Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herri-Kontuen Euskal Epaitegia
1729

HUTSEN ZUZENKETA, ondoko erabakiarena: "ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2004ko irailaren 29an hartutakoa, "Plentziako Udalaren 2002ko urtealdiaren" fiskalizazio txostena behin betiko onesten duena".

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen 155/1993 Dekretuak 24.2 a) artikuluan xedatzen duenez, aldizkarian egindako hutsak edo omisioak testua argitaratzeko agindu duten organoek zuzenduko dituzte, baldin eta nabarmenak badira, xedapen, egintza edo iragarkien esanahia aldatzen ez badute eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian testu osoa edo kasuan kasuko testu-zatia zuzenduta argitaratzeko aginduko dute.

2005eko urtarrilaren 18ko EHAAn (11. zk.) ondoko erabakia argitaratu zen: "Erabakia, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2004ko irailaren 29an hartutakoa, "Plentziako Udalaren 2002ko urtealdiaren" fiskalizazio txostena behin betiko onesten duena". Bertan, goian aipatutako moduko hutsa egin zenez, hutsari dagokion zuzenketa egiten da ondoren:

– Eranskinaren amaieran, 693. orrialdean, Plentziako Udalaren 2002ko urtealdiaren fiskalizazioari buruz Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako txostenaren ondorioei Plentziako Udalak egindako alegazioak, hutsegitez, ez ziren agertzen; orain berriro ematen dira.

PLENTZIAKO UDALAREN 2002KO URTEALDIAREN FISKALIZAZIOARI BURUZ HERRI KONTUEN
EUSKAL EPAITEGIAK EGINDAKO TXOSTENAREN ONDORIOEI PLENTZIAKO UDALAK EGINDAKO ALEGAZIOAK

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Udal honen 2002ko abenduaren 31n amaitutako ekitaldiari buruzko fiskalizazioa egin du eta 2004ko irailaren 17an jakitera eman du fiskalizazioaren emaitza alegazioak eta justifikazioak adierazteko. Ondoren agertzen diren alegazio eta justifikazioak fiskalizazio txosten honen edukiari dagozkio.

1.– IRITZIA

1.1.– LEGEA BETETZEARI BURUZKO

IRITZIA

1.1.1.– LANGILERIA

1.– Epaitegiak dio uda partean kontratatutako langileak hautatzeko deialdietan bete behar den berdintasun printzipioa urratu dela.

Gai honi buruz, egia izanik ere erroldatze-betekizunari dagokionez langileak hautatzeko gaietan indarrean dagoen legerian zehaztutako prozedura zorrotz ez dela jarraitzen, zalantzarik gabe esan behar da aukera-berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak behar bezala errespetatzen direla; izan ere, udako partean lan egiteko langileak (hondartzainak, garbitzaileak eta begiraleak) hautatzeko prozedurak nolabaiteko publizitatea du udal-bando bidez, eta bertan kontuan hartzen diren irizpideak objektiboak izanik (langabezi antzinatasuna, famili kargak, euskara ezagutzea, lanpostuan esperientzia) ez dute epaimahaiaren ahalmeneko interpretaziorik eta, beraz, izangaien zerrendetako hurrenkera atal bakoitzean lortutako puntuazioen batuketaren emaitza da.

Prozedurak amaitu ondoren hautatuei dagokien kontratua egiten zaie.

2.– Epaitegiak dio zinegotziek jasotako kalte-ordainak ez daudela Batzorde Informatiboetara eta Udalbatzetara benetan bertaratzearen baldintzapean, eta beraz, Toki Erakundeen Antolamendu, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzko 2568/1986 EDren 13.6 artikulua urratzen dela.

2002. ekitaldiko Aurrekontuarekin batera onartutako Aurrekontua Egikaritzeko Udal Arauaren 42. artikuluak arautzen ditu zinegotziek ekitaldi horretan jasoko dituzten zenbatekoak, argi bereizten direlarik hiru egoera :

• Erabateko dedikazioa duen alkatearen ordainsaria.

• Alkateordearen ordainsaria.

• Gainerako zinegotzien ordainsaria.

Epaitegiaren esanetan, zinegotziek jasotako diru-kopuruak ez daude udalbatzetara joateari baldintzatuta eta horrek, beraz, Antolamendu eta Funtzionamendu Araudiaren (AFA) 13.6 artikulua urratzen du.

