Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2004ko martxoaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1199

AGINDUA, 2004ko otsailaren 16koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, herritar etorkinak integratzeko programak garatzen dituzten irabazi asmorik gabeko Erakunde Pribatuentzako Laguntzetarako deialdia egiten duena, immigrazioaren esparruan jarduerak egiteko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren laguntzak arautzen dituen ekainaren 25eko 155/2002 Dekretua garatzeko.

Agindu honek lehiaketa bidez arautzen ditu Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak 2004. urtean integrazio-arloko programei emango dizkien laguntzak, immigrazioaren arloko jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen ekainaren 25eko 155/2002 Dekretuaren III. kapitulua garatuz. Horrez gain, programaren helburuak, eskabideak aurkezteko modua eta epea eta aurrekontu-kreditua zehaztea du helburu. Agindu honekin eta aurreko Dekretuarekin, diru-laguntzen deialdi publikoari lotutako lege-aurreikuspenak betetzen dira.

2004. urtean herritar etorkinak integratzeko programak garatzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuen funtzionamendurako laguntzetarako deialdia da Araudi honen xedea.

Etorkinen beharrei erantzuteko eta gizarteratze-programak garatzeko antolatu diren irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntzea da asmoa. Pertsonek irabazi asmorik gabeko erakundeetan duten gizalegezko parte-hartzea, gizarte solidarioago bat eraikitzen laguntzeko modu bat da. Botere publikoek herritarren erantzukizuna sustatu behar dute gizarte-laguntzako sareak sortzeko. Erakunde hauek herritarrentzat eredugarriak dira gizalege eta elkartasun baloreetan eta, zenbaitetan, lagungarriak dira familia bezalako beste laguntza-sarerik ez duten atzerriko etorkinentzat. Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean jasota dagoen bezala, jarduera publikoaren helburuetako bat borondatezko lanaren bidezko elkartasun-jarrerak sustatzea da. Gizarte-erakundeek, herritarren gizalegezko adierazpen gisa, oso zeregin garrantzitsua betetzen dute kulturarteko eta kalitate demokratikoko integrazio-prozesuan. Erakunde hauen oinarri diren borondatezko lanak, elkartasun-baloreak sustatzen ditu eta gizarte hartzaile gisa integrazio-prozesuaren barruan egin behar ditugun aldaketen eta egokitzapenen aldeko iritzi-egoera bat sortzen laguntzen du. Halaber, bidegabeko egoerak daudela jabetzen laguntzen du eta elkartasun-neurriak hartzea bultzatzen du.

Helburua atzerriko etorkinen gizarte eta laneko integrazioa da, integrazio hori parte-hartzean oinarritutako prozesutzat hartuta. Prozesu horretan, harrerako gizarteak eta atzerriko etorkinek bilakaera eta harreman iraunkorrak dituzte eta, beraz, programak, gainerako pertsonekin berdintasunean gizarteratzea eragozten duten oztopoen kentzera ez ezik, edozein integrazio-prozesuk dakarren gizarte-elkarreraginera ere egokitu behar dira. Horretarako, garrantzitsua da integrazio-prozesuan esku hartzen duten kulturak ezagutzea eta baloratzea.

Euskal kulturaren eta euskararen ezagutza elementu garrantzitsua izango da gizarte eta laneko erabateko integrazioa lortzeko. Beraz, horien ezagutza sustatuko da. Euskararen ezagutza eta euskara erabiltzeko gaitasuna lagungarria izango da etorkinarentzat beren harreman-sareak garatzeko eta eguneroko bizitzaren espazioetan moldatzeko. Horrez gain, lanbide-mailan aukerak zabaltzen eta kultur bizitzan parte hartzen lagunduko du. Halaber, seme-alaben integrazioa lortzeko lagungarria izango da.

Deialdi honetan diruz lagunduko diren programek gizarteratzea eta laneratzea izan behar dute helburu, etorkinen autonomia pertsonala sustatuz eta asistentzia zein mendekotasun prozesuak saihestuz, etorkinen motibazio eta gaitasunekin bat ez baitatoz. Genero-ikuspegia baloratuko da programaren plangintzan eta jardueren hartzaileen parte-hartzean.

