Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

156. zk., 2006ko abuztuaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
4177

EBAZPENA, 2006ko maiatzaren 17koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD3-08691/01 espedientean Coro Navas Damborenea andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Coro Navas Damborenea andreak etxebizitza-eskatzaileen erregistroan sartzeko 2001eko apirilaren 6an egindako eskabidearekin batera hasi ziren jarduketa hauek.

2.– Gipuzkoako lurralde ordezkariak hartu eta Lurralde-Ordezkaritzako iragarki-taulan 2006ko urtarrilean argitaratutako ebazpenaren bidez, 2006ko urtarrilaren 20a baino lehen 2004ko zerga-aitorpena eta, horren ezean, urte horretan kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrera guztiak egiaztatzeko eskatu zitzaion.

Horretarako epea amaitu eta ez zuen inolako kreditaziorik aurkeztu.

3.– Gipuzkoako lurralde-ordezkariak 2006ko otsailaren 6an emandako ebazpenaren bidez, babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan izena emateko aukera ukatu zioten, eskatutako diru-sarrerak ez zituelako egiaztatu.

4.– Ebazpenarekin ados ez zegoenez, Coro Navas Damborenea andreak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen 2006ko martxoaren 6an, aurreko ebazpenaren aurka. Errekurtsoarekin batera, 2004 ekitaldiko aitorpenaren kopia aurkeztu zuen. Errekurritutako ebazpena berraztertzeko eskatu zuen.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da gorako errekurtso hau ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan.

2.– Errekurtso-egileak interesduna dela kreditatzen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandako ondorioetarako, eta errekurtsoa arau horretan ezarritako epean eta moduan aurkeztu da.

3.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatzen denez (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen), prozedura hasteko eskabidean aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak betetzen ez badira, interesdunari 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko eskatuko zaio. Jakinarazten zaio, halaber, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena hartu ondoren.

4.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 70. artikuluan dioenez, eskabideetan honako hauek adierazi behar dira:

a) Interesdunaren izen-abizenak eta, ordezkaria badu, bere ordezkariarenak, baita jakinarazpenak jasotzeko aukeratutako bidea eta lekua ere.

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaria, argi eta garbi adieraziak.

c) Lekua eta eguna.

d) Eskabide-egilearen izenpea edo benetan bere borondatea dela erakusteko edozein eratako egiaztapena.

e) Administrazioko zein organo, erakunde edo unitateri bidaltzen zaion eskabidea.

Bestalde, 71.1 artikuluak aipatzen duen berariazko araua 2002ko ekainaren 14ko Agindua da (2003ko abenduaren 16ko Aginduak aldatutakoa), babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzkoa alegia, eta agindu horrek, eskatzaileen erregistroari dagokionez, honela dio bigarren artikuluan: ondokoak dira bizikidetza-unitateak edo pertsona fisikoak babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan bere eskaerari alta emateko bete beharreko baldintzak:

a) Babes ofizialeko etxebizitzaren geroko titularretako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean izan beharko du bizilekua.

b) Bizikidetza-unitateko kideek ez dute etxebizitzarik eduki behar, ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubide edo usufruktuan ere, babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan izena emateko eskabidearen egunean.

c) Babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko eta gehieneko diru-kopuruen arteko diru-sarrerak dituela egiaztatu behar du bizikidetza-unitateak.

Bestalde, azaroaren 25eko 290/2003 Dekretuak aldatu zuen abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak 18. artikuluan ezartzen duenez, etxebizitzak errentan emateko uzten direnean, urteko diru-sarrera ponderatuak ez dira izango 33.100 eurotik gorakoak ez eta 3.000 eurotik beherakoak ere; eta jabetzan, azalera-eskubidean edo errentan (erosteko aukerarekin) lagatzen diren etxebizitzei dagokienez, diru-sarrerak ezin daitezke 9.000 eurotik beherakoak izan.

Kasu honetan, orain errekurtso-egile denaren 2004ko sarrerak ez zeudenez, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako iragarki-taulan ebazpena argitaratuz eskatu zitzaion urte horretako errenta aurkez zezan eta, horren ezean, 2004an kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrera guztiak kreditatzen zituen egiaztagiria. Horretarako emandako epea amaitu zen, eta ez zuen ezer aurkeztu; beraz, babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan izena emateko aukera ukatu zitzaion, eskatutako sarrerak ez egiaztatzeagatik.

Errekurtsoaz baliatuz, 2004ko sarrerei dagozkien agiriak aurkeztu zituen. Agiri horiek, hala ere, ezin dira onartu epez kanpo aurkeztu zirelako. Hartutako ebazpena, beraz, zuzena da eta bere hartan sendetsi behar da.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta oro har erabilgarriak diren gainerakoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Coro Navas Damborenea andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Errekurtsoa Gipuzkoako Lurralde ordezkariak SD3-08691/01 espedientean emandako ebazpenaren aurka aurkeztu zen, eta bere hartan sendetsi behar da, zuzenbidearekin bat baitator.

Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du; hala ere, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Donostia-San Sebastiángo Administrazioarekiko Auzietako dagokion Epaitegian. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko maiatzaren 17a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala