Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2005eko ekainaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3328

AGINDUA, 2005eko ekainaren 27koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena; honen bitartez, produktu berriak garatzeko proiektuak egiteko laguntzen programa arautzen da. Gaitek Programa.

Ekonomia sustatzeko laguntzak ezarri zituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren bitartez, Ekonomia Sustatzeko Erakundearteko 2000-2003 Epealdirako Planean eta 2001-2004 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planean definitu diren ildo estrategikoak zehaztu eta garatu ziren.

2001-2004 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana abiarazi zenean, ekainaren 27ko 121/2000 Dekretua aldatu zen, urriaren 1eko 222/2002 Dekretuaren bitartez; azken Dekretu horrekin, Ekonomia Sustatzera eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza bultzatzera bideratutako jarduera berrien garapena eta hainbat laguntza-ildo zehaztu eta arautu ziren.

Ildo berari jarraiki, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako politika tresna bihurtu da, Berrikuntza Sistemako eragile guztien gaitasunak nazioarteko testuinguruan kokatzeko tresna, alegia. Horrela, ezagutzan etorkizun handia duten sektoreetan dibertsifikatzeko eta ekonomia hazteko palanka bihurtuko da, gizarte dinamiko, konplexu eta globalaren unean uneko behar berriek eta iraunkortasunak eskatzen dituzten zientzia-arloko eta teknologia-arloko betekizunei behar bezala erantzuteko ere baliagarria izanik.

Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako politikaren arabera, politika horren jarduera-eremuak garatzean laguntza emateko hainbat mekanismo, tresna eta jarduera espezifiko abiaraziko dira.

Azkenik, Ekonomia sustatzeko hainbat laguntza-ildo ezarri zituen Dekretua bosgarren aldiz aldatzen duen maiatzaren 31ko 123/2005 Dekretuaren bitartez, Laguntza Programa berria sortu da: Produktu Berriak Garatzeko Laguntzen Programa. Gaitek Programa.

Gaitek Programaren helburua honako hau da: Produktu Berriak Garatzeko proiektuentzako laguntzak ematea, eta produktu berritzat hartuko da jatorrizko produktuen garapena eta lehendik badirenak hobetzea, merkatuaren eta gizartearen beharrei hobeki erantzutearren.

Ekonomia sustatzeko laguntzak ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretu horren 34. artikuluari jarraiki, eta Azken Xedapenetatik Lehenengoari dagokionez, produktu berriak garatzeko proiektuak egiteko ezartzen den araudia garatzen da, beharrezko neurriak emanez.

Europako Batzordeko Konkurrentziako Zuzendaritza Nagusiak ateratako txostenean adierazitakoari –2004ko uztailaren 26ko Batzordean onartutako “235/2003 Laguntzak. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean, Produktu Berriak garatzeko proiektuei laguntzeko neurriak (2005-2010)” erabakian barne hartzen denari– atxikitzen zaio Agindu honetan ezarritako laguntzen erregimena.

Aurreko guztia kontuan izanda, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua laguntzen erregimena garatzea da, hain zuzen ere, ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren (ekonomia sustatzeko laguntzak ezartzen zituena) 34. artikuluan aurreikusitako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzei buruzko laguntza-erregimena, Produktu Berriak Garatzeko Proiektuak egite aldera.

2. artikulua.– Espedienteak ebazteko prozesua.

Diru-laguntzak eskatzeko espedienteen ebazpena modu ordenatuan egingo da, Agindu honetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Aurreko artikuluan zehaztutakoa bete dadin erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan programa horretarako izendatutako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldian eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du kreditu horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legedian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki, eta kasuan kasu, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan geratzen bada, betiere diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordearen Ebazpen bidez.

2.– Programa hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, Industria Berritzeko eta Garatzeko Sailburuordetzak egoera horren berri emango du, administrazio-ebazpen baten bidez, eta, ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den eskaerarik.