Laguntzak esleitzeko ezarritako irizpideek besteak beste honakoak hartuko dituzte kontuan: Programaren finkapena, bideragarritasuna, beste Programa batzuek Programaren xedea bete duten ala ez, baliabideen koordinazioa, ebaluazio-planik dagoen ala ez… Irizpide horien helburua hauxe da: erakundeen esku-hartzearen planifikazioan laguntzea eta etorkinen arretarako baliabideak ahalik eta ondoen kudeatzea.

Beraz, laguntzetarako deialdi honen bidez gizarte-erakundeen eginkizun solidarioa sustatu nahi da; izan ere, erakunde horiek beren lan eta konpromisoaren bitartez berdintasunezko gizartea aldarrikatzen dute eta etorkinei integratzeko bidea errazten diete.

Hori dela eta, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: etorkinei laguntzeko eta hauen autonomia pertsonala modu integral eta liberalizatzaile batez sustatzeko xedea duten irabazi asmorik gabeko Erakunde Pribatuen funtzionamendurako laguntza ekonomikoetarako deialdia egitea. Laguntzen helburua, berriz, atzerriko etorkinen gizarte eta laneko integrazioa da. Programak burutzeko epea 2004. urtea da.

Egoerarik txarrenean dauden pertsonentzako arretari lehentasuna emango zaio, era honetan pertsona hauek esparru ezberdinetan bertako biztanleekin baldintza-berdintasunean parte hartu ahal izan dezaten.

Berariazko helburu gisa gizarte-bazterketaren eta pobreziaren kontrako borroka gauzatzea edo horretan parte hartzea duten proiektu eta jarduerek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek jaso ahal izango dituzte laguntzok: indarrean dagoen legeriari jarraiki eratuta dauden eta immigrazioaren esparruan integrazio-proiektuekin lan egiten duten irabazi asmorik gabeko berezko edo partzuergoko erakunde pribatuek.

3. artikulua.– Aurrekontu-kreditua.

Diru-laguntza jaso dezaketen 2004ko programetarako aurrekontu-kreditua 552.000,00 euro da. Aurrekontu-kredituaren zenbateko orokorra ekainaren 25eko 155/2002 Dekretuaren 3.1 artikuluan aurrez ikusitako baldintzetan aldatu ahal izango da.

4. artikulua.– Esleipen eta ponderazio irizpideak.

1.– Laguntzetarako esleipen eta ponderazio irizpideak ondokoak izango dira:

a) Jarduerak atzerriko etorkinen autonomia pertsonala sustatzera eta gainerako herritarrekin gizarteratzera zuzentzea. 10 puntura bitartean

b) Genero-ikuspegia barne hartzea, emakumezkoen eta gizonezkoen egoera, baldintza eta behar ezberdinak kontuan hartuta. 10 puntura bitartean

c) Aurreko ekitaldietan hasi ziren eta interes publikoko arrazoiak direla eta jarraitzea eskatzen duten programa edo jardueren jarraitasuna sustatzea. 10 puntura bitartean.

d)Erakundeak garatutako jarduera integrazio-esparruan dagoen eskarira egokitzea. 10 puntura bitartean.

e) Bestelako erakunde publiko edo pribatuek herriko jardueraren xedeari emandako babes maila. 10 puntura bitartean.

f) Esku-hartzearen hartzaile izan daitezkeen pertsonek programa lantzen eta gauzatzen parte hartzea, gizartearen parte-hartzea sustatzeko, esku-hartzea behar eta berezitasunetara egokitzeko eta gizarteratzeko irizpide orokorraren barruan. 10 puntura bitartean.

g) Gizarte-baliabide publiko zein pribatuen koordinazio eta optimizaziorako ekintzak bultzatzea. 10 puntura bitartean.

h) Programaren bideragarritasuna ondokoak kontuan hartuta: ezarpen-maila, bazkide, laguntzaile edo Erakundeari lotutako pertsonen kopurua eta Erakundeak finantzaketan izandako partaidetza kontuan hartuta. 10 puntura bitartean.

i) Ebaluazio-planak eta ebaluazio-adierazleak izatea. 10 puntura bitartean.

j) Euskal kulturaren eta euskararen ezagutza sustatzea integrazioa esparru guztietan errazteko baliabide gisa. 10 puntura bitartean.

2.– Administrazioak, izaera orokorrez eta erakunde onuradunekin bat etorriz, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren ondoren aribideko ekitaldirako aurrez ikusitako jarduerak egiteko bidezkotzat hartzen diren elementu gehigarriak finkatu ahal izango ditu. Elementu gehigarri horiek, Agindu honen lehen artikuluan ezarritako laguntzaren xedearen definizio zehatza erabat errespetatuta finkatuko dira.

5. artikulua.– Prozedura.

Laguntzak emateko prozedura lehiaketarena izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan aurrez ikusitako prozedura hartuko da halakotzat. Artikulu horretan adierazten denez, lehiaketa da laguntzak emateko erabiltzen den prozedura, hain zuzen ere aurkeztutako eskabideak konparatuz. Horrela, arau erregulatzaileetan aldez aurretik finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, eskabideen arteko lehentasuna ezartzen da eta aipatutako irizpideak aplikatuta baloraziorik handiena lortzen dutenei soilik esleituko zaizkie laguntzak.

6. artikulua.– Ordainketa.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak onartzen den aurrekontuaren %80ra bitartean finantzatu ahal izango du. Gastuen justifikazioa jatorrizko dokumentuen bidez egingo da eta, salbuespen gisa, dokumentu horien kopia konpultsatuen bidez. Dokumentu hauek bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, jarduera amaitzen denetik aurrera kontatzen hasita.

Ordainketa zatikatua izango da: %75, emakidaren unean ordainduko da, eta gainerako %25, berriz, aurrekontu osoaren gastuen %100 egin izana aldez aurretik justifikatu ondoren.

7. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: forma eta epea.

Eskabideak, Agindu honi I. eranskin gisa gehitutako instantzia bidez eta, II.,III., IV. eta V. eranskinen arabera, beharrezko diren eskabide-orri eta dokumentazioarekin, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Immigrazio Zuzendaritzan aurkeztuko dira (Donostia kalea, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz).

Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitakoa aplikatuko da.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera kontatzen hasita.

Eskabidea aurkezteko unean ondokoak eramango dira:

1.– Eskabide-inprimakia behar bezala beteta, eranskinen arabera.

2.– Zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak bete izana egiaztatuko duen Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren ziurtagiri eguneratua, agindu hau argitaratu baino hilabete lehenagoko datarekin, gehienez ere, eta Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia.

3.– Erakunde eskatzaileak jaso dituen edo eskatuta dituen eta ebazteko geratzen diren diru-laguntzei buruz egindako ziurtagiria eta, hala badagokio, Erakundeak Programa egiteko dagokion partaidetza ekonomikoaren emaitzazko kopuruaren ziurtagiria.

4.– Erakundeak bazkideen, laguntzaileen eta Erakundeari lotutako bestelako pertsonen kopuruari buruz egindako ziurtagiria.

5.– Programan aurrez ikusitako gastuen aurrekontu xehatua.

6.– Programaren deskribapena; helburuen betetzea, jarduteko lehentasunak, eskuragarri dauden baliabideak, Ebaluazio Planak eta laguntzak esleitzeko interesa duten gainerako baldintzak zehaztuko dira.

7.– Hala badagokio, beste antzeko programa batzuen memoriak eta Erakunde eskatzaileak egindako ebaluazioak.

8.– Erakunde eskatzaileak zerbitzu normalizatuen eta jatorriz bertakoak diren pertsonekin baldintza-berdintasunean jardutea eragozten duten oztopoak kentzeko zerbitzuen prestazioan bestelako Erakunde Publiko edo Pribatuekin koordinatzeko egindako jardueren laburpena, eranskinen arabera

9.– Hala badagokio, zenbait Erakundek diru-laguntza partzuergo gisa eskatzen dutenean, Erakundeek Programaren garapenean dituzten konpromisoak bilduko dituen Erakundeen erabakia jasoko duen dokumentuaren ziurtagiria.

10.– Baldintzen betetzea egiaztatzen duten eta deialdi honetan I. Eranskinaren arabera aurrez ikusitako laguntza-eskabidearen azterketarako interesa duten bestelako dokumentuak.

