurkeztea eskatuko dute, urtarrilaren 1etik apirilaren 30era eta maiatzaren 1etik irailaren 30era bitarteko aldietan izandako gastuen justifikazioarekin.

3.– Erabateko likidazioa noiz eta itzultzeke dauden gastuak - urriaren 1a eta abenduaren 31 bitartekoak- justifikatu, eta, gainera, urtean egindako jardueren memoria, garatutako proiektuaren memoria ekonomikoarekin batera, aurkeztu ondoren. Memoria horretan proiektua garatzean izandako diru-sarrera eta gastu guztiak zehatz-mehatz agertu beharko dira.

4.– Aurreko puntuan aipatutako dokumentazioa 2009ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, eta Balorazio Batzordearen berariazko onarpena jaso beharko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2007ko apirilaren 26ko Ogasun eta Herri Administrazioa Sailaren Aginduak, gastuen espedienteak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura aldez aurretik tramitatzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, Agindu honen dirulaguntzen ebazpena 2008. urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan ordainketa-kredituak egotearen baldintzapean geratzen da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko azaroaren 27a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

ERANSKINA
ESKAERA

Erakundearen datuak:

Izena:………………………………………………….…. IFZ:	…..........…………….

Helbidea: ……………………………………………………....Telefonoa:	 …………..………...

Herria:.....................................................................................Posta kodea:	.......…….……

Lurraldea:	……………………Banku-datuak (20 digitu)……............……………………….

Erakundeko ordezkariaren datuak:

Deiturak: 	……………………………………..Izena:..…………..NAN……..……….

Laguntza eskatzen duen erakundearekin duen lotura: 	 ……………………………………..

AZALTZEN DU:

2007ko————aren———————(-e)ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Aginduak xedatutakoaren arabera, ikasle ijitoei zuzendutako eskola-eremuko hezkuntza-jarduerak egin nahi dituela, gaineratutako agirietan zehazten direnak.

Erakunde eskatzaileak ez duela, zigor edo administrazioaren arloan, dirulaguntza publikoak jaso ezin izatearen zigorra, ezta horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekuren bat izatearena ere.

ESKATZEN DU:

Aztertu eta baloratu ondoren jarduera horiek onartu eta diruz laguntzeko eskatzen du, Aginduak xedatutakoaren arabera.

Ziurtatzen dut: eskaera honen datu guztiak eta berauekin batera doazen agiriak egiazkoak direla.

............................(e)n, 2008ko

Izpta.:……………………………..

HEZKUNTZA SAILBURU JAUNA. HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA. VITORIA-GASTEIZ.


Azterketa dokumentala