Horretaz gain, aurkeztuak eta izapidean dauden eskaerei ezezkoa emango zaie organo eskudunaren administrazio-ebazpenaren bitartez, aurrekontuan ezarritako diru kopurua agortzeagatik.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN ERREGIMENA

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Erregimen honen helburua laguntzak ematea da, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez, produktu berriak garatzeko proiektuak sustatzearren. Diru-laguntzak lortu nahi dituzten proiektuetan honako hau barne hartu behar da: Agindu honen 6. artikuluan definitutako I+G+B jarduera sorta koherentea, jatorrizko produktuak garatze eta lehendik badirenak hobetze aldera, merkatuaren eta gizartearen beharrei hobeki erantzutearren.

2.– Lehendik badiren produktuak hobetzeko proiektuak, edo garatutako produktua Produktu Berritzat hartzeko moduko berritasun mailarik ez dutenak, ez dira joko “produktu berriak garatzeko proiektutzat”. Diru-laguntzetatik at geratuko dira honako hauek: produktuetan, produkzioko lerroetan eta prozesuetan, eta badiren zerbitzuetan egindako aldizkako aldaketa arruntak, eta bestelako eragiketa arruntak.

5. artikulua.– Proiektu motak.

Banaka edo bi onuradun edo gehiagoren artean lankidetzan egin daitezke diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak. Lehiakortasuna murrizten duten praktikak proiektuetan barne hartzea debekatua dago, EBko Tratatuaren 85. eta 86. artikuluei jarraiki.

6. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jaso ditzakete deialdi bakoitzaren ekitaldian gauzatzen edo garatzen diren jarduerek edo ekintzek.

Diruz lagun daitezkeen I+G+Bko jardueren artean, honako hauek:

a) Industria-ikerketako proiektuen aurreko bideragarritasun-azterketak.

b) Industriako ikerketa-proiektuak.

c) Lehiatu aurretiko garapen-proiektuen aurreko bideragarritasun-azterketak.

d) Lehiatu aurretiko garapen-proiektuak.

Agindu honi dagokionez, industriako ikerketa-jardueratzat hartuko da honako hau: zientziaren eta teknologiaren arloan, ezagutza berriak lortzera eta hobeto ulertzera bideratutako ikerketa planifikatua edo azterketa kritikoak, betiere produktu berriak sortzeko baliagarriak izanik.

Halaber, Agindu honi dagokionez, lehiatu aurretiko garapen-jardueratzat hartuko da honako hau: ikerketaren emaitzak plano, eskema edo diseinu jakinean gauzatzea, saltzeko edo erabiltzeko izango diren produktu, prozesu edo zerbitzu berrietan.

7. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izan daitezke Agindu honetan bildutako diru-laguntzen onuradunak:

a) Enpresak: enpresa handiak eta ETEak (Enpresa Txikiak eta Ertainak, urtarrilaren 12ko 70/2001 zenbakidun Europako Batzordeko Araudiaren I. eranskinean definitu direnak –Araudi hori Europako Batzordearen Tratatuko 87. eta 88. artikuluak enpresa txikiei eta ertainei aplikatzeari buruzkoa da, eta otsailaren 25eko 364/2004 zenbakidun Europako Batzordeko Araudiaren bitartez aldatu zen–.

b) Fundazioak eta enpresa-elkarteak, legezko forma bat edo beste izanik.

2.– Ez dira onuraduntzat hartuko honako hauek:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Eragileak, horretarako akreditatuak direnak.

b) Administrazio Publikoekin lotura duten edo horien mendekoak diren eta berezko nortasun juridikoa duten Erakunde edo Sozietate Publikoak, ezta Administrazio Instituzionalekoak direnak ere, Administrazio hori edozein izanik ere.

3.– Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzeari eutsi egin beharko zaio, emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.

8. artikulua.– Onuradunen betekizunak.

