Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2003ko abenduaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6678

AGINDUA, 2003ko azaroaren 20koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Honen bidez ezartzen dira Enpresetako eta Administrazio Publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeen inguruko hainbat agiri telematika bidez aurkeztu eta tramitatzeko prozeduraren irizpide orokorrak.

Euskal Autonomia Estatutuko 12.2 artikuluaren eta Konstituzioko 149.1.7. artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenez baliatuz, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bitartez sortu eta arautu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sindikatu Hauteskundeen Bulego publikoa, haren Batzordea eta Ikuskatzailetza, enpresetako langileen ordezkaritza organoetarako eta Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoetarako hauteskundeen arloan.

Agindu honen bidez teknika elektroniko, informatiko eta telematiko berriak aplikatu nahi zaizkie azaroaren 28ko 23/2000 Dekretuak aipatzen dituen hainbat tramite eta komunikaziori.

Horren ildotik, administrazio-prozedura arautzen duten arauen xede handienetako bat Administrazio Publikoen jarduna modernizatzea izan da, garaian garaiko aurrerapen teknologikoek horretarako aukera ematen zuten neurrian. Hori lortu nahian, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ahalegin berezi bat egin du azken urteotan, bitarteko informatiko egokiez hornitzeko eta bere langileei barne administrazio lanerako behar duten prestakuntza emateko. Geroratuta gelditu da, ordea, dauzkagun aurrerapen horiek, administratuekiko komunikazio telematiko egoki baten bidez, kanpokoei irekitzeko erronka. Horretarako, beharrezkoa izan da irtenbide bat ematea sistema horrek dauzkan abantailak (azkartasuna, arintasuna eta eraginkortasuna) Administrazio Publikoarekiko harremanek eskatzen dituen berme juridikoekin bateratzeak dakartzan arazoei.

Azaroaren 26ko Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 45. artikuluaren arabera, administrazio moderno batek dagozkion ekintza-arlo eta tramiteei egokitutako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera sustatu behar du. Lehen aipatutako 45. artikuluko 4. paragrafoak azpimarratzen duenez, beharrezkoa da administrazio publikoek erabili beharreko programa eta aplikazio elektronikoak organo eskumendunak aldez aurretik onartzea, eta programa eta aplikazio horien ezaugarrien berri ematea; eta hori horrela egin da, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko eta Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskumendunek emandako ebazpen banaren bitartez.

Hala eta guztiz ere, teknika modernoak erabiltzeko ezinbestekoa da arreta berezia jartzea, tramiteak behar bezalako bermeekin egin daitezen. Horretarako, agindu honek arautzen duen komunikazio telematikoko sistemak sinadura elektroniko aurreratua erabiltzen du. Sinadura hori ziurtagiri elektroniko batean oinarritua dago, bidalitako agirien bidaltzailearen aldetik egiazkotasun, osotasun eta ez zapuztearen berme nahikoak eskaintzen dituen osagai gisa. Era berean, teknika telematikoen erabilera aplikatu beharreko berme eta baldintzen kaltetan izan ez dadin beharrezkoak diren prozedurako neurriak jasotzen ditu; zehazkiago, dagozkion idazkiak eta Administrazioarekiko komunikazioak aurkeztu izana egiaztatzen duen ziurtagiria arautzen du, erregistro telematikoaren jakinarazpen telematikoaz gainera; eta, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38 artikuluan ezarritakoaren arabera, Agindu honek aipatzen duen dokumentazioa aurkezteko exijitu egiten dira erregistro-tramitea eta erregistro telematiko bat sortzea.

