Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2004ko uztailaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
3873

AGINDUA, 2004ko ekainaren 30ekoa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, ekoizpenetik kanpokotzat jotako azalerak azienda elikatzeko erabiltzeari buruzkoa, 2004-2005 merkaturatze-ekinaldian.

Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1251/1999 (EE) Erregelamenduak zenbait belarkiren ekoizleak laguntzeko erregimena ezarri du, eta, Batzordearen 1999ko urriaren 22ko 2316/1999 (EE) Erregelamenduak, bestetik, aplikatzeko arauak.

Apirilaren 8ko 86/2003 Dekretuak "Azaleraren araberako laguntzak" eta "azienda-primak" izeneko Europako laguntzak garatu eta ezarri ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Zehazki esateko, dekretu horren 8.6. artikuluan zehaztutakoaren arabera, arau komunitarioaren 19. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan zehaztuta bezala, ekoizpenetik kanpo lagatako azalerek horrela jarraitu beharko dute, gehienez, urtarrilaren 15etik, eta, gutxienez, abuztuaren 31ra bitartean.

Kontuan harturik pasa den ekinaldian izandako gorabeherak Batzordearen 2004ko ekainaren 11ko 1106/2004 (EE) Erregelamenduak salbuespen bat ezarri du 2316/1999 (EE) Erregelamenduan ezarritakoaren gainean ekoizpenetik kanpokotzat lagatako azalerak zenbait estatukidetan erabiltzeari dagokionez 2004/5 merkaturatze-ekinaldian. Horrela, gure kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoak baimena eman ahal izango du 2004/05 ekinaldian ekoizpenetik kanpokotzat lagatako azalerak azienda elikatzeko erabiltzeko, ezarriko diren baldintza eta irizpideekin bat etorriz.

Apirilaren 8ko 86/2003 Dekretuko azken xedapenetako lehenengoak zera xedatzen du: Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, aukera izango duela Europako araudian edo Estatuko oinarrizko legedian aldaketaren bat sortzen baldin bada, agindu bidez dekretu honetan esaten dena aldatu ahal izateko.

Horiek horrela, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– 2004-2005 merkaturatze-ekinaldian ekoizpenetik kanpokotzat jotako azalerak azienda elikatzeko erabiltzeko baimentzea 2004ko abuztuaren 31 arte, Batzordearen 2004ko ekainaren 11ko 1106/2004 (EE) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat.

Bigarrena.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio bidea. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aurrean, hilabeteko epean (agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita). Bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean (agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita)..

Vitoria-Gasteiz, 2004ko ekainaren 30a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala