Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2003ko ekainaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3797

AGINDUA, 2003ko ekainaren 18koa, Kultura sailburuarena, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionaleko liburutegi-zerbitzuen erabilera sustatzeko asmoarekin egindako jardueretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Udalei diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena.

Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bitartez Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala eratu zenetik, Sail horri dagokio Sistemaren barruan dauden liburutegietako jarduerak eta programak koordinatzea.

Bestalde, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 5eko 34/2002 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da eta

Ildo horretatik, ziur gaudenez irakurzaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura errazago hartzen direla umetan eta gaztetan, Kultura Sailak lehentasuna eman nahi dio adin horretako herritarren beharrei erantzuteari.

Ondorioz,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionaleko liburutegi-zerbitzuen erabilera sustatzeko asmoarekin egindako jarduerak, Euskal Autonomia Erkidegoko Udalei eman beharreko 2003ko jardunaldiko diru-laguntzak arautzea da agindu honen helburua.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako 192.324,00 euro erabiliko dira gehienez, eta zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden Aurrekontu Orokorretan horretarako berariaz ezarrita dagoen diru-ataletik aterako da.

Zenbateko hori handitu egin ahal izango da agindu honetako xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

3. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak liburutegia duten udalek jaso ditzakete, baldin eta liburutegia Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren barruan badago. Udalek zeinek bere kontura edo hainbat udalek legez eratutako entitateetan elkartuta eskatu ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta entitate horien helburuetako bat liburutegi-zerbitzu publikoa elkarrekin kudeatzea bada.

Halaber, nahitaezkoa da diru-laguntzarako eskabidea aurkezten denerako bidaliak izatea Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzura aurreko ekitaldiko urteko liburutegien estatistikak. Horretarako, Kultura Sailak emandako informatika-aplikazioa erabiliko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen arloak.

Hauek dira 2003. urtean diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak: haur eta gazteen artean irakurtzeko zaletasuna eta udal liburutegietako zerbitzuen erabilera sustatzekoak.

Ondorio horietarako, jarduera hauek lagun daitezke diruz, besteak beste:

a) Profesionalen trebakuntza bereziari begira egindako jarduerak. Ez da diru-laguntzarik emango joan-etorriak, mantenua eta profesionalek jarduera horietan parte hartzearen ondorioz sortzen diren bestelako gastuak ordaintzeko.

b) Haur edo/eta gazteentzako irakurketa-jarduera osagarriak (ipuin-ordua, irakur-taldeak, e.a.).

c) Haur edo/eta gazteentzako bibliografia-erakusketak, hitzaldiak eta abar antolatzea.

d) Haur edo/eta gazteentzako literatura lehiaketak antolatzea.

e) Haur eta gazteak liburu eta liburutegietara hurbiltzeko ekitaldiak.

Kanpo geratzen dira espreski material bibliografikoa erosteko laguntzak, salbu eta material hori beharrezkoa bada agindu honetan aipatzen diren helburuekin bat datozen jarduera zehatzak gauzatzeko.

5. artikulua.– Eskabideak.

1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

2.– Diru-laguntzak eskatzeko, agindu honen I. eranskineko eskabide-eredua bete eta, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduta, Kultura Sailean aurkeztuko da, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako edozein erabiliz. Kultura Sailaren helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Aurkezten den proiektuari buruz honako hauek zehatz-mehatz azaltzen dituen txostena: helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontuak, justifikazioak eta diru-laguntzarekin burutu nahi diren jarduerak baloratzeko interesgarri jotzen den beste edozein elementu.

b) Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako diru-laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta diru-laguntzaren egoera aipatuta (ezetsiak, erantzunaren zain, emanak eta diru kopuruak). Horrelakorik egon ezean, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako helburuetarako beste inongo diru-laguntzarik ez dela eskatu egiaztatzeko jakinarazpena.

c) Entitate eskatzaileko idazkariaren egiaztagiria, erroldan dauden haur eta gazteen kopurua bi multzotan banatuta zehazten duena: 0tik 13 urte bitartekoena eta 14tik 18ra bitartekoena. Datu horiek nondik atera diren ere zehaztu beharko da.

d) Eskabidea egiten duten entitateak legez eratuta eta hainbat udalerrik osatuta badaude, beren helburuen artean liburutegi-zerbitzua publikoa elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntza programa kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsen zuzenketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eskabidea egin duenak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du eta, osatu gabea edo akasduna dela ikusiz gero, interesatuari horren berri emango dio, hamar egun balioduneko epea emanez hutsunea edo akatsa zuzen dezan, eta jakinaraziko dio epe hori bukatuta ez bada dokumentazioa behar bezala zuzentzen, eskariari uko egin zaiola joko dela, berariaz emandako ebazpen baten bidez.

8. artikulua.– Eskaeren ebaluazioa.

Kalifikazio batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, agindu honen 9. artikuluan ezarritako jarraibideak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.

Kalifikazio batzordea era honetara osatuko da:

Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona. Batzordeburu izango da eta kalitate botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuko bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatuak. Horietako bat batzordeko idazkaria izango da.