Onuradunek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagun daitezkeen jarduerak garatzea, zuzenean.

b) Proiektuaren gastuetan, gutxienez % 25eko ekarpena egitea.

c) Diruz lagundutako proiektuek Euskal Autonomia Erkidegoan egon beharko dute gutxienez bost urtez.

d) Onuradunek berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun nahikoa izatea ezinbestekoa izango da; halaber, diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste erakunde publikoren batekin kontratuak egiteko zehapeneko edo gaitasungabetzeko prozesuren batean sartuta ez egotea ere eskatuko da.

e) Enpresa Handien kasuan –ETEtzat hartuko ez direnak–, onuradun direnek azaldu egin beharko dute I+G+Bko jardueren kopurua handitzean laguntzek izan duten eragin sustatzailea.

f) Zerga-betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte Erakunde Onuradunek.

Hari berari jarraiki, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek, zerga mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoa– ezarritako kasuak gertatzen direnean, eskatzailearen baimena izanez gero, zerga-betebeharrak beteta izatearen akreditazio-ziurtagiria zerga-arloan eskudunak diren organo eskudunei zuzenean eskatuko zaie; espedientean baimenik ez badago, eskatzaileek beraiek aurkeztu beharko dute ziurtagiri hori.

9. artikulua.– Aukeratzeko gastuak.

Diruz lagun daitezkeen jardueretarako gastu hautagarriak honako hauek dira:

a) Langileen kostuak (ikerketa-jardueran aritzen diren Erakunde eskatzailearen plantillako ikertzaileak, teknikariak eta bestelako laguntzaileak).

b) Kanpoko aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak (erakunde parte-hartzaileetako plantillakoak ez diren kolaboratzaileak eta proiektuaren espezializazio maila handiko zatietako azpikontratazioa barne hartuta), betiere ikerketa-jarduerarako soilik eta etengabe erabiltzen badira, eta kanpoko iturrietan erosiak badira, ikerketako eta teknikako ezagutzak barne hartuta.

c) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Eragileak (horretarako akreditatuak direnak) azpikontratatzeko kostuak.

d) Esplotazioko gastuak (materialen gastuak, hornikuntzakoak, bidaienak, etab.), ikerketako jardueraren ondorio baldin badira.

e) Ikerketarako ez beste ezertarako etengabe erabiltzen diren tresnen eta ekipoen kostuak: proiektuak irauten duen bitartean, ikerketarako ez beste ezertarako etengabe erabiltzen diren ekipoen eta tresnen kostuen amortizazioa, doan lortutakoetan izan ezik.

10. artikulua.– Diru-laguntzen ezaugarriak.

Emango diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

1.– I+G+B jardueretako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen zenbatekoa honako ehuneko hauena izango da, gehienez:

a) I+G+Bko proiektuetako aukeratzeko gastuen % 25 (enpresa onuradunen artean lankidetzarik ez dagoenean % 15).

b) Gehi beste % 5 eskualdeko hobari gisa, Europako Batzordearen Tratatuko (EBT) 87.3.c) artikuluaren arabera, Euskadi lagundutako eskualdea baita.

c) Gehi beste % 10eko hobaria, onuraduna ETEa baldin bada.

d) Gehi % 10eko hobaria, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin lankidetzan garatzen denean proiektua.

e) Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 250.000 euro izango da, onuradun eta urte bakoitzeko.

Laburpen koadroa

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza 	Proiektuak	

jaso dezaketen I+G+B jarduerak 	Onuradunen arteko lankidetzarekin	Banakoak	

Oinarrizkoa	% 25	% 15	

EBTaren Eskualdeko Bonua (87.3.c artikulua)	% 5	% 5	

ETE Bonua	% 10	% 10	

ZTBESko eragileekin lankidetzan 	% 10	% 10	

aritzeagatiko Bonua

Guztira	% 50 (ETE)	% 40 (ETE)	

	% 40 (ez ETE)	% 30 (ez ETE)	

2.– Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen gehieneko zenbatekoari dagokionez (250.000 euro), urteko deialdian eguneratu daiteke, KPIaren gorabeherak aintzat hartzearren, baina mugak handitzeagatik, inola ere ezin izango dira handitu laguntzen gehieneko intentsitateak proiektu mota guztietan, ETEen Zehaztapenaren eta Araudiaren arabera, hurrenez hurren.

11. artikulua.– Diru-laguntzen metaketa eta mugak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzen dituzten eskatzaileen jarduerek beste laguntza batzuk ere jaso ditzakete, laguntza horien nondik norakoa eta laguntzak ematen dituen Administrazioa edo organoa edozein izanik.

Proiektu berari emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edo beste Administrazioek edo erakunde publiko edo pribatuek emandako laguntzekin edo diru-laguntzekin, edo helburu bera lortzeko izandako diru-sarrerekin edo baliabideekin batera hartuta) ezin izango du gainditu, inolaz ere, onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua edo laguntza emandako helburuaren kostua; horrelako kasurik gertatuz gero, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari eman behar zaio laguntza horien berri.

Diru-laguntzen zenbateko guztia zehazteko, besteak beste, honako hauek hartuko dira aintzat: erreferentzia-puntu gako gisa, Europako Erkidegoen eremuan horri buruz ezartzen diren arauak, eta bereziki, batasunean Ikerketa eta Garapenari (I+G+B) ematen zaizkion “Estatuko Laguntzei” buruzko Zehaztapenetako 5.10.6. puntuan ezarritakoa; puntu horretan zehazten denez, metaketa kasuan, laguntza gordinak ez du gaindituko industriako ikerketaren % 75 eta lehiatu aurreko garapeneko jardueren % 50. Muga hori gaindituz gero, Agindu honi jarraiki emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, gehiegizko kopurua adina.

12. artikulua.– Laguntzen kontrola.

1.– Laguntza eman ondorengo kontrolari dagokionez, “Estatuko Laguntzei” buruzko Batasuneko Zehaztapenetako 7. puntuan eta 2001eko urtarrilaren 12ko Batzordeko 70/2001 zenbakidun araudiaren (Europako Batzordearen Tratatuko 87. eta 88. artikuluak enpresa txikiei eta ertainei aplikatzeari buruzkoa) 9. artikuluan –gardentasuna eta kontrola– ezarritako baldintzak zehatz-mehatz errespetatzeko eta betetzeko konpromisoa hartu dute laguntza-programa hau kudeatzeaz arduratzen diren agintariek.

2.– Orobat, agintari arduradunek txosten bat egingo dute urtero; txosten horretan, laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena zehaztuko da, eta laguntzaren sustapen-eragina modu esplizituan azaldu beharko da. Burututako ikerketako eta garapeneko jarduera gehigarrien inguruan, enpresa handiek aurkeztutako txostenak ere barne hartuko dira urteroko txosten horretan.

3.– “Estatuko Laguntzei” buruzko Batasuneko Zehaztapenetako 7. puntuan ezarritakoari jarraiki, 1994ko otsailaren 22an Batzordeak Estatu kideei igorritako gutunean (1995eko abuztuaren 2an aldatu zena, jakinarazpenei eta txosten normalizatuei buruzkoa) zehazturiko baldintzak bete behar dituzte txosten horiek.

4.– Bestalde, banakako proiektu handietarako, eta batasuneko I+G Zehaztapenetako 4.7. puntuaren arabera, 25 milioi eurotik gorako kostua duten banakako ikerketa-proiektuetan ezinbestekoa da aldez aurreko jakinarazpena egitea (EBTko 88.3. artikuluari jarraiki), betiere 5 milioi euro baino gehiagoko diru-laguntza gordina ematea proposatu bada.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

13. artikulua.– Prozedurarekin hastea: Deialdia.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzetan, deialdi publikoa egingo da urtero.

2.– Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordearen ebazpen bitartez egingo da deialdia eta Agindu honetako 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko aurrekontu-esleipenen zenbatekoa zehaztu behar da ebazpenean, eskaerak aurkezteko tokia eta epearekin batera; halaber, interesatuek, nahi izanez gero, eskaerak egiteko eredu-orriak eta formularioak non lor ditzaketen ere adierazi beharko da.

14. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Aurreikusitako laguntzak lortzeko baldintzak betetzen dituztenek eskaera eta gainerako dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dute, urteko Deialdia egiten duen Ebazpenean adierazitako tokietan, laguntza emateko organo eskudunari zuzenduta, dela zuzenean, dela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako edozein modutan, horretarako ezarritako epearen barruan.

2.– Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

2.1.– Oro har:

a) Enpresari buruzko informazio orokorra izango duen eskaera.

b) Enpresaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

c) Ikerketa Proiektuaren deskribapen-memoria.

d) Eskaera-egilearen ordezkaritza-ahalordearen kopia.

e) Honako datu hauek egiazkoak direla aitortzen duen zinpeko aitorpena; aitorpen horri indarreko zigor-erregimena ezarriko zaio, bai administraziokoa, baita penala ere:

– Ogasunarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

– ETEen kasuan, Agindu honetako 7.1 a) artikuluan zehaztutako arau komunitarioetan ezarritako ETEen ezaugarrien definizioarekin bat datorrela.

– Administrazio Publikoekin loturarik edo mendekotasunik ez dutela, eta ez direla Administrazio Instituzionaleko kide.

– 8. artikuluko d idatz-zatian adierazitako zehapeneko edo gaitasungabetzeko prozesuren batean sartuta ez egotea.

– Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako laguntzak.

2.2.– Lankidetza-proiektuak baldin badira, erakunde interesatuek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko.

Horretaz gain, interes teknologikoarengatik, garapenean protagonismo handiagoa izateagatik, edo bestelako arrazoiren batengatik, proiektua garatzeko eta kudeatzeko ardura hartu beharko du parte-hartzaile batek, baita Administrazioarekin hitz egiteko eta harremanak izateko ardura ere, proiektuak behar bezalako martxa izan dezan; ardura horiek bere gain hartzen dituena proiektuaren burua izango da.

Buru den enpresak aurkezten duen eskaeran agertu beharko du egoera horrek; gainera, enpresa horrek ez ezik, gainerako erakunde parte-hartzaile guztiek ere sinatu beharko dute eskaera.

Artikulu honetako 2.1. ataleko e) idatz-zatian aipatzen den zinpeko aitorpena aurkeztu behar dute bai buruak, baita gainerako enpresek ere, eta bai batak, bai besteek, ahalordetze-eskrituraren kopia aurkeztu beharko dute.

2.3.– Nolanahi ere, 13.2. artikuluan aipatzen diren ereduak eta formularioak beteta egin dezakete eskaera erakunde interesatuek.

3.– Dena dela, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotako dokumentazio eta/edo informazio guztia eska dezakete bai Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, bai, kasuan kasu, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (SPRI), Agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzen lagunduko duen erakundea baita; halaber, arau honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedaturikoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Eskaeren onarpena eta zuzenketa.

1.– Eskabideak behar bezala beteta ez badaude, edo Agindu honetan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko zaio interesatuari; eskaturikoa egiten ez badu, Teknologiaren eta Informazio Gizartearen zuzendariaren ebazpen bitartez, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Onuradunen arteko lankidetzan garatzeko proiektuen kasuan, proiektuburu den entitateari ordainduko zaio jarduera horri dagokion diru-laguntza.

16. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.– Ebaluazio Organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere, horretarako sortutako organoa baita.

2.– Ebaluazio Organoko presidente Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria izango da. Beste hiru mahaikideak, berriz, honako hauek izango dira: Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Industria Berritzeko zuzendaria (bera izango da presidenteorde Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako kasuetan), Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuko (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzatik izendatuko den teknikari bat. Azken hori idazkaria izango da.

3.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRIko Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoak burutuko ditu eta, ondoren, Ebaluazio Organoari aurkeztuko dizkio.

