Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2004ko urtarrilaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
201

AGINDUA, 2003ko abenduaren 9koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, "Euskal Artzain-txakurra" txakur-arrazaren arauketa zehatza onesten duena.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuak, Euskal Herriko bertako abere-arrazei eta hauek sustatzeaz arduratzen diren erakundeei buruzkoak, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Katalogo Ofiziala ezarri zuen, eta arraza-estandarrak onesteko oinarrizko baldintzak ere bai, besteak beste. Gainera, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseilua sortu zuen.

Dekretu horrek 3.2 artikuluan dioenez, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu baten bidez zehatz-mehatz arautu behar dira dekretuan aipatzen diren arrazak, bertan adierazten den moduan arautu ere; beste alde batetik, 4. artikuluan, arrazen araudiek izan behar dituzten oinarrizko edukiak finkatzen ditu, eta azkenik, 6.3 artikuluan, Arrazen Kontseiluari eginkizun hau ezartzen dio, beste batzuen artean: aginduzko txostenak egitea Katalogoan sartutako arrazen araudi zehatzei buruz eta haien aldaketei buruz.

Horrenbestez, eta Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseiluarekin bat etorrita, honakoa

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– "Euskal Artzain-txakurra" txakur-arrazaren araudi zehatza onestea, agindu honen eranskinean dagoena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 9a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA
"EUSKAL ARTZAIN-TXAKURRA" TXAKUR-ARRAZAREN ARAUDI ZEHATZA

1.– ARRAZAREN EREDU EDO ESTANDARRA.

1.1.– Arrazaren definizioa.

Arau hauetan zehazturiko arraza-ereduarekin bat datozenak hartuko dira "euskal artzain-txakurra" txakur-arrazakotzat. "Euskal artzain-txakurra" Euskal Herriko berezko artzain-txakur arraza da.

1.2.– Arrazaren barietateak.

Bi barietate ditu: Gorbeiakoa eta iletsua.

1.2.1.– Gorbeiako barietatearen ezaugarri morfologikoak.–

1.2.1.1.– Ezaugarri orokorrak.

Animalia eumetriko eta longilineoa da. Garapen handiko gorputz-enbor luzanga du. Kolore gorri bizia du, gorrizta deitzen zaiona, sarritan ilunagoa.

Ezaugarri garrantzitsuak: garaieraren eta luzeraren arteko erlazioa 1/1,1 ingurukoa da sexu bietan. Burezurra/aurpegia erlazioa 1/1 da.

1.2.1.2.– Ezaugarri zehatzak.

a) Burua:

Burezurrak soslai subkonbexua du. Ganga uniformea du aurrealde guztian, enborraren aldean arina. Piramide-itxurakoa da eta burezur-aurpegietako lerroek bat egiten dute. Sexu-dimorfismoa txikia da. Buruko ilea labur-laburra da. Hiru orin ageri ohi dira, bi ezpain-ertzetan eta hirugarrena barailaren azpian, erdialdean. Sarritan beste bi orin ageri dira aurpegian, lehenengo bien gainean, atzerago. Orinek ile beltzak dituzte, begi-ertzetako angeluetatik ia belarri-oinetaraino dauden gainerako ile ilunak baino luzeagoak.

Burezurra: Burezurra luzea eta zabala da. Garondoko irtengunea nabarmena da. Orbiten goialdeko arkuak pixka bat markatuak dira eta orbitak gutxi nabaritzen dira.

Aurpegia: Aurpegiaren gainaldeko soslaia zuzena da. Sarritan goragune leuna izaten du sudur-puntaren ondoan.

Sudurra zuzena da eta sudur-punta beltza da.

Muturra luzanga eta mehea da. Sarritan pigmentazioak edukitzen ditu.

Stopa leuna da.

Ezpainek ondo estaltzen dute beheko baraila, biguntasunik gabe.

Baraila –hortzak– sendoa eta osoa; ortognatoa.

Begiak ertainak dira, almendra-itxurakoak, gaztaina- eta anbar-kolorekoak. Kokaera ia frontala dute.

Belarriak ertainak dira, eroriak, baina batzuetan erdi-tolestuak onartzen dira. Atzean daude, begi-ertzaren lerro berean.