8. artikulua.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzak jasotzeko eskabideak osorik betetzen ez badira edo adierazitako dokumentazioa falta bada, interesatuari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Halaber, hala egin ezean bere eskaera atzera egintzat hartuko dela adieraziko zaio eta Administrazioa behartuta geratuko da eskaera horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki jakinaraztera.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren 155/2002 Dekretuaren 9. artikuluan aurrez ikusitakoari jarraiki, deialdi honetan aurrez ikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak egitea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Gaietako Sailburuordetzako Immigrazio Zuzendaritzari dagokio.

10. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Immigrazioko Zuzendariak, Euskal Autonomia Erkidegoko immigrazioaren esparruan jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen Dekretuan aurrez ikusitako kide anitzeko organoak aurkeztu diren eskabideei buruz egindako txostena aldez aurretik aztertu ondoren, diru-laguntzen emakidari buruzko Ebazpena emango du eta erakunde interesatuei jakinaraziko die sei hilabeteko gehieneko epean, Agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera kontatzen hasita. Ondoren, ebazpena EHAAn argitaratuko da.

2.– Adierazitako epea amaitu eta jakinarazpena egin ez bada, egindako eskaera ezetsitzat hartu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; hala ere, Lege horrek Administrazioari berariaz ezartzen dio ebazpena eman beharra.

11. artikulua.– Betebeharrak.

1.– Agindu honen babesean emandako diru-laguntzen Erakunde onuradunek, immigrazioaren esparruan jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen ekainaren 25eko 155/2002 Dekretuaren 8. artikuluan aurrez ikusitako betebeharrak dituzte.

2.– Adierazitako araudiak aipatzen dituen memoriak eta egiaztagiriak aurkezteko epea bi hilabete izango da, jarduera amaitzen denetik aurrera kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Erregimen Osagarria.

Agindu hau, immigrazioaren esparruan jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen ekainaren 25eko 155/2002 Dekretuaren garapena eta gauzatzea da.

Bi araudiek aurrez ikusten ez dutenerako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta interesatuek Aginduaren kontrako aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Agindua esandako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 16a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

I. ERANSKINA

2004. URTERAKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN ESKABIDEA: HERRITAR ETORKINAK INTEGRATZEKO PROGRAMAK GARATZEN DITUZTEN IRABAZI ASMORIK GABEKO ERAKUNDEEN FUNTZIONAMENDURAKO LAGUNTZAK

Eskatzailea: 	

Ordezkotza 	

NAN/AIZ 	

Erakundea 	

AZALPENA:

Lehenengoa.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Aginduan araututako eta 	-(e)ko

	 zenbakiko EHAAn argitaratutako

laguntza-deialdian exijitzen diren baldintzak betetzen ditut.

Bigarrena.– Eskabidearekin batera, Dekretuak eta deialdi hau arautzen duen Aginduak aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak eta gainerako egiaztagiriak aurkeztu ditut, II., III., IV., eta V. eranskinen arabera.

ESKARIA

	 euroko diru-laguntza jasotzea;

horretarako, laguntza-deialdian eskatutako dokumentazioa eta datuak aurkeztu ditut (II., III. IV. eta V. eranskinak)

___________-(e)n, 2004ko _____-aren ___-(e)an.

ESKATZAILEA

IMMIGRAZIO ZUZENDARI JAUNA – ETXEBIZITZA ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA - VITORIA-GASTEIZ

II. ERANSKINA

ESKABIDE-ORRIA. 2004KO URTEA: HERRITAR ETORKINAK INTEGRATZEKO PROGRAMAK GARATZEN
DITUZTEN IRABAZI ASMORIK GABEKO ERAKUNDEEN FUNTZIONAMENDURAKO LAGUNTZA
EKONOMIKOAK.

