Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2006ko maiatzaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 1 Zenbakiko Epaitegia
2478

EDIKTUA, L2 92/05 prozedura arruntaren ondoriozkoa.

Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: L2 92/05 prozedura arrunta.

Alderdi demandatzailea: Francisco Javier Pinto Del Toro eta Verónica Pradilla Redrado.

Alderdi demandatua: Inversiones Galmas, SL.

Gaia: judizio arrunta.

Aipatu judizioaren gainean ebazpena eman da. Hau dio hitzez hitz:

60/06 EPAIA

Vitoria-Gasteizen, bi mila eta seiko martxoaren hogeita batean.

Maria José Cia Benítez, Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegiko epailea denez, 92/05 judizio arruntaren autoak ikusi ditu. Francisco Javier Pinto del Toro jauna eta Veronica Pradilla Redrado andrea dira demandatzaileak, María Concepción Mendoza Abajo andrea, ordezkaria, eta Martín Zudaire eta Eduardo Peña letratuak; eta, beste aldetik, Inversiones Galmas, SL, demandatua, auzi-iheslari.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– María Concepción Mendoza prokuradore andreak, demandatuen ordez, idazki baten bidez demanda bat aurkeztu zuen epaitegi honetan, banaketa-txandaren arabera honi egokitu baitzitzaion. Bertan, gertatutakoak eta bere ustez erabili behar ziren zuzenbide oinarriak azaldu eta gero, epaia ematea eskatu zen, alde batetik, 2002ko urriaren 22ko salerosketa-kontratua indar barik uzteko eta, bestetik, demandatuak 54.299,01 zenbatekoa gehi demanda aurkeztu zenetik sortutako interesak auzi-jartzaileari ordaintzeko, eta, azkenik, demandatuak kostuak ordaintzeko.

Bigarrena.– Demanda izapidetzeko onarpena jaso ostean bidali egin zen, eta epatu egin zen demandatua, 20 eguneko epean erantzuna emateko.

Era berean, aldi bereko kautelazko neurrietarako 3/05 zatia ireki zen.

Hirugarrena.– Demandari epe barruan erantzunik eman ez zitzaionez, auzi-iheslaritzat hartu zen demandatua.

Laugarrena.– Aldez aurreko entzunaldian auzi-jartzaileak burutu diren frogabideak proposatu zituen eta horien emaitzak autoetan jasotzen dira.

Bosgarrena.– Prozedura gauzatzerakoan legezko aginduak bete dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Auzi-jartzaileak aurkeztutako demandan eraiki beharreko salerosketa kontratua indargabetzea eta ordaindutako prezioaren zatia itzultzea eskatu zituen. Horietaz gain, kalte-galerak ordaintzea ere eskatu zen, saltzaileak ez baitzion etxebizitza eskuratu aurretik hitzartutako epeetan.

1124. artikuluak dioenez, betebeharrak indargabetzeko ahalmena aipatu barik dago elkarrekiko betebeharretan, baldin eta behartuta dagoen alderdi batek dagokiona betetzen ez badu .

Horrela gertatuz gero bi aukera izango ditu kaltedunak: hitzartutakoa betetzeko edo hitzartutakoa indargabetzeko eskatu ahal izango du, eta, aukera horretaz gain, kalteengatiko ordaina eta interesak eskatu ahal izango ditu. Hitzartutakoa betetzeko eskatu baina ezin betetzea gertatuz gero, indargabetzeko eskatu ahal izango du. Eskatutako indargabetzea ebatziko du Epaimahaiak, epea finkatzeko baimentzen duten bidezko arrazoirik ez badago."

Jurisprudentzia-dotrinak hainbatetan adierazi duenez, indargabetzeko ekintzaren arrakasta eta bideragarritasuna lortzeko, ondorengoak gertatu behar dira, Kode Zibilaren 1124. artikuluan xedatutakoaren arabera:

1) Itundu zutenen arteko kontratu-lotura bat egon behar du, indarrean dagoena.

2) Hitzarmenean itundutako prestazioen elkarrekikotasuna bai eta bere galdagarritasuna ere.

