Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2004ko otsailaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
636

8/2004 DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Hilerria Monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeko dena.

Uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez (132. zk.a duen abuztuaren 4ko EHAA) Markina-Xemeingo (Bizkaia) Hilerria monumentu historiko-artistiko izendatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen.

Lege horren lehen xedapen gehigarriaren arabera, aurreko araudiaren arabera interes kulturala izendatu zitzaien ondasunak Sailkatutako Kultura Ondasun bihurtuko dira. Bestalde, interes kulturaleko ondasun izendapena 7/1990 Legea indarrean jarri baino lehenago egin zitzaien ondasunen espedienteak ere lege horren menpe daude bigarren aldi baterako xedapenean ezartzen denaren arabera.

Uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 12. artikuluak Sailkatutako Kultura Ondasunak izendatzeko espedienteetan izan behar diren baldintzak ezartzen ditu. Markina-Xemeingo (Bizkaia) hilerria sailkatzeko den espedienteari baldintza horiek ezarri behar zitzaizkionez, Kultura Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2003ko ekainaren 20ko Ebazpenaren bidez (2003ko uztailaren 29ko 147.zk.-a duen EHAA), aipatu den espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea zabaldu zen.

Jendaurreko informazio aldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu dira eta epe barruan eta era egokian alegazioak aurkeztu dira. Bertan Monumentuaren mugaketa berrikusteko eskatzen da, inguruneari dagokionez, neurria murriztuz haien jabetza den nekazal ustiapenetik kanpo geratu dadin.

Espedientean diren txostenak ikusita, alegazioa ez onartzea irizten da. Hau teknikariek babes ingurunearen mugaketa Monumentua behar den bezala mantentzeko dela uste dutelako. Halere alegazio-egileek daukaten nekazal ustiapena Monumentuaren babes-erregimenarekin bateragarria dela esaten da.

Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, espedientean den aldeko txostena ikusirik eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluak 2004ko urtarrilaren 20ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Markina-Xemeinen (Bizkaia) den eta Monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasuna den Hilerria uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoari egokitzea, eta I. Eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla-eta, ondasunaren mugaketa bezala Dekretu honen Eranskin berean agertzen dena hartzea. Era berean Jesús Arrieta Egurrola eta Alejandro Arrieta Malaxetxebarria Jn.ek Monumentuaren mugaketaren gainean aurkeztu dituzten alegazioak ez onartzea, espedientean diren txostenetan diren zioak direla-eta.

2. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako sailkatu den ondasunaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. Eranskinean agertzen den moduan.

3. artikulua.– Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den babes-araubidea onestea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Markina-Xemeingo Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari ere jakinaraziko zaie.

Bigarrena.– Kultura Sailak Markina-Xemeingo Udalari eskatuko die udaleko hirigintza-araudia Monumentuaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentuaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanetarako dagokion Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko da. Baimen hori, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa betez, udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau azkenengoz argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko urtarrilaren 20an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA
MUGAK
Mugaketaren eremua.

Babestutako inguruak muga hauek ditu:

– Iparraldera: aparkalekuaren eta hilerriko zabalkundearen arteko muga.

– Hegoaldera: elizaren eta hilerriaren arteko bitartea.

– Ekialdera: Hormaren paraleloan dagoen lerroa, hormatik 20 m.ra.

– Mendebaldera: pareko errepidea.

Mugaketaren justifikazioa.

Hilerriak ez du kontuan hartzen kanpoan daukana eta barrurantz biltzea eta barruko sentimenduak kontuan hartzen dituen eraikina da. Kanpotik dagoen ikuspegia neutroa da; ez da ia ikusi ere egiten. Elizak eta elizaren zabalkundeak babesa ematen diote bi aldetatik. Sarrerako bideak argi eta garbi hilerrikoa izan behar duen esparrua zehazten du

Ekialdeko atzealdea oharkabekoagoa da baina kaperako hormari eraikinak itsastea ekidin behar da.

II ERANSKINA
AZALPENA

Markina-Xemeingo hilerria Andra Mari eliza ederrari itsatsita dago.

Mariano José de Lascuraínek diseinatu zuen, 1849 eta 1851 bitartean. Oinplanoa laukizuzena du, 36 x 25 metrokoa. Bitartean dagoen elizaren paraleloa den ardatz bat dauka, sarrerako atetik kapera irekira doana.

Jatorrizko eraikuntza perimetro-horma bat zen eta bost bat metroko horma-artea zeukan barruan. Estalkiari eusten dion egitura hogei eta lau zutabe dorikoz osatutako multzoa da. Erdian patio ireki interesgarria osatzen dute. Egurrezko estalkia du, zeramika-teilaz egina, bi isurkikoa.

Esparruaren erdigunean kapera dago. Zutabe handiagoak eta frontoi sinple bati eusten dioten ostikoak dauzka. Aditu batzuen arabera, elementu horiek, sarrerako atearekin batera, antzinako Egiptori egindako keinuak dira, betikotasunaren ideia nabarmendu nahian.

Eraikinaren iparraldean lur emateko espazioa zabaldu egin zen eta gune estalirik gabeko perimetro-horma bat eraiki zuten. Lehenengo aldiari lotzeko hiru komunikazio-bao ireki zituzten bataren eta bestearen artean.

Egiptoko arkitekturako elementuak dauzkan arkitektura neoklasiko berezi horrekin Lascurainek lasaitasuneko eta bake espiritualeko giroa sortzea lortu zuen.

III ERANSKINA
BABESTEKO ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABESTEKO ARAUBIDEAREN XEDAPEN
OROKORRAK

1. artikulua.– Babeseko erregimenaren helburua.

Babes-erregimen hau Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz idatzi da, Markina-Xemeingo hilerria monumentu izendapenarekin sailkatutako kultura-ondasun izendatzeko espedientea lege horretara egokitu behar delako, monumentua adierazpen horretakoa baita.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Eraikuntzaren deklarazioa uztailaren 3ko 7/90 Euskal Kultur Ondarearen Legera egokitzeko akordioko I. eta II. eranskinean jasota dagoen mugatze eta azalpenaren arabera kalifikaturiko ondasunerako aplikatuko da jarraian zehaztuko dugun babes-erregimena.

3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko osagaiak zein diren.

Sailkatutako eraikinean babes berezia behar duten elementuak ondorengo hauek dira:

– Aldi neoklasikoaren bolumetria eta bertako espazioaren antolaketa.

– Hilerriaren ingurukaria, kanpoko fatxadak osatzen dituzten perimetro-paretak eta horien osagai diren elementu anitzak: zutabeak, ostikoak, frontoia, sarrerako atea...

– Bolumenen kanpoko antolaketa; bertan eraikitako lau aldeen bolumenak eta kapera antzematen dira.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babesteko araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, erregimen honetako preskripzioek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, uztailaren 3ko Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatutako arau hori betetzeko, babes-erregimenaren helburu den eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak onartu aurretik nahitaezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

5. artikulua.– Agindu orokorrak.

1.– Babes-erregimen honek babesten duen eraikina uztailaren 3ko Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezartzen denaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Babes-erregimen honen eraginpean dauden ondasunaren jabeek uztailaren 3ko Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20 eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

3.– Ondasunaren zatiren bat edo ondasuna osorik eraitsi behar izanez gero, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, baita azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren arabera ere. Dekretu hori kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta ondasun horiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa da, eta aurretik aipatutako aginduak garatzen ditu.

II. KAPITULUA
ERABILERAK

6. artikulua.– Baimendutako erabilerak.

1.-Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: eraikinaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta eraikina modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaientzako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.

2.– Debekatuta egongo dira aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako erabilera guztiak.

7. artikulua.– Honako arau hauen arabera egin beharko da egokitzea: irisgarritasun legea, eraikuntzako oinarrizko arauak, instalazioen erregelamenduak, jarraibide tekniko osagarriak eta beste arau batzuk.

Eraikina edozein erabilera berritara moldatzeko eta ondasunaren gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, dagokion gaiaren inguruan indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen betebeharrak bete egin beharko dira, beti ere babes-erregimen honetako III. kapituluak eraikinarentzat ezartzen dituen mugen arabera.

III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ERREGIMENA
1. ATALA. ESKU-HARTZEKO IRIZPIDE
OROKORRAK

8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.

Babes-erregimen honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko zehatza. Solairuak, 1/50 eskalan eginak; fatxada eta sekzioak, xehetasun arkitektonikoekin (1/20 eskalan azalduta), argazki-dokumentazio osoarekin, plano historikoekin eta abar; eta, bereziki, egitura-sistemaren altxaera zehaztua, neurtua eta akotatua.

b) Ondorengoak deskribatzen dituen dokumentazio grafikoa: egin beharreko esku-hartzeak, erabili beharreko materialak, lanak burutzeko faseak, eta lehen aipatutako eskaletan proiektatutako azken egoera.

c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa bat eta osagaiak babesteko erabaki diren neurriak.

d) Ondorengoak azalduko dituzten idatzizko agiriak: zein lan egingo diren, zein teknika erabiliko diren, zein kalitatetako materiala erabiliko den, erabilitako materialak zenbateraino diren egokiak, eta material horiek gainerako osagaiekin nola lotzen diren eta zer-nolako eragina duten elkarrekiko.

e) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala zaintzeko zein teknika eta baliabide behar diren zehaztea.

f) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-erregimen honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.

