Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2006ko apirilaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1782

AGINDUA, 2006ko martxoaren 7koa, Kultura sailburuarena, Altzoko (Gipuzkoa) Zuaznabar Haundi baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2005eko azaroaren 25eko Ebazpenaren bidez Altzoko (Gipuzkoa) Zuaznabar Haundi baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2005eko abenduaren 23ko 243. zenbakia duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Altzoko (Gipuzkoa) Zuaznabar Haundi baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.– Altzoko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Espedienteko interesdunei, Altzoko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 7a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren eremua.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrenbestez, eremuak muga hauek ditu: NEra, fatxada nagusiarekiko dagoen zerrenda bat, baserritik 18 m-ra; NWra, fatxadarekiko paraleloan dagoen 12 m-ko lerroa bat; SWra eta SEra, Altzo Azpitik Altzo Muñora doan errepideko areka, fatxadetatik 20 m-ra eta 28 m-ra hurrenez hurren dagoena.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Zuaznabar Haundi baserriko ingurumariko ingurumen-balioak eta ikus-eremua babestu behar direlako, toki bakartu batean baitago eta ez baita bertan garapenik aurreikusten. Inguruaren mugaketak –beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko– zera dakar, baserriaren ondoko inguruak ere babestea, alegia, inguruko lurrak eta baserrirako sarbidea, horrela baserriaren bereizgarritasunak kontserbatzeko. Hori dela eta, mugaketak ez du soilik baserriaren eraikina hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.

II. ERANSKINA

Deskribapena

Eraikina Ollaun mendiaren behealdeko muino batean dago. Oinplano angeluzuzena du, bi isurkiko estalki zurezkoa, zeinaren gailurra SE orientazioa duen fatxada nagusiarekiko perpendikularra baita. Bi solairu eta ganbara ditu eta bi etxebizitzatan banatuta dago.

Aparailua luzitutako eta zuritutako harlangaitzezkoa da eta zutoin-ardatzak bistan uzten ditu: ezkantzuetan hiru, SEko fatxada nagusiko aurrealdean bost, eta NWko atzealdeko fatxadan hiru. Zurezko gainerako bilbadura luzituta eta zurituta dago. Fatxada nagusian aipatzekoak dira behe-solairutik gora teilatuperaino datozen bost zutoin-ardatzak eta bi ezkantzuak. Fatxada honen erdialdean eranskin bat dago itsatsita. Behe-solairuan lau balkoi kareldun ditu, eta barrura sartzeko ate bat. Lehen solairuan, zurezko bastidoreak dituzten sei leihoko ardatza. Pinoiak zurezko oholtza dauka. NEko fatxadak eranskin bat dauka itsatsita hegoaldean, sarrera-ate txiki bat erdialdean eta beste txiki bat Iparraldeari itsatsita. SWko fatxadak sarrera-ate bat du, harrizko bost eskailera-maila erdizirkularren bidez iristen dena. Estalkipean bi bao txiki daude. NWko fatxadak hiru zutoin-ardatz eta zurezko ezkantzu bat ditu, bai eta bi leiho-bao iparralde-erdian; hegoalde-erdia jatorrizko eraikinaren luzakina da, aldi berean lastategi zahar bat erantsita daukana.

Eraikinaren egitura pieza bakarreko zutoin-ardatzek eta lau pilarek osatzen zuten, XVI. mendeko habe-dolareari zegozkionak. Gaur egun, jatorrizko zurezko pieza bakarreko 24 zutoinetarik 21 geratzen dira, falta diren hirurak desagertu baitziren eraikinaren NW aldean eranskina egin zenean. Zutoinok bermatzen dituzte habe luze, beso eta buruz (batzuk tailatuak) egindako bilbadura eta gapirio luzez egindako teilatutzarra. Harriz eta adreiluz egindako trenkada xume batek bereizten ditu bi etxebizitzak. Sukaldeek eta etxebizitzek baserriaren SEren herena hartzen dute, behe-solairuan eta lehenengoan.

NEko, SWko eta NWko fatxadetako eranskinak ez dira monumentuan sartzen.


Azterketa dokumentala