3) Alde demandatuak berari zegozkionak modu larrian ez betetzea, eta, horrela gertatuz gero, Instantziako epaileek eta epaitegiek izango dute ez betetzea egon denentz ebazteko eskumena.

4) Emaitza kontratatzaile demandatuaren jokabidearen ondoriozkoa izatea, inolako zalantza barik eta modu erabakigarri eta konponezinean sortutakoa, ohituraz kontratatzailearen auzi-iheserako borondate argitzat jo izaten zena.

5) Auzi-jartzaileak berari zegozkion eginbeharrekoak bete ez izana ez gertatzea, salbu eta aurretik besteak bete ez baditu, honen jokabideak sustatzen baitu kontrakoak hitzartutakoa suntsitzeko eskubidea eta bere hitzarmenetik jare uzten baitu -1 zenbakiko Epaitegi Gorena. Epaiak: 1986ko martxoaren 21ekoa (1986, 1275) EDJ 1986/2133, 1998ko otsailaren 29koa (1988, 1310), 1989ko otsailaren 28koa (1989, 1409) EDJ 1989/2189, 1993ko martxoaren 22koa (1993, 2530) EDJ 1993/2786. Guzti horri gehitu behar zaio, gainera, kontratua suntsitutzat jo ahal izateko, alderdi betetzailearentzat negozio juridikoak huts egitea nahikoa dela, hau da, aski da ez betetze zalantzarik gabekoa eta objektiboa gertatzea eta ez da beharrezkoa betetzeko eragozpen euskor eta iraunkorra izatea; aski dela, nolanahi ere, kontrako alderdiaren legezko asmoak zapuztea, 1995eko ekainaren 22koa (1995, 5180) EDJ 1995/3621. Guzti horren ondorioz, hitzartutakoa bete ez duen kontratatzaileak ez betetzeko asmoz jokatu izana ez da beharrezkoa, hitzarmena itundu zen moduan betetzea eragotzi duen borondatezko jokabidea berari egoztea nahikoa da, baldin eta jokabide horretarako arrazoi zuzenik ez badago, 1 zenbakiko Epaitegi Gorena. Epaiak: otsailaren 14koa (1991, 1268) EDJ 1991/1532 eta 1991ko maiatzaren 16koa (1991, 3706).

Aurrekoa eskuartean dugun kasuan erabili ostean, demandatzaileek 2002ko urriaren 22an salerosketa-kontratua izenpetu zuten demandatuarekin eta, horren indarrez, Nafarroako Gallipienzon eraiki beharreko familia bakarreko etxebizitza bat eskuratzen zuten, hain zuzen ere Gallipienzo 1-V ereduko etxe bat, 4. lur-zatiaren ondoan. Salerosketaren prezioa 107.500 euro gehi BEZaren % 7a zen eta ordaintzeko modua honakoa: Kontratua izenpetzerakoan 26.684 euro eman behar zituen erosleak; kontratua izenpetu eta 90 geroago 13.341 euro eta salerosketa-eskritura publikoa izenpetzerakoan gainerakoa, 75.000 euro, eta une honetan giltzak eskuratu behar zituen erosleak (1. agiria).

Auzi-jartzaileek lehenengo bi ordainketak egin zituzten (6. eta 7. agiriak).

Demanda aurkeztu zenean demandatua zen oraindik erregistroan 4. lur-zatiaren jabea (8. agiria).

Kontratuan finkatutakoaren arabera, kontratua bera izenpetu eta bederatzi hilabete geroago entregatu behar zen etxebizitza (1. agiria).

Cesar Garcíaren lekuko-frogak, etxebizitza amaitu barik dagoela egiaztatzen du, elektrizitate eta gasaren instalazioak oraindik egin barik daudela. Kontratuaren gai den etxebizitza kokatzen den urbanizazioaren barruko argi publikoak jarri barik daudela egiaztatzen du lekukoak.

Eskuartean dugun honetan behar bezala kreditatu da alderdien arteko kontratu-harreman bat badagoela, demandatzaileak dagokion zatia bete duela eta demandatuak ez duela bete dagokion zatia, iragan den denbora ikusita, ez duela burutu hartutako konpromisoarekiko jarduketarik: kontratua izenpetu eta bederatzi hilabete geroago entregatu behar zuen etxea demandatuak, hau da, 2003ko uztailaren 22an amaitzen zen, eta demanda 2005eko urtarrilean aurkeztu zen.