Lepoa luzera ertainekoa da eta kono-enborraren itxura du. Sendoa da, ez oso luzea.

b) Gorputz-enborra:

Saihets-hezurrak nahiko kakoak eta sakonak dira.

Soinkurutzea luzea da eta gutxi nabarmentzen da. Bizkarralde zuzen, luze eta garapen handikoan luzatzen da.

Sorbalda sendoa da, zeharkakoa, eta ertz markatuak ditu.

Gerrialdea zuzena da, ertaina, eta irmoa, baita mugitzen denean ere.

Zerra sendoa, luzea eta zabala da. Oso gihartsua. Angelua 15º eta 30º bitartekoa du.

Bularraldea zabalera ertainekoa da. Sakona, ukondorainokoa.

Sabelaldea barrurantz nabarmen bildua dago.

Buztanaren lotunea altuera ertainekoa da. Buztanak ile luzea du, eta belaunburua baino beherago jaisten da.

c) Gorputz-adarrak:

Aurrekoak:

Oro har, sendoak, iharrak eta jarrera onekoak dira.

Sorbaldak nabarmenak eta garapen handikoak dira.

Besoak luzeak eta sendoak dira; 45º-ko inklinazioa dute, eta besaurrearen antzeko luzera.

Ukondoak paraleloak dira eta gorputzari ondo atxikita daude. Bular-hezurraren parean edo gorago daude.

Besaurreek hezur-garapen handia dute.

Karpoek garapen eta indar handia dute.

Metakarpoak ondo proportzionatuak dira.

Oinak obalatuak dira. Kuxin gogor eta urragaitzak dituzte.

Atzekoak:

Oro har sendoak dira, erabat paraleloak aurretik begiratuta, eta angelu markatuak dituzte.

Izterrak luzeak eta sendoak dira; gihar nahiko argalak eta indartsuak dituzte; 45º-ko angelua egiten dute.

Belaunak guztiz garatuak dira, sendoak, nabariak, 120º inguruko angeluarekin.

Hankak sendoak dira. Gihar argalak eta oso tendoi nabarmenak dituzte.

Belaunburuak paraleloak eta sendoak dira.

Metatartsoak indartsuak dira, lurraren gainean bertikalak, eta luzera ertainekoak.

Oinak sendoak eta obalatuak dira. Ezproi bat edo bi eduki dezakete gorputz-adar bakoitzean, edo batere ez.

Mugimendua:

Berezko ibilera trosta da.

d) Azala:

Azala lodixea da, batere biguntasunik gabekoa. Gorputzari eta buruari estu atxikita dago.

e) Kolorea eta ilea:

Kolorea gorri bizia da, hainbat tonalitaterekin (gorrizta), eta horia edo hori-gorria.

Ilajea luze samarra da, leuna. Ilea lisoa eta laburra da. Aurpegian ilea leuna eta oso laburra da. Gorputz-adarren atzeko aldean ere bai, eta bertan mototsak osatzen ditu.

f) Neurriak:

Soinkurutzeko altuera: 47 - 61 cm bitartekoa arretan eta 46 - 59 cm bitartekoa emeetan.

g) Pisua: 18 - 36 kg bitartekoa arretan eta 17 - 29 kg bitartekoa emeetan.

1.2.1.3.– Izaera eta portaera.

Artzaintzarako berezko sena dute. Ausartak, lagunkoiak eta orekatuak dira.

1.2.2.– Barietate iletsuaren ezaugarri morfologikoak.

1.2.2.1.– Ezaugarri orokorrak.

Animalia eumetrikoa da, longilineoa. Gorputz-enbor sendoa eta errektangularra du, trostariari dagozkion angeluekin. Ilajea berezia du, Gorbeiakoak baino gogorragoa, horia, hori-gorria edo kanela-kolorekoa.

Ezaugarri garrantzitsuak: garaieraren eta luzeraren arteko erlazioa 1/1,2 ingurukoa da sexu bietan. Burezurraren eta aurpegiaren arteko erlazioa 5/4 da.

1.2.2.2.– Ezaugarri zehatzak.

a) Burua:

Burezur-aurpegien lerroak dibergenteak dira eta burezurraren soslaia subkonbexua da. Burua luzanga da, piramide-enborraren itxurakoa, eta arina, gorputz-enborraren tamainarekin alderatuta. Buruko ilea gorputzekoa baino laburragoa da eta ez ditu begiak estaltzen. Sexu-dimorfismoa txikia da.