Informazioa eta dokumentazioa trukatzeko baliabide gisa komunikazio telematikoa erabiltzeak berebiziko garrantzia du trafikoa oso kopuru handietan egiten denean. Horren adibidea da, hain zuzen ere, enpresetako eta Administrazio Publikoetako langileen ordezkaritza organoetarako hauteskundeen sistema, gure Autonomia Erkidegoan bi alderdi garrantzitsu dituena: lehenengoa, eduki aldetik egunerokoa eta anitza den dokumentazio administratiboa darabilen etengabeko administrazio-prozedura gisa diseinatuta dagoelako; bigarrena Euskadiko sindikatu-maparen berezitasunen ondorioa da, horrek prozedura berezia eskatzen baitu Estatuan diseinatutakoaren aldean. Izan ere, gure Erkidegoan Sindikatu Hauteskundeen Batzordeak parte hartzen du, eta hori sindikatuetako 8 ordezkarik osatzen dute, gure esparruan duten ordezkaritza-mailaren arabera banatuak, agiri-bidalketa gehiago eskatzen duten eginkizunekin; eta, azkenik, beste alderdi bat, maiatzaren 19ko 11/1994 Legeak Langileen Estatutua aldatu aurreko hauteskunde-sistemari zor zaiona; izan ere, horren arabera lau urtez behin sortzen da, hainbat hilabetetan, "kontzentratua" deitzen dugun epea, eta eguneroko jarduna nabarmenki igotzen da.

Esparru honetan, hiru baldintza horien pean legez eskatzen den dokumentazioa aurkezteko interesa dutenen aldeko aukera gisa tramitazio telematikoa sartzeak horien transmisio azkarra, arina eta eraginkorra erraztuko die sindikatuen ordezkariei eta Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoari, eta legezko bermeak emango dizkie bi alderdiei.

Azaldutakoagatik, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea eta ezarpen-esparrua.

1. Aginduaren xedea bitarteko telematikoen erabilera arautzea da, sindikatuen, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak sortutako Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoaren eta (hauteskunde-gaien inguruan erreklamaziorik egonez gero) arbitroen artean enpresetako eta Administrazio Publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeen arloan sortzen diren harremanetan.

2.– Sindikatuek ondoko tramiteak egin ahal izango dituzte bitarteko telematikoak erabiliz:

a) Hauteskundeak egiteko asmoa jakinarazi.

b) Ordezkapenak, errebokatzeak, dimisioak eta agintaldien iraungipenak jakinarazi. Era berean, enpresako langileen ordezkaritza organoetarako hauteskundeak egin diren eta hautetsien agintaldia indarrean duten edozein lantokiren itxiera jakinarazi.

c) Hauteskundeen emaitzen ziurtagirien jakinarazpena eskatu.

d) Hauteskundeei buruzko erreklamazioak aurkeztu eta tramitatu.

3.– Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoak telematika bidez eskuratuko die sindikatuei eskubidez dagokien informazioa, aplikatu beharreko arauen eta hitzarmenen arabera; bereziki, aurkezten diren aurreabisuak, hauteskunde-aktak eta ordezkapen, errebokatze, dimisio eta agintaldi-iraungipenei buruz, baita enpresako langileen ordezkaritza organoetarako hauteskundeak egin diren eta hautetsien agintaldia indarrean duten lantokien itxierei buruz ere.

4.– Era berean, arbitraje-prozedurari dagozkion tramiteetan bitarteko telematikoak erabili ahal izango dira, hauteskundeen inguruko erreklamazioak aurkezten direnean.

5.– Aurreko paragrafoetan aipatzen diren tramiteak Sindikatu Hauteskundeen Sistema Telematikoa (SHST) izeneko aplikazio informatikora sartuz egingo dira, http://www.ej-gv.es helbidean. Aipatutako aplikazioaren ezaugarri teknikoak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailetako organo eskumendunaren Ebazpenez onartuko dira. Aipatutako aplikazio informatikoaren bidez transmisio telematikoa egiteko baldintzak agindu hau garatzeko aukeren bidez ezarriko dira.

2. artikulua.– Prozeduraren alderdi orokorrak.

1.– Aurreko artikuluan jasotako tramite eta jakinarazpenetan bitarteko telematikoak erabiltzerakoan, bermatu egingo da hori egiten duen organoaren identifikazioa eta ahalmenaren erabilera, eta bermatu beharko dira, halaber, emandako agirien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, agindu honetan eta agindu hau garatzen duten arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Agindu honetan zehaztutakoaren arabera telematikaren bidez egin daitezkeen tramiteetan sinadura elektroniko aurreratua erabiliko da. Sinadura hori ziurtagiri elektroniko onartu batean oinarrituta egongo da, eta sinadura sortzeko mekanismo seguru batek sortuko du, gaiari buruzko indarreko arauek xedatzen dutenaren arabera. Era horretan sortutako sinadura elektronikoak izango du, elektronika bidez jasotako datuetarako, paperean jasotzen direnetarako idatzizko sinadurak duen balio berbera.