Aurrekoa ikusita, eta Epaitegiaren interpretazioa argitzeko, komeni da ondorengo artikuluak aztertzea:

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 75. artikuluak, egun duen idazketan, 1,2,3 eta 4. puntuetan honako hau dio:

1.– Toki-korporazioetako kideek ordainsariak jasoko dituzte karguak betetzeagatik arduraldi esklusiboan badihardute; kasu horretan alta emango zaie Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean, eta korporazioek beren gain hartuko dute enpresaren parteko kuotak ordaintzea, aurreko artikuluan xedatutakoa salbuespen dela.

Ordainsari horien kasuan, horiek jasotzea bateraezina da administrazio publikoen eta administrazio horien menpeko ente, erakunde eta enpresen aurrekontuen konturako beste inolako ordainsariak hartzearekin; bateraezina da, halaber, beste jarduera batzuk garatzearekin ere; eta hori guztia Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legeko baldintzetan.

2.– Lehendakaritzako edo lehendakariordetzako eginkizunak egiteko, zein eskuordetzako eginkizunak betetzeko, arduraldi partzialeko karguak betetzen dituzten toki-korporazioetako kideek, baita halako dedikazioa eskatzen duten erantzukizunak betetzen dituztenek ere, horretara benetan emandako denborari dagozkion ordainsariak jasoko dituzte; kasu horretan horiei ere alta emango zaie Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean, kontzeptu horretarako, eta korporazioek beren gain hartuko dute enpresaren parteko kuotak ordaintzea, aurreko artikuluan xedatutakoa salbuespen dela. Ordainsari horiek inola ere ezin izango dituzte gainditu Estatuko aurrekontu orokorren legeetan finkatutako mugak. Arduraldi partziala erantsita izango duten karguak eta horien ordainsariak zehazteko osoko bilkuretako erabakietan bertan jaso behar da aipatutako ordainsariak jasotzeko beharrezko gutxieneko arduraldia.

Administrazio publikoetako eta administrazio horien menpeko ente, erakunde eta enpresetako langile diren toki-korporazioetako kideek bakoitzak bere lantokiko lanalditik kanpo eginkizunak arduraldi partzialez betetzeagatik jaso ditzaketen ordainsariak, abenduaren 26ko 53/1984 Legeko 5. artikuluan aipatutako baldintzetan baino ezingo dira jaso, artikulu honetako seigarren paragrafoan xedatutakoaren kalterik gabe.

3.– Ez arduraldi esklusiborik ez arduraldi partzialik duten toki-korporazioetako kideek soilik jasoko dituzte beren korporazioko kide anitzeko organoetako bilkuretara benetan joatearren dagozkien laguntzak, eta laguntza horien zenbatekoa korporazioko osoko bilkurak adierazitakoa izango da.

4.– Toki-korporazioetako kideek beren karguak betetzean benetan egindako gastuen kalte-ordainak jasoko dituzte, administrazio publikoetan orokorrean aplikatzekoak diren arauen arabera, eta haien garapenean korporazioko osoko bilkurak onar ditzan arauen arabera hain zuzen.

AFAren 13. artikuluak ondokoa ezartzen du:

1.– Toki-korporazioetako kideek eskubidea izango dute dagozkien ordainsari eta kalte-ordainak jasotzeko toki-erakundearen aurrekontuaren kontura, ondorengo paragrafoetan zehazten den eran.

2.– Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, euren korporazio-ardurak dedikazio esklusiboan garatzen dituzten toki-korporazioetako kideek ordainsaria jasotzeko eta Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanak izateko eskubidea izango dute. Ordainsariak kobratzen diren kasuetan, kobrantza hori Herri Administrazioen eta berauen menpeko entitate, erakunde eta enpresen aurrekontuen kargurako edozein beste ordainsarirekin bateraezina izango da.

3.– Korporazioko kide bati dedikazio esklusiboa aitortzeak bere karguaren berezko eginkizunetan lehentasunez aritzea eskatzen du, korporazioko jarduerari kalterik egingo ez dieten bestelako eginkizunak alde batera utzi gabe. Eginkizun marjinal horiek ordainduak direnean, toki-erakundearen osokoak egindako bateragarritasun adierazpen formala eskatuko da.

4.– Udalbatzak ezarriko du, lehendakariaren proposamenez eta aurrekontuan horretarako dagoen esleipen orokorraren barnean, Korporazioko zenbat kargutan dedikazio esklusiboan aritu ahal izango den, hau da, ordainsaria jasotzeko eskubidearekin, eta baita bakoitzari dagokion ardura-mailaren arabera dagozkion diru-kopuruak. Korporazioko kide bat kargu hauetako baterako izendatzeak dedikazio esklusiboaren araudia aplikatzea ekarriko du, interesatuak beren beregi onartzen badu; kasu honetan inguruabar hau jakinaraziko zaio udalbatzari hurrengo bilkuran.

5.– Korporazioko kide guztiek, baita bere karguan dedikazio esklusiboko erregimenean aritzen direnek ere, eskubidea izango dute kalte-ordainak jasotzeko karguan aritzeagatik sortutako gastuengatik, eraginkorrak direnean, eta agirien bitartez zuriketa egin ondoren, Herri Administrazioen aplikazio orokorreko arauen eta zentzu honetan udalbatzak onartutakoen arabera.

6.– Dedikazio esklusiboa ez duten korporazioko kideek soilik jasoko dute diru-ordaina kide diren kide anitzeko organoetako bilkuretara joateagatik, udalbatzak ezarritako zenbatekoz. Halere, guztiek jaso ahalko dute kalte-ordain mota hau ondorengo kasuetan: berezko lege-nortasuna duten toki-korporazioaren menpeko erakundeetako aginte-organoen, udalaren kapitaleko edo menpeko enpresen administrazio-kontseiluen edo langileak hartzeko hautaketa-probetako epaimahaien bilkuretara joateagatik.

Manu arautzaileak transkribatuta, azpimarratzekoa da Auzitegi Gorenaren 2000ko urtarrilaren 18ko epaia (kopia eransten da). Bertan adierazten da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 75. artikuluak aipatzen dituen kalte-ordainen zentzua ez dela agortzen AFAren 13. artikuluan ezarritako kalte-ordainekin; izan ere, alde batetik lege bat garatzen duen maila txikiagoko arauak ezin du haren edukia aldatu edo murriztu, eta, bestalde, legea orokorrean eta mugarik gabe aritzen den bitartean, araudia gastuengatiko kalte-ordainari dagokio, eta kalte-ordainaren helburua egindako gastuengatik zein lortzekoak ziren irabaziak ez lortzeagatik etor daitekeen kaltea ordaintzea da.

Laburbilduz esan daiteke Plentziako Udalak, zinegotziek jasotako kalte-ordainak bilkuretara joatera ez baldintzatzerakoan ez diola horregatik manua betetzeari uzten, ez baita zuzena interpretatzea korporazioko kideen ordainsariak izan daitezkeenik soilik dedikazio esklusiboa edota partziala izateagatik edo bilkuretara joateagatik; indarrean dagoen 7/1985 Legeak, dedikazioko (esklusiboa edo partziala) ordainsariak baimentzeaz aparte, ondokoa xedatzen du: "Toki-korporazioetako kideek udalbatzak erabakitako kopuruz eta baldintzetan kalte-ordainak jaso ahalko dituzte" eta "kalte-ordain" kontzeptuaren barnean, sar daitezke dedikazio esklusiboko erregimenean aritzen ez diren udal-karguen ordainak (ikus dokumentuaren amaierako 1. oharra).

3.– Epaitegi horrek dio bost langilek ekoizgarritasun-osagarria jasotzen dutela udalbatzaren derrigorrezko onespenik gabe.

Egia da bost udal-langile daudela bere ordainsariaren barnean ekoizgarritasun-osagarria jasotzen dutenak, baina ez da guztiz egia hori jasotzeko ez dutenik udalbatzaren onespena.

Osagarri hauen jatorria 1998. urtean dago; urte horretan, orduan alkate zenaren aginduz, eta ukitutako bost langile horien errendimendu eta interes berezia ordaintzeko asmoz (EUFALEBAren 77. artikulua), osagarri hori sartu zen haien soldatetan.

Harrezkero eta urtero Udalbatzak Udal Aurrekontuak onartzen dituenean, udal-langileen ordainsariak ere onartzen ditu, eta beraz, baita langile horiei aipatu osagarria ematea ere.

Azkenik esan behar da ukitutako langileak kontratupeko langileak direnez, Langileen Estatutuak ezartzen duela osagarri horiek mantentzeko betebeharra, behin igoz gero soldata gutxitzea debekatzen baitu.

