Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2004ko uztailaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
3872

EBAZPENA, 2004ko maiatzaren 19koa, Ingurumen sailburuordearena, honako proiektu honen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena egiteko dena: "27. sektorea, ‘Txalaka-Araneder’, urbanizatzeko eta Oianume errekaren azken tartean ubidea egiteko proiektua, Ori-Berri SL-k eta beste batzuek Astigarragan eta Hernanin sustatua".

Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, bere I. eranskineko B) idatz-zatian agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten menpe izango dira eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.

Hasi da "27. sektorea, ‘Txalaka-Araneder’, urbanizatzeko eta Oianume errekaren azken tartean ubidea egiteko proiektua, Ori-Berri SL-k eta beste batzuek Astigarragan eta Hernanin sustatua", onartzeko jardunbidea, eta aplikatzekoak diren arauak kontuan hartu dira, hala nola, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta berau garatzeko Erregelamendua onesten duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua. Ondorioz, honako izapideak burutu dira besteak beste:

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua garatzeko Erregelamendua onesten duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko 13. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako aurretiazko kontsulten izapidea.

Proiektua eta proiektuak berak ingurumenaren gainean duen eraginari buruzko azterlana hamabost egunez jendaurrean egon ziren (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2004ko otsailaren 6koa, 24. zenbakia).

Astigarragako Udalak Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen espedientea. Espedientea 2004ko maiatzaren 6an osatu zen.

Erreferentziako proiektuaren espedienteko agiri teknikoak eta txostenak aztertu dira eta, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena eta indarrean dagoen araudian xedatutakoaren araberakoa denez, Ingurumen Sailburuordetzak, bera baita organo eskumenduna Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau emateko, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren Egitura Organikoa ezartzen duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuaren arabera, honako hau

EBATZI DU:

1.– Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko aldeko Adierazpena ematea "27. sektorea, ‘Txalaka-Araneder’, urbanizatzeko eta Oianume errekaren azken tartean ubidea egiteko proiektua, Ori-Berri SL-k eta beste batzuek Astigarragan eta Hernanin sustatua" izeneko proiektuari.

2.– Proiektua gauzatzeko ondoko baldintzak finkatzea.

2.A.– Ingurumenaren gaineko eragina aztertzeko prozeduraren barruan Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu diren agirien arabera burutuko da proiektua, bai eta ebazpen honetantxe jasotako zehaztapenekin ere.

2.B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 50. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

2.C.– Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak.

Proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako agirietan onartutakoaren arabera bete beharko dira neurri babesleak eta zuzentzaileak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazioa egiteko. Gainera, ebazpen honetan ezarritakoak gehitu beharko zaizkie. Neurri horiek guztiak obraren kontratazioko baldintza-agiriaren baitan sartuta geratuko dira, eta neurriak betetzea bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

2.c.1 Natur ondarea babesteko neurriak

2.c.1.1 Urbanizazio berria egitearekin zerikusia duten jarduketa guztiak, hala nola lur-mugimendu oro, materialak eta landare-lurra ateratzeko eremuak, hondakinen behin-behineko biltegiak, makina-parkea eta obretako bideen sarea, denak ere urbanizazio berriaren barrutian kokatuko dira, edo, behar bezala justifikaturiko kasuetan bakarrik, inguruko lurretan.

Aipatutako barrutitik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, eragina zuzentzeko eta tokia lehengoratzeko neurri egokiak jarriko dira, ingurumenari buruzko aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.1.2 Eraginpeko eremua aurreikusitakoa baino handiagoa izan ez dadin, obren zuinketa egiten denean mugarriak jarriko dira, eraginpeko gehieneko eremua zehatz mugatuko dutenak.

2.c.1.3 Bai obrako instalazio lagungarriak eta bai obrako materialen biltegiak eta hornidura-guneak kontratistaren instalazio-eremuetan egongo dira, hain zuzen ere urbanizazio-proiektuan aurreikusi diren horietan. Hona non agertzen diren zehatz-mehatz: Astigarragako A-27 sektorea, Txalaka-Araneder, urbanizatzeko proiektua, 2003ko maiatza. 5. agiria ("Segurtasun eta Osasun Azterketa"), 2. planoa ("Zirkulazioa, itxiturak, txabolak, hornidurak eta arriskuak").

Eremu horiek kontratistak egokituko ditu, garatu asmo diren jarduera guztiek ingurumenean izan ditzaketen eragin kaltegarriak gutxiagotzeko.

2.c.1.4 Poligonoa urbanizatzeko obren planetan, eta Oianume errekako ubide berriak Urumea ibaiarekin bat egiten duen tokian, bereziki, landaretza autoktonoa kentzea saihestuko da, batez ere Urumea ibaiaren bazterretako landaretza, betiere esparru horietan zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez bada. Horretarako, proiektuak ukitu behar ez dituen ibai-bazterreko landaretza-esparruak zehazki mugatu eta balizatuko dira.

Hori dena betetzeaz gain, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait landare-espezie babespean jartzen dituen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan eta Mendiei buruzko 1994ko uztailaren 8ko 6/1994 Foru Arauan jasotako baldintzak ere bete beharko dira.

2.c.2 Lurra eta urak babesteko neurriak

2.c.2.1 Obrako ibilgailuen mantentze-eragiketei eta erregaia kargatzeari dagokienez, eta bai tailerreko berezko jarduerei dagokionez ere, eragiketa horiek zoladura iragazgaitza eta isurketak biltzeko sistema duen eremu batean egin beharko dira.

2.c.2.2 Eraikuntza-lanak egin bitartean ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze-sarera. Horretarako, erretenak, sedimentuei eusteko hesiak eta solido esekien dekantazio-putzuak proiektatu eta egingo dira, obretan kutsatutako urak biltzeko, Urumea ibaira bota beharrean. Hondakinak eta lurra ez dira botako edo pilatuko sistema hidrologikoa ukitu dezaketen tokian, alegia, zuzenean edo euri-urarekin nahastuta sistema hidrologikora igaro daitezkeen tokian.

2.c.3 Ibaiko ekosistema berreskuratzeko neurriak.

Arroan eskumena duen erakundeak jabari publiko hidraulikoa eta haren zortasunak ukitzen dituzten obrei buruz ezar lezakeena ezertan galarazi gabe, Oianume erreka desbideratzeko eta ibilgu berria eraikitzeko obrak Astigarraga eta Hernani udalerrietan, Oianume errekaren azken zatia bideratzeko proiektuaren (2003ko ekainekoa) arabera gauzatuko dira. Halaber, ibilgu berriko ingurumena lehengoratzeko, Astigarragako A-27 sektorea, Txalaka-Araneder, urbanizatzeko proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean (2003ko urrikoa) aurreikusitakoaren arabera burutuko dira. Halaber, honako neurri zuzentzaileak hartuko dira:

2.c.3.1 Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean proposatzen den bezala, Oianume erreka desbideratu eta ubidea egiteko lanak udan egingo dira. Hala ere, eta Gipuzkoako Foru Aldundian basa-animaliak kudeatzeko eskumena duen organoak ezar lezakeena galarazi gabe, Urumea ibaian gora izokina (Salmo salar) sartzen den sasoian ibaiaren gaineko eragina ahalik txikiena izan dadin, Oianume errekaren eta Urumea ibaiaren elkargune berria egiteko obrak, ahal dela, maiatzean eta ekainean egingo dira. Obra horiek egiten direnean makinak ez dira sartuko Urumea ibaiaren ibilguan.

2.c.3.2 Oianume errekaren ibilgu berria ubideratzeko obrak burutzerakoan ibai-ohe irregularra eratzea bilatuko da, horrek udaldian emaria pilatzea eta ohe horretan fauna urtarrarentzako mikrohabitatak sortzea lagundu dezan. Orobat, ibai-ohean hondo zimurtsu irregularra sortuko da, arrainak bertatik igaro eta bertan instalatzeko aukera izan dezaten.

2.c.3.3 Erreken hegietan landare-berritzeak egingo dira, eta horretarako, erriberako espezie autoktonoak erabiliko dira, ubideari gerizpea emateko ahalmena dutenak, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean jasotako landare-berritzeko proiektuaren arabera.

2.c.3.4 Landare-berritzeko proiektuan aurreikusitako aldaxken landaketarako, batez ere obraren inguruetan dauden sahatsetako aldaxkak erabiliko dira, Salix alba, S. atrocinerea eta S. purpurea espezietakoak, esaterako. Ez dira Salix caprea espezieko adarrak erabiliko.

2.c.3.5 Oianume errekaren ibilgu berriaren bide-zortasuneko eremua denbora baterako edo modu iraunkorrean okupatzea saihestuko da. Gainera, bide-zortasun hori ahalik eta baldintzarik naturalenetan geratu behar da, horren eginkizuna oztopatzen duten betelan, itxitura eta beste okupaziorik gabe.

2.c.3.6 Proiektuak aurreikusitako zerbitzuek ur-ibilguak zeharkatu behar badituzte, instalazio horien babes-egiturek, ibilguak zeharkatzerakoan, ez dute ondoriorik sortu behar obrak amaitutakoan erasandako ur-ibilguen zatien funtzionaltasuna berreskuratu ahal izan dadin.

2.c.3.7 Fallopia japonica edo beste landare inbaditzaileak ez hedatzeko ekintzak jarriko dira abian. Hori dela-eta, landaretza lehengoratzeko lanetan erabiltzen diren lurren jatorria kontrolatu beharko da batez ere eta aipatu espezieak kutsatu dituen lurrak erabiltzen ez direla bermatuko da.

2.c.3.8 Jabari publiko itsas-lehortarreko babes-zortasunaren eremua ukitu behar duten obretarako baimena ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari dagokio eta baimen hori izapidetzean abuztuaren 29ko 196/1997 Dekretuan xedatutakoari jarraitu beharko zaio (itsas-lehorreko herri erabilerazko babes-zorpeko aldean erabilpenetarako eta lehorretik itsasorako isurketak egiteko baimenak emateko jardunbidea ezartzen du dekretu horrek).

2.c.4 Hauts-igorpenak gutxitzeko neurriak

2.c.4.1 Lanek irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak pasatzeko bidearen garbiketa-lanak, bai lanek eragindako aldean bai obra-gunerako sarbideetan. Pistak eta aldi batean gorri egongo diren azalerak ureztatzeko sistema bat izango da.

2.c.4.2 Obrak dauden lekuan eta, bereziki hondeaketako materialez betetako kamioiak ibiliko direla aurreikusten den obra-guneko irteeretan, dekantazio-putzuei lotutako gailuak jarriko dira ibilgailuak garbitzeko.

Elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta tamaina ebazpen honetako 2.c.12 puntuan adierazitako agirietan jaso behar dira.

2.c.5 Zaratek eta dardarek eragindako ondorioak gutxitzeko neurriak.

Eraikuntza-lanak egin bitartean, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean adierazitako neurriak jarri beharko dira, eta halaber obrako jardunbide onari jarraitu behar zaio, obrako makinak mantentzeko lan orokorrei eta zarata jatorrian gutxitzeari dagokienez.

2.c.6 Hondakinak kudeatzeko neurriak

2.c.6.1 Urumea ibaiaren ondoko lurzatian analisiak egingo dira, Oianume errekaren ibilgu berriak Urumearekin bat egingo duen lurzatian alegia, lurraren ezaugarriak eta hondeaketako soberakinen helburu egokiena zehazteko.

Lurzati horretan lur-mugimenduak hasi aurretik sustatzaileak kanpaina bat egingo du behean ageri diren parametroak aztertzeko. Analisiak egiteko frakzio xehea hartuko da (63 m-tik beherakoa). Kanpaina horretan bi lagin hartuko dira gutxienez. Lagin bat, gutxienez, lurreko gainazaletik hartuko da (0tik 20 cm-ra). Laginok mistoak izango dira. Bakoitza bost azpilagin bakunez osatuko da. Horietariko 4 erdiko azpilaginaren inguruan hartuko dira, 2 metro erradioko zirkuluan.

Laginen pH-a neurtuko da, zenbat buztin eta zenbat materia organiko daukaten zehaztuko da, eta honako parametro hauen analisiak egingo dira frakzio xehean (63 µm-tik beherakoan):

– Metal astunak: merkurioa (Hg), kadmioa (Cd), beruna (Pb), kromoa (Cr; kromo-eduki osoa eta kromo hexabalentea), kobrea (Cu), zinka (Zn), nikela (Ni), artsenikoa (As), burdina (Fe), manganesoa (Mn), kobaltoa (Co) eta molibdenoa (Mo).

– Zianuroak (CN-)

– Fenolak

– Poliklorobifeniloak (PCB)

– Pestizida organokloratuak: HCH (denak).

– Hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (PAH)

– Organohalogenatu erauzgarriak (EOX)

– Alkilbentzenoak, BTEX (bentzenoa, toluenoa, etilbentzenoa eta xilenoak).

– Olioak eta koipeak

Aurrekoa eragotzi gabe, obrak egin bitartean beste lekuren bat kutsaturik egon litekeela ikusten bada eta hura ukitzea edo bertako lurra mugitzea aurreikusita badago, leku horren ezaugarriak aztertuko dira eta proposamena egingo da hura erabili eta kudeatzeko.

2.c.6.2 Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: desegiten diren egitura, bide-zoru eta zoladuren hondarrak, obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak, landare-hondakinak, hondeaketa- eta garbiketa-lanetako soberakinak.

Zabortegira eramaten diren arriskurik gabeko hondakinak, bestalde, Hondakinak Zabortegira Botata Desagerrarazteari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren arabera eta Hondakin Inerteak eta Inertizazioaren Gai izan direnak Kudeatzeko Arauak finkatzen dituen azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Era berean, erabilitako olioentzat Euskal Autonomia Erkidegoan Erabilitako Olioen Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko da.

2.c.6.3 Erabilitako olioak aldi baterako, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte biltegiratzeko, ontzi edo segurtasun sistema batean gordetako andelak erabiliko dira, horrela andel nagusia apurtzen bada edo estankotasuna galtzen badu olioa sakabanatzea saihesteko.

2.c.6.4 Hondeaketa-soberakinentzako biltegiak egin behar badira, aipatutako azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoa betez, dagokion proiektu edo proiektuak idatzi beharko dira, eta horien edukiak bat etorri beharko du Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuaren 1995eko otsailaren 15eko Aginduan zehazturik dagoenarekin; izan ere, agindu hori Hondakin Inerteen eta/edo Inertizatuen Isurtegien, Lurren Beteketen eta Egokiketen Instalazioei buruzko Proiektu Tekniko eta Azalpen Memoriei buruzkoa da. Horrez gain, ondoko hauek ere zehaztu beharko dira:

Aurreikusitako sarbideak, daudenak edo egingo diren berriak.

Gehieneko hedaduraren seinaleztapena.

Paisaia lehengoratzeko diseinua, biltegi guztietarako xehekatua.

Proiektu horiek Ingurumen Sailburuordetzaren baimena beharko dute.

2.c.6.5 Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakin-baloratzailera eraman behar dira.

2.c.6.6 Araudi hau betetzea errazagoa izan dadin, zeregin ezberdinetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Zeregin horietako arduradunen erantzukizuna izango da langileek aipatutako kudeaketa-sistemak behar bezala erabiltzen dituztela bermatzea. Batez ere, ez da inoiz hondakinik erreko, ezta erregai eta produktuak biltegiratzetik edo makinak mantentzetik sortutako kontrolik gabeko efluenterik isuriko ere.

2.c.7 Mailegu-materialak

Industrialdea urbanizatzeko egin behar diren betelanetan mailegu-material hauek baino ez dira erabiliko:

– Behar bezala baimendutako erauzpen-jardueretatik datozen agregakinak.

– Beste obra batzuetan egindako hondeaketetatik datozen materialak, elementu kutsagarririk ez edukitzeagatik Hondakin Inerteak eta Inertizazioaren Gai izan direnak Kudeatzeko Arauak finkatzen dituen azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuaren arabera "betegarri" motako biltegietan utz daitezkeen hondakinen parekoak badira.

– Altzairua arku elektrikoko labean fabrikatzeak sorrarazten dituen zepa beltzak, aurretik otsailaren 18ko 34/2003 Dekretuak ezartzen dituen baldintzetan balorizatze-prozesua jasan dutenak (Altzairua Arku Elektrikoko Labean Fabrikatzeak Sorrarazten duen Zepa Balorizatzea eta Gerora Erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen du dekretu horrek). Kasu honetan, ez dira erabiliko Uholdeei aurre hartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Plan Integralaren arabera 100 urteko birgertatze-aldiko uholdeak jasan ditzaketen eremuetan.

2.c.8 Kultura-ondarea babesteko neurriak

Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatutakoa kaltetu gabe, lur-erauzketa lanetan edo lurzorua harrotzerakoan arkeologi aurkikuntza bat izan daitekeen aztarnarik aurkituz gero, segituan jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari. Horrek adieraziko ditu hartu beharreko neurriak.

2.c.9 Paisaiarekiko egokitzapena

2.c.9.1 Lur-mugimenduak egitean, landare-lurra bereizita kendu, bildu eta zabalduko da. Horren helburua da ingurumena lehengoratzeko lanak eta eragina jasan duten tokien landare-berritzeko lanak erraztea.

2.c.9.2 Obrak erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean jasota ez badaude ere obraren amaieran eragina jasaten dutenak barne. Ingurumena lehengoratzean landare-estalkia izan dezaketen guneak birlandatuko dira.

2.c.9.3 Industrialde berrian, lorezaintza-lanak eta industrialdea inguruko paisaiari egokitzeko lanak "Astigarragako A-27 sektorea, Txalaka-Araneder, urbanizatzeko proiektua. 2003ko maiatza" izeneko agirian aurreikusitakoaren arabera egingo dira.

2.c.9.4 Lehengoratu ondoko hurrengo hiru urteetan, mantentze-lanak egin behar dira: tarteak aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta landaredian dauden hutsuneak bete.

2.c.10 Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak amaitzen direnean, garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragin-eremua guztiz garbi geratuko da, obra-hondakinik gabe.

2.c.11 Ingurumen Aholkularitza

Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta bereziki neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obra Zuzendaritzak. Baldintza-agirian Obra Zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla-eta, aipatutako gaiei buruz Obra Zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko du gogoan.

2.c.12 Lan-programaren diseinua

Ondoren zehazten diren azpiataletako alderdiei buruzko jarduera xehatuen proposamenak landu beharko ditu kontratistak. Proposamen horiek Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen honetan ezarritako irizpideen arabera egingo dira, eta lanak burutzeko programaren barne geratuko dira. Obra Zuzendaritzak berariaz onetsi beharko ditu, aurreko atalean aipatutako Ingurumen Aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:

Kontratistaren instalazio-eremuen ezaugarrien kokapena eta beroien zehaztasunak.

Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokalekua.

Ura eramateko sareen eta solidoen dekantazio-putzuen zehaztasunak.

Muga zehatzak eta balizak, bai kanpoan jarritakoak bai xehetasun-planoetan marrazturikoak, naturaren edota ondarearen aldetik interes berezia izateagatik zaindu behar diren eremuak non dauden erakusten dutenak; bereziki, Urumea ibaiaren ibilgua eta bazterra markatzen dituztenak, Oianume errekaren ibilgu berriaren eta ibaiaren elkargunean eta Nobleza Gurutzeta baserriaren parean.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa

"Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, Astigarragako A-27 sektorea, Txalaka-Araneder, urbanizatzeko proiektuari dagokiona. 2003ko urria" izeneko agirian aurreikusten denaren arabera (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna) egingo da ingurumena zaintzeko programa. Horri, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek erantsi behar zaizkio. Programa obra kontratatzeko baldintza-agirian txertatuta egongo da, eta dagokion aurrekontua ere izango du.

2.d.1 Gorabeheren erregistroa

Obrak egin ahala sortutako gorabeherak nahiz neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko erregistroa egin beharko da. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egongo da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzari bidali beharko zaio. Proiektua gauzatzen den bitartean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik justifikatuta.

2.d.2 Uren kalitatearen kontrola

2.d.2.1 Azaleko uren kalitatearen kontrola eta zainketa, obren aurreko fasean, Oianume errekako indize biotikoen kalkuluaz osatu beharko da. Hain zuzen ere IBMWP indizea (lehen BMWP’) kalkulatuko da, errekako bi tokitan laginak hartuta: obrek eragingo dioten aldea baino gorago, eta proiektuak eragiten dion tartean.

2.d.2.2 Azaleko uren kalitatearen kontrola eta zainketa, obrak egin bitartean, solidoen dekantazio-putzuetatik datozen efluenteen kontrolaz osatu beharko da. Horretarako, hilero analisiak egingo dira parametro hauek neurtzeko: pH-a, eroankortasuna, uhertasuna, solido esekiak, jalki daitezkeen materiak, eta olio eta koipeak.

2.d.2.3 Oianume errekaren ibilgu berriaren funtzionaltasun ekologikoa egiaztatzeko helburuarekin, industrialdea ustiatzen denerako proposatu den ingurumen-zaintzako programa obrak amaitu ondoren hiru urtez luzatuko da, indize biotikoen kontrolari dagokionez. Laginak hartuko dira obren lekua baino gorago, obrak hasi aurreko aldian bezalaxe, eta Oianume errekaren ibilgu berriko tokiren batean. Sei hilean behin hartuko dira laginak, udaberrian (apiril-maiatzean) eta udan (abuztu-irailean).

2.d.3 Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea

Obrek dirauten bitartean eta obrak amaitu eta hurrengo hiru urteetan, urbanizatzeko proiektuak erasandako azaleren lehengoratzearen jarraipena egingo da aldian-aldian. Berariazko jarraipena egingo zaio Oianume errekaren bazterretako landare-berritzeari, proiektuak eragindako tartean.

2.d.4 Emaitzak igortzea

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Neurri babesle eta zuzentzaileak eta, halaber, ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketa egiteko maiztasuna eta parametro horien mugak ere. Araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean egingo dira aldaketok. Halaber, bai neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, proiektuaren sustatzaileak eskatuta zein ofizioz, ingurumena zaintzeko programaren emaitzen arabera.

2.F.– Sustatzaileak honako dokumentu hauek bidali beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, horrek onar ditzan. Hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango ebazpen honen aurreko ataletan ezarritakoa betetzeko.

2.f.1 Helburuko lekura eraman aurretik, ebazpen honen 2.c.6.1 atalean aurreikusitako lur-analisietatik zer emaitza atera den, eta lurra kudeatzeko proposamena.

2.G.– Halaber, proiektuaren sustatzaileak honako dokumentazioa igorri beharko du Ingurumen Organo honetara:

2.g.1 Obrak hasi aurretik, ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina, espedientera sar dadin.

2.g.2 Urtero, obrak hasten direnetik, ebazpen honetako 2.d.4 atalean aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

2.g.3 Obrak amaitzean, obra horiek garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 atalean aurreikusitakoaren arabera.

3.– Bi urteko epea finkatzea proiektuaren egikaritzari hasiera emateko, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, eta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluari jarraituz. Epe hori bukatu ondoren egikaritzari hasiera eman ez bazaio sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskumendunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

4.– Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 19a.

Ingurumen sailburuordea,

IÑAKI EZKURRA YURREBASO.


Azterketa dokumentala