3.– Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren kalterik gabe, berariaz aurreikusten den kasuetan, Administrazioak izango du, era berean, ez onartutako ziurtagiri elektronikoak erabiltzea, sinadura elektroniko aurreratuaren sorrera automatizatua ahalbidetze aldera. Horrela sortutako sinadurak administrazio-agirien egiazkotasuna eta osotasuna bermatuko du.

4– Aplikazio informatikoaren erabilerari dagokionez, ondorengoak bermatu beharko dira:

a) Baimendutako pertsonei baino ez zaie utziko aplikazioa erabiltzen eta bertan jasotako datuak eta informazioak eskuratzen.

b) Datu eta informazioen aldaketen edo galeren eta komunikazio-atzemateen prebentzioa.

c) Prozesu informatikoen babesa, baimendu gabeko manipulazioen aurka.

5.– Agindu honetan ezarritakoak ez du jarduera administratiboei aplikatu behar zaien erregimen juridikoa aldatzen, tramitazio telematikoari dagozkion berezitasunak salbu.

6.– Teknika horiek erabiltzeak ez du ekarriko, inola ere, edozein motatako murrizketarik edo bazterketarik herritarrek zerbitzu publikoetarako duten sarbidean edo beste edozein jarduera edo prozedura administratibotan.

3. artikulua.– Tramitazio telematikoaren erabilera sindikatuen aldetik.

1.– Tramitazio telematikoa egin nahi duten sindikatuek ziurtagiri elektronikoa izan beharko dute, Agindu hau aplikatzearen ondorioz ezartzen denari jarraituz.

2.– Gainera, aplikazioa erabiltzeko alta eman beharko dute, eta, horretarako, agindu honen eranskina aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, bere izenean jarduteko baimenduta dauden pertsonak izendatuta, agindu honetan ezarritako ondorioetarako.

4. artikulua.– Baliabide telematikoen bidezko jakinarazpenak.

1.– Lan-agintaritzak baliabide telematikoak interesatuekin komunikatzeko bide moduan erabiltzen dituenean, azaroaren 26ko 30/192 Legeko 58. eta 59. artikuluetan jakinarazpenaren eta horren praktikaren inguruan ezarritako betebeharrak betetzen direla bermatuko da, edozein kasutan.

2.– Jakinarazpena bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izango da, ziurtagiri onartu edo ez onartu batean oinarritutako sinadura aurreratu bat erabiliz, Agindu hau garatzeko arauetan zehaztuko diren ezaugarriekin, beti ere, jakinarazpenaren ardura duen organo edo agintaritza identifikatuz.

3.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59.3. artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion helbide elektronikoan interesa duenarentzat jakinarazpena zer egunetan eta zer ordutan eskuragarri dagoen grabaturik geratuko da datu-basean, eta, hala balegokio, interesatua zein egunetan eta zein ordutan sartu den bere edukia ikusteko.

4.– Helbide elektronikoan sartu aurretik interesdunak identifikatu beharko du bere burua, eta, horretarako, dagokion ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

5. artikulua.– Agirien erregistro telematikoa.

1.– Erregistro telematiko bat sortu da, eskabide, idazki eta jakinarazpenei sarrera eta irteera emateko, agindu honetan araututakoaren arabera telematikaren bidez tramitatu behar badira, eta, edozein kasutan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan ezarritako betebeharrak bermatuko dira.

2.– Erregistro telematikoak ahalbidetuko du idazkiak eta jakinarazpenak urteko egun guztietan uneoro aurkeztea.

Lanegunetan seinalatutako epeak zenbatze aldera, idazki edo jakinarazpen bat jaiegun batean jasotzen bada, biharamuneko 24:00:01ean jaso dela ulertuko da.

3.– Erregistro telematikoan egindako oharpenak informatika bidez erregistro orokorrean jasoko direla bermatuko da, indarreko arauetan xedatutakoaren arabera.

6. artikulua.– Idazkien eta jakinarazpenen aurkezpena.

1.– Sindikatuek aurkeztutako idazkien eta jakinarazpenen harrerak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoaren harrerak dituen ondorio juridiko berberak izango ditu, eta bermatu egingo da sindikatuek dagozkien agiriak eskuratu ahal izango dituztela, haien egitekoen eta jarduera esparruaren arabera.

2.– Jasotzen den unean, aurkezpen-erreziboa erakutsiko zaio igortzaileari, eta horrek deskargatzeko eta bere gain gordetzeko aukera izango du. Agindu hau garatzeko arauetan definitutako ezaugarriak dituen ziurtagiri onartua edo ez onartuarekin elektronikoki sinatutako erreziboan, honako datuok jasoko dira: bidaltzailearen eta igorlearen identifikazioa; sarrera-erregistroko zenbakia, tramitearen izena, eta aurkezpen-data eta ordua.

7. artikulua.– Agiriak artxibatzea eta zaintzea.

1.– Teknika telematikoen bidez egindako dokumentuak izaera horretako euskarrietan kontserbatuko dira, agiria sortutako formatu berean edo agiri horiek birsortzeko behar den informazioaren berdintasuna eta osotasuna ziurtatzen duen beste edozein formatutan.

2.– Agiriak biltzeko erabiltzen diren bitartekoek edo euskarriek agirien osotasuna, egiazkotasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatzen dituzten segurtasun-neurriak izan beharko dituzte. Bereziki ziurtatuko dira erabiltzaileen identifikazioa eta sarreren kontrola.

3.– Interesatuen euskarri elektroniko, informatiko edo telematikoetan bildutako agirietarako sarbideak azaroaren 26ko Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 35. eta 37. artikuluetan ezarritakoa beteko du, eta, hala balegokio, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari buruzkoa.

4.– Aurreko idatz-zatian ezarri moduan ahalbidetuko da artxiborako sarbidea baliabide telematikoaren bidez, aurretik dagokion ziurtagiri elektronikoaren bidez identifikatu beharko da, horretarako Euskal Administrazioaren Zerbitzu Atarian prestatutako helbide elektronikoan sartuta ( www. ej-gv.net).

5.– Aipatutako euskarrietan bildutako agiriak dagokion administrazio-espedientearen zatia izango dira, espedienteko gainerako jarduerekin batera, edozein izanda ere erabilitako euskarria, fisikoa edo telematikoa.

8. artikulua.– Euskarri telematikoaren lehentasuna.

Baldin eta agiriak, idazkiak edo jakinarazpenak euskarri elektroniko, informatiko edo telematikoan eta, aldi berean, paperezko euskarrian jasoz gero, bertsio elektroniko, informatiko edo telematikoa baino ez da kontuan hartuko.

9. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honen eremuan administrazioak egiten duen teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilpenak ordenamendu juridikoak ezarritako mugak izango ditu, eta abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, datu pertsonalen Babesekoan, erabateko birtualtasuna bereziki bermatuko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Eskumena ematen zaio Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari agindu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko azaroaren 20a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO

ERANSKINA
ENPRESETAKO ETA ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO LANGILEEN ORDEZKARITZA

ORGANOETARAKO HAUTESKUNDEEI DAGOKIEN DOKUMENTAZIOA JUSTIZIA, LAN

ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILAREN AURREAN TELEMATIKA BIDEZ AURKEZTU

AHAL IZATEKO ORDEZKARITZA ZIURTATZEN DUEN AGIRIA

Izena:

NAN:....................................................................................................................................Jakinarazpenetarako helbidea: ……………………………………………………………………………………............. Sindikatuko kargua: (1)

(2) .............................. Notario ahalordea:................................................. Nongo Notariotza:

Notarioaren izena: ...........…………………………………………........................

Notario ahalordearen protokolo zenbakia:

(honi erantsita ahalorde horren kopia doa). Nik, ondoko datuak dituen pertsona

KREDITATZEN DUT

Izena:

Kreditazio honek balioa izango du lan-agintaritzari errebokaziorik aurkezten ez den bitartean.

.................(a)n, 200......(e)ko ........... aren

Ziurtagiriaren titularraren sinadura					 Ahalordedunaren sinadura

(1) Sindikatuen betetzen duen kargua.

(2) Sindikatuaren izena.

(3) Sindikatuan betetzen duen kargua.

(4) Sindikatuaren izena.


Azterketa dokumentala