Alabaina, egoera hau eta bestelako batzuk hurrengo lanpostuen balorazioa egiten denean erregularizatzeko daude (ikus dokumentuaren amaierako 2. oharra).

4.– Egun erdiko lan-kontratuko lanpostu finkoa duen langile bati Udalak ordaindutako ordainsariaren gehigarriari dagokionez.

Hasieran Udalak bi garbitzaile zituen plantillan, biak lanaldi murriztuarekin; haietako batek denbora gutxiko bajak izaten zituen (batzuetan egunetakoak, besteetan asteetakoak), baina sarri eta behin eta berriz; Udalak, zerbitzua ez ukitzeko, denboraldi txiki horietan beste garbitzaileari ematen zizkion bajan zegoen langilearen egitekoak egin zitzan, eta zerbitzu gehigarri horiegatik ordainsaria ematen zion.

Behar bada egoera berriari aurre egiteko administrazioaren ezintasunagatik, egoera luzatu egin zen bajak hartzen zituen langileak zegokion lanerako ezintasuna lortu zuen arte.

Azkenean, 2003ko ekitaldiari zegokion lanpostuen zerrenda onartu zenean egoera erregularizatu egin zen eta aipatu garbitzailea egun osoko lanaldira pasatu zen; horrela egiaztatuta geratzen da honekin batera doan Udal Aurrekontuen onarpena argitaratu zuen 2003ko apirilaren 3ko BAOren kopiaz.

3.1.2.– KONTRATAZIOA

1.– Villabasoena eraikina birgaitzea.

Epaitegi horrek legea ez dela bete alegatzen du, ondorengo bi arrazoiengatik:

• Espedidentean ez justifikatzeagatik obraren zatiketa.

• Publikotasun-baldintza ez betetzeagatik eta dagokion prozedura saihesteagatik.

Epaitegi horrek dio zatiketa ez dela justifikatu baina hori ez da horrela Udal honen iritziz obra horien presa eta berariazko izaera direla eta ondoren ematen diren arrazoiengatik:

Hain zuzen ere, 2002. urtean zehar 326.881,38 euroko lizitazio-aurrekontuarekin eraikin hori birgaitzeko obra zibila egin ondoren, ekitaldi horren amaieran eta 2003ko ekitaldian ondorengo hiru obra esleitu ziren:

• Igeltserotza-lanak (zoruak eta sabaiak) 65.376,28 euroko zenbatekoz.

• Arotzeria-lanak 19.264,97 euroko zenbatekoz.

• Pintaketa-lanak 8.789,83 euroko zenbatekoz.

Igeltserotza-lanak:

Lan hauek burutzea kontratu nagusiko kontratistarekin hitzartu zen lan osagarri modura APKLaren 141.d artikuluaren babesean.	

Lan hauek proiektu berri bat daukate, hasierakoaren desberdina eta aldatzen ez duena, kontratu berri bati lekua eginez.

Aipatu lanak beharrezkoak ziren kontratu nagusia hobetzeko eta zenbatekoak ez zuen gainditzen hasierako kontratuaren %20aren muga; beraz, legezko manuaren baldintzak betetzen zirenez, lan hauek burutzea kontratistarekin hitzartu zen.

Arotzeria-lanak:

Eraikinaren egitura zela medio berariazko eskailera neurrira egitea beharrezkoa zen eta hori kontratista nagusiari egiteko eskatzea ez zen posible; beraz, APKLaren 141.b eta g artikuluen babesean (ondoren transkribatzen dira) erabaki zen publizitaterik gabeko prozedura hitzartua jarraitzea, eta arotzeria/ebanisterian espezializatutako hiru enpresari eskatu zitzaien eskaintzak egin zitzaten.

141. artikulua.– Publizitate gabeko prozedura hitzartua erabili ahal izango da inguruabar hauetakoren bat ematen denean:	

a) Berezitasun teknikoak direla eta lanak burutzea jakineko enpresari bati soilik eska dakiokeenean.

b) 60.101,21 eurotik beherako aurrekontuko lanak direnean.

Pintaketa-lanak:

Kontratu txiki modura esleitzen dira gastu-onartze eta faktura baldintzak betez.

Villabasoena eraikina Udalak erosi eta birgaitu zuen Udal Artxiboa jartzeko bertan; birgaitze-lanak lehenbailehen amaitzea ezinbestekoa zen kontuan hartuta udal-funtsak oso egoera txarrean zeudela.