Euskara Planen Zuzendaritzako teknikari bat, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak izendatua.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

Dauden ekonomi baliabideak agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira. Kasu bakoitzean eman beharreko zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira ondoren aipatzen diren irizpideak aplikatuz lortzen duten puntuazioaren arabera:

a) Eskabidea egin duen entitatean dauden haur eta gazteen kopurua. Gehienez, %50. Entitateetako idazkariek egindako agiriak, 3. artikuluan aipatuak, erabiliko dira puntu hau ziurtatzeko.

b) Proiektuaren balorazioa. Gehienez, %30. Atal honetan, hauek hartuko dira kontuan: aurreko ekitaldian helburu berbererako egindako gastua, proposatutako jardueren ezaugarriak eta horiek gauzatzeko erabilitako metodologia.

c) 2002ko ekitaldian haurrei maileguan utzitako materialaren eta entitateak dituen haurren kopuruaren arteko erlazioa. Datu hori Liburutegi Zerbitzuari bidalitako 2002ko estatistikatik aterako da. Gehienez, %10.

d) Euskararen erabilera diruz lagun daitezkeen jardueretan. Gehienez, %10.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa, mugak, ordainketa eta bateragarritasuna.

1.– Eskabidearen xede diren jarduerak burutzeko onartutako gastu-aurrekontuaren %75era ere irits daiteke diru-laguntza. Portzentaje hori bere horretan mantenduko da azkenean justifikatutako zenbatekoei dagokienez.

2. Dena den, aurreko zenbakian esandakoa gorabehera, onuradun bakoitzak jaso dezakeen diru kopurua ezin da 30.100,00 eurotik gorakoa izan.

3. Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da:

Lehenengoan diru-laguntzaren %75 ordainduko da, diru-laguntza onartu den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

Bigarrenean diru-laguntzaren %25, agindu honen 13.1. artikuluan ezarritako dokumentazioa jaso eta egiaztatu ondoren.

4. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

11. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari dagokio, balorazio batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea.

2.– Diru-laguntzei buruzko ebazpena eta jakinarazpena bost hilabeteko epean egingo da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik.

3.– Jakinarazpen-gisa, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Epe hori bukatuta, ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Dena den, aurreko lerroaldean esandakoa gorabehera, agindu honen 7. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, erabakia hartzeko epea etenda geratuko da tramite hark behar duen beste denboraz, jakinarazpen egunaren eta erantzuteko epearen arabera.

12. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Kultura Sailak beren zereginetan dihardutela deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.

d) Diru-laguntza hauetaz baliatuz egiten diren ekintza eta dokumentazio guztietan, bai eta horien publizitatean ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuaren laguntza jaso dela agertzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar.

13. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1. Agindu honetako 10. artikuluko 1. puntuan adierazitakoa kontuan hartuta, diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa 2004ko otsailaren 15a arte bidal daiteke. Justifikazioa egiterakoan honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Diru-laguntzaren bidez burutu diren jarduerei buruzko txostena.

b) Kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, egindako gastuei buruzkoa eta II. eranskinaren araberakoa.

c) Laguntza emateko ebazpenean eska daitezen agiriak.

d) Xede berberaz beste diru-laguntzarik jaso bada eta eskabidea egiteko unean interesatuak oraindik horren berri ez bazuen, laguntza horien zerrenda. Diru-laguntza eskatzeko unean adierazitako bestelako diru-laguntzen kasuan nobedaderik egon bada, horien berri ere eman beharko da.

2. Dokumentazioa jasotakoan edo epea bukatutakoan, batzorde kalifikatzaileak, kasuan kasuko dokumentazioa aztertu ondoren, bakoitzari dagokion likidazioa igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari, hala badagokio. Sailburuordeari baitagokio horretaz erabakia hartzea hiru hilabeteko epean, dokumentazioa jasotzen denetik edo aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Diru-laguntza itzuli edo murriztu behar behar bada, aipatutako ebazpenean emango da horren berri.

14. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko ebazpenean adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea, hala badagokio.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Hori gertatuz gero, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko ekainaren 18a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA

Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionaleko liburutegi-zerbitzuen erabilera sustatzeko asmoarekin egindako jarduetarako diru-laguntzetarako eskabidea (2003ko ekainaren 18ko Agindua)

UDALAREN/ENTITATEAREN DATUAK:

Udala/Entitatea:	

Udalaren alkate-udalburua/Entitatearen lehendakaria jauna/andrea.

Jakinarazpenetarako helbidea:

Kalea:	Zk.:	

Posta-kodea:	 Udalerria:	

Harremanetarako pertsona, informazioa emateari begira:

Izen-abizenak:	

Kargua	(betetzen duen lanpostua).

Telefonoa:	

Faxa:	

Posta elektronikoa:	

Hainbat udalerri biltzen dituzten entitateen kasuan, adierazi zeintzuk diren udalerri horiek:

	

	

BESTE DATU BATZUK:

Jarduera-motak eta zein hizkuntzatan egiten den:

	Eus	Gaz	

Helburu berberarekin 2002an egindako jarduerak:

Bai		Ez		

Gastua guztira: .............................

	en, 2003ko	aren	(e)(a)n

Udaleko alkate-udalburua/Entitateko lehendakaria

KULTURA, GAZTERIA ETA KIROL SAILBURUORDEA

II. ERANSKINA

	jaunak/andreak, 	 udaleko/entitateko kontu-hartzailea/idazkari kontu-hartzailea naizen aldetik, hauxe

EGIAZTATZEN DUT

Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionaleko liburutegi-zerbitzuen erabilera sustatzeko asmoarekin egindako jarduetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Udalei diru-laguntzak emateko modua arautzen duen Kultura sailburuaren 2003ko ekainaren 18ko Aginduaren babesean emandako laguntzen esparruan, jarduera hauek burutu direla:

Jarduera:	Gastua:

			

			

			

			

			

Horretarako, ondoko finantziazio iturriak kontuan izan ditu:

Erakundea:	kantitatea:

			

			

			

			

			

2003ko 	aren 	a

KULTURA, GAZTERIA ETA KIROL SAILBURUORDEA


Azterketa dokumentala