4.– Ebaluazio Organoaren bilerak baliozkoak izan daitezen, bilkura egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzen direnean, bertan egon beharko dute Presidenteak eta Idazkariak edo, kasuan kasu, beren ordezkariak eta, gutxienez, gainerako kideetako batek. Ebaluaketa Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko II. kapituluko II. tituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

5.– Ebaluazioa egiterakoan Planean aldaketaren bat egitea komenigarria litzatekeela ikusten baldin badute, eskaera-egileari aldaketa hori egitea iradoki diezaiokete, Agindu honetan zehaztutako helburuetara hobeto egokitu dadin plana.

17. artikulua.– Ebaluazioa egiteko irizpideak.

1.– I+G+Bko Proiektuak eta Produktu Berriak Garatzeko Proiektuak hautatzeko, honako irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Irizpide gakoak, bakoitzak % 20ko garrantzi espezifikoa izanik:

1.– Arrisku teknologiko kontrolatua. Sortzen diren erronka teknologikoak gainditzeko gaitasunaren azterketa.

2.– Merkatu-arriskua. Merkatuaren ziurtasuna eta potentziala aztertzea, produktu berriaren erabileraren eta erabilgarritasunaren, eta produktu horren eskari-mailaren arabera.

3.– Merkataritza-ustiapeneko aurreikuspenak. Enpresaren lehiakortasunean, salmentetan, enpleguan, etab., izango den eraginaren aurreikuspena. Tokiko, nazioko eta, batik bat, nazioarteko merkatuan produktua merkaturatzeko aurreikuspenak.

b) Irizpide orokorrak, bakoitzak % 10eko garrantzi espezifikoa izanik:

1.– Proiektuak eskatzen dituen giza baliabideetara egokitzea.

2.– Metodologia egokia: proiektua behar bezala deskribatua eta egituratua egotea; hurbilketa tekniko-zientifiko justifikatua; proiektuaren lehentasunak argi zehaztea; proposaturiko kudeaketa-eskema egokia izatea; teknologia-iturriak eta laguntzaren gehigarrizko nondik norakoa egokitzea (laguntzaren sustapen-ondorioa).

3.– Aurrekontuaren egitura eta banakapena argiak izatea.

4.– Proiektuan ingurumena aintzat hartzea, baita EAEn enplegua sortzen izan dezakeen eragin potentziala ere.

2.– Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen nota handienaren % 50 baino nota handiagoa ateratzea ebaluazioan, eta bestetik, irizpide gakoetan atera daitekeen notarik handienaren % 40 baino nota handiagoa ateratzea irizpide bakoitzean.

18. artikulua.– Ebazpenaren proposamena.

Aurkezturiko eskaeren ebazpen-proposamenak dagozkion organoari egingo eta aurkeztuko dizkio Ebaluazio Organoak.

Eskaturiko diru-laguntza ematearen aldeko proposamena izanez gero, honako hauek adierazi beharko dira: dagokion zenbatekoa, ikerketa-proiektua gauzatzeko baldintzak eta epeak, eta proiektua garatzeko ezinbestekoa den baldintza oro.

Laguntza ez emateko proposamena baldin bada, ez ematearen arrazoiak adieraziko dira.

19. artikulua.– Ebazpena.

1.– Teknologiaren eta Informazio Gizartearen zuzendariari dagokio laguntza ematen edo ukatzen duen administrazio-ebazpena ematea eta jakinaraztea. Proiektu bakoitzak ebazpen bakarra izango du, eta ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordearen aurrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitakoari jarraiki.

Laguntza Eskaera aurkeztu eta sei hilabeteren buruan, inolako ebazpenik jakinarazi ez bazaio, bere eskaera onartua izan ez dela uler dezake interesatuak, organo eskudunak eskatutako diru-laguntzari buruz ebazpena emateko duen betebeharra alde batera utzi gabe.

