Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2004ko martxoaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1150

EBAZPENA, 2004ko otsailaren 25ekoa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearena; honen bidez, Kontsumitzaileen Organizazioei, 2004ko ekitaldian, diru-laguntzak emateko deialdia jakinarazten da jende aurrean.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Aginduak (2003ko maiatzaren 29ko EHAA) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen Organizazioei diru-laguntzak emateko programa arautu zuen.

Aipatutako diru-laguntzak helburu duten kreditoek indarrean dauden legezko xedapenen testu bateginaren IX. tituluan ezarritako luzapen erregimenak dioenari jarraitu beharko diote. Irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskadiko Diruegitasmoen Jaurpideari buruzko xedapenak dira horiek.

Aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2004ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau

XEDATU DUT

1. artikulua.– Xedea.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Aginduaren bitartez arautu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen Organizazioei diru-laguntzak emateko programa, eta, hain zuzen ere, 2004ko ekitaldirako laguntza horien deialdia egitea da ebazpen honen xedea.

Helburu hori betetze aldera, 491.920 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2003ko ekitaldirako eta arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituari jarraituz.

– 2003ko maiatzaren 8ko Aginduaren 4.a) artikuluak jasotzen dituen gastuak finantzatzeko 225.000 euroko aurrekontu kreditua xedatzen da. Funtzionamenduak, mantentze-lanek, defentsa juridikoak eta azpiegiturak eragindako bestelako gastuak dira horiek.

– 2003ko maiatzaren 8ko Aginduaren 4.b) artikuluak jasotzen dituen gastuak finantzatzeko 255.365 euroko aurrekontu kreditua xedatzen da. Kontsumo proiektuek eragindako gastuak dira horiek.

– 2003ko maiatzaren 8ko Aginduaren 4.c) artikuluak jasotzen dituen gastuak finantzatzeko 11.555 euroko aurrekontu kreditua xedatzen da. Instalatzeak, berritze-lanek, zabaltzeak edo ekipamenduak eragindako gastuak dira horiek.

Horretarako, betiere diru-laguntzei buruz ebazpena eman aurretik, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusi behar da, eta, baldin eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste programa batzuk burututakoan aurrekontuko diru-kopururik ahitu gabe geratzen bada, aurrekontuetan erabilgarri dagoen diruari ere begiratu behar zaio. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpen bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

Eskabidea egin nahi dutenek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Aginduan (2003ko maiatzaren 29ko EHAA) iragarritako diru-laguntzetakoren bat eskuratu ahal izateko, agindu horretako 3. artikuluan ezarritako betekizunak errespetatu beharko dituzte.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidea betetzeko eredua Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daiteke, edo, bestela, interneteko helbide honetan ere bai: www.eragintza.net.

2.– Eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Kontsumo Zuzendaritzari zuzenduta bidali beharko dituzte, eta, aurkeztu, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dituzte, edo, bestela, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

3.– Eskabideak hilabeteko epean aukeztu behar dira, deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena: ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena: honako deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 25a.

Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea,

RODRIGO GARCÍA AZURMENDI.


Azterketa dokumentala