Ondorioz, uste dugu kontratua zatikatzea justifikatuta dagoela lanen izaera kontuan hartuta, egia izan badaiteke ere zatikatzeko arrazoiak ez zeudela behar den moduan justifikatuta espedientean; izan ere, lanak, lehen esanda bezala, berehala egin beharrekoak eta zeharo teknikoak ziren.

Publizitate eta dagokien prozedura saihesteari buruz, berriro ere gure desadostasuna agertzen dugu, erabilitako prozedurek (obra osagarriak, publizitate gabeko prozedura hitzartua eta kontratu txikia), frogatu den bezala, APKLaren 141. artikuluaren babesa dutelako.

1.– Gastua egin aurreko fiskalizazio eta baldintza-agirien onarpenaren baldintzak bi kontratutan ez betetzea (pilotalekuan berogailua ipintzeko eta parkeak eta lorategiak mantentzeko)

Halaxe da, aitortzen dugu aipatu baldintzak erabat bete ez izana.

Halere, esan behar da kontratu horietan gastua egin aurreko fiskalizazio-egintza adierazia ez egoteak ez duela esan nahi esleipenak beharrezko aurrekontuko diru-izendapenik gabe egin direnik.

2.– Kultur zerbitzuko kontratuak justifikatu gabe zatikatzea.

Kultur ekintzen zerbitzua 2000ko udan hasi zen ematen udalerri honetan, zehatzak izateko uztailean; hasieran zerbitzu txikiak eman ziren, pixkanaka handitzen joan eta egun ematen diren kultur zerbitzuen tamaina hartu arte (helduentzat kultura, gazteentzat kultura eta ludoteka).

Ondorioz, ekintzek guztizko bolumena hartu ondoren eta ekintza horiek emango ziren eraikina birgaitu ondoren, Udalbatzak, 2002ko azaroaren 29an egindako bilkuran Goñiportal Kultur Etxeko kudeaketa-lanak lehiaketa bidez kontratatzeko baldintza tekniko, juridiko eta ekonomikoen plegua onartu zuen. Alegazio hauekin batera doa espediente horren kopia.

1.2.– URTEKO KONTUEI BURUZKO IRITZIA

Ondasun Inbentarioari dagokionez, Plentziako Udalak bere jabari publikoko eta ondare-ondasunen kontrola darama inbentario horren bidez; inbentarioa, eguneratu egiten da urtero, ondasunen altak, bajak eta balio-zuzenketak sartuz, baina horrek ez du isla zuzenik ondare-kontabilitatean, kontabilitate-aplikazioa ez dagoelako Ondasun Inbentarioari lotuta.

Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak 1999ko ekitaldian jarritako Ondasun Inbentarioaren aplikazioarekin lan egiten du eta aplikazio hori gure kontabilitate-aplikazioarekin bateraezina da. Udalak, egoeraren jakitun izanik, bi aplikazio informatikoak bateratzearren (Ondasun Inbentarioa – Kontabilitatea) informatika-sisteman aldaketa bati ekitea aurreikusi du; horrela lortuko da Ondasun Inbentarioan erregistratutako urteroko aldaketak gure kontabilitate sistemara iraultzea.	

II.– KUDEAKETAREN ALDERDIAK ETA

GOMENDIOAK

II.1.– AURREKONTUA ETA KONTABILITATEA

1.– Ur, zabor eta estolderia zerbitzua ematea.

Epaitegiak zerbitzu honetatik eratorritako diru-sarrerei sortzapen irizpidea aplikatzea gomendatzen du eta ez kutxarena.

Gai honi buruz esan behar dugu Epaitegiak egindako adierazpenekin ez gatozela bat inondik ere; 2002ko martxotik (data horretan Ur Partzuergoarekin bigarren mailako udal-sarea kudeatu, mantendu eta ustiatzeko hitzarmena izenpetu zen) hona ez dugunez inolako diru-sarrerarik izan kontzeptu horregatik ez dugu inolako irizpiderik aplikatu behar, ez kutxakoa ez sortzapenekoa.

2.– Plentziako Eskualdeko Ikastetxea.

Epaitegiak dio Plentziako Eskualdeko Ikastetxeko gastuak eta diru-sarrerak udal aurrekontuaren diru-sarrera eta gastuen egoera-orrietan islatu behar direla; ematen duen arrazoia da aipatu ikastetxea udalarena denez ez dagoela lege-euskarririk ikasleak bidaltzen dituzten eskualdeko udalei dagokien zatia ordaintzea eskatzeko.