Burezurra: Oso luzea, gutxi gora-behera errektangularra. Garondoko irtengunea markatuxea da. Goragune leuna dago burezurraren erdialdean. Orbiten goialdeko arkuak markatuak dira, eta orbitak lausoak.

Aurpegia: Aurpegiaren gainaldeko soslaia zuzena da, edo pixka bat subkonbexua mutur aldean.

Sudurra zuzena da, ez oso irekia. Sudur-punta beti da beltza.

Muturra fina da. Gainaldeko soslaia zuzena du, edo pixka bat subkonbexua punta aldean. Kanela-kolorekoa, gorputzaren gainerako atalak baino biziagoa, edo bestela beltza. Ile laburra du.

Stopa garbi nabari da baina ez da markatuegia.

Ezpainak irmo eta estuak dira, ez bigun eta lasaiak. Ondo estaltzen dute beheko baraila. Ezpain-ertza ez da markatua. Pigmentazioa beltza da.

Baraila –hortzak– sendoa eta osoa; ortognatoa. Artaziek bezala egiten dute hozka.

Begiak ertainak dira, obalatuak. Betazalak beltzak dira eta irisa gaztaina- edo anbar-kolorekoa. Begien jarrera ia frontala da.

Belarriak berez begi-ertzaren luzapen-lerroaren gainetik egon ohi dira. Ertainak dira. Triangelu-itxura dute, eta zenbaitetan goiko herena atzerantz tolestuta dute.

Lepoa laburxea da, zilindrikoa, eta ondo garatutako giharrak ditu. Buruarekin bat egiten du etenune nabarmenik gabe, eta enborrarekiko lotunea zabalagoa du.

b) Gorputz-enborra:

Saihets-hezurrak kakoak dira eta sakonera ertainekoak.

Soinkurutzea nabaria da, luzea, baina ez oso markatua, eta bizkarralde zabalean du jarraipena. Bizkarraldea luzera ertainekoa da, zuzena eta oso sendoa.

Sorbaldako hezurra apur bat inklinatua da; etenune nabarmenik gabe egiten du bat saihets-hezurrekin. Sorbaldako giharrak garapen handikoak dira.

Gerrialdea zuzena da, eta irmoa, baita mugitzen denean ere. Bizkarraldearekin parekatuta laburra da, eta gihar sendoak ditu.

Zerra luzea eta zabala da. Luzera eta zabalera antzekoak ditu.

Bularraldea nahiko zabala da, aukeran sakona.

Sabelaldea barrurantz apur bat bildua dago.

Buztanak altuera ertainean edo gorago du lotunea, eta belaunburuaren pareraino jaisten da. Mugikortasun handia du. Luzea da, eta geldi dagoenean ukondoduna. Hiru jarrera har ditzake:

– Atsedenean: behean.

– Adi: bandera-itxuran.

– Jardunean: igitai-itxuran.

c) Gorputz-adarrak:

Aurrekoak:

Oro har, jarrera onekoak, iharrak eta sendoak dira. Tendoi oso garatuak eta markatuak dituzte. Aurreko aldean ile laburra dute eta atzeko aldean ile-mototsak.

Sorbaldak ez dira oso nabariak. Garapen egokia dute.

Besoak sendoak dira, ez oso luzeak.

Ukondoak paraleloak dira eta gorputzari ondo atxikita daude. Bular-hezurraren lerroaren parean daude.

Besaurreak oso indartsuak dira, bertikalak eta besoak baino luzetxoagoak.

Karpoak garapen handikoak dira.

Metakarpoak laburrak, sendoak eta jarrera onekoak dira.

Oinak obalatuak dira. Kuxin gogor eta urragaitzak dituzte.

Atzekoak:

Oro har, oso sendoak dira, paraleloak atzetik begiratuta, eta animaliari indarrez abiada emateko gai. Angelu ertainak dituzte.

Izterrak oso sendoak dira, ondo garatutako giharrak dituzte, eta nahiko luzeak dira.

Belaunak markatuak dira baina ez gehiegi. 115º eta 120º bitarteko angelua dute.

Hankak sendoak eta gihartsuak dira. Gihar-planoak zuzenak edo apur bat konbexuak dituzte.

Belaunburuak beheratuta daude baina ez gehiegi. Iharrak dira. Belaunburuaren punta nabaria da.

Metatartsoak laburrak, sendoak eta bertikalak dira.

Oinak obalatuak dira. Ezproi bat edo bi dute gorputz-adar bakoitzean, edo batere ez.

Mugimendua:

Berezko ibilera trosta du. Arina da.

d) Azala:

Azala lodixea da, gihar-planoei eta hezur-erreliebei atxikia.

e) Kolorea eta ilea:

Kolore horia edo hori-gorria eta kanela-kolorea.

Ilea luze samarra da, latza, zapazto itxurakoa. Aurpegian eta gorputz-adarren atzealdean laburragoa da.

f) Neurriak:

Soinkurutzeko altuera: 47 - 63 cm arretan eta 46 - 58 cm emeetan.

g) Pisua:

18 - 33 kg bitartekoa arretan eta 17 - 30 kg bitartekoa emeetan.

1.2.2.3. Izaera eta portaera.–

Jabearekin lotura estua egin eta erabateko fideltasuna dion txakurra izan ohi da. Bere lurraldea zaintzeko sen nabarmena du.

1.3.– Ezaugarri baztertzaileak.–

Bi barietateetan ere, akastzat hartuko dira ereduarekin bat ez datozen ezaugarriak eta arrazaren osasunerako edo eginkizunerako kaltegarriak diren gaitz hereditarioak.

Akatsen larritasuna neurtzeko, ereduarekin zenbaterainoko aldea dagoen begiratuko da. Arrek bi testikulu izan behar dituzte, erabat garatuak, eskrotoaren barruan.

Akats baztertzaileak:

a) Burua:

– Hortzeriaren akatsak: prognatismoa, aurreko haginetako bi edo gehiago falta izatea, ebakortz edo letaginen bat falta izatea.

– Belarrien akatsak: belarriak moztuta edukitzea.

– Stopik ez izatea.

– Begien akatsak: animalia itsuak, betokerrak edo ikusmen urrikoak; iris urdina edo berdea.

b) Buztana: laburra berez, moztua edo luzeegia.

c) Ilea:

Ilea eduki behar lukeen gorputzeko eskualderen batean ilerik ez izatea.

d) Kolorea:

kolore zuria, beltza edo grisa, eta gune zuriak edo ilunak.

2.– ANIMALIEN SAILKAPEN MORFOLOGIKOA.

2.1.– Kalifikaziorako baremoa.

Arraza-estandarraren betekizunen arabera, puntuazioaren bidez egingo da kalifikazio morfologikoa. Eskualde anatomiko bakoitzari puntu bat emango zaio gutxienez, eta hamar gehienez, ondoko baremo honen arabera:

Kalifikazioa Puntuak

Ezin hobea 10 puntu

Bikaina 9 puntu

Oso ona 8 puntu

Ona 7 puntu

Onargarria 6 puntu

Nahikoa 5 puntu

Onartezina 5 puntu baino gutxiago

Baloratu beharreko edozein eskualderi 5 puntu baino gutxiago emanez gero, animalia deskalifikatu egingo da, gainerako eskualdeek lortutako puntuazioa kontuan hartu gabe.

2.2. Kalifikatu beharreko alderdiak eta haien ponderazioa.

Kalifikatu behar diren eskualde anatomikoak jarraian adierazten dira. Haietariko bakoitzerako, gainera, ponderazio-koefizientea adierazten da.

Eskualde bakoitzari emandako puntuazioa dagokion koefizienteaz biderkatuko da, eta hala animaliaren behin betiko puntuazioa lortuko da:

Koefiziente biderkatzaileak

Kalifikatu beharreko eskualdeak Arrak Emeak

Burua eta lepoa 1,5 1,5

Sorbalda eta soinkurutzea 1 1

Bularraldea eta saihetsaldea 1 1

Bizkarraldea eta gerrialdea 1 1

Zerra eta buztana 1 1,5

Gorputz-adarrak eta hanka-jarrera 1,5 1,5

Sexu-ezaugarriak 0,5 0,5

Izaera eta itxura orokorra 2,5 2

Guztira 10 10

Azken puntuazioa horrela lortuta, animaliak kategoria hauen arabera sailkatuko dira:

Kategoria Lortutako puntuak

Ezin hobea 100

Bikaina 91 - 99,99

Oso ona 81 - 90,99

Ona 75 - 80,99

Onargarria 70 - 74,99

Nahikoa 60 - 69,99

Eskasa 55 - 59,99

Txarra 55 baino gutxiago

3.– GENEALOGIA LIBURUA.