Demandatuak hitzartutakoa bete ez duela argi dago, kontrako alderdiaren bidezko asmoak zapuztu baitzituen, honek etxebizitza gozatu nahi zuen hitzartutako egunetik aurrera.

Beraz, kontratua indargabetu behar da. Kontratua indargabetzeak, izan ere, ondorioak ekarri behar ditu diruari dagokionez: emandako diru-zenbatekoa itzuli behar zaie demandatzaileei, hau da, 40.000 euro.

Bigarrena.– Demandatzaileak, halaber, kalte eta galeren ordaina jasotzeko ekintza gauzatzen du, honako era honetan:

1.080,24 euro maileguaren notaritza-gastu eta komisioengatik; 4.415,77 euro maileguaren interesengatik eta 8.803,00 euro alogerengatik.

Demandatzaileak adierazten duenez, etxebizitza erosteko zenbait mailegu eskatu behar izan zizkioten Lankide Aurrezki Kutxari (demandaren 9. agiritik 12. agirira), 1.080,24 euroko notaritza- eta irekiera-gastuak sortu zituztenak. Mailegu horiek 2003. urtean 1.732,18 euroko interesak sortu zituzten eta 2.683,59 euro 2004. urtean (13. eta 14. agiriak ).

Aurrekoez gain, 2003ko abuztutik 2005eko urtarrilera arteko alogerari dagokion diru-zenbatekoa eskatzen du, hau da, 8.803 euro (15. agiritik 17.era).

KZren 1124. artikuluak kontratua indargabetzeko eta kalteak eta galeren ordaina jasotzeko eskumena aitortzen du eta, horregatik hain zuzen, nire ustez, demandatuaren asmoa badator bat zuzenbiderekin.

Egia da indargabetzen den salerosketa eta maileguak negozio juridiko apartekoak direla, eragin eta helburu ezberdinak dituztenak. Beraz, hipoteka eratzeko gastuak ezin dira jo indargabetutako salerosketa-kontratuaren ondoriozko gastutzat. Hala ere, kalte eta galeren ordaina jasotzeko beharra, Kode Zibilaren 1124. artikuluan jasotakoa (EDC 1889/1), ez da amaitzen indargabetutako kontratutik zuzenean datozen gastuak betetzen dituen erosleri ordaintzearekin berarekin, helburua bestelakoa baita: alderdi saltzailearen erruagatik indargabetutako kontratuaren ondorioz demandatua kalte barik uztea. Beraz, horrek hartzen ditu, alde batetik, salerosketa-kontratuari zuzenean eta ararte barik darizkionak eta, beste aldetik, ez betetzeak sortu dituen kalteak.

Kalte horien artean, gure ustez, prezioa ordaindu ahal izateko itundutako maileguari dagozkion notaritza-gastuak, komisioak eta korrituak sartu behar dira, mailegu hori ez baitzen kapritxoz sortu, baizik eta erosleak ordaindu beharrekoaren finantzaketa lortzeko modu bakarra, ohikoa eta praktikoena zelako. Hori darie demandarekin batera doazen 9-14. agiriei.

Auzi-jartzaileak egiaztatu du, demandarekin batera doazen 15-17. agirien bidez, higiezina jaso ez izanak kalteak eta galerak ekarri zizkiola; erabat nabarmena denez, ezin baitzuen eskuratutako etxebizitza erabili eta gozatu itundutako datan eta, tamalez, horren funtsezkoa den behar hori asetzeko, behartuta ikusi baitzuen bere burua beste etxebizitza batean bizitzeko hainbat diru-kopuru ordaintzera itundutako datatik.

Hirugarrena.– Auzi-jartzaileak eskatu egiten ditu demanda aurkeztu zenetik ordaindutako interesak.