Interpretazio horren aurrean, guk diogu eraikina Plentziako Udalarena izan arren, eta beraz, guk kudeatu gastuak eta diru-sarrerak, euskarri legala daukagula, Lehen Hezkuntzako Legearen arabera, Eskualdeko Udalei euren finantzazio zatia eskatzeko; beraz, ikastetxe horri dagozkion gastuak eta diru-sarrerak aurrekontukoak ez diren kontuetan jasotzen ditugu, gero aurrekontura pasatzen baditugu ere.

Honekin batera doa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1996an Gorlizeko Udalari bidalitako idazkia, non interpretazio hau islatzen baita.

3.– Udal-ondasunak besterentzetik eskuratutako diru-sarrerak.

Epaitegi horrek dio Udalak inbertsioetako kredituak sortzeko aurrekontu-aldaketa egin duela udal-ondasunak besterentzean eskuratutako diru-sarreren truke, hauek helburu jakinik izan gabe.

Horri erantzuten diogu inoiz kredituren bat sortu badugu ondasunak besterentzetik eskuratutako sarreren truke eta jakineko helbururik gabe, ekitaldiko inbertsioak oraindik zehaztu gabe zeudelako izan dela; dena den, sortutako kreditua beti inbertsioetarako izan da.

II.2.– LANGILERIA

Jadanik adierazi denez, laster egingo den lanpostuen balorazioaren zain gaude Epaitegi horrek aipatzen dituen hainbat egoera erregularizatzeko.	

II.3.– KONTRATAZIOA

1.– Hiri hondakin solidoak bildu eta garraiatzeko kontratua.

Epaitegi horrek dio APKLaren 157. artikulua ez dela betetzen, luza daitekeen hasierako 5 urteko iraupena duen eta luzapenei mugarik jarri ez zaien 1998ko kontratu bat delako.

Halaxe da, eta zegokion espedientea izapidetu ondoren, 1998ko otsailaren 1ean, hiri-hondakin solidoak bildu eta garraiatzeko 5 urteko iraupeneko kontratua egin zen.

Geroago, 2002ko urtarrilaren 31ko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bitartez, Udalak eskaria egin ondoren, enpresa esleipendunak aurkeztutako proposamena onartu zen, zerbitzua berriro ere kontainer bitartez egiteko, eta kontratuaren 6 urteko luzapena ere onartu zen (5 urteko benetako luzapena) ordainen oreka ekonomikoa mantendu ahal izateko. Honekin batera doa espedientearen kopia.

Beraz, horrela frogatuta geratzen da Udalak aipatu kontratuaren luzapenei dagokien legezko agindurik bete gabe ez duela utzi.(ikus 3. oharra dokumentuaren amaieran).

2.– Udalaren diru-bilketa exekutiboaren zerbitzua.

Epaitegi horrek alegatzen du luzapenaldi bakoitzaren urteroko formalizazioa ez dela egin eta formalizazio horri dagokion Udalbatzaren onespena ez dela eman.

Lehenengo eginbeharra ez dela bete esatearekin ados gaude (dagokion luzapenaldiaren urteko formalizazioa ez egitearekin), baina ez bigarrenarekin; izan ere, egia bada ere luzapen bakoitza espresuki onartzeko ekintzarik ez dagoela, onarpen tazitua badago, zeren urtero Udaleko Aurrekontuak aurkezten direnean Osoko Bilkurak onar ditzan, diru-bilketa exekutiboaren zerbitzuak ordaintzeko helburua duen 611.00.227.09.00 aurrekontu-saila zuzkitzen dugu (ikus 4. oharra dokumentuaren amaieran). 	

III.– FINANTZA ANALISIA

Atal honetan, Euskal Epaitegiak emaitza arruntaren, aurrezki gordinaren, inbertsio-eragiketa garbien, diru-kutxaren gerakinaren eta zorpetzearen garapena aztertzen du Udalaren urteko diru-kontuen arabera eta magnitudeok biztanleko 2002. ekitaldian ere aztertzen ditu; azken hauek 2001. ekitaldian 1.000 eta 5.000 arteko biztanleria duten EAE eta Bizkaiko Lurralde Historikoko udalen batezbestekoarekin alderatzen ditu. Horrela bada, puntu honetan ez gatoz bat alderaketa horiek burutzeko kontuan hartu den ekitaldi ekonomikoarekin, 2001.arekin hain zuzen ere, baldintza bertsuetan jokatzeko EAEko eta BLHko udalen 2002. ekitaldiko datuak hartu behar baitziratekeen kontuan.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Udal Harremanetako eta Hirigintzako Sailak 2002ko udal-integrazio ekonomikoaz egindako azterketaren analisian, honakoa nabarmen daiteke:

SARRERA ARRUNTAK BIZTANLEKO

Euskal Epaitegiak dio Plentziako Udaleko biztanleko sarrera arruntak 2002ko ekitaldian aztertutako hiru sarrera-kontzeptuetan %14 txikiagoak direla EAEko udalen batez besteko sarrerak baino eta %20a txikiagoak Bizkaiko udalenak baino 2001eko ekitaldian.	

Puntu honetan, Udal honek bere desadostasuna adierazi behar du, ulertzen duelako 2002ko ekitaldia hartu behar zela kontuan eta ez 2001ekoa, aldea aipagarria baita ondoko datuetatik ateratzen denez:

Sarrera arruntak biztanleko (Udala)	815

Sarrera arruntak biztanleko (biztanleria-geruza) (*)	 886	(-8,1%)	

BLHko sarrera arruntak (**)	866	(-5,9%)	

(*) Biztanleria-geruzaren batezbestekoak (per capita) txosten hau egiteko kontuan hartu diren biztanleria-geruza horretako udal guztietako zenbatekoen batuketa biztanleria-geruza horretako udaletako (2.000-5.000 biztanle) biztanle-kopuruaren artean zatikatuz lortzen dira. 	

(**) BLHko batezbestekoak (per capita) txosten hau egiteko kontuan hartu diren BLHko udaletako zenbatekoak Lurraldeko udal horietako biztanle-kopuruaren artean zatikatuz lortzen dira.	

GASTU ARRUNTAK BIZTANLEKO

Euskal Epaitegiak dio 2002ko ekitaldian gastu arruntak %12 gehiago direla Bizkaiko zein EAEko udalekiko, 2001eko ekitaldiko biztanleria-geruza bera hartuta.

Berriro lotzen gatzaizkio "Udal Integrazio Ekonomikoa 2002" txostenak emandako ondoko emaitzei:

Gastu arruntak biztanleko (Udala)	702		

Gastu arruntak biztanleko (biztanleria-geruza) (*)	649	 (8,1%)	

BLHko gastu arruntak (**)	646	(8,6%)	

AURREZKI GORDINA

2002ko ekitaldian Plentziako Udaleko aurrezki gordina 434.000 eurokoa da, ulertzen bada aurrezki gordina sarrera arruntei gastu arruntak kentzearen emaitza, gastu arruntetatik 3. kapituluko gastu finantzarioak salbuetsita. Euskal Epaitegiak dio emaitza hori %70 eta %65 txikiagoa dela, hurrenez hurren, Bizkaiko eta EAEko udaletako geruza bereko batezbestekoarekiko.	

Puntu honetan, berriro diogu, gainerako geruzekin alderatzen den ekitaldia ez dela, gure iritziz, egokia; hortik ematen diren alde aipagarriak. Honekin batera doaz Bizkaiko Foru Aldundiak 2002ko ekitaldiko aurrezki gordinari buruz emandako datuak (ez ditugu aurrezki gordinari buruzko datu orokorrak); datu horietan ikusten da alderaketa-gai diren beste bi geruzen eta Plentziako Udalaren arteko aldea %12koa dela.

INBERTSIO AHALEGINA

Puntu honetan, berriro lotzen gatzaizkio Bizkaiko Foru Aldundiaren udal-integrazio ekonomikoari buruzko azterlanari; azterlan horretan Plentziako Udalaren 2002ko inbertsio-maila jasotzen da (inbertsio-maila gastu guztiaren gaineko inbertsio errealen gastua ordezkatzen duen ehunekoa dela ulertuz) eta hona hemen emaitza:

Plentziako Udala	26,7%	

Geruza	34,1%	

BLH	21,9%	

Datu horien arabera, ez dago alde handirik Plentziako Udalaren datuetan alderaketa-gai diren beste bi geruzarekiko, BLH mailan Udal honek inbertsioetan gastu handiagoa egin badu ere, gehienbat aurrezki garbia erabiliz inbertsio horiek finantzatzeko.	

PLENTZIAKO UDALAREN ZORPETZEA

2002-12-31n.

Plentziako Udalaren zor bizia 2002ko abenduaren 31n 455.677, 55 eurokoa da (456 mila euro). Euskal Epaitegiak dioenean Udal honen zorpetze-maila Bizkaiko udalen mailatik %43 gorago dagoela, badirudi kontraesana dagoela Bizkaiko Foru Aldundiak udal-integrazio ekonomikoari buruzko azterlanean ezarritakoarekin, gure udalerriaren zor bizia per capita (biztanle bakoitzeko zor bizia) 123,88an baitago eta BLHkoa 181,27an, alde aipagarria dagoelarik azken datu honekiko (BLHko udalen zor bizia %46,33 handiagoa).

Beraz, Udalbatza honek ulertzen du ez dela zuzena Plentziako Udaleko 2002ko ekonomia-ekitaldia 2001ean 1.000 eta 5.000 arteko biztanle-kopurua zuten EAEko eta Bizkaiko Lurralde Historikoko udalen batezbestekoarekin alderatzea, horrekin lortzen dena argi eta garbi neurri berarekin ez neurtzea baita. (ikus 5. oharra dokumentuaren amaieran).

1.OHARRA	TAOLaren 75. artikuluak, 14/2000 Legeak aldatutakoak, Udalaren kide anitzeko organoen bileretan benetan parte hartzeagatik asistentziak eta karguan aritzeagatik egindako gastuen kalte-ordainak ordaintzea aurreikusten du, ez jardun esklusiboa ez zatikakoa ez duten Udalaren kideentzat; Udal honetan egoera hori ematen da alkatearen kasuan salbu. AFAk, beraren aldetik, arau horiek berak biltzen ditu, karguaren jardunean sortutako gastuen kalte-ordainek egindako gastuetan eta agiriz zuritutakoetan behar dutela izan jatorria erantsiz. TAOLak ez du izaera orokorreko beste kalte-ordainik edo karguaren jardunean udalkideentzat 75. artikuluan zerrendatutako ordainketez besterik aurreikusten, ezein kasutan. 	

2.OHARRA	TAOLaren 21. artikuluak, edozein kasutan ere, Udalbatzari esleitzen dio funtzionarioen ordainsari gehigarrien zenbatekoa zein udalaren aurrekontuak onartzea. Eskumen hauek ezin dira alkatearen esku utzi.

	1998an Udalbatzak bereziki onartu behar izan zuen ekoizgarritasun-osagarria eta udalaren urteko aurrekontua onartzeak ez dakar berekin eskumen honen erabilera, baizik Udalbatzak duen beste eskumen batena.	

	

		

3.OHARRA	APKLTBaren 157. artikuluak (APKLaren 158.ak) zehazten du zerbitzu publikoetako kudeaketaren kontratuak ezingo duela izaera zehaztugabea edo iraunkorra izan, haren iraupena eta izan ditzakeen luzapenena ezarriz. 	

			

4.OHARRA	Diru-bilketa exekutiboaren zerbitzua ordaintzeko aurrekontu-partida onartzeak ez dakar berekin diru-bilketa zerbitzuaren kontratuaren luzapena onartzea. 	

			

5.OHARRA	Epaitegi horrek egindako azterketa finantzarioan ikuskatutako udalaren aurrekontuaren likidaziotik jasotako datuak urtero egiten duen Toki Erakundeen txosteneko datuekin alderatzen dira. Aipatu txostenean udalak sei biztanleria-geruzatan sailkatzen dira eta lurraldez, gure azterketan ikuskatutako udalerriari dagozkion biztanleria-geruza eta lurraldeko datuak erabiliz.

2001eko datuak erabili dira, 2002ko Toki Erakundeen txostena ezin izan delako erabili azterlana egiteko.	

Bestalde, BFAk egindako 2002ko Udal Ekonomia Integrazioari buruzko Azterlanak gure azterketan erabilitakoaren aldean biztanleria-geruza desberdin baten batezbesteko datu per capitak ateratzen ditu (2000-5000 biztanle), eta "txosten hau egiterakoan kontuan hartu diren" udaletatik, ez direlarik ezagutzen zeintzuk diren udal horiek. Halaber, biztanleria-geruza guztietako "txostenean sartu diren" BLHko udaletako batezbesteko datu per capitak ateratzen ditu.

Beraz, arrazoizkoa da bi alderaketen emaitzak desberdinak izatea.	


Azterketa dokumentala