GKE/Erakunde eskatzailea:

Proiektuaren izenburua:

Deialdia:

Erregistro-zk.:

Data:

INFORMAZIO OROKORRA

PROIEKTUA AURKEZTEKO DATUAK

Proiektuaren izenburua (gehienez hamar hitzetan):

EAEko hedapena (hartzen dituen inguruak):

GKE/Erakunde eskatzailea:

(Dokumentazioa/Informazioa erantsi III. ERANSKINEAN)

Helbidea/Sozietatearen egoitza:

Telefonoa:

Faxa:

Posta elektronikoa:

IFZ:

Eraketa-data:

Izaera juridikoa:

EAEn ardura duen pertsona:

Kargua:

Sinadura, eskabidearen erantzukizuna bere gain hartzeko:

Harremanetarako pertsona:

IRAUPENA

Aurrez ikusitako hasiera-data:

Aurrez ikusitako amaiera-data:

Proiektua gauzatzeko guztira zenbat hilabete beharko diren:

FINANTZAKETA, GUZTIRA

Kostua, guztira:

Eusko Jaurlaritzari eskatutako ekarpena:

Eskatu edo emandako bestelako ekarpenak (zehaztu):

1.– PROIEKTUAREN DESKRIBAPEN LABURRA (proiektua zertan den laburtu, daturik garrantzitsuenak adierazita: 5-10 lerrotan deskribatu proiektuaren zergatia, helburuak, eta espero diren emaitzak, baita interesgarri izan daitezkeen bestelako datuak ere)

2.– KOKAPEN ZEHATZA. (Proiektua non gauzatuko den: EAEko eskualdeak, hiriak, auzuneak, udalerriak)

3.– AURREKARIAK, TESTUINGURUA ETA ZERGATIA (Azaldu nola sortu zen ekimena, zein lotura dagoen proiektua aurkezten duen erakundearen eta EAEn ekintza jasoko duten pertsonen artean, zein toki-erakundek, nazioarteko erakundek,… parte hartzen duten; EAEn egin diren antzeko ekimen eta proiektuak deskribatu, proiektua gauzatzeko nolako koordinazioa egingo den, nola egin den identifikazioa eta formulazioa eta aurretiaz azterketarik dagoen; halakorik balego, IV. eranskinean jasoko da; adierazi testuingurua osatzeko bestelako datu interesgarriak).

4.– EAEko HARTZAILEAK (proiektuaren onuradun edo hartzaile diren pertsona edo taldeak, hau da, nori zuzentzen zaion proiektua)

4.1.– Identifikazioa (sektorea, adina, kopurua, …., sexuen arabera bereizita

4.2.– Hautatzeko irizpideak (egoki iritziz gero, taldearekin egindako beste jarduera batzuk azaldu)

4.3.– Proiektuan, zein fasetan hartzen duten parte (hasierako harremanak, jardueran parte hartzea, nola, noiz, eta abar)

5.– PROIEKTUAREN HELBURUA (Azaldu zer lortu nahi den, proiektua arrakastaz burutuz gero)

6.– LORTU NAHI DIREN EMAITZAK (zehaztu, numeroen bidezko adierazleak erabilita, proiektua gauzatzen ari den bitartean egingo diren produktu eta zerbitzuak, eginiko jardueren emaitza izan eta helburua lortzeko aukera emango dutenak)

7.– AURREZ IKUSITAKO JARDUEREN ZERRENDA (deskribatu emaitzak lortzeko egingo diren ekintzak, ekintza bakoitzerako behar diren giza-baliabideak eta baliabide tekniko eta materialak zehaztuz. V. eranskinean egin beharko da kostuaren banaketa).

8.– JARDUEREN KRONOGRAMA (7. atalean deskribatutako jarduerak lehenengo zutabean zerrendatuko dira. X batez adieraziko da jarduera bakoitza gauzatzeko denbora).

JARDUERAK

Hiruhilekoa	1.	2.	3.	4.

9.– PROIEKTUA FINANTZATZEKO AURREKONTUA. FINANTZATZAILEEN ARABERAKO BANAKETA (V. eranskinean zehaztu behar da aurrekontu-partida bakoitzeko aurrez ikusten den kostuaren banaketa, finantzatzaileak adierazita).

PARTIDAK	EUSKO 	EAEko beste 	Erakunde 	Beste ekarpen 	GUZTIRA

	JAURLARITZA	administrazio 	eskatzailea 	pribatu

		publiko batzuk		batzuk

KOSTUAK

A.I. Materialak eta ekipoak

A.II. Langileak*

A.III. Bidaiak eta egonaldia

A.IV. Kontratazioak

A.V. Publizitatea

A.VI.Funtzionamendua**

GUZTIRA, EUROTAN

Kostu guztien gaineko ehunekoa

*Langile-gastuek ezin dute gainditu Programaren Aurrekontuaren %30.

**Funtzionamendurako gastuen ehunekoak ezin izango du gainditu Eusko Jaurlaritzari eskatutako dirulaguntzaren kostuen %15, Eusko Jaurlaritzari eskatutako zenbatekoa 24.000 euro edo gutxiago bada; %10, 24.000 euro eta 48.000 euro bitartekoa bada, eta %5, 48.000 euro baino gehiago bada.

10.– BIDERAGARRITASUN ETA JARRAIPENARI BURUZKO TXOSTENA (kanpoko laguntza amaituta, proiektuak etorkizunean iraungo duela bermatzen duten faktoreak, proiektuak jarraitzen badu; kasu horretan, IV. eranskinean jasoko dira egindako azterketa teknikoak, beste erakundeekiko hitzarmenak, gizarte eta kulturari buruzko ezaugarriak, prestakuntzarako aurrez ikusitako neurriak…, hots, epe luzean proiektuak jarraituko duela ziurtatzen duten datuak).

11.– BESTE KONTU GARRANTZITSU BATZUK

11.1.– Genero-ikuspegia, proiektuan eta hartzaileei dagokienez. Emakumezkoen egoeran eta genero-harremanetan esku hartzearen eraginak neurtzeko adierazleak.

11.2.– Nola laguntzen du proiektuak euskal gizartean atzerritar etorkinek duten egoera hobetzen?

11.3.– Erabiliko den metodologia. Azaldu zergatik aukeratu den metodologia hori. Proiekturako erabiliko diren giza- eta gauza-baliabideak.

11.4.– Bestelako gizarte erakunde eta instituzio publikoekiko koordinazio-ildoak.

12.– ERANSKINEN ZERRENDA ETA AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

III. ERANSKINA- GKE/erakunde eskatzailearen dokumentazio/informazioa (informazio hori behin bakarrik aurkeztuko da, deialdian aurkeztutako proiektuak hainbat izanik ere):

a) Dagokion Erregistroko inskripzioaren eta estatutuen fotokopia kautotua, baita eskabidea sinatzen duen pertsonaren ahalordetze-agiriarena ere (baldin eta lehenengo aldiz aurkezten bada edo 2003. urtean aurkeztutako dokumentazioaren aldean aldaketarik badago)

b) Dekretu honetan jasotako laguntzak eskatu nahi dituzten erakunde guztiek ondokoak aurkeztu beharko dituzte: IFZ txartelaren fotokopia, eta zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak ordainduta daudela ziurtatzeko agiria, agindu hau argitaratu baino hilabete lehenagoko datarekin, gehienez ere.

c) Erakundearen organigrama. EAEn, estatuan, Europan dauden soldatapeko langileak eta soldatarik ez dutenak. Bazkideen kopurua, boluntarioen kopurua, laguntzaileak eta erakundeko kideak. EAEko edota beste lekuren bateko ordezkaritzak. Immigrazio arloko beste erakunde batzuekiko atxikimendua edo afiliazioa.

d) Aurreko urteko kontu-balantzea.

e) Aurkezten den arloan duen esperientzia. Azken urteetan bideratu diren antzeko proiektuak. Proiektuen izenburuak eta zenbatekoa eurotan.

f) Partzuergorik bada, dagokion hitzarmena.

IV. ERANSKINA.– Proiektuaren jarraipena ziurtatzen duen beharrezko dokumentazioa aurkeztu: hitzarmenak, abalak, EAEko beste erakunde batzuen gutunak; proiektuak etorkizunean iraungo duen ziurta dezakeen beste edozein informazio.

V. ERANSKINA.– Aurrekontu-banaketa, partida eta finantzatzaileen arabera. Giza baliabideak, baliabide materialak eta teknikoak zehaztu, jarduera bakoitzeko kostua adierazita. Hala badagokio, erakunde eskatzaileez kanpoko proforma-fakturak, aurrekontuak edota balorazioak aurkeztu.


Azterketa dokumentala