Eskatu behar zaio demandatuari atzerapenagatiko kalteak demandatzaileari ordaintzeko, KZaren 1100. eta 1108. artikuluen indarrez, oraingoan ezin baita erabili "in illiquidis non fit mora" oinarri klasikoa, dotrina jurisprudentziala berriena baizik: Auzitegi Gorenaren 1995eko ekainaren 19ko Epaia (RJ 1995\5322), honakoak aipatzen dituena: 1992ko apirilaren 5ekoa SIC, otsailaren 18koa (RJ 1994\1097), martxoaren 26koa SIC eta 1994ko otsailaren 18koa (RJ 1994\1097); eta horietaz gain, 1998ko maiatzaren 20koa (RJ 1998\4037), horren arabera "hartzekodunaren eskubideen babes handiagoa lortu nahi bada, ez da nahikoa garai batean zor zitzaiona itzultzearekin, eskuratzeko garaian diru-kopuruak duen benetako balioa itzuli beharko zaio, eta hori, ez bakarrik balioa duen zor bat delako, horrelakoak ez badira ere, gauza suntsikorrak edo dirua, etekinak sor ditzaketelako (irakur bedi fruitu zibilak edo korrituak), eta sortzen badituzte ez da zilegi benetako jabearen, hau da, hartzekodunaren alde ez sortu eta berari aurretik ordaindu behar zionaren alde etekinak sortzea. Arrazonamendu horren indarra areagotu egiten da kontuan hartzen badugu orokorra dela eta salbuespen gutxi daudela, esate baterako, hartzekodunak eta zordunak elkartzen dituzten harremanak kontu korronteetan sailkatu daitekeenean, horietan epaileak bakarrik, hala badagokio, finkatu dezake saldoa eta eman diezaioke hartzekodunari kobratzeko eskubidea; eta, halaber, auzilarien artean harremanak oso konplexuak izateagatik, oso zaila gertatzen denean benetako zorraren diru-kopurua zehaztea. Beste kasu guztietan adierazi behar da epaiak ez duela sortzen eskubide osagarri bat, alderantziz, izaera adierazgarria baino ez du. Horrek bide ematen du ikusteko epaiaren bidez ez da eskubide bat baino aitortzen, gauzazkoa edo gauza edo ondarea lortzeko kreditu-ondasuna, epai-ebazpenaren aurretik hartzekoduna zena edo egotzi behar zitzaiona. Izan ere, lehen esandakoari jarraituz, gauzak bere jabearenak badira eta berari eskuratu behar bazaizkio beren osagarri, fruitu eta korrituekin, ez dirudi bidegabea, oraingo kasuan bezala, auzitik errez atera daitekeenez, auzi-jartzailearen aldeko eta demandatuaren aurkako zorra egotea, hartzekodunaren eskubideak erabat ase behar badira, auzi-bideaz eskatu zirenetik diru-kopuruak sortu dituen korrituak hartzekodunari berari ordaindu behar zaizkio.

Laugarrena.– Kostuei dagokienez, demanda onetsi denez gero, demandatuari ezartzen zaizkio, PZLbren 394. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

EPAITZA

Onetsi egiten da María Concepción Mendoza Abajo prokuradore andreak, Francisco Javier Pinto del Toro jaunaren eta Veronica Pradilla Redrado andrearen izenean eta ordez, Inversiones Galmas, SL erakundearen aurka aurkeztutako demanda, eta, ondorioz, indargabe deklaratzen dut 2002ko urriaren 22ko salerosketa-kontratua (1. agiria) eta kondenatu egiten dut Inversiones Galmas, SL demandatzaileei 54.299,01 euroko diru-kopurua gehi demanda aurkeztu zen egunetik sortutako interesak ordaintzera.

Kostuak demandatzaileari ezartzen zaizkio.

Epai honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke Arabako Probintzia Auzitegian; eta hala gertatuz gero, epaitegi honetan bertan aurkeztuko da, jakinarazpena egiten den egunetik harako bost eguneko epearen barruan.

Izan ere, autoei erantsi beharko zaien epai honen bitartez, ebatzi, agindu eta sinatu egiten dut.

Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez, ediktu hau Epaitegiko iragarki-taulan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebatzi du epaileak, Inversiones Galmas, SL demandatuari jakinarazteko eginbidea gauzatzeko, hala agintzen baita Prozedura Zibilaren 1/2000 Legeko 156.4 eta 164. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 22a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala