Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2004ko uztailaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
3871

138/2004 DEKRETUA, uztailaren 6koa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Olabarri-Undurragan (Zeanuri) Arratia ibaiko ur-etorriaren neurketa-tokia egiteko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

"Olabarri-Undurragan (Zeanuri) Arratia ibaiko ur-etorriaren neurketa-tokia egiteko proiektua" burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak, 2003ko abenduaren 2ko erabaki bidez. Ondoren, 2004ko martxoaren 30ean egindako bilkuran erabaki zen Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banaka eta zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio-espedientean adierazten denez, ez zen inolako alegazio-idazkirik aurkeztu.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Undurragako urtegia Urtegi handiak Eraiki eta Ustiatzeko Proiekturako Jarraibidearen eraginpean dago eta baita Presa eta Urtegien Segurtasunerako Araudi Teknikoaren pean ere. Honela dio araudi tekniko horren 15.1 artikuluak: "Urak usteko maniobrek ez dute urik gabeko ibilgurik ekarriko, ibaian behera urtegirik egon ezean naturalki sortuko liratekeen kalteak baino handiagoak eragingo lituzketenak". Bestalde, Undurraga Urtegia Ustiatzeko Arauetan jasota dago uholde-garaian urtegia ustiatzeko jardunbidea. Jardunbide horren arabera, lehenik Arratia ibaiaren emariari erreparatuko zaio, emari desberdinen arabera estrategia operatibo bat edo beste erabiltzeko.

Adierazitako guztiaren ondorioz, garbi ikus daiteke garrantzitsua dela Arratia ibaiak Undurraga Urtegiari egiten dion ur-ekarpena neurtzeko sistema bat edukitzea, ohiko eta ez ohiko uholde-garaietarako baliagarria izango dena.

Gaur egun badago ur-etorriaren neurketa-toki bat leku horretan, baina zenbait arazo direla medio, ez da operatiboa bete beharko lituzkeen helburuetarako. 6,4 m-ko zabalerako eta 12 m-ko luzerako sekzio errektangularreko kanal bat, negurako isurtegi bat eta udarako beste estuago bat dituen instalazioan obturazioak gertatu ohi dira aldizka, ibaiak dakartzan materialak pilatzen direlako. Halaber, estazioa txikiegi geratu da eta, beraz, 10 urtean behingo uholde txikiekin ere gainezka egiten du; zehazki esateko, gaur egungo baldintzetan instalazioak 20,98 m3/s-ko balioarekin egiten du gainezka, eta jasotako ur-etorri handiena 1983. urtekoa da 51,76 m3/s-ko balioarekin. Ondorioz, beharrezkoa eta presazkoa da ur-etorri ertain eta handiak neurtzeko balioko duen ur-etorriaren neurketa-toki berria eraikitzea.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko uztailaren 6an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Olabarri-Undurragan (Zeanuri) Arratia ibaiko ur-etorriaren neurketa-tokia egiteko proiektua" burutu dadin egin beharreko desjabetzea egiteko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude banaka zehaztuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko uztailaren 6an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala