Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2004ko otsailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
1007

EBAZPENA, 2004ko otsailaren 11koa, Trafiko zuzendariarena, 2004 urtean trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Trafikoari, Motordun ibilgailuen zirkulazioari eta Bide segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua den martxoaren 2ko 339/90 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan azaltzen denez, trafiko arloko agintaritzari eratxiki zaio trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, segurtasuna edo zirkulazioaren arintasuna bermatzeko kariak gertatzen direnean. Zirkulazio Araudi Orokorrari buruzko azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren 37. eta 39. artikuluetan, besteak beste, neurri horietako batzuk zehazten dira eta berauek hartzeko prozedura arautzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoari ibilgailuen trafiko eta zirkulazioari buruzko estatu-legeriaren betearazpena transferitu dion urriaren 15eko 3.256/1982 Errege Dekretuaren eranskinaren B.1.g) idatz-zatian eta Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezarri duen urriaren 19ko 358/1999 Dekretuaren 11e) artikuluan xedaturik dagoenarekin bat etorriz.

Ebazpen honen xedea hauxe da: trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzea, egun jakin batzuetarako, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko jai egutegia, asteburuak, urtealdien araberako oporren hasiera edo amaierako epealdiak edo bestelako gertakariak direla-eta, zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna ukitzen dituzten ibilgailuen joan-etorri masiboak aurreikusten diren egunetarako.

Hori dela bide, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Sailak arlo horretan duen erakunde eskudunarekin eta Foru Aldundiekin bat etorriz, hauxe,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Murrizketak.

Euskal Autonomia Erkidegoan ondoren zerrendatuko diren zirkulazio murrizketak ezarri dira 2004 urterako:

Lehenengoa.– Kirol-probak, bizikleta-ibilaldia eta beste gertakari batzuk.

Zirkulazioari buruzko Araudi Orokorreko 55. artikuluak eta II. eranskinak ezarritakoaren arabera, Trafikoko Lurralde Zerbitzuetako arduradunek ez dute inolako kirol-probarik ez beste gertakaririk baimenduko (norgehiagokakoa izan ala ez izan) ezta horien aldeko iritzirik emango ere, baldin eta kirol-proba horiek ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan egitekoak badira, eta horiek egiteko herri barruko galtzadak eta bazterbideak bete behar badituzte, beren ezaugarriak direla-eta, salbuespen gisa onar daitezkeenak izan ezik.

Bigarrena.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

A) Debekatuta dago ondoko egun eta orduetan salgai arriskutsuen errepidezko garraioari buruzko urriaren 2ko 2115/1998 Errege Dekretuaren eta Salgai Arriskutsuen Errepidezko Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera, arriskuaz ohartarazteko arauzko panelak eduki behar dituzten ibilgailuak ibiltzea:

– Igandeetan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan jaiegun diren egunetan, goizeko 8:00etatik gaueko 24:00ak arte; aipatutako jaiegun horien bezperetan, larunbatak ez badira, eguerdiko 13:00etatik gaueko 24:00ak arte.

– Ekainaren 30ean, uztailaren 31n eta abuztuaren 31n 8:00etatik gaueko 24:00ak arte.

– Uztailaren 30ean 13:00etatik gaueko 24:00ak arte.

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten 7.500 Kg-tik gorako BGPa duten ibilgailuak, atal honetan ezarritako murrizketaz gain, edozein salgai garraiatzen duen 7.500 Kg-tik gorako BGPa duten ibilgailuei buruzko ebazpen honen hirugarren murrizketak dituenak ere aplikatuko zaizkio.

Era berean, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, bertan xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte, A atalean aipatutako debekutik at geratzen dira, salbuetsita daude, alegia.

B) Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak.

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, baldin eta euren ibilbide osoan edo zati batean bide alternatiborik badute, dela autobidez, dela autobiaz, edo bi norabideetan zirkulatu ahal izateko bikoiztutako plataformatik, bide alternatibo horiek nahitaez hartu beharko dituzte.

Era berean, herri edo hiriak gurutzatu beharrean kanpoaldetik igarotzeko ingurabideak edo saihesbideak daudenean, ibilgailu horiek nahitaez hartu behar dituzte bide horiek, eta zama-lanak egin behar dituztenean edo larrialdietan bakarrik sar daitezke herri-guneetan.

Ez da aplikatuko B) idatz-zati honetan xedatutakoa baldin eta salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetariko batekin egiten bada, ibilgailuaren zama, kopuruaren muga edo garraio-mota dela.

Halaber, ez da aplikatuko garraiolariaren ohiko bizilekura egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko joan-etorrietan, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzekoetan, betiere ADRn zehaztutako aparkatze-baldintzak betetzen badira.

Hirugarrena.– 7.500 Kg baino gehiagoko BGP-koak diren eta salgai arruntak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

1.– Debekatuta dago bide publikoetan 7.500 Kg baino gehiagoko BMGko ibilgailuak ibiltzea, ondoko egun eta orduetan:

– Larunbatetako 22:00etatik igandeetako 22:00ak arte.

– Euskal Autonomia Erkidego osoan jai diren egunen bezperetako 22:00etatik jaiegun horietako 22:00ak arte.

2.– Hirugarren murrizketaren 1. puntuan xedatutakoaren gaineko salbuespenak honako hauek dira:

2.1.– Hirugarren murrizketari dagozkion ibilgailuak errepideetan ibili ahalko dira ondoan azaltzen diren egun eta orduetan:

– Apirilaren 7ko 22:00etatik apirilaren 8ko 8:00etara.

– Apirilaren 8ko 22:00etatik apirilaren 9ko 8:00etara.

– Uztailaren 17ko, 24ko eta 31ko, eta abuztuaren 7ko eta 14ko 22:00etatik 24:00etara.

– Abenduaren 5eko 22:00etatik abenduaren 6ko 8:00etara.

2.2.– Ondorengo bide eta bide-zatietan ibili ahalko da:

– A-68 autobidean, 69,000 kilometro-gunea (A-1 eta A-68ren lotunea, Armiñónen) eta 77,700 kilometro-gunea (Errioxako muga) bitarteko errepide-zatian.

– A-1 autobidean, 77,200 kilometro-gunea (Burgoseko muga) eta 79,200 kilometro-gunea (A-1 eta A-68ren lotunea, Armiñonen) bitarteko errepide-zatian.

2.3.– Ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak errepideetan ibili ahalko dira.

Laugarrena.– Euren ezaugarri teknikoak edo zamaren ezaugarriak direla-eta, errepidean ibiltzeko baimen berezia behar duten ibilgailuak.

Debekaturik izango dute bide publikoetatik ibiltzea, ondoren adieraziko diren egun eta orduetan, Ibilgailuei buruzko Araudi Orokorrak (2.822/1998 Errege Dekretua, abenduaren 23koa) 14. artikuluan aipatzen duen baimen berezia behar duten ibilgailuak:

– Larunbatetan, 13:00etik 24:00etara, eta igandeetan, 00:00etatik 24:00etara.

– Euskal Autonomia Erkidego osoan jaiegun diren egunetan, 00:00etatik 24:00etara, eta jai egun horien bezperetan, 13:00etatik 24:00etara.

– Ekainaren 30ean, uztailaren 31n eta abuztuaren 31n 8:00etatik gaueko 24:00ak arte.

– Uztailaren 30ean 13:00etatik 24:00ak arte.

Bosgarrena.– Murrizketa osagarriak.

Zirkulazio Araudi Orokorraren 37. artikuluan ezarririk dagoenaren arabera eta zirkulazioaren segurtasun edo arintasun arloko kariak direla bide, trafikoaren zaintzaren ardura duten agenteek arestian aipatu diren ibilgailuen zirkulazioa bakandu ahal izango dute, eta, denbora batez eten egin ahal izango dute inguruabarrak direla eta horrela egin behar den kasuetan.

2. artikulua.– Salbuespenak.

Ebazpen honetan jasotako murrizketak ezartzeko orduan, Zirkulazioari buruzko Araudi Orokorraren 39.5 artikuluak xedatutakoa hartu behar da beti aintzakotzat.

Zerbitzu bat nahitaez egin beharra dagoela behar bezala justifikatuta dagoenean, aldi baterako baimenak edo bidaia bakarra egiteko baimenak eman ahalko dira. Baimen horietan zehaztuko da ibilgailu jakin batek garraioa zer-nolako baldintzatan egingo duen.

3. artikulua.– Baimen bereziak.

Trafikoko Lurralde Bulegoetako arduradunei dagokie 1. eta 2. artikuluetan xedatutako baimen bereziak ematea, horretarako duten ahalmenaz baliatuz.

4. artikulua.– Zigorrak.

Ebazpen honen 3. artikuluak aipatutako baimenik izan gabe murriztutako egun eta orduetan zirkulatzea zigortu egingo da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua den martxoaren 2ko 339/1990 Legegintza Errege Dekretuaren 67.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Kasu hauetan, trafikoa zaintzen duten agenteek, unean bertan, ibilgailua ibilgetzeko neurri osagarria har dezakete, zirkulazioa arriskutsua denean edo zirkulazioari oztopo larriak sortzen badizkio. Gainera, beharrezkoa balitz errepidetik kendu edota gordailuan utziko zen, debekua amaitu arte edo berriz abiatzeko baimena eman arte, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 65.1, 70. eta 71.1a) artikuluek aurreikusitakoaren arabera.

Ebazpen honek duen gainontzeko edukiak hausten badira, Trafikoari, Motordun ibilgailuen zirkulazio eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 67. artikuluan ezarritakoaren arabera zigortuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen hau indarrean egongo da 2005 urtean trafikoa arautzeko neurri bereziak hartzeko ebazpena argitaratu arte, data zehatzei dagozkien murrizketak izan ezik.

Bigarrena.– Ebazpen hau 2004ko martxoaren 8an jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 11.

Trafiko zuzendaria,

JESÚS ARANA ESTURO.

I. ERANSKINA
KIROL-PROBAK, BIZIKLETA-IBILALDIAK

ETA BESTE GERTAKARI BATZUK.

– Martxoaren 14ko 0:00etatik 24:00etara.

Apirilaren 7ko 15:00etatik apirilaren 8ko 24:00etara.

Apirilaren 12an 0:00etatik 24:00etara.

Apirilaren 30eko 15:00etatik 24:00etara.

Maiatzaren 2ko 15:00etatik 24:00etara.

Ekainaren 13ko 00:00etatik 24:00etara.

Ekainaren 25eko 15:00etatik ekainaren 26ko 15:00etara.

Uztailaren 29ko 15:00etatik uztailaren 31ko 15:00etara.

Abuztuaren 26ko 15:00etatik abuztuaren 28ko 15:00etara.

Abuztuaren 30eko 00:00etatik irailaren 1eko 24:00etara.

Urriaren 8ko 15:00etatik 24:00etara.

Urriaren 12ko 15:00etatik 24:00etara.

Urriaren 29ko 15:00etatik 24:00etara.

Azaroaren 1eko 15:00etatik 24:00etara.

Abenduaren 3an 15:00etatik 24:00etara.

Abenduaren 8an 15:00etatik 24:00etara.

Abenduaren 24ko 00:00etatik abenduaren 25eko 24:00etara.

Abenduaren 31ko 00:00etatik 2005eko urtarrilaren 1eko 24:00etara.

II. ERANSKINA
SALGAI ARRISKUTSUAK

1. Beti eta salbuespenik eskatu beharrik izan gabe:

– Etxeetarako gas urtuak, bai banaketa-guneetara eramateko, baita kontsumitzaileen artean banatzeko ere.

– Gasolindegiak hornitzeko salgaiak.

– Errepide-garraioko ibilgailuak hornitzeko erregaiak kontsumo propioko zentroetara zuzenduta.

– Trenbide-garraioa hornitzeko erregaiak.

– Itsasontziak eta aireontziak hornitzeko helburua duten portuetara eta aireportuetara zuzendutako erregaiak.

– Etxeko berogailuetarako gasolioak.

– Osasun etxeen funtzionamendurako beharrezkoak diren gasak baita etxeetan osasun laguntza emateko garraiatu behar diren gasak ere, beti ere, garraioa helburu horretarako dela eta zentro horietara doala frogatzen bada.

2. Salbuespena eskatu eta justifikatzen bada:

– Industria-guneen funtzionamendurako behar-beharrezkoak diren salgaiak.

– Osasun etxeetako edo etxeetarako produktuak 1. atalean aurreikusten ez direnak.

– Portuetara zein Portuetatik eta aireportuetara zein aireportuetatik garraiatzen diren salgai arriskutsuak, nahitaez debekatutako egunetan zirkulatu behar badute.

– Piroteknia-gaiak.

– Beste edozein gai, ohiz kanpoko kasuetan, garraiatzea nahitaezkoa bada.

III. ERANSKINA
SALGAIAK ORO HAR

1. Beti eta salbuespenik eskatu beharrik izan gabe:

– Bizirik dauden animaliak garraiatzea.

– Salgai galkorrak garraiatzea.

– Azokak, erakusketak, ikuskizunak eta bestelako ekitaldiak (kirol, kultura, hezkuntza edo politika arlokoak, alegia) instalatzeko zama-ibilgailuak.

– Soil-soilik prentsa garraiatzen dutenak.

– Posta eta telegrafoak garraiatzen dituztenak.

– Ikus-entzunezko hedabideen unitate mugikorrak garraiatzen dituztenak.

– Garraiotako gaiak herriz herri saltzeko bereziki egindako ibilgailuak.

– Larrialdietarako ibilgailuak.

– Hutsik datozen ibilgailuak, aurretik aipatutako garraio-motaren batzuei lotuta.


Azterketa dokumentala