2.– Laguntza ematearen aldeko ebazpenean, honako hauek zehaztuko dira: diru-laguntzaren zenbatekoa, ikerketa-proiektua gauzatzeko baldintzak eta epeak, eta egiaz garatu dela ziurtatzeko eskatzen den dokumentazioa, kostuekin batera. Lankidetzako proiektu bati buruzko ebazpena izatekotan, parte-hartzaile onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoa banakatuko da. Ebazpen honi eranskin bat gehituko zaio; bertan onuradunei espedientea amaitu arte eman behar dituzten urrats guztiak eta deskargu-fasean aurkeztu beharko dituzten dokumentu guztiak adieraziko zaizkie, hauei dagozkien ereduak emanez.

3.– Laguntza eskatu duen enpresa bakoitzari jakinaraziko zaio ebazpena. Lankidetzan garatzeko proiektua baldin bada, proiektuburu den enpresari egingo zaio jakinarazpena, baita proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiei ere. Horretaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian esleipendunen zerrenda argitaratuko da urtero.

20. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

a) Ebazpena jakinarazi ondoren, 21.1.a artikuluan xedaturiko epea igaro eta uko-egiterik ez badago, emandako laguntzaren % 70.

b) Urteko programa amaitu ondoren, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Lurralde Bulegoetan, Sailean bertan, edo Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuan (SPRI) diruz lagundutako jarduerak gauzatu direla egiaztatzeko eta jarduera horien helburuen betetze maila ziurtatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren, gainerako % 30a. Urtea bete eta segidako aurreneko hiruhilekoan aurkeztu beharko dira honako dokumentu hauek: memoria teknikoa eta faktura-koadroa, gutxienez; Teknologiaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak emandako formulario-eredu bat balia dezakete interesatuek.

2.– Laguntzak ordaindu aurretik, datuak egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dio Sailari onuradunak (eskatuz gero), baita goian adierazitako faktura-koadroarekin bat etorri beharko duten behin betiko fakturak ere.

21. artikulua.– Onuradunen eginbeharrak:

1.– Hauek dira onuradunen eginbeharrak:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzeko egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari espresuki uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den jardueretarako baliatzea.

c) Enpresa handien kasuan, laguntzak emateko ezinbestekoa da frogatzea I+Gko jarduerak osagarriak direla, ohiko moduan gauzatzen dituen jarduerez gain. Horretarako, enpresak txosten bat aurkeztu beharko du urtero, proiektuaren egoera zein den eta laguntzaren nondik norako sustatzailea zehaztuz.

d) Teknologiaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak egoki iritzitako egiaztatzeak bideratzea erraztea, emandako laguntzen inguruan; eskatzen zaien informazio osagarri guztia erantsi beharko dute onuradunek. Halaber, kasuan kasu, zein enpresa taldekoak diren ere adierazi beharko dute onuradunek.

e) Behin betiko fakturak gordetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez.

f) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean.

g) Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa lortzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla, beste edozein Administraziokoak edo Erakunde publiko nahiz pribatukoak.

2.– Onuradunak aurkezturiko dokumentazioko datuak egiazkoak direla egiaztatzeko, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beharrezkotzat jotako dokumentazio eta/edo informazio guztia eska dezake noiznahi.

IV. KAPITULUA
ERAKUNDE LAGUNTZAILEA

22. artikulua.– Erakunde Laguntzaileak.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraiki, emandako diru-laguntzak kudeatzeko, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (SPRI) Erakunde Laguntzaile izendatu da, honako hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan xedaturikoa (Lege horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen da, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak,

erregimena eta betebeharrak ezartzen dira), azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, eta arau honetan jasotzen diren baldintzak. Horretarako, dagokion Lankidetza Hitzarmena sinatu behar da.

2.– Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren (SPRI) eginkizun izango dira honako hauek, Erakunde Laguntzaile gisa:

a) Aurkezturiko eskaerak jasotzea, erregistratzea eta hasierako ebaluazioa egitea.

b) Ordainketa-proposamena eta ikuskapen-errekerimenduak egitea.

c) Onartutako proiektuak kontrolatzeko eta jarraitzeko prozesuak definitzea eta ezartzea.

d) Izandako emaitzak egiaztatzeko dokumentazioa eta emaitza horien azken ebaluazioa jasotzea eta erregistratzea.