Obren edo esku-hartzeen ondorioen eragina jasaten duen eraikin-zatiari buruzkoa izango da proiektuen dokumentazioa.

9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.

Hilerrian egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, eraikinaren balore historiko-arkitektonikoak babeste aldera. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikinari, eta hain zuzen ere babesteko araubide honetako 3. artikuluan aipatzen diren osagaiak dira.

Orokorrean, ondorengo esku-hartzeak galarazi egingo dira, babestutako higiezinaren balio historiko-arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkienak eta baita babes-erregimen honen edozein zehazpenen aurka doazenak ere. Horretarako, ondoko jarduerak berariaz debekatuta egongo dira:

1.– Hilerri neoklasikoaren gorputz eraikien bolumenak aldatzea; bai eta horien luzera eta zabalera aldatzea ere.

2.– Kanpoko eta barneko fatxadak, fatxadetako osagaiak eta fatxadetako elementu hauen jatorrizko antolaketa eta kopurua aldatzea: sarrerako atearena, zutabeena eta kaperarena.

4.– Teilatuaren jatorrizko itxura aldatzea, esate baterako etxea jasotzeko obrak, edo malda nahiz faldoiak aldatzea bai antolaketan bai kopuruz.

2. ATALA. ESKU-HARTZEKO IRIZPIDE
ESPEZIFIKOAK

10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

1.– Babes-araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuen gain, 317/2002 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-jarduketa babestuak arautzen ditu.

2.– Eraikina beste zerbaitetarako erabili behar bada, egokitze-lanak ahalik eta txikienak izango dira: mantentze-obrak izango dira, hain zuzen.

3.– Baimendutako lanak egiterakoan, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:

a) Ez da erabiliko eraikinaren kanpo-egitura edo akabatuen osaera era berreskuraezinean alda dezaketen garbiketa tratamendurik. Garbiketa egin aurretik, materialen osaera aztertu ondoren, osagairik ahulenak babestu egingo dira eta juntura eta arrakalak itxi egingo dira.

b) Hormak, orokorrean: Gaizki badaude, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Desmuntatzea eta berriro eraikitzea azken aukera izango da. Hormetako junturak kareorearekin berdinduko dira.

c) Instalazioak: Instalazioen bideratzeak egiterakoan kontuan izango da iristerrazak izan behar dutela, eta, gainera, ez direla nabarmen geratu beharko. Ezingo dira karga-hormen barruan egin.

d) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko birgaitzean ere esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna zaharberritzeko lanak enpresa espezializatuei esleituko zaizkie, lan horiek berme guztiekin burutzeko behar besteko gaitasun teknikoa badaukatela behar bezala egiaztatzen duten enpresei, alegia.

11. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.

Baimendutako esku-hartzeak ondorengoak izango dira, beti ere eraikinaren osagai tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzen dituzten artean:

– Fatxadak zaharberritzea. kareorearekin egingo dira beharrezkoak diren juntura berdintzeak.

– Eraikina finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuz, edozein elementuren posizioa edo kota aldatu gabe:

– Ageriko egurrez egindako armadurak berreskuratzea, oraingo sabaizuna ezabatuz.

12 artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.

Aurreko artikuluak esandakoa betez beti, ondasuna hondatuta badago, ondorengo lanak edo integrazioak onartzen dira:

1) Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak leheneratzea. Horretarako, kasuaren arabera, edo leheneratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, edo bestelako materiala baina harmonikoa dena erabiliko da, lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten den puntu horietan.

2) Zatikatuta edo puskatuta dauden elementuen dekorazioa berrosatzea, eta zatiren bat galdu duten lanak finkatzea; hutsune txikiak berreraikitzeko, lehen begiratuan erraz bereizteko moduko teknikak erabiliko dira, edo jatorrizko zatiekin maila ezberdinetan lotzen diren gune neutroak jarriko, edo jatorrizko euskarria agerian utziko. Zonalde figuratiboak ez dira inoiz "ex novo" leheneratuko, ez eta obraren figurazioaren elementu nagusiak sartuko ere.


Azterketa dokumentala