3.1.– "Euskal artzain-txakurra" txakur-arrazaren Genealogia Liburua jarraian ageri diren erregistroetan egituratuko da:

a) Fundazio Erregistroa (FE).

Beheko baldintzak betetzen dituzten txakur ar eta emeak jasoko dira Fundazio Erregistroan:

– Arrazarako zehaztu diren ezaugarri etnikoak edukitzea.

– Arren kasuan, gutxienez hamalau hilabete izatea, eta emeen kasuan, bi urte.

– Arrazaren ereduaren arabera, gutxienez 60 puntu lortzea emeen kasuan, eta arren kasuan, 65 puntu.

– Erregistro honetan inskribatzeko, 3 urteko epea onartuko da emeentzat, eta urtebetekoa arrentzat, beti ere arrazari buruzko araudi hau ofizialki onetsiz geroztik.

b) Jaiotzen Erregistroa (JE).

Fundazio Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribatutako animalien umeak sartuko dira erregistro honetan, arrak zein emeak direlarik, baldin eta eskakizun hauek betetzen badira:

– Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.

– Tara edo akatsik ez izatea.

– Emeen ugalketaren kontrola edukitzea.

– Erregistro honetan inskribatzeko eskabidea aurkeztea, txakurkumeari titia kendu baino lehen.

c) Behin betiko Erregistroa (BE).

Behin adin batera ezkero (hiru urte, emeak badira, eta hogeita hamar hilabete, arrak badira), Jaiotza Erregistroko animaliak Behin betiko Erregistroan inskribatu ahal izango dira, 60 eta 65 puntuko kalifikazio morfologikoa gaindituz gero (60koa emeek, 65ekoa arrek).

Ugalkortasun edo emankortasun gutxiko ezaugarri hereditarioak edota umetarako ezaugarri txarrak antzemanez gero, umetarako animalia guztiei (arrak zein emeak) eta haien ondorengoei baja eman behar zaie erregistro honetan.

Genealogia Liburuko inskripzioak animalien jatorriagatik edo animalien ezaugarriengatik (hau da, abiaburu gisa) egin daitezke. Bigarren aukera hori Fundazio Erregistroan inskriba daitezkeen animaliei dagokie.

Jatorriagatik inskribatzen diren animaliei dagokienez, jatorriagatik edo ezaugarriengatik inskribatutako "euskal artzain-txakurra" arrazako txakur emeengandik jaiotzen diren animaliak berez inskribatuko dira, baldin eta txakur eme horiek izaera bereko arrek estaliak badira, eta aldez aurretik estaldura eta jaiotza aitortzen badira.

3.2.– Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, dekretu horren arabera ofizialki onartuak diren sustapen erakundeei baimena eman ahal izango zaie, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez, genealogia liburuak kudeatzeko, ebazpenean bertan adierazten den eran.

4.– ANIMALIEN ONARPENA ETA KALIFIKAZIOA.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 6.4 artikuluan eta azken xedapenetariko bigarrenean ezarritakoaren arabera, Genealogia Liburuaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

a) Arraza katalogatuaren Genealogia Liburuan animaliak inskribatzeko eskabideak aztertzea, araudi zehatz honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.

b) Animaliak kalifikatzea. Batzordeak bere eginkizun hori pertsona eskudunei eman ahalko die, beti ere berak gainbegiraturik.

c) Kalifikatutako animaliak onar daitezela erabakitzea, bidezkoa bada.

d) Genealogia agiriak ematea; eginkizun hori onarpen ofiziala duten erakundeen esku utzi ahalko du.

e) Genealogia Liburuaren funtzionamenduari jaramon egitea eta gorabeherak konpontzea.


Azterketa dokumentala