V. KAPITULUA
EZ BETETZEAK

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuaren 53.1. artikuluan aurreikusitako kasuetan, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1. artikuluan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena) aurreikusitako kasuetan, Agindu honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan xedaturiko baldintzaren bat betetzen ez badu onuradunak, edo kasuan kasu, laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzen ez baditu onuradunak, interesatuari entzun eta dagokion ez-betetze espedientea egin ondoren, administrazio-ebazpenaren bitartez, organo eskudunak laguntza atzera botako du eta, kasuan kasu, jasotako laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzultzeko betebeharra erabakiko du, dagozkion gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Dena den, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera, ez-betetzat hartuko dira honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere Teknologiaren eta Informazio Gizartearen zuzendariak emandako luzapen-baimenik edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Proiektuaren ildotik ateratzea edo laguntza emateko ebazpenean xedaturiko eginbeharren bat ez betetzea.

3.– Teknologiaren eta Gizarte Informazioaren zuzendariari dagokio ez-betetze espedientea irekitzea eta ebaztea, baita Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (SPRI) proposatuta ere, proiektua amaitu aurreko gorabeherek eraginda.

24. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik, diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko erabakia alda daiteke; betiere, onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, onuradunak eskatu eta justifikatu ondoren, laguntza eman zuen administrazio-organoak luzapena eman dezake, burutu beharreko jarduerak gauzatzeko; horrelakorik gertatuz gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egingo da, alegatutako arrazoiek justifikatzen badute.

3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotako jarduerak gauzatu behar dira, baina Teknologiaren eta Informazio Gizartearen zuzendariak aldaketak baimen ditzake, aldez aurretik zuzendariari eskatuz gero, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa indargabetzen ez badira.

4.– Proiektuak porrot teknikoa izaten badu, hau da, eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortezin bihurtzen dituen konpondu ezinezko huts-egite teknikoak atzemanez gero proiektua garatzean edo amaitzean, Teknologiaren eta Informazio Gizartearen zuzendariari eska dakioke onuradunak laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko, gauzatutako proiektuaren zatiari egokitzeko. Eskaera onartzeko administrazio-ebazpenean, proiektuaren ondorioak ustiatzeko eskubideen xedea zehazteko aukera du Teknologiaren eta Informazio Gizartearen zuzendariak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 45. artikuluan ezarritakoaren arabera, izapide telematikoko prozeduraren bat garatuz gero, Agindu honetan jasotako laguntzak haren arabera bideratu ahal izango dira, hori arautuko duen araua argitaratzen denean.

Bigarrena.– Agindu honetan araututako laguntza-programaren deialdian aurkeztutako proiektua aztertu ondoren, produktu berriak garatzeko Proiektua ez izateagatik deialdian ezarritako esparruan ez dela barne hartzen erabakitzen bada, Ebaluazio Organoak ofizioz bidera dezake Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eremuan dauden bestelako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako laguntza-programetara edo baliabideetara.

Hirugarrena.– Agindu honetan enpresei emandako laguntzak honako honen mende egongo dira: siderurgiari, ikatzaren industriari, ontzigintzari, zuntz sintetikoei, automobil-industriari, arrantzari eta garraioei buruz Europako Batzordeak emandako sektoreko araudien mende, baita EBko Tratatuaren II. eranskineko produktuei buruzkoen mende ere, produkzioari dagokionez nahiz eraldaketari eta/edo merkaturatzeari dagokionez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salan, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak emango ditu agindu hau garatzeko xedapenak, kasuan kasu.

Hirugarrena.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak ebatziko ditu Agindu hau eta laguntzen Programa hau arautzen duten gainerako arauak betetzean sor daitezkeen zalantzak, kasuan kasu.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